Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Anezka

Anezka

2003-11-26 / 07:05 / Ibon Sarasola   HIZKUNTZA

Euskal hitz honen gaztelaniazko kidea lanzadera da, hots, ehundegian, irazkiaren gainetik eta azpitik haria daraman tresna.

Baina ez da hori egungo gaztelanian lanzaderak duen adiera bakarra. Badu beste bat, gaur askoz ere gehiago erabiltzen dena, hots, astronautikarekin zerikusirik duena. Beste hitz batzuetan esateko, ingelesez (space) shuttle eta frantsesez navette (spatiale) esaten dena.

Baina zein da shuttle eta navette horien lehen adiera? Bada, anezka hain zuzen ere, hots, ehundegian, irazkiaren gainetik eta azpitik haria daraman tresna.

Beste era batean esateko, bai ingelesak eta bai frantsesak, eta orobat gaztelaniak, espaziontzietara doan ontzia izendatzeko, ehundegi tresna izendatzeko erabiltzen duten hitz berbera erabiltzen dute: shuttle ingelesak, navette frantsesak, eta lanzadera -transbordador-ekin batera- espainolak.

Ezin dezakegu beste horrenbeste egin euskaraz, eta delako lanzadera (espacial) horrentzat (espazio) anezka erabili? Aukera ona iruditzen zait, batez ere kontuan izanik, alternatiba bakarra, dirudienez, espainol hutsa den transbordadore dela.


(IBON SARASOLA hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)

Inprimatu


Orain arte argitaratutako guztiak irakurtzeko sakatu HEMEN


Erantzun

 
Erabat ados
2003-11-26 / 10:42 / Tximin Peillen

Ibon. Konforme, ados, all right, O.K. zurekin akort naiz.

(TXOMIN PEILLEN hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)

 
Zalantzaz betea
2003-11-28 / 14:18 / Pello Elorza Uribesalgo

"Anezka" hitza proposatzen du Ibon Sarasolak ingelesezko (space) shuttle edo frantsezezko navette (spatiale) adierazteko, edo gaztelerazko lanzadera. Badirudi hitz horien guztien esanahia ehundegiko tresnaren batena dela.

Ez nago anezka hitza erabiltzearen aurka, ortze aldera doazen traste horiei deitzeko beste edozein hitz bezain baliagarria baita baina ez dut garbi ikusten zergatik jarri zaien izen hori. Ziurrenik kontu honek guztiak ingelesez (estatubatuarrek) sortutako hitz bat izango du jatorrian, baina ez diot ikusten shuttle edo lanzaderak zernolako zerikusia duen untzi horiekin. Agian estatubatuarrek izango dute arrazoiren bat jaurtigailu horiek ehundegiko ardatzeko "anezka"rekin lotzeko, baina euskararen kasuan ez diot ikusten familia edo esparru semantiko horrekin lotuta egon behar duenik derrigorrez.

Nire iritziz espazioarekin, ortzearekin, ilargiarekin, jaurtigailuekin, espazioko estazio edo geltoki horrekin... zerikusia duen zerbaiten inguruko hitzen bat aurkitu beharko litzateke, tresna hori izendatzeko.

Badakit errazena dela esatea zer ez den egin behar , baina nire "ganbarak" ez du ematen hitz bat emateko adina. Besterik ezean, hausnarketarako aletxoa aurkeztu nahi izan dut.

Segi ondo, zerrendakideok.

(PELLO ELORZA URIBESALGO Azpeitiko Udal Euskaltegiaren zuzendaria)

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus