Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Su artifizialak

Su artifizialak

2004-02-04 / 07:09 / Ibon Sarasola   HIZKUNTZA

Su artifizialak: ez da ia besterik ikusten Hegoaldeko herrietako festa iragarkietan-eta. Ez dut ulertzen arrakasta hori. Agian esapidea nazioartekoa delako ustean oinarritzen da. Edo arrazoibide oker honetan: su eta artifizial euskarazkoak direnez gero, su artifizialak euskarazkoa izan behar. Baina, bistan da, lehenengotik ez da bigarrena segitzen.

Su artifizialak ez da, noski gure tradizioan agertzen. Agertzen direnak, etxafuego eta aldaera guztiak, bolandera eta horrelakoak dira. Ni bat nator pentsatzen dutenekin herri hitz hauek ez dutela balio nazioarteko lehiaketetako suak-eta izendatzeko. Horrek ez du esan nahi pentsatzen dudanik beste hautakizun bakarra su artifizialak dela.

Izan ere, su artifizialak esapidea gaztelania hutsezkoa da. Gaztelaniaren ordez frantsesa klonatuko bagenu, artifiziozko suak aterako litzateke, alde gehienetatik egokiagoa, nik uste. Dena dela, are egokiagoa iruditzen zait guretzat ingelesaren bidea, fireworks alegia. Ez bere hartan, baina bai haren doinua duen su festak esapidean.

Su festak ez da nik asmatua. Lehen aldiz J.M. Irigoieni irakurri nion, Poliedroaren hostoak eleberriaren berrargitalpenaren hitzaurrean, oker ez banago. Baina gero ikusi nuenez, bada adibide bat XIX. mendekoa, G. Arruerena, supestak. Eta, J. Goikoetxeak “Loiola inguruan osatutako iztegitxoa”-n dioenez, erabilia da -edo zen- Azkoitia-Azpeitia inguru horretan.

Hala ere ez dut uste su festak hau, tamalez, euskara batuan askorik erabiltzen denik. Badagoke horretarako, besteak beste, arrazoi bat, kezkagarria iruditzen zaidana, gure argitaletxe eta erakundeetako oker-zuzentzaile eta zuzen-okertzaileei baitagokie. Itzultzaile txukuna den nire lagun bati gertatu zitzaion. Herri jakin bateko festa programa itzultzea agindu zioten duela urte batzuk. Jatorrizkoko fuegos artificiales-en ordain su festak eman zuen. Handik egun batzuetara delako udaleko zuzen-okertzaileak deitu zion su festak horren ordez su artifizialak jarri ziola, aski sartua baitzegoen dagoeneko haren ustean. Jakina, zuzentzaile guztiek horrela jokatzera aski sartua egon behar. Baina horrela gabiltza.


(IBON SARASOLA hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)

Inprimatu


Orain arte argitaratutako guztiak irakurtzeko sakatu HEMEN


Erantzun

 
Su loreak
2004-02-04 / 08:56 / Juan Inazio Hartsuaga

Iradokizunak bidaltzea libre bada, hona nerea: "Su loreak".

Asmaziotik badu ere, ez da guztiz oinarri jatorrik gabea. Urolaldeko euskaldun zahar bati ikasi nion zur xaflak egiterakoan zuhaitz bakoitzak azaltzen duen dibujoari "lorea" esatea."Gaztainak du lore polita" esaten zuen, gaztainondo xaflaz egindako altzari bati buruz ari zela. Fantasiazko forma edo marrazkia adierazteko balio badu zilegi deritzot testuinguruz aldatu eta "su artifizialen" ordez erabiltzeari. Zilegi eta polita: "Su loreak"

JUAN INAZIO HARTSUAGA Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendaria da

 
Su festa ez da horren gutxi erabili
2004-02-04 / 08:57 / Xabier Mendiguren

1992an atera zen kalera Egunkaria-ren Estilo Liburua, eta bertan erabaki zen "su festa(k)" erabiltzea beti delako adigai horretarako. Estilo Liburu horrek bertako kazetarietatik aparte ere dexenteko zabalkundea izan du, baina normala da guztiek hobespen guztien berri ez jasotzea, liburu handia baita, baina agerkari horretan, geroztik, modu sistematikoan erabili da "su festa(k)"; eta kontuan hartuta herriko jaietako zenbat kronika agertuko zen bertan (nahiz eta horiek ez izan egunkariko atalik irakurriena) ez nuke esango gutxi erabili denik.

XABIER MENDIGUREN ELIZEGI idazlea eta ELKARLANEAN argitaletxeko editorea da

 
Azpeitian suzko erroberak
2004-02-04 / 09:40 / Pello Elorza

Irakurri berri dut Ibon Sarasolak su artifizialen gainean idatzi duen artikulutxoa.

Esan behar dut nik nire gurasoei eta familiartekoei su pestak, su festak entzun izan diedala eta nik neuk erabili ere bai.

Horrez gain, Azpeitia aldean beste modu bat ere erabiltzen da ikuskizun bitxi hori izendatzeko: suzko erroberak eta hau ere ohikoa da niretzat.

Hurrengora arte, zerrendakideok.

PELLO ELORZA URIBESALGO Azpeitiko Udal Euskaltegiko zuzendaria da

 
Egunkarian eta Berrian
2004-02-04 / 15:18 / Irene Arrarats BERRIAko euskara arduraduna

Xabier Mendigurenek esan bezala, Egunkaria-n "su festak" erabiltzen genuen, eta Berria-n ere hala egiten ari gara, deskuidoak gorabehera.

Guk, behintzat, ahal duguntxoa egingo dugu euskara batuan "festa" hori zabaltzeko.

IRENE ARRARATS Berriako euskara arduraduna da

 
Su Festa saioa ETBn
2004-02-06 / 09:59 / Asier Larrinaga Larrazabal

Datu bat gehiago: ETBn 2001eko uztailetik hona uda guztietan ematen dugu SU FESTA izeneko saioa. Iruñeko, Gasteizko, Donostiako eta Bilboko aste nagusietako su-ikuskizunak zuzenean ematen ditugu saio horretan.

Beste ohar bat: ikuskizunari "su-festa" edo "su-ikuskizuna" esatea oso ondo dago, baina hitzak ez du produktua izendatzeko balio. Horretarako egokiagoa da "su ikusgarriak". Esate baterako: "Astondoa etxeak su-ikusgarriak egiten ditu".

ASIER LARRINAGA LARRAZABAL Euskal Telebistako euskara arduraduna da

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus