Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Xarkuteria

Xarkuteria

2003-11-05 / 07:02 / Ibon Sarasola   HIZKUNTZA

Artikulu hauek irakurtzen dituen adiskide batek esan zidan lehengo egunean merkataritza kate handi bateko hipermerkatu batean xarkuteria ikusi zuela letra larri eta handietan idatzia. Azkena iruditzen zitzaion nonbait.

Nik ez dut kontua hain garbi ikusten. Bere ustez erabili behar zena urdaitegia zen, jakina. Baina urdaitegi ez da gure tradizioan agertzen: ez dago, esaterako, Orotariko Euskal Hiztegian; eta hainbat dendatako errotuluetatik at ez dut nik inon irakurri. Bestalde, gaztelania hutsezkoa den tocinerķa-ren itzulpena da. Gainera, delako tocinerķa hori sinekdoke bat da, eta egia esan, urdai gutxi saltzen da gaur egun horrelako dendetan.

Horregatik bide dago gero eta charcuterķa gehiago Espainian, eta gero eta tocinerķa gutxiago. Eta, horiek horrela, zer abantaila du guretzat gaztelaniaz aski zaharkitua dagoen hitz baten kalko tradiziogabea mantentzen saiatzeak?

Charcuterķa, frantsesetik hartua du gaztelaniak, charcuterie-etik, eta alde horretatik betetzen du Euskaltzaindiak eskatzen duen betekizun minimoa; are gehiago betetzen du, ingelesez ere charcuterie aski normala denez gero. Eta, oso oker ez banago, alemanezko testuetan ere ikus daiteke.

Hortaz, xarkuteria -ez txarkuteria, hitza fratsesetikoa baita- ez da aukerarik okerrena guretzat. Bestela, nik neuk bederen, urdaitegia baino nahiago dut hestebete denda, eta are nahiago, alemanaren bidetik, txerriki harategia.


(IBON SARASOLA hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)

Inprimatu


Orain arte argitaratutako guztiak irakurtzeko sakatu HEMEN


Erantzun

 
Ados
2003-11-10 / 17:00 / Txomin Peillen

Ibon. zure iritzikoa naiz eta gainera urdaitegi/ urdantegi/ zerritegi familiakoa da eta denda hori zikin bada txisteak egiteko parada. Neronek Txerriki denda, edo Txerri harategi ondo ikus nezake. Ikusarte.

(TXOMIN PEILLEN hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)

 
Txerrikitegi
2003-11-27 / 08:28 / Pello Elorza

Xarkuteria hitzaren gainean nire aipamentxoa egin nahi nuke.

Ez naiz ni izango urdaitegi hitzak tradizioan oihartzunik baduen ala ez esango duena. Baina euskal molde jatorrez osatutakoa dirudi, behintzat, xarkuteria hitzari ikusten ez diodana.

Bestalde, urdaitegia hitzak tocinerķa esan nahi duela eta era horretako dendetan urdaiaz gain gauza gehiago saltzen direlako kontu horretan, akats bera izan beharko luke, orduan, harategia hitzak, saltoki horietan haragiaz gain beste gauza asko ere saltzen baitira (gaztak, urdaiazpikoa, txorizo eta lukainkak, aurrez prestatutako jakiak, jogur eta esnekiak, baita babarrunak ere...).

Beraz, zorrotz jokatuz gero, harategia hitzak ere ez luke bere lana ongi beteko, saltzen diren gaietatik bat bakarrik izendatzeko balioko bailuke.

Bestalde, Ibon Sarasolak berak proposatzen du txerriki harategia erabiltzea horretarako. Aukera ez da txarra, baina zergatik ez laburtzapen prozesu baten ondoren txerriki (hara)tegia ---> txerrikitegia bihurtu, eta hori erabili?

Ondo segi, zerrendakideok.

(PELLO ELORZA URIBESALGO Azpeitiko Udal Euskaltegiariaren zuzendaria da)

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus