Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Ordulariak eta erlojuak

Ordulariak eta erlojuak

2004-02-18 / 07:08 / Ibon Sarasola   HIZKUNTZA

Denbora neurtzeko tresna asko izan da gizadiaren historian zehar. Gaztelania hitz bakar batez baliatu da denak izendatzeko: reloj-ez, hain zuzen. Frantsesak, aldiz, hainbat hitz erabiltzen ditu, tresna nolakoa den: nagusia horloge, baina orobat, pendule penduludunak izendatzeko eta montre sakelakoak eta eskumuturrekoak izendatzeko.

Eta euskarak? Hegoaldeko tradizioan erloju hitza erabili da tresna guztiok izendatzeko. Iparraldean egoera nabarragoa dugu: erloi dorrekoentzat soilik erabili da azken mendeetan; horren ondoan, nahiz eta montra-k baduen zerbait, oren dugu tradizio hoberena izan duena... ordulari alde batera uzten badugu.

Ordulari, antza denez, XIX. mendearen amaiera aldera agertzen da euskal literaturan, Azkueren eskutik. Iparraldean, Lhandek dioenez, XX. mendeko bigarren hamarraldian hasi ziren erabiltzen. Harrezkero, Iparraldean nahiz Hegoaldean gero eta gehiago erabiltzen da izkribuz, baina baita ahoz ere.

Ez duela oso sortze txukuna? Ez dakit. Nolanahi ere ez luke horrek izan behar inorentzat hitz baten jatortasuna ebazteko irizpidea. Nik, bederen, besterik hartzen dut gogoan: XX. mendean zehar hainbat idazle onek erabili dutela, Iparralde nahiz Hegoaldean, alegia. Eta gaur egun –Ereduzko Prosa Gaur-i begiratzea asko– aski zabaldua dagoela Euskal Herri guztian. Egia da erloju-k agerraldi gehiago dituela –411 adibide, 62 liburutan–, ordulari-k baino –55 adibide, 15 liburutan–. Baina horrek ez gaitu besterik gabe erloju-ren alde makurtzera bultzatu behar. Izan ere, erloju-ren adibide guztiak –bat izan ezik– Hegoaldeko idazleenak dira; ordulari, aldiz, Hegoaldekoez gainera, erakusgarriko Iparraldeko idazle gehienek –I. Bordak, P. Aintziartek, D. Landartek, E. Bidegainek, J.B. Dirassarek– erabiltzen dute. (Eta ez dut isildu nahi ordulari dudala irakurri berria F. Juaristiren Airezko emakumeak, euskara ederrean idatziriko eleberri eder horretan). Eta hori, niretzat bederen, kopuru soilak baino kontuan hartzekoagoa da.

Nik, egia esan, erloju esaten dut, nahiz eta nire inguruan batez ere ordulari entzuten dudan –semeengandik hasita; lagunarte txarra dut, antza–. Eta erloju idazten dut; baina zin egiten dut hemendik aurrera ordulari ere erabiliko dudala. Izan ere, horiek horrela, batasuna ordulari-ren gainean egin behar da. Horrek ez du esan nahi, inondik ere, erloju baztertu behar dugunik, baina gaur egun ordulari da euskaldun guztiok batzen gaituen hitza.

Eta ordulari denbora neurtzeko tresna guztientzat, erabilerak ez baitu biderik ematen, bereizketak egiten hasteko, ordulariak baitira eskumuturrekoak, sakelakoak, horma nahiz dorrekoak, eta orobat “minutuek hilezkorrak ziruditen, hondarrezko ordularia esku maltzurren batek horizontalean jarri balu bezala” J. Osororen adibidekoak bezalakoak.


(IBON SARASOLA hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)

Inprimatu


Orain arte argitaratutako guztiak irakurtzeko sakatu HEMEN


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus