Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Bikoizketarako irizpideak finkatzen (III)

Bikoizketarako irizpideak finkatzen (III)

2004-01-19 / 07:03 / Asier Larrinaga Larrazabal   HIZKUNTZA

Film baten edo telesail baten euskarazko bertsioa prestatzen denean, oso garrantzitsua da jatorrizkoan azaltzen diren hizkerak islatzea. 2003ko ekainean erabili.com-en argitaratu genuen artikuluan kortesiazko hizkera aztertu genuen, esamoldeen ikuspegitik, baina gaia ez genuen amaitutzat eman. Oraingo artikuluan, gaiaren beste alderdi bat landu dugu: aditzaren erabilera.

Alde batera utzi dugu beste hizkuntza batzuetan aditza zelan erabiltzen duten aztertzea. Izan ere, bikoizketan ez du zentzurik esateak jatorrizko bertsioan X aurkitzen dugunean xede-bertsioan Y ipini behar dugula. Itzultzaileak bestela jokatu behar du: egoera igarri behar du, eta egoera horri xede-hizkuntzan dagokion moldea jarri behar du.

Beti bezala, kortesiaren gaiari buruz edo gure artikuluek jorratzen duten beste edozein alderdiri buruzko oharren bat baduzue, erabili.com-era bidal dezakezue, edo guri jakinarazi zuzenean.

Erdaretatik euskarara

Unitateak

Estatu Batuetatik eta Erresuma Batutik datozkigun gidoietan unitate arrotzak egoten dira abiaduran, pisuan eta beste hainbat neurritan. Euskarazko bertsioan, neurriak unitate ezagunetara aldatu behar dira.

Bihurketa taula behar izanez gero, Morris Student Plus hiztegian edo beste hiztegiren batean aurki daiteke.

Jatorrizko testuanEgokituan
hazbeteak / oinakmilimetroak / zentimetroak
yardakmetroak
miliak (LEHORREKOAK)kilometroak
pintak / galoiaklitroak
librakkilogramoak
librak (EGOERA INFORMALA; KOPURU TXIKIA)librak
Fahrenheit graduakCelsius graduak

Batzuetan, bigarren zutabeko unitateak erabili arren, neurriak ez datoz guk ohi dugun moduan. Adibidez, eguraldiaren berri ematen dugunean, metro koadroko zenbat litro euri egin duen esaten dugu.

Dokumentaletan, berriz, euri datuak milimetrotan ematen dira. Baita metrotan ere, kantitatea oso handia denean. Bihurketa honela egin behar da.

Jatorrizko testuanEgokituan
1 milimetro1 litro metro koadroko
1 metro1.000 litro metro koadroko

  • In 1861 they recorded 26 m –the most ever in a year. And on 16th of June 1995 they got a meter and a half in a day –more than Oxford gets in two years.
    • 1861ean, metro koadroko 26.000 litro euri neurtu zituzten, inoiz urtebetean batu den gehiena. Eta 1995eko ekainaren 16an, metro koadroko 1.500 litro euri egin zuen egun bakar batean, Oxforden bi urtean baino gehiago.
  • Quillagua is now the driest place on Earth, with an average annual rainfall of 0,6 mm.
    • Quillagua da gaur egun Lurreko lekurik lehorrena: urtean batez beste 0,6 litro euri egiten du metro koadroko.

Gidoietan, era bitako neurriak egoten dira: zehatzak eta biribilak. Neurriak biribilduta datozenean, euskarazko bertsioan ere biribildu egin behar dira.

Adibidez, dokumental batean esaten zen Kairotik Luxorrera 400 bat milia daudela. Bihurketa eginda, 643,6 kilometro dira. Jatorrizko testuan zenbaki biribila egonda, euskarazko bertsioan ez litzateke hain neurri zehatza jarri behar. Gainera, neurri hori ez da egia, 664 kilometro daude eta. Hobe da, beraz, biribiltzea.

  • The story begins in 1875, when a man named Abd el-Rassul lost one of his goats. It happened 400 miles south of Cairo, near modern day Luxor.
    • Istorio hau 1875ean hasi zen, Abd El-Rassul izeneko gizon batek bere ahuntzetako bat galdu zuen egunean. Kairo hegoaldetik 650 kilometrora gertatu zen, egungo Luxorretik hurbil.

Filmetan ezin da hain estu hartu unitate arrotzak aldatzea. Batetik, kultur erreferenteak bere horretan utzi behar direlako. Esate baterako, Londreseko pubetan garagardoa eskatzeko, pintak edo pinta erdiak eskatzen dituzte, eta ez litro erdiak edo litro laurdenak, hurrenez hurren.

Bestetik, pantailako irudiak agintzen duelako. Abiadura aipatzen denean, adibidez, markagailua ikusten bada, ezin da milietatik kilometroetara aldatu.

Diruari dagokionez, dokumentaletan euroetara aldatu behar dira prezioak, kostuak, salneurriak, ordainketak eta horrelako datuak. Filmetan eta marrazki bizidunetan, jatorrizko dirua errespetatu behar da, kultur erreferentea baita.

Nolanahi ere, leku jakinean edo denbora jakinean girotuta ez dauden marrazki bizidunetan (Hartz Txiki, Animaliakeriak eta antzekoetan), dirua euroetara alda daiteke.

Hizkuntza gaiak

Neba-arrebak

Euskal hitzek ez dute generorik. Sexu bietako pertsonak bereizteko, izen bana erabiltzen dugu: aita eta ama, neskak eta mutilak, erregea eta erregina, fraideak eta mojak... Pertsona taldeak aipatzeko, sexu bietakoei dagozkien hitzak elkartzen ditugu: aita-amak, neska-mutilak, errege-erreginak... Kasu batzuetan badira hitz generikoak ere, denentzat balio dutenak: gurasoak, gazte jendea... Pertsona bakarrari buruz ari garenean, sexu marka daukan hitza erabiltzen dugu: neska bat etorri da (?gazte bat etorri da), mutil bat jausi da (?gazte bat jausi da)...

Hori jakina da, eta jakina da horrelako izen bikoteak oso ugari direla familia barruko harremanak adierazteko.

Izen bikote gehienak euskalki guztietan dira ezagun, baina batzuk mendebaleko euskaran bakarrik. Euskal Telebistarako bikoizketetan zehaztasun horiek egitea hobesten dugu.

  • lehengusua: mutila
  • lehengusina: neska
  • anaia: mutil baten haurridea
  • neba: neska baten haurridea

Horrenbestez, sexu bietako pertsonak aipatu behar direnean, “lehengusu-lehengusinak” eta “neba-arrebak” esango dugu.

Hizkerak

Kortesia

Begirunea erakusteko, aditz joko arrunta baztertu eta forma bereziak erabiltzen ditugu. Guztizko kortesiaz hitz egin nahi dugunean, ondoriozko adizkietara jotzen dugu.

  • Esango zenidake zein apaletan dauden euskal eleberriak?
  • Egun on. Ikastaroei buruzko informazioa nahi nuke.
  • Utziko zenidake autoa Bilbora joateko?

Norberaren gurariak jakitera emateko ere, ondoriozko aditzetara jotzen dugu. Esate baterako, bulegora heldu eta lankideak kafea hartzen ari direla ikusita:

  • Neuk ere hartuko nuke.

Horrelako esaldi batek kutsu ironikoa izan dezake. Adibidez, bizilagunak galleta guztiak harrapatu dituela ikusita, gezurretako kortesiaz baliatzen gara zirikatzeko.

  • Neuk ere jango nuke, ba!

Ondoriozko aditzekin hasiz gero, horrela jarrai dezakegu elkarrizketa osoan. Beste batzuetan, ordea, formaltasun maila apalagoko adizkietara aldatzen dugu.

  • - Egun on. Alkandora bat nahi nuke.
    - Hauek dira oraingo denboraldikoak.
    - Oso politak dira. Aterako didazu, mesedez, modelo hau kolore urdinean?

Euskaraz hainbat aditz forma dauzkagu gizalegean mintzatzeko, formaltasun mailarik gorenera jo barik. Goiko adibidean ikusi bezala, etorkizuneko adizkiak oso baliagarriak zaizkigu eskakizunak egiteko.

  • Utziko didazu lapitz gorria?

Baimena eskatzeko ere balio dute.

  • Hartuko dut zure lapitz gorria?

Eskuarki, ahalezko adizkiak erabiltzen ditugu baimena eskatzeko.

  • Erabil dezaket zure lapitz gorria?

Solaskideari gure asmoen edo premien berri emateko, behar aditz modalaz balia gaitezke.

  • Mikel, mesede bat eskatu behar dizut.
  • Oso ondo ari gara solasean, baina orain agur esan beharko dizut.

ZU / ZUEK / NI edo GU-dun adizki alokutiboak ere adierazi nahi duguna begirunez eta hurbiltasunez esateko erabiltzen ditugu.

  • Laguntzeko prest nauzue.
  • Nongoa zaitugu?
  • Banoa. Laster nauzu hor.

Kortesiazko formuletan, esandako adizki guztiez gainera, iraganeko flexioak ere erabiltzen ditugu. Bezeroei arreta egiteko, adibidez, honela esaten dugu.

  • Zer nahi zenuen?

Gaur egun osatzen ditugun kortesiazko esaldi asko eta asko, berriz, gaztelaniaren kalkoak baino ez dira.

  • Aizu, nik deitzen nuen bulego orduak galdetzeko.
  • Ni nentorren Bilbora eraman beharreko pakete baten bila.

Hika ari garenean, hemen azaldutako baliabide guztiak dira zilegi. Hitanoak, berez, kidetasuna edo hierarkia maila adierazten ditu, baina kide batekin edo hierarkiaz beheragoko batekin aritzeak ez du esan nahi gizalegean ez jokatzea, egoerak konplimendua eskatzen badu.

  • Esango hidake zein apaletan dauden euskal eleberriak?
  • Utziko didak hire lapitz gorria?
  • Zer nahi huen?

Paperetik ahora

Unitateak

Unitateak euskaraz ahoskatu behar ditugu. Gehienetan ez da arazorik sortzen, baina inoiz eragozpenak izaten ditugu letrekin edo azentuarekin.

Unitateak ahoskatzeko, letrak euskal erara esan behar dira. Beraz, “g” beti esango dugu [g], “gauza” esaten dugunean bezala, eta ez [x], gaztelaniaz “jengibre” bezala, ezta [y] ere, ingelesez “gin” bezala.


ahoskeratxarto
gigahertz [gigaertz][xigaertz]
gigabyte[gigabait][yigabait]

“Byte” ingeles hitza da, eta euskaraz ez dugu egokitu. Horregatik jatorrizko ahoskera darabilgu. Pertsona izenetatik datozen unitateetan ere, jatorrizko ahoskera errespetatzen dugu.


ahoskera
newton[niuton]
coulomb[kulonb]
joule[yul]
watt[uat]

Azentuari dagokionez, euskal ereduari jarraitu behar diogu. Gaztelaniaz [mililitro] esan arren, euskaraz ez dugu zertan baztertu [mililitro], edo jatortzat eman daitekeen beste edozein azentu eredu.


(ASIER LARRINAGA LARRAZABAL Euskal Telebistako Euskara Sailaren burua da)

Inprimatu

  • Txosten hau ETB, EDERTRACK, IRUSOIN eta K2000ko euskara arduradunek elkarlanean eginikoa da eta erabili.com-en argitaratu dute edonoren ekarpenak jasotzeko. Beraz, hementxe duzu aukera, irakurle, euskaldun guztion etxeetara iristen den Euskal Telebistaren hizkuntza irizpideetan zure aletxoa jartzeko. Zure ekarpena gaur-biharko euskaldun guztion mesederako izango da, zuretzat eta zure ingurukoentzat ere bai.

Orain arte argitaratuak

  1. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (bat)
  2. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (II)
  3. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (III)
  4. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (IV)
  5. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (V)
  6. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (VI)
  7. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (VII)
  8. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (VIII)
  9. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (IX)
  10. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (X)
  11. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (XI)

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus