Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Euskara planak eta lan mundua: abiatu den trena

Euskara planak eta lan mundua: abiatu den trena

2003-11-28 / 07:03 / Artez, Elhuyar eta Emun   ENPRESA

Azken urteotan hasi dira euskara planak han-hemengo enpresetan loratzen. Beraz, egin beharreko bide luzearen estraineko urratsak eman dira. Gaur egungo egoeratik, aurrera begira jarrita, gogoetarako tartea hartu dute lan mundua euskalduntzeko aholkularitza zerbitzuak eskaintzen dituzten Artez, Elhuyar eta Emun-ek.

Azken hamarkadetan, zailtasun eta erasoen gainetik, dinamika bizia garatu da euskararen normalizazio bidean. Euskararen corpus-ean, irakaskuntzan, komunikabideetan, gizarte mugimenduetan, herri administrazioan... egindako bidearen adibide ugari dugu.

Lan munduan ere, 70eko hamarkadan, ahalegin handia egin zen euskararen sustapenerako: lantegietan bertan emandako euskara eskolak eta gaztelania-euskara itzulpen lanak izan ziren ahalegin horren zutabeak. Lan horrek denborarekin, eta krisi industriala tarteko, etena izan zuen. Bitartean, urte luzetan gizarte arlo askotan euskarak bere aurrerabiderako dinamika garatzen joan zen, baina lan munduan, oro har eta salbuespenak salbuespen, gauzak geldi zeuden.

Horiek horrela, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Idazkaritza Nagusiak, 1990ean Euskararen Aholku Batzordeak egindako proposamena kontuan izanda, lan munduko hizkuntza plangintzarako programa diseinatu zuen. Horren ondorioz, euskararen erabileran urratsak egitea iparra izanik, euskara enpresaren gestioan txertatzeko metodologian ikertzen hasi eta “mikroplangintza” izenburupean hainbat esperientzia pilotu abiatu ziren.

  • “Mikroplangintzak” edo Esperientzia pilotuak:

Lan tekniko-metodologikoan Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza bera, HABE erakundea, Elhuyar eta Artez aritu ziren bost urte iraun zuen fase pilotuan. Ondorengo enpresetan egin zen ikerketa eta aplikatze-lana: ELAY taldea izan zen lehena eta, ondoren, Ikerlan, Caf, Arlan, MCC Koop. E., Fagor Ederlan, Ulma, Kutxa eta Labein enpresak aritu ziren prozesuan.

  • Lan munduko euskara planen hedatzea:

Seigarren urtera fase pilotua baloratu eta metodologia baliagarria zela baieztatuta, prozesua erraztu zuten beste faktore batzuekin batera, hedatzeko garaia iritsi zen eta, hasieran, batez ere, Kooperatiba enpresa motako eta Debarroako (Debagoiena eta Debabarrena) enpresak sartu ziren dinamika honetan. Baina denborarekin euskara planetan sartu diren enpresen profila zabalduz joan da etengabe, enpresa mota, kokagune, sektore eta abarri dagokienez.

Testuinguru horretan hasi zen Emun aholkularitza lanetan eta Artezek eta Elhuyarrek ere jarraitu egin zuten. Diru laguntzarako eta aholkularitzarako programa garatu zuen Eusko Jaurlaritzak alde batetik, eta, bestetik, hemen gauden hiru erakundeok aholkularitza zerbitzu gisa egituratzen joan ginen. Orduz geroztik, planetan murgildutako enpresak ere ugaritzen joan dira, 80tik gora izateraino.

Azken urte hauetan enpresen euskalduntzea bizkortu duten zenbait faktore indartzen ari dira: euskal gizartearen zenbait arlotan euskarak bizi duen egoera (irakaskuntzan, kale erabileran...) eta lan munduan bizi duenak sortzen duen desoreka edo egonezina, lan munduko pertsona eta agenteen sentsibilitatea (pixkanaka baina handituz doana), bezeroek gero eta garrantzi handiagoa ematea euskarazko zerbitzuak jasotzeari, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia eta Bai Euskarari Akordioa.

Hala ere, arlo sozioekonomikoan euskara garatu eta txertatzeko dinamika gorpuzten eta bolumena hartzen ari dela ikusita, profesionalki horretan aholkularitza lanetan ari garen hiru entitate nagusiek hartu emanak areagotu eta helburu orokorren alde lan egiteko premia ikusi eta pauso sendoak emateko konpromisoa hartzea erabaki dugu.

Gaur egun euskara planetan ari diren enpresak

Lan mundua euskalduntzeko dinamikak bolumena edo tamaina hartu du azken bospasei urteotan. 1997tik gaur arte gertatu den hazkunde kuantitatiboa dela eta, gorputza hartu duen eta gehiago gorpuztu behar den errealitate baten aurrean gaude. Gure ustez, arlo sozioekonomikoko agenteek eta, azken batez, euskal gizarteak horren berri izan behar dute.

Gure poztasuna adierazi beharra dugu lan munduaren euskalduntzea martxan dagoelako, baina, aldi berean, erantzukizunez jokatzeko zein “lanerako” deia egin beharra daukagu, arlo sozioekonomikoa euskalduntzeko falta dena egin dena baino askoz gehiago delako.

Azalduko ditugun datuetan, euskararen erabilera areagotzeko planetan (ezaugarri eta helburu zehatzak dituzte) diharduten enpresak aipatzen ditugu. Horrek ez du esan nahi inolaz ere beste inon ezer egin ez denik. Begi-bistakoa den moduan enpresa askotan euskararen inguruko neurriak hartu dira (hizkuntza paisaian, pertsonen aukeraketan...). Ekintza puntual edo zehatzak gaindituz era planifikatuan bideratu behar da arlo sozioekonomikoan zein enpresa bakoitzean euskararen garapena.

Hona hemen hainbat datu:

  • Euskara planetan ari den enpresa kopurua ......... 80
  • Euskara plana duten enpresen langile kopurua... 43.687 (2003ko urrian)
  • Enpresen tamaina
    • 1-100 langile ................................ 22
    • 101-500 langile ............................. 31
    • 500 langile baino gehiago .............. 27
  • Enpresa mota
    • SA, SL,......................................... 33
    • Kooperatiba ................................. 39
    • Fundazioa, elkartea........................ 8
  • Sektorea
    • Industria....................................... 53
    • Zerbitzuak ................................... 25
    • Mugimendu soziala........................ 2

Datuei buruzko ondorioak:

  • Enpresen tamaina: euskara planetan ari diren enpresen tamaina, batez beste, handia da: gehiago dira 500 langile baino gehiago duten enpresak 100 baino gutxiago dutenak baino. Enpresa handiak euskara planetan sartuta egotea oso ondo badago ere, enpresa txiki eta ertainetan ugaldu egin behar dira euskara planak. Horretarako indarrean dauden metodologia zein ardatz nagusiek enpresa bakoitzaren errealitateari, behar/nahiei egokitzeko premia dute.
  • Enpresa mota: enpresa tamainaren inguruan ateratako ondorioaren oso antzekoa da enpresa motaren gaineko ondorioa. Gaur egun euskara planetan dauden enpresen erdia kooperatiba motakoak dira.
  • Sektorea: orain artean euskara planak, batez ere, industria sektorean garatu dira. Azkenaldian zerbitzuen sektorean planak areagotu badira ere oraindik gehiago dira euskara plana duten industria arloko enpresak. Kontuan izanik zerbitzu enpresek hizkuntzari dagokionez, oro har, gizartean askoz ere eragin handiagoa dutela, lehentasunezkoa da zerbitzu enpresetan planak areagotzea. Nabarmentzekoa da mugimendu sozialen inguruko datua: 2 entitate horiek ELA eta LAB sindikatuak dira. Bi entitate horiek lan munduan presentzia eta eragin nabarmena dute eta biok euskara plan batean aritzeak lagundu egin dezake gaia zabaltzen.
  • Aurrera begirako ondorioa: helburua lan munduko edozein eragile eta enpresa euskalduntzea izango bada ere, ahalegin berezia egin beharko da enpresa txiki eta ertainekin, SA edo SL direnekin eta zerbitzuen sektoreko enpresekin.

Aurrera begira: Euskarak lan mundua behar du eta lan munduak ere euskara behar du

Etorkizunean, euskararen normalizazio planetan dihardugun enpresok sektore hau gorpuzten eta eragiten jarraitzeko asmoa dugu. Enpresa bakoitzak helburu partikularrak baditu ere, denon artean bultzatu behar ditugun helburu orokorrak sustatu nahi ditugu.

Bide horretan, gu laguntzaileak gara, benetako protagonistak lan munduko agenteak dira: enpresak eta langileak, elkargo profesionalak, sindikatuak... Eta, lan munduko agenteekin batera, bezeroak, administrazioa eta euskalgintza prozesu honetan bidaide garrantzitsuak dira.

  • Enpresa eta langileentzat, euskara zerbitzu eta lan hizkuntza gisa kontuan hartzeak abantaila asko dakartza, besteak beste:
    • Bezeroak hobeto zerbitzatzeko aukera ematen du
    • Langileek euskaraz bizi eta lan egin dezakete
    • Enpresa kokatuta dagoen gizartean hobeto txerta daiteke
    • Enpresa lehiakorraren irudia indartzen laguntzen du
    • Aldaketetarako gaitasuna garatzen laguntzen du
    • Kanpoko merkatuetan kalitatearen ikur gisa erabil daiteke

Horiek guztiak bete-betean datoz bat gaur egun Erabateko Kalitatearen edo Bikaintasunaren kudeaketa estrategian aldarrikatzen diren helburuekin.

Hemengo enpresetan nekez egon daiteke kalitatea euskarazko zerbitzurik gabe. Horregatik, kalitatearen alde egiten duten enpresa eta erakundeei gonbita egin nahi diegu euskara ere kalitateen parametroetan sar dezaten, herritarrok zerbitzu eta produktuak geure hizkuntzan jasotzeko dugun eskubide eta nahia asetzeko.

  • Bezeroak. Herritar euskaldunok, bezero gisa jarduten dugunean, euskarazko zerbitzua eskaini eta bermatzen duten enpresak baloratzea garrantzitsua da. Euskara gure harreman sozioekonomikoetan eguneroko ogi bihurtzea edozein sektore edo enpresarekin aritzen garenean. Izan ere, merkatua eta eskaera soziala da enpresen oinarria, herritarrek zer eskatu, hura eskaini.
  • Administrazioak. Euskararen normalizazioaren prozesuan lan munduari gero eta garrantzi gehiago ematen diote Administrazioek. Euskara Biziberritzeko Plan Nagusian horri zuzendutako atala horren adibidea da. Hala ere, lan munduarekin zerikusia duen administrazio atal batzuetan oraindik ez da euskara positiboki diskriminatzen, hala nola homologatze prozesuetan, erosketa politikan eta abarretan.
  • Euskalgintza. Euskaraz diharduten ikastetxe, euskaltegi, hedabide, argitaletxe eta abarrrek, egitura sozio-ekonomikoak diren neurrian, euren hornitzaile eta bezeroekin berbaz eta idatzizko zerbitzua eskaintzea ere motor ona da prozesu honetan.
  • Zerbitzu emaileok: orain arte bezala zerbitzua kalitatez ematen jarraitzeko, sektorearen baldintzak zaindu beharra ezinbesteko aldagaia da

Denon artean euskarak lan munduan duen maila beste zenbait sektoretan lortu duen maila berberera igo dezagun, etorkizuna euskaraz dator eta.

Lan mundua euskalduntzea mende honetako apustu estrategikoa da. Pasa den mendean irakaskuntzan, hedabideetan eta kultura arloan egin ziren ahaleginei esker, euskara modernizatu, zabaldu eta indarra hartu zuen. Orain, enpresa eta egitura sozioekonomikoetan txertatzen badugu, euskararen normalizazioan urrats erabakigarria egingo dugu. Lan mundua gizarte baten ardatza, motorra eta aberastasuna sortzeko sektore garrantzitsuena delako.


(ARTEZ, ELHUYAR eta EMUN lan mundua euskalduntzeko aholkularitza zerbitzuak dira)


Ildo bereko artikuluak (Irakurtzeko gainean sakatu)

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus