Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Bitarteko irakaslea

Bitarteko irakaslea

2003-12-17 / 07:03 / Ibon Sarasola   HIZKUNTZA

Azken bolada honetan, hiztegi eta hitz zerrendetan ikusi dut, erdarazko profesor interino / professeur interimaire-ren ordain, lehenagoko behin-behineko irakasle-ren ordez.

Ez dut argi ikusten aldaketarekin zer irabazten den. Zehaztasunik behintzat ez, zeren, interino adigaia suplente eta provisional-ekin lotzen dute C. Seco-ren eta M. Moliner-en hiztegiek , eta remplašant-ekin interimaire Petit Robert-ek; eta begi-bistakoa denez, ez dute horiek ikustekorik bitarteko-rekin.

Bestalde, bitarteko, nahiz teorian zilegi den, praktikan ez da denbora kontuekin lotzen, ararteko adigaiarekin baizik. Eta bide horretatik interinidad-ek bitartekotasun izan behar luke euskaraz -edo bitarteko izaera bezalako glosa bat behar genuke- eta denok dakigunez bitartekotasuna ez da arartekotasunaren kide normalagoa besterik guztiontzat. Orobat, ez dut hitza testuetan ikusi, baina beldur naiz bitarteko horrek ezkerrean genitibo bat edo erlatibozko perpaus bat duenean anbiguotasun arazoak sortuko ez ote dituen.

Dena dela, niretzat arazo nagusia zera da, zergatik sortu den bitarteko hori, alegia. Zeren beldur naiz erabaki horren azpian argudio hau ez ote dagoen: gauza bat da provisional, beste bat eventual, beste bat interino. Eta hala da, baina hala da espainolez. Zergatik ezin dugu euskaraz, Espainiako irakaskuntza sisteman ez profesor provisional-ik eta ez profesor eventual-ik ez dagoenez gero, behin-behineko irakasle definitu tituluduna ez dagoen bitartean haren ordezkotza egiten duen irakaslea esaldiaz? Ez al dituzte, bada, hizkuntza guztietan hitz askok eta askok, adiera desberdinak hartzen alorren arabera? Ez al ditu, bada, interino hitzak berak bi adiera desberdin gaztelaniaz profesor interino eta asistencia (sanitaria) interina esapideetan, adibidez?


(IBON SARASOLA hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)

Inprimatu


Orain arte argitaratutako guztiak irakurtzeko sakatu HEMEN


Erantzun

 
Galderatxo bat "bitartekoa" dela-eta
2003-12-19 / 19:32 / Pello Elorza Uribesalgo

Irakurri berri dut Ibon Sarasolak "bitarteko irakaslea"z idatzi duena. Eta galdera bat sortu zait: aztergai duen termino horretarako ez al du balio aldi baterako irakaslea esamoldeak? Ala ez gara gauza bera esaten ari?

(PELLO ELORZA URIBESALGO, Azpeitiko Udal Euskaltegiko zuzendaria da)

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus