Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Urratsak egin, pausoak eman

Urratsak egin, pausoak eman

2004-01-28 / 07:05 / Ibon Sarasola   HIZKUNTZA

Jakina denez, urrats eta pauso sinonimoak dira, bi hitz elkarren sinonimo izan daitezkeen neurrian. Inork gutxik ukatuko luke urrats, berez Iparraldekoa denez gero, pauso baino jasoagoa gertatzen zaigula euskara batuan, eta hori da bi hitzon artean gaur egun dagoen aldea.

Euskal tradizioan, ibiltze kontua adierazteko, urratsak egin eta pausoak eman dira erabilienak. Lehenengoak ez du ia salbuespenik; pausoak eman-i dagokionez, beti izan da pausoak egin baino erabiliagoa eta euskara batuan ia bakarra gertatzen da.

Ereduzko Prosa Gaur-en aurkezpenean, egitasmoaren erabilera erakusteko adibide gisa, ikusarazi nuen nola ari den zabaltzen euskara batuan urratsak eman esapidea, are euskara batuan idazten duten iparraldeko gazteen artean. Erakustaldiaren ondoren, entzuleen arteko adiskide on batek hitza hartu zuen adierazteko, iparraldean urratsak egin eta hegoaldean pausoak eman erabiltzen badira, frantsesez urratsak faire, egin egiten direlako eta espainolez pausoak dar, eman egiten direlako dela.

Argi dago hori, onartu besterik ez dago. Baina ez da hortik segitzen, euskaltzale askok egiten dutenez, berdin dela urratsak egitea edo urratsak ematea erabiltzea, biak erdararen eraginezkoak baitira.

Ikuspegi hori gaiztoa iruditzen zait erabat, erdararen mendean erortzeko beste modu bat besterik ez baita azken batean. Niretzat, urratsak egin-ek eta urratsak eman-ek ez dute zerikusirik elkarrekin, zeren lehena, etorkia gorabehera, tradizio batean itsasten baita, iparraldeko autore eta hiztun on guztiek besterik erabili ez dutenez gero; bigarrena, aldiz, arrotza da hiztun erkidego horrentzat.

Gogoan dut duela uste asko, Franco jenerala hil berritan, filologo usteko batek kontatu zidala Iparraldeko andre batek izan zuen eztabaida-edo. Andrea haserre zegoen, Espainiako presondegietatik erbesteratu zituzten etakide zenbaiti estrainatuak esaten zitzaielako, hori ez baitzen euskara, euskaraz desterratuak baitziren delako horiek. Filologo ustekoak irri murritz batekin kontatu zuen pasadizoa, andre gajo hura ez zelako konturatzen bi hitzak erdaratikoak zirela berdin-berdin.

Niretzat ez dago dudarik arrazoia andre haserretuak zuela, bere hizkuntza senak filologo ustekoaren jakituria guztiak baino gehiago balio baitzuen: desterratu euskal hitz garbia da, batez ere Iparraldean; bestea, momentu jakin bateko hala moduzko premia bati erantzuteko erdarakada besterik ez.

Izan ere, hizkuntza bat, azken batean, hiztunen eta idazleengan hezurmamitzen den tradizioa besterik ez da. Tradizio dinamikoa, aldatuz doana, baina kideak hizkuntz komunitate bateko kide sentiarazten dituena. Sentimen hori larriki hausten denean, beste hizkuntza baten eragin itxuragabeaz esaterako, gauzak ez doaz ongi hizkuntza horretan. Hori da kontua, filologoen eta besteren ustea gorabehera.


(IBON SARASOLA hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)

Inprimatu


Orain arte argitaratutako guztiak irakurtzeko sakatu HEMEN


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus