Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Papiroflexia

Papiroflexia

2003-11-19 / 07:07 / Ibon Sarasola   HIZKUNTZA

Lehengo egunean Papiroflexia ikusi nuen letra handietan Berria-n. Ez dira gutxi kirofano, paraninfo bezalako hitzak, nazioarteko itxura izanik ere gaztelaniazkoak soilik direnak.

Gaztelaniazkoak eta, gure arteko zenbaitentzat, euskarazkoak ere bai, dirudienez. Dena dela, ziur nago, askotan, ezjakintasunak bultzaturik erabiltzen direla horrelakoak gurean. Izan ere, idazle batek ezin du ustez nazioartekoak diren hitz guztien etimologia badaezpada ere kontsulatu idazlan bati ekitean. Larriagoa iruditzen zait hiztegigile batek kontsulta hori ez egitea hitz bat hiztegian paratu baino lehen.

Sasi-nazioartekoa da papiroflexia delakoa: frantsesez origami da, eta orobat ingelesez, alemanez, italieraz, nederlanderaz, hungarieraz, txekieraz eta abarrez eta abarrez. Jakina denez, paperezko irudiak egiteko arte hau japoniarrena da jatorriz –"papera tolestu" esan nahi du origami-k–, eta Europako hizkuntzek jatorrizko hitza hartu izan dute jardun edo artearekin batera.

Ez horrela espainolek: nahiago izan dute bidutzi bat asmatu, papiro-ri –papel ez zen, antza, aski jasoa– ezer ez den flexia xelebre bat erantsiz.

Horiek horrela, badirudi ez duela inolako zentzurik euskaraz papiroflexia delako hori erabiltzeak. Katalanek bederen baztertu dute gaztelaniaren eragina kontu honetan, eta eskuarki origami erabiltzen dute gaur egun. Ezin dugu guk beste horrenbeste egin?


(IBON SARASOLA hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)

Inprimatu


Orain arte argitaratutako guztiak irakurtzeko sakatu HEMEN


Erantzun

 
Tolesgintza, tolesturagintza edo plegugintza
2003-11-20 / 18:10 / Raul Iglesias

Bat nator Ibon Sarasolarekin eta nik ere uste dut origami erabili beharko genukeela nazioarteko hitza da eta.

Halere, nik ez dakit zergatik ezin ditugun beste hitz batzuk erabili. Niretzat jatorragoak direnak: "tolesgintza", "tolesturagintza" edo "plegugintza".

Ba al dute hitz hauek ezberdintasunik origami hitzarekin alderatzen baditugu??

Raul Iglesias

 
Paper-tolestaketa
2003-11-27 / 08:34 / Pello Elorza

Papiroflexiaren gainean nire iritzia eman nahi nuke.

Dirudienez origami hitza da jatorrizko hiztunek zaletasun hori izendatzeko erabiltzen duten hitz eta hori berori erabiltzearen bidetik jotzen du Ibon Sarasolak.

Baina berak dio hitz horren esanahia papera tolestu-edo dela. Beraz, eta jatorrizko hitza erabiltzeari inolako oztoporik jarri gabe, ez al dugu geure eskura beste bat ere: paper-tolestaketa, esate baterako?

Hurrengora arte, zerrendakideok.

(PELLO ELORZA URIBESALGO Azpeitiko Udal Euskaltegiaren zuzendaria da)

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus