Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Legenda

Legenda

2003-12-03 / 06:57 / Ibon Sarasola   HIZKUNTZA

Hitz hori ia erabat desagertua zela uste banuen ere, espero ez nuen idazleetan aurkitu dut azken bolada honetan.

Hitz batek euskara batuaren hiztegian tokia izateko bi baldintza hauetako bat bete behar du: a) ongi sustraitua egon behar du literatura tradizioan; b) bestela, delako hitzaren premia izan behar dugu, hots, hitz horrek gure hiztegiaren hutsune bat bete behar du.

Nire azterketen arabera legenda-k ez du betetzen lehen baldintza, ezta bigarrena ere. Ez da Orotariko Euskal Hiztegian behin ere agertzen, ez dago ez legenda eta ez leienda-ren agerraldirik han.

Eta premiari dagokionez, ez dut hitz horren inongo premiarik ikusten, ez baitio tradizioko elezahar-ek inongo zorrik legenda-ri.

Egia da elezahar-ek bi adiera dituela Orotariko Euskal Hiztegiaren arabera; baina lehenengoa, "esamesa", Iparraldekoa eta zaharra da; bigarrena aldiz, legenda-ren erabateko kidea dena, Salbatore Mitxelena, Jon Mirande, Jon Etxaide, Zaitegi, Ibiņagabeitia, Alzola eta Koldo Mitxelena idazle ereduzkoek erabili dute, besteak beste.

Alde honetatik eleberri-ren kidea da legenda: eleberri-k ere badu lehen adiera bat, Iparraldekoa eta zaharkitu samarra, "esamesa", hain zuzen. Baina bigarrena, "nobela"-ren kidea, gaur ia erabat nagusitu da, nahiz eta nobela-k, legenda-k ez bezala, baduen tradizio ez baztergarria, Orotariko Euskal Hiztegian ikus daitekeenez. Horregatik sartu du Euskaltzaindiak nobela -nahiz eta eleberri-ren mendean- Hiztegi Batuan, eta ez du sartu legenda.

Hortaz, eleberri-ren mailako tokia behar luke elezahar-ek gure idazleen jardunean. Toki hori aitortzen dio, esan dezadan bidenabar, Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuak.


(IBON SARASOLA hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)

Inprimatu


Orain arte argitaratutako guztiak irakurtzeko sakatu HEMEN


Erantzun

 
Eddy Merckx leienda bat da?
2003-12-03 / 12:47 / Rufino Iraola Garmendia

Arrazoi duzu, neurri handian. Hizkera denotatiboan-edo (ez dakit nola esan) ez dago LEIENDA hitza zertan erabilirik, baina metafora gisa hartzen badugu; adibidez, Eddy Merckx leienda bat da? "Mito bat da" esan beharko ote genuke, eta horrebestez kitto?

(RUFINO IRAOLA GARMENDIA, Lasarte-Oriako Udal Euskaltegiaren zuzendaria da)

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus