Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Euskaraz Bizi

Euskaraz Bizi

2003-11-10 / 10:06 / Antton Amondarain eta Emeterio Zaldibia   IRAKASKUNTZA

Ikastolan jaio eta ikastoletan etengabe gorpuzten eta hazten ari den egitasmoa dugu Euskaraz Bizi. Honetan gabiltzanontzat gauza jakina den bezala, Jose Luis Gorostidi zenak jarri zuen abian, eta geroztik, apurka bada ere, zientzia alor desberdinetatik ekarpenak jasoz, osatzen eta egokitzen doa errealitate eta egoera berrietara.

Euskaraz Bizi egitasmoaren izaera

Euskaraz Bizi egitasmoaren izaera

Euskaraz Bizi egitasmoak garbi dauka, hezkuntzaren kalitateaz hainbeste hitz egiten dugun garai hauetan, besteak beste, euskararen ezagutza eta erabileraren arteko orekak kalitatea adierazten duela. Horrela, euskararen erabilera etengabe sustatzen doana bide onetik doan bezala, nola halako ezagutzara mugatzen dena hezkuntza alorreko helburu nagusienetakoa lortzeke geratuko da.

Ideia horien gidaritzapean, Euskararen Normalkuntzan sakontzea du helburu, aurrerapausoak ematea, ikasleen bizitzako esparru eta funtzioetan euskararen ezagutza eta erabilera orekatzea, alegia. Euskal Eskola ez da euskara ikasteko gunea soilik, ikaslea euskaraz bizitzera animatu eta bultzatuko duen mikroespazio eraginkorra baizik. Horretarako, Euskal Eskolaren ardurak birplanteatu beharra nabarmentzen du, estrategia berriak mahai gainean jarriz eta arlo pedagogikoaz gain arlo instituzionala ere normalkuntzaren aldeko eragin esparru garrantzitsutzat hartuz.

Lan proposamenaren izateko arrazoia

Euskararen normalizazioa da gure helburua, alegia ezagutza eta erabilera bizitzako arlo eta funtzio guztietan normalizatzea. Izan ere, ikastoletan eta oro har Euskal Eskoletan urteak badaramatzagu ere euskara eta euskarazko irakaskuntza garatzen, baliabidez hornitzen eta irakasleria prestatzen, kezkatzeko moduko errealitatea dugu begi bistan:

  • Ikasleek, batez ere goi mailakoek, euren eguneroko hizkuntz jardunean, eta bereziki elkarren arteko harremanetan, gaztelerara jotzen dute.
  • Hauetako batzuek ez dute lortu euskararen behar hainbateko ezagutzarik, eroso eta erraz komunikatzeko behar den trebetasunik edo nahikotasun mailarik. Eta aipatu trebezien jabe direnak ere, maiz, ez dute euskaraz hitz egiteko ohiturarik.
  • Errealitate honen aurrean:
    • Ikastolak, oro har, inertziaz doaz, betiko bidetik, murgiltze ereduan eta D ereduan euskara irakastea nahikoa delakoan, beste inongo neurririk hartu gabe. Gehienez ere, irakasle euskaltzale batzuen bakarkako ekimenak, baina bakarkakoak, ez instituzionalak.
    • Irakasleak, berriz, batzuk oso kezkatuta. Beste zenbait, ordea, gizartearen eragin bortitzaren aurrean kikilduta, etsipenak jota. Azkenik, bada, tamalez, axolagabekerian igeri dabilenik ere.

Errealitate konplexu honen erantzule osoa ez da noski Euskal Eskola, ez. Beraz, Euskararen Normalkuntza ez da soilik Euskal Eskolaren ardura, berea ere baden arren. Izan ere, ez dugu inolaz ere ahaztu behar gure ikasleak gizartetik datozkigula eta bertara itzultzen direla, honek suposatzen duen guztiarekin.

Honen eraginez, gizarteak (ikasleen inguruko harreman sareak eta inguru soziolinguistiko orokorrak) eskola den mikroespazio horretan sakon eragiten du. Hala ere, eta hau ozenki esan behar da, Euskal Eskolak ardura garrantzitsua du eskuartean darabilgun helburuarekiko. Hori dela eta, berari dagokio orain arteko jardunean eginiko hutsegiteak gaindituz estrategia berriak birdefinitzea eta sakontasunez aplikatzea. Ziur baikaude bere-bereak diren ardurak eta eginkizunak osotasunez eta sistematikotasunez betetzen baditu, orain arte baino pauso irmoagoak eman daitezkeela euskal eskola eta gizartea euskalduntzeko ahaleginetan.

Beraz, gure uste apalean, heldu zaio garaia Euskal Eskolari, bere eragina sarkorragoa izan dadin, estrategia berriak aplikatzen hasteko eta orain arte izan ez dituen ardurak bere gain hartzeko. Une egokia da, esandakoaren arabera, lema kolpe ausart bat emanez euskararen normalkuntzaren aldeko apustu tinkoa egiteko.

Hizkuntz eragileak

Sarrerako ideiak

Euskararen Normalizazioan eragile desberdinek bultzatzen dute. Hori dela eta, euskal eskolari dagokio BERE ERAGIN ESPARRUAK zein diren ezagutzea eta horietan eragitea. Era berean, euskal eskolaren ardura da, baita ere, gizartean euskararen alde dauden eragileekin elkarlanean aritzea gure ikasleek ikastolan jaso dutena gizarteko esparru desberdinetan erabiltzeko aukera ziurtaturik izan dezaten. Eta, aldiz, gizarte eragilerik ez bada, horiek errebindikatzea, edo eta eskola berean gizartean aurkitzen ez diren zerbitzu osagarri horiek eskaintzea. Beraz, laburtuz:

  • Lehen-lehenik euskal eskolak BERE ARDURAK ezagutu behar ditu eta horietan ekin dituen baliabide guztiekin.
  • Era berean, euskal eskolak jakin behar du gizarteak eragin handia duela eta bere laguntzarik gabe ez duela normalkuntza prozesua oso-osorik gauzatuko. Horregatik, giro erdaldunetan, giro normalizatuan gizarteak betetzen dituen eginkizunak (kirola, kultura, aisialdia...), Euskal Eskolak BERE-BEREAK egin beharko ditu, hots, bere gain hartzea egokituko zaio.


Zein dira euskararen normalizazio prozesuan zerikusia duten eragileak?

  • EGITURAZKOAK (GIZARTETIK DATOZENAK):
  • Norberaren harreman sareko euskaldunen dentsitatea: zenbat eta gehiagok jakin eta erabili euskara norberaren harreman sarean (familian, lagunartean...), orduan eta handiagoa izango da euskararen erabilera. Familia euskalduna bada (biak, ala bietako bat) eta hizkuntz transmisioa gauzatu bada, ikasleak euskara izango du ama hizkuntza, honek duen garrantziarekin. Alderantziz bada, egoera erabat aldatuko da.
  • Norbera bizi den herriko euskaldunen dentsitatea edo gune soziolinguistikoa: euskaldunen dentsitatea zenbat eta handiagoa izan esparru zabal honetan, orduan eta bizitasun gehiago izango du euskarak. Honek ahalbidetuko du ikaslearen bizitza esparruak (kirola, kultura, lagunartea, aisialdia...) euskaraz gauzatzeko aukera ala ezintasuna.
  • NORBANAKOAK.
  • Norberak euskaraz eta erdaraz hitz egiteko duen edo lortzen duen erraztasuna: euskararen EZAGUTZA OSOAK arlo formalean eta ez-formalean erraztuko du euskararen erabilera.
  • Euskararekiko INTERESA eta jarrera: zenbat eta aldekoagoa izan euskararekiko jarrera, orduan eta handiagoa da euskararen erabilera.


Esandakoak esan, zein dira euskal eskolaren ardurak?

  • ZUZENEAN:
    • Euskararen EZAGUTZA OSOA bermatzea: Txepetxek zehaztu dizkigun IBILBIDE NATURALA eta KULTURALA nahikotasunez garatuz kultura mailako hizkuntza formalaren eta harremanetarako beharrezko den hizkuntza ez-formalaren ezagutza/erabilera lortzea. Horrezaz gain, erabilera sareak sortzea, hots, erabilera esparruak egituratzea eta horietan euskararen erabilera hauspotzea ezinbesteko izango dira aipatutako osotasun hori lortzeko.
    • EUSKARAREN ALDEKO JARRERA piztea, gorpuztea eta barneratzea.
  • ZEHARKA: eskolari dagokio ikaslearen inguruko eta ez hain inguruko harreman sare horietan eragitea. Horretarako, euskal eskolaren HIZKUNTZ PROIEKTUAK (gero zehaztuko dugu horren garrantzia eta edukia) azpimarratu behar du gizartean euskararen alde lanean ari direnekin ezinbestekoa dela harremanak eta lankidetza ziurtatzea: udaleko euskara batzordea, euskara elkarteak, aisialdia taldeak, kultura taldeak...

Horrela bada, euskal eskolaren lehen ardura nagusia euskararen ezagutza/erabilera garatzea bada, azter dezagun sakonago puntu hau geure buruari zera galdetuz: nola garatzen da hizkuntzen eta gure kasuan euskararen ikasketa prozesua? Horretarako, Txepetx hartuko dugu bidaialagun, eta bere aurreikuspenak eskolako errealitatera egokitzen saiatuko gara.

Nola garatzen da euskararen ikasketa prozesua?

Txepetxek dioenez, hizkuntza hiru faktore desberdinen eraginez ikasten da: erabilera, ezagutza eta motibazioa.

  • EZAGUTZA/ERABILERA: komunikatzeko gaitasuna dakarren ezagutza da. Berau erabileran eta horretan oinarritutako hausnarketan sostengatzen da. Beraz, zenbat eta gehiago erabili -bizitzako esparru guztiak euskaraz gauzatzen badira-, eta, hor oinarriturik hizkuntz hausnarketa zertzen bada, erabilera indartzeaz gain euskararen kalitatea ere hobetzen joango da.
  • MOTIBAZIOA: norbanakoaren (hiztunaren hizkuntz gaitasuna eta jarrera) eta gizartearen arteko elkarrekintzaren emaitza da. Beraz, gure ikasleen mundura itzuliz, HH, LH eta DBHko 1. zikloko ikasleengan behintzat, neurri handi batean motibazioak ez du zerikusi esanguratsurik arrazoibidearekin eta diskurtsoarekin; bai, ordea, hitz egiteko duen erraztasunarekin eta ingurutik jasotzen duen onespen eta bultzadarekin. Honen ondorioz, ikasleak behar hainbateko ezagutzarik badu eta inguruak era naturalean horretara bultzatzen badu, ikasleak euskarara joko du eta egindako hautuarekin gustura eta eroso sentituko da, eta ondorioz berriro bide beretik jotzeko nahia sentituko du. Hauxe da oharkabeko motibazioa. Adin horietatik aurrera, aldiz, hausnarketa eta arrazoiketa lagungarri gertatzen da.

Hiru faktore hauekin bi ibilbide sortzen dira:

  • BEREZKO IBILBIDEA edo IKASBIDE NATURALA: hauxe da haurrak txiki-txikitatik burutzen duena. Haurrak bere inguruan entzuten duena erabiliz, hizkuntza ikasteari ekiten dio. Honela, erabiliaren erabiliaz, bere ezagutza jaso egiten du eta lortutako ezagutzak (hizkuntz gaitasuna) berezko motibazioz hornitzen du. Ibilbide honetan indar eragile edo motorra ERABILERA da.
  • IBILBIDE KULTURALA edo IKASBIDE KULTURALA: Hauxe da pertsona helduak egin ohi duen bidea bigarren hizkuntza bat edo areagoko bat ikastean. Edo eta gure eskoletako ikasleari dagokiona Ikasbide Naturala nahikotasunez eta era orekatuan garatuz gero, hots, 10-12 urtetik aurrera.

Euskal Eskolaren kasuan, hori baitugu orain aztergai, bi ibilbide hauek ez badira osotasunean ematen, etena gertatuko da. Alegia, hizkuntz trebeziak ez dira behar hainbat lortuko, eta, ikasleak hizkuntzaren arlo ez-formala eta formala ez ditu nahikotasunez jaso zein barneratuko. Hitz batean, ez da HIZTUN OSO izatera ailegatuko.

Eten hau eman ez dadin, edo eta gizartearen erasoak ibilbide hauetan sortu ohi duen higadura gordinegia gerta ez dadin jarraipen estua egin behar dio Euskal Eskolak arestian aipatutako hiru faktoreen (ERABILERA, EZAGUTZA eta MOTIBAZIOA) garapenari, inguru soziolinguistiko bakoitzak abiapuntuko baldintza desberdinak eskaintzen baititu, euskal eskolaren ardurak ere bereiziz.

Izan ere, ez da gauza bera lanketa hori giro euskaldunean egitea, edo eta gure eskola gehienak kokatzen diren erdal inguruan gauzatzea. Hona zenbait aipamen:

GIRO EUSKALDUNEAN:

  • Berezko ibilbidea edo Ikasbide Naturala etxean hasiko da, familian. Euskal eskolan jarraipena emango zaio.
  • Gizarte hurbileko talde sozialek ere (gurasoak, senideak, lagunak...) bide beretik eragingo dute: erabilera bultzatuz, ezagutza hobetuz eta motibazioa sortaraziz.
  • Inguruko solaskideen hizkuntza ere, neurri handi batean, euskara izango da.
  • Gizarteak ikasleari dagozkion bizitza esparruak euskaraz eskainiko ditu (kirola, kultura, aisialdia, e.a.). Horrela, ikaslea gustura sentituko da eta sentipen hori euskararekin lotuko du.
  • Aurre lanketa horri esker oharkabeko motibazioa jasoko du eta apurka-apurka euskaraz komunikatzeko ohitura ere sendotzen joango zaio.

Egoera honetan hauexek izango dira euskal eskolaren eginkizunak:

  • Ez dauka, HH, LHn bederen, motibazioan eragin beharrik. Ikasbide Naturala etenik gabe garatuko da, eta, faktore bakoitza nahikotasunez garatuko denez, erraz eman dezake Ibilbide Kulturalerako jauzia.
  • Euskal Eskolaren lana, batez ere, Ibilbide Kulturala jorratzea izango da, kalitatea bermatuz, eta, DBHn jadanik lorturik duten oharkabeko motibazio hori ohardun bihurtzeko estrategiak landuz.

GIRO ERDALDUNEAN:

  • Familiatik gutxiengoak jasoko du euskara. Gehiengo baten jatorrizko hizkuntza gaztelera edo frantsesa izango da.
  • Gurasoen nahiari eta dagoen eskaintzari jarraituz Euskal Eskolan jasoko du euskara. Eta, gaitz erdi, hautatutakoa murgiltze eredua edo D eredua baldin bada.
  • Inguru hurbileko talde sozialek ez dute behar hainbateko indarrez euskarara bultzatuko, eta, hizkuntza ez-formala edo harremanetakoa are gutxiago eskainiko.
  • Eskola orduz kanpoko eskaintzak gazteleraz izango dira. Ikaslearen bizitza esparruetako hizkuntz funtzioa gazteleraz bermatuko da.

Egoera honetan zer dagokio Euskal Eskolari?

  • Euskararen ERABILERA/EZAGUTZA/MOTIBAZIOA eskolaren esku dago ia oso-osorik. Honela:
    • Harremanetarako hizkuntz motari arreta berezia eskainiko dio, komunikazio egoerak eskola bizitzan berreginez. Beraz, ahozko lanketari orain arte eman ez zaion garrantzia emango zaio: ikasleari axola zaizkion kontuak adierazteko aukera zabalak eskainiz, mintzatzen irakatsiz (entzumena lantzeak ez baitu ondorioztatzen mintzatzen jakitea), ikaslea hitz egitera bultzatuko duen teknikak erabiliz eta bakoitzaren mintzamen gaitasuna zuzenduz eta autoebaluatuz.
    • Esparru akademikoaz gain, eskolaren ardura izango da ikasleari gogoko eta beharrezko zaizkion bizitza esparruak ikastolan bertan, eskola orduz kanpo, antolatzea eta euskararen aldeko erabilera esparru bihurtzea.
      - Ikasle helduekin (DBH eta DBHO) eta bereziki euskararen erreposizioa planteatzen den inguru soziolinguistikoetan, arreta berezia izan behar litzateke hausnarketarekin. Izan ere, euskararen historia ezagutzea, euskararen aztarnez jabetzea, toponimiaz jabetzea... motibazio iturri ere izan baitaiteke.
  • Ardura trinko hauek Hizkuntz Proiektuan islatu behar dute. Bertan zehaztuko dira adinez adineko helburuak eta horretarako behar diren baliabideak.

Hizkuntz errealitatearen azterketa

Esandakoak esan, heldu da garaia hizkuntz errealitatea aztertzen hasteko. Ikastolak eta eskola orok funtzionamendu esparru ugari ditu, eta horietan guztietan hizkuntz errealitatea nola gauzatzen den zehatz ezagutu behar da. Hona Euskaraz Bizi alorrean erabiltzen ditugun bi diagnostiko motak:


Azterketa orokorra

  • EZAGUTZA (IKASTETXEKO ESTAMENTUAK)
    • Zuzendaritza (ahozkoa-idatzizkoa, euskarazko titulazioa).
    • Irakasleak (ahozkoa-idatzizkoa, euskarazko titulazioa).
    • Administrazio eta zerbitzuetako langileak eta ekintza osagarrietakoak: atezain, jangelako zaindari, sukaldari, autobus gidaria, autobus zaintzailea, garbitzaileak eta begirale oro (ahozkoa, idatzizkoa, euskarazko titulazioa).
    • Ikasleak (jatorrizko hizkuntza: euskara, erdara edo biak), eskola hizkuntza: A eredua, B eredua, D eredua.
    • Gurasoak (aita eta ama euskaldunak dituzten ikasle kopurua, aita edo ama euskalduna duten ikasle kopurua, aita edo ama erdaldunak dituzten ikasle kopurua).
  • BALIABIDE MATERIALAK
    • LIBURUTEGIAREN ANTOLAKETA (euskaraz, erdaraz, bietan): barne araudia, egileen katalogoa, izenburuen katalogoa, aldizkarien katalogoa, nobedadeen zerrenda, mailegu fitxa, irakurle fitxak, oharrak, etiketak, e.a.
    • FONDOA (euskaraz, erdaraz, bietan): hiztegi entziklopedikoak, liburuak, aldizkariak, ikus-entzunezkoak, euskarri informatikoak, e.a.
    • ERROTULAZIOA: hizkuntz paisaia (euskaraz, erdaraz edo bietan) ikastetxearen izena, ikasgelen errotulazioa, aretoen errotulazioa, iragarki taulak, oharrak, propaganda (posterrak...)
    • INGURUNEA, UDALERRIA (ehunekotan jarri): euskaldunen proportzioa, euskaldun alfabetatuen proportzioa, jatorrizko euskaldunen proportzioa.
  • IDATZIZKO ERABILERA
    • IKASTETXEKO TXOSTENAK: Hezkuntza Proiektua, Ikastetxeko Curriculum Proiektua, Antolakuntza eta Jarduera Araudia, Ikasturteko Plana, Ikasturteko memoria, e.a.
    • AKTAK: klaustroko aktak, Eskola Kontseiluko aktak, Batzordeetako aktak
    • INPRIMAKIAK/AGIRIAK: matrikula inprimakiak, eskola liburuak, ikasleen fitxak, buletinak, ziurtagiriak, deialdiak, erregistro liburuak, artxiboak, inbentarioa, eskariak, instantziak, e.a.
    • BULEGOA: kontratuak, eskaerak, ordainagiriak, kontabilitatea, tanpoiak, zigiluak, logotipoak...
    • POSTA (IKASTETXEAK IGORRITAKOAK): Eusko Jaurlaritzari, Hezkuntza Sailari, Lurralde Ordezkaritzari, Osakidetzari, Foru Aldundiari, Udalari / Zirkularrak, komunikatuak, deialdiak, gutunak, oharrak, publizitatea, e.a.
    • BALIABIDE MATERIALAK (ARLO PEDAGOGIKOA): programazioak, azterketak, ebaluaketa txostenak, apunteak, didaktika, gidaliburuak, testuliburuak, ikasleen lan koadernoa, e.a.
  • AHOZKO ERABILERA (IKASTETXEKO ESTAMENTUAK)
    • ZUZENDARITZA: zuzendaria, idazkaria, ikasketa burua, bulegaria, aholkularia...
    • IRAKASLEAK: Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, DBH, Batxilergoa, Heziketa zikloak.
    • ADMINISTRAZIO ETA ZERBITZUETAKO LANGILEAK ETA EKINTZA OSAGARRIETAKOAK: atezain, jangelako zaindari eta sukaldariak, autobus gidari eta zaindariak, garbitzaileak, begiraleak, e.a.
    • IKASLEAK: HH, LH, DBH, DBHO eta Heziketa Zikloak.
    • IKASTETXEKO GURASOEN ARTEKO OHIKO KOMUNIKAZIO HIZKUNTZA: euskara edo erdara (ikasgelaka eta mailaka).
    • IKASTETXEAK ANTOLATUTAKO EKINTZA OSAGARRIETAKO HIZKUNTZA: kirolak, mendiko irteerak, aisialdia, kultur ekintzak, e.a.
    • IKASTETXEZ KANPOKO ERAKUNDEEK ANTOLATUTAKOETAN OHIKO HIZKUNTZA: Kultur Etxea, Musika Eskola, Udal Liburutegia, Udal Kiroldegia, Ludoteka, Aisialdi Taldea, Dantza Taldea, Mendi Taldea, Kirol Elkartea, Zinema, Hizkuntza Eskolak, Akademia, e.a.
    • IKASTETXEA ETA INSTITUZIO/ELKARTE ARTEKOAK (euskaraz beti, erdaraz beti, bietan): Hezkuntza Saila, Lurralde Ordezkaritza, Ikuskaritza, PAT, Udala, Osakidetza, Sindikatuak, Herriko beste ikastetxeak, argitaletxeak, hornitzaileak


Analisi funtzionala

Euskaraz Bizi mugimenduan gabiltzanok, lehen aipaturiko diagnostikoari, ANALISI FUNTZIONALA deituriko hausnarketa gehitzen diogu. Diagnostiko orokorrak errealitateko datuak ematen dizkigu, ez besterik. Alegia, ez digu, euskararen erabileraren inguruan behintzat, egoeraren zergatirik eta egoera hobetzeko orientabiderik ematen. Horregatik, analisi mota honi funtzionala deitzen diogu, ekintzara bultzatzen baikaitu nondik norakoak eskainiz.

Izan ere, ERABILERAREN esparruan, ez da nahikoa zenbatek hitz egiten duen euskaraz eta zenbatek gazteleraz zehaztea. Gure ustez, gero estrategia egokiak diseinatzeko, komeni da hizkuntz portaera horien abiapuntuko eraginak, bultzadak edo estimuluak zeintzuk diren jakitea eta portaera horiek jaso ohi dituzten errefortzuak identifikatzea.

Adibidez, jolasak, edo mahai jolasak, e.a. gazteleraz ikasi badituzte, eta horretan eroso sentitzeaz gain, gizartetik jasotako erantzunak jokabide hori errebortxatu badu, euren eguneroko bizitzan, nahiz eta euskaraz jakin, NORMALKI gazteleraz jolas egingo dute. Errealitate honen aurrean zein da euskal eskolaren eginkizuna?

  • Jolas horiek EUSKARAZ irakasten badizkiegu eta era gustagarrian erabiltzeko aukerak eskaintzen badizkiegu (irakasleekin jolas denboran horretan arituz, txikiagoei irakasteko aukerak eskainiz, festetan eta jaietan erabiliz, e.a.) MOTIBATZEN ari gara bizitzako esparru hori euskaraz egin dezaten.
  • Gainera, ikasleak garbi ikusten badu EUSKARAZ egite hori ikastolako GIZARTE TALDEAK (irakasle, begirale, guraso...) ONETSI egiten dutela, hori dela ESKOLA ERAKUNDEAREN ESPEKTATIBA eta horren ondorioz hitzezko errefortzuak edo sozialak eskaintzen badizkiegu, portaera hori INDARTZEN ari gara.

Beraz, arestian egindako diagnostikoari Analisi Funtzionalarena gehitu behar diogu. Ikastola den mikroespazio horren barruan nabarmentzen diren bizitza esparruak (ikasgela, pasabideak, sarrera-irteerak, jolasguneak, jangela, autobusa, irteerak, eskola orduz kanpoko ekimenak) aztertu behar ditugu. Azterketa horretan ez dugu esango euskaraz egiten duten ala ez soil-soilik. Horri, esparru horietako bakoitzean zer nolako eraginak, erreferenteak, jasotzen dituzten gaineratuko diogu, eta horren kariaz gure interbentzio plangintza zehaztuko dugu.

Azterketatik nabarmentzen diren hutsuneak edo mugak

Ikastolok ere, atal batzuetan etengabeko berrikuntzan ari garen arren, euskararen normalkuntzaren inguruan ez dugu, tamalez, halakorik egin, ez behintzat behar den neurrian. Beraz, INERTZIAZ ari garela eta goazela esan dezakegu.

Hasieratik uste izan dugu “D” eredua eta “Murgiltze” eredua garatuz, besterik gabe, eskola euskaldunduko genuela eta bere ondorioz baita gizartea ere. Bide horretatik segitzen dugu. Euskal Eskola, orokorrean, ez da ohartu, irakasle batzuk izan ezik, ALDAKETA SAKON bat eman behar dugula, LEMA KOLPE ausart bat eman behar dugula: diagnostiko sakon bat eginez, HIZKUNTZ PROIEKTU berri eta adostu bat garatuz, estrategia berriak abian jarriz.


Hizkuntz ereduak

Gaurko ikuspegitik, egun, hizkuntz ereduak gaindituta daude. Zentzuzkoago jotzen dugu euskal jatorrizko ikasleak jatorrizko hizkuntzan eskolatzea, eta bera dela tarteko, euskal kulturan barneratzea. Bestalde, erdal jatorrizkoei murgiltze eredua eskaini beharko litzaieke, egoera eta kokagune bakoitzari dagokion kultur edukia emanez.

Zer esan egun ditugun ereduez?

A EREDUA: belaunaldi euskaldunetik oso urruti dago. Bertan eskolatuek ezin dituzte oinarrizko trebetasunak lortu, eta hauek ezean beste guztiak alferrik dirudi.

B EREDUA: definiziorik eza da bere ezaugarria. Batzuetan D eredutik gertu egon arren, bestetan A eredutik hurbilago baitago. Murgiltze bidetik doan B eredua da emankorrena. Halere, hauek gaitasunez eta motibazioz mugaturik aurkitzen dira: euskara erabili beharrean aurkitzen direnean gai dira irakasleekin eta ikasleekin euskaraz komunikatzeko. Inguruaren presiorik gabe, ordea, gaztelerara jotzen dute.

D EREDUA: berez, jatorriz euskaldunak ziren ikasleentzat sortu zen. Gaur egun, murgiltze bidetik doazen batzuk D ereduko bezala hartzen dira. Ikastola gehienok hemen kokatzen dugu geure jarduna. Halere, esan behar da, multzo honen barruan dauzkagula giro euskalduneko ikasleak eta erdal ingurukoak, eta biei, oro har, trataera bertsua ematen diegula, tamalez. Euskal giroan, eskola eta gizartea bat eginik doaz; ez, ordea, erdal giroan.


Euskal Eskola eta ikaslearen arlo ludikoa

Arlo akademikora mugatzen den eskolak arazo nagusi bat du: arlo ludikoa eskolaz kanpo jasoko du eta erdal ingurunean, segur aski, gazteleraz. Jakinda euskararen ezagutza erabileran oinarritzen dela, jakinda bizitzako esparru hauetan garatzen dela, batez ere, HARREMANETARAKO EUSKARA, ez ote dio euskal eskolak esparru honi garrantzi gehiago eskaini behar?

Beraz, euskara arlo akademikora mugatzeak ondorio gordinegiak dakartza bata bestearen atzetik. Batetik, euskararen ezagutza ez da behar hainbatekoa izango, horrela bada, ez du nahikotasunik lortuko; bestetik, ikasleak euskara eskolarekin lotuko du soilik eta ez bere bizitza zabalarekin, honek dakartzan ondorioekin. Honela bada, euskara eta eskola bikotea hausteak eta ikastola ikaslearen bizitzarekin gehiago lotzeak euskal eskolaren erronka izan behar du.


Erabileraren garrantziaz ohartu gabe

Ezagutza eta erabileraren arteko etenaz ohartu gabe, edota eten horretaz kezkatu gabe izatea euskararen normalkuntzarako lankide eskasa da. Noski, badakigu:

  • Ikasleari etxeak eta kaleak eskaini behar liokeen hizkuntz altxorrak huts egiten duenean, eskolak arduratu behar du bizitzan ohiko diren komunikazio egoera horiek berregiten. Lanketa honetaz, 4. atalean giro erdalduneko euskal eskolak dituen ardurez esandakoaz gain, ezin dugu ahaztu bertsoak, antzerkiak, txotxongiloak, ipuin kontaketak, txiste kontaketak... sistematikoki lantzeak dakartzan onurak ikaslearen mintza jarioa errazteko eta hobetzeko.
  • Erabilerak soilik ez dakarrela besterik gabe kalitatea, erabilerari HIZKUNTZAREN LANKETA gaineratu behar baitzaio.
  • Erabileran porrot egiteak baduela zerikusia inguruarekin, baina baita Euskal Eskolaren lanarekin ere. Ahozkotasunari garrantzi gutxi ematen badiogu, mintza jardun aktiboan ordu gutxi igarotzen badira, aurreikusi daiteke ondorioa.


Irakasle eta bitartekari helduon profesionaltasunaz, zer?

Ikastola orok duen Hezkuntza Proiektuak bere helburuak zehaztean, ikasleen prestakuntza osoa, giza baloreetan hezia eta euskaldun izatea aipatzen ditu. Helburu hauen lanketan, nahiz eta bakarrak ez izan, zutabe dira eta izan behar dute ikastolako irakasle eta bitartekari helduak.

Beraz, irakasleon aldetik arlo akademikoa gogoz zaintzen da. Giza baloreetan gure ikasleak hezten ere biziki arduratzen gara, baina, hizkuntz portaera geure kezken eta arduren oinarrian ote dago? Denok jakin behar genuke, euskaraz hitz egiteko gaitasuna eta ohitura, aurrebaldintza batzuk emanez gero (euskara nahikotasunez ezagutzea, erabilera eremu ugari izatea ikaslea euskaraz bizi dadin, irakasleok motibazio izanaraztearen jabe izatea, e.a.) ikasi egin daitekeela.

Bestalde, euskal eskolako profesionalak bagara, Hezkuntza Proiektuak dioena garatzea denon ardura da. Tamalez, euskal eskola askotan, euskararen normalkuntzan arduratsu ekitea ez da irakasle eta bitartekari guztien lana, batzorderen batena da soil-soilik, eta honetan biltzen dira maiz eskola orotan betidanik izan ohi diren militanteak. Militanteak beharrezkoak badira ere, euskararen normalkuntzak, batez ere, profesionalak behar ditu, eta hori lortzeak adieraziko digu, zeharka bederen, euskararen normalkuntzan ikastola hori bide sendotik doala.

Hizkuntz proiektua eta bere esku hartze eremuak

Definizioa eta lan esparruak

Hizkuntz proiektua hezkuntza proiektuan oinarrituko den dokumentua da, eta Euskal Eskolan lantzen diren hizkuntzen trataerari eta erabilerari dagozkien eremu guztiak bildu nahi ditu. Esparru zabal honen ingurumarian Euskararen Normalkuntza bete-betean kokatzen da. Bera eskolako estamentu guztietan eztabaidatua eta adostua izango da, eta jokabide gida bihurtuko da eskola osoarentzat.

Aipatu dokumentu berri honek, beraz:

  • Euskal Eskolaren ardura nagusi diren hizkuntzen trataerari eta erabilerari (euskararen, gaztelaniaren eta atzerriko beste hizkuntzen irakas-ikaskuntza prozesu eta haren trataerari) erantzungo dio, eta horien barruan, euskararen ezagutza osoari eta euskararen aldeko jarrera sendotzeari.
  • Kontuan izango ditu eskolaren ezaugarri soziolinguistikoak. Lehenik, inguruko errealitate orokorra eta ikasleak ukitzen dituen bizitza esparruetan (kultura, kirola, aisialdia...) euskarari ematen zaion trataera jasoko du. Era berean, ikasle bakoitzaren inguru hurbileko (familia, lagunak...) hizkuntz ezaugarriak ere mahai gainean jarriko ditu. Zehaztapen horien haritik Txepetxek hizkuntzen ikasketa prozesuan zehaztu dizkigun ibilbideak (berezko ibilbidea eta kultura bidezko ibilbidea) etenik gabe eta erarik orekatuenean gara daitezen behar diren bitartekoak proposatuko ditu.
  • Hizkuntz Proiektuak aldarrikatzen duen Euskararen Normalkuntza ikastolako Hezkuntza Proiektuaren zutabeetako bat denez, euskal eskolaren ardura nagusitzat joko da, eta, bertan, lanean diharduten giza baliabide ororen profesionaltasunean sustraituko da eginbeharra, eta ez euren burua militantetzat duten batzuengan edo eta batzordetxo batengan soilik.
  • Hezkuntza proiektuaren zutabea denez, eskolako zuzendaritzari emango dio bere garapenaren ardura eta Euskaraz Bizi/Euskararen Normalkuntza batzordearen zein Hizkuntza Mintegien lankidetzarekin ikasturtez ikasturteko plangintza egin eta baloratuko du, irakasle, begirale eta zaindari guztien artean ardurak banatuz.


Ikastolaren helburu orokorrekin bat

Ikastola, azken finean, gizarte txiki bat da, eta bertan ematen diren funtzio nagusienak akademikoak, instituzionalak eta zerbitzu mailakoak dira. Funtzio horiek euskaraz ematen badira, eta bertako giza baliabide guztiek horretan eragiten badute, Euskararen Mikroespazio bat eraikitzen arituko gara. Hauxe da ikastolaren helburu orokor guztien markoa. Hori lortzeko, hona Plan Pedagogiko Nazionalean eta barne dokumentuetan jaso diren zehaztapenak:

  • Ikastolak bere ikasleak formazio euskaldunaz hezi nahi ditu: euskara ongi menderatuz, euskararen eta euskal kulturaren transmisio, garapen eta potentziazkoarekin konprometitua, eta Euskal Herriko lurralde errealitatea zein errealitate historiko, sozial, politiko eta kulturalarekiko kide.
  • Ikastolak pertsona eleanitzak formatu nahi ditu: euskaraz garapen osoa lortuz eta beste hizkuntzen beharrezko ezagutza eta erabilera erdietsiz. Hau da, bertako hizkuntza propioa (euskara eta tokian tokiko aldaera) eta kontaktuko hizkuntzez (gaztelania eta frantsesa, bakoitza bere lurraldean) gainera, gutxienez atzerriko beste hizkuntza bat ezagutuz eta erabiliz.
  • Ikastolak bere komunitatearen barne bizitza euskaraz gauzatu nahi du: mota guztietako harremanetan eta horretarako sortutako bitartekoetan euskararen eta euskal kulturaren transmisioa, garapena eta potentziazkoa ziurtatuz.
  • Ikastolak txertatuta dagoen komunitatean eragile aktiboa izan nahi du euskararen normalkuntza prozesuan.


Hiztunarentzat motibazio iturri diren eskuartze eremuak

  • EREMU PEDAGOGIKOA: euskararen ezagutza osoa, hiztuna hiztun osoaren kategoriara daraman ezagutza alegia, bere horretan ere, motibazio iturri da. Honek hiztuna bere hizkuntz harremanak, lagunartekoak zein kultur mailakoak eroso eta erraztasunez gauzatzera darama, eta erosotasun honek ematen duen atsegina erabileraren aldeko akuilu bihur daiteke. Beraz, Euskal Eskolaren lehen erronka euskararen ezagutza erarik osoenean bermatzea da. Tokian tokiko egoera soziolinguistikoa kontuan harturik eta ikaslearen inguruko harreman sarea ezaguturik -gurasoen eta ikaslearen hizkuntz fitxa- planifikatu behar da euskararen irakaskuntza. Ez baita gauza bera, lehen esan bezala, giro euskaldunean eta giro erdaldun gordinean euskara irakasteko eskolak duen ardura eta egin behar duen plangintza.
  • EUSKARAREN OPTIMIZAZIOA ARLO AKADEMIKOAN: hizkuntzaren irakas-ikaskuntza ikuspegi komunikatibo eta prozesualetik bideratzeak eskatzen duen planteamendu metodologikoaren oinarriek hizkuntza desberdinetan berberak behar dute izan, nahiz eta hizkuntza bakoitzaren testuinguruari egokitutako estrategia didaktiko desberdinetan gauzatu. Hau garatzeko hauexek dira adostasunez hartu beharreko erabakiak:
    • Aniztasunaren trataerarako irizpideak eztabaidatu eta adostasunez finkatu.
    • Aprendizaia autonomoaren eta kooperatiboaren arteko oreka mantenduz, gela barruan ikasleen taldekatzeari buruzko jarraibideak finkatu.
    • Irakaslearen rola zehaztu, irakasten duena izatetik ikasten laguntzen duena izatera aldatzeko.
    • Gela barruan ikasleen arteko interakzioa potentziatzen duten ekimenak planifikatu.
    • Zeregin komunikatiboen araberako espazioen aukeraketa eta erabilpena finkatu.
    • Eskolaz kanpo euskararen presentzia eskasa bada, giro euskalduneko ikasleak komunikatzeko erraztasuna lor dezan, eskolaz kanpo aurkitu ohi dituen komunikazio egoerak eskola esparruan berregin eta landu behar dira.
    • Ahozkotasunaren lanketak orain arte izan ez duen estatusa lortu behar du. Lanketa hau klase formalez gain jolas denboretan ere landu daiteke. Izan ere, arlo ludikoa egokia da harremanetako hizkuntza lantzeko (jolasak, kirolak, e.a.).
    • Gazteleraren eraginez euskararen erabileran nabarmen ageri diren akatsak sistematikotasunez zuzenduko dira, mailaz mailako eta zikloz zikloko plangintzari jarraituz.
    • Hautatutako ikuspegi metodologikoa aurrera eramateko beharrezkoa diren askotariko baliabideak ziurtatu (liburutegia, ordenadore gela, ikus-entzunezko gela, antzokia...)
  • EREMU INSTITUZIONALA: ikastola instituzioa da eta badu bere barne bizitza. Bertako subjektuen arteko harremanak eta eginkizunak euskaraz izatea izan behar du helburu. Horretan ardura nagusia dute bertako giza baliabide guztiek (irakasle, guraso, begirale, langile ez dozente...), euskararen erreferente eta bultzatzaile izan behar baitute.
    1. Ikastolako gobernu eta funtzionamendu organoetan gauzatzen diren harremanetan euskararen nagusitasuna potentziatu eta ahalbidetu.
    2. Irakasleen arteko hizkuntz harremanak arautu.
    3. Ikasleen arteko euskarazko harremanak potentziatu eta landu.
    4. Langile ez dozenteen hizkuntz profil egokiak ahalbidetu.
    5. Familietan euskararen erabilera potentziatu eta ahalbidetu, ikastolarekiko harremanetan nahiz etxe barrukoetan.
    6. Ikastetxeko giro euskalduna izan dadin bitartekoak jarri.
    7. Euskararen normalkuntzan diharduten beste erakundeekin elkarlanerako harreman sistematikoak ezarri.
    8. Euskal ekimen kulturalak sortu eta gizarteari zabaldu, eta beste erakunde sozialek proposatutakoetan parte hartu.
    9. Ikastolako administrazio langileriaren euskara gaitasun egokia ahalbidetu.
    10. Ikastolako dokumentazioan erabilitako euskara gaurkotu eta haren egokitasuna eta zuzentasuna ziurtatu.
    11. Arlo administratiboko erakundeekiko harremanetan euskararen nagusitasuna potentziatu eta ahalbidetu.

Esparru hau eta bertan mugitzen diren eragileak euskararen isla bihurtzen diren neurrian, eragingarri eta motibatzaile izango da bertaratzen den ororentzat.

  • ZERBITZU MAILAKOAK: ikastola instituzio edo erakunde berezi bat dela esan dugu. Berak, arlo akademikoaz gain, zerbitzuak eta erabilera esparruak eskaintzen ditu (garraioa, jangela, kultura, kirola, aisialdia, e.a.) eta bere ardura da eskola orduz kanpo euskararen presentzia hedatzeko askotariko zerbitzua eskaintzea. Ekimen esparru horietan euskara nagusi dadin eginahal berezia egin behar du eskolak, ezinbestekoa baita ikasleari gogoko zaizkion alorretan hizkuntz funtzioak euskaraz gauzatzea. Hori guztia Hizkuntz Proiektuak bere gain hartu behar du, horrela burutuz gero ikaslea motibatzen ari baikara; beraz, antolaketa sendo hau motibazio iturri da. Horretarako beharrezko da:
    1. Ikastolako zerbitzuetan parte hartzen duten langileen hizkuntz profil egokiak ahalbidetu eta hizkuntz proiektuak ezarri dizkien arduren berri izan.
    2. Ikastolako zerbitzu desberdinen giroa euskalduna izan dadin bitartekoak jarri.
    3. Zerbitzuetan ikasleen arteko euskarazko harremanak indartu eta landu.


Euskararen aldeko jokabidea indartzeko estrategiak

Motibazioa ez da, oro har, bat-batean eta argialdi baten eraginez barneratzen den zerbait. Adin hauetan, batez ere, erabileraren eta ezagutzaren nahikotasun mailarekin, eta, erabilera horrekiko bere inguruan jasotzen duen bultzadarekin oso lotuta dago. Honela bada, zenbat eta sakonago ezagutu euskara, inguruaren eraginez zenbat eta gehiago erabili, orduan eta erosoago eta gusturako sentituko da ikaslea, eta, prozesu horrek euskararen erabilera bere egitea eramango du apurka-apurka.

Euskara ikuspegi komunikatiboan lantzean, ahozkotasunari garrantzia emanez komunikazio egoerak lantzean eta eskola orduz kanpo zerbitzu ugari eskaintzean; hots, erabilera esparruak eskaintzean, euskararen normalkuntzarako LEHEN OINARRIAK jarri ditugu. Halere, inguru ez euskaldunetan gizartearen eraginak gure lanean sortarazten duen higadurari aurre egiteko beharrezko dugu MOTIBAZIOA era adostu eta antolatu batean lantzea, espresuki lantzea, alegia.

Giro normalizatu batean erabilera eta ezagutza nahikotasun mailan garatze hutsak oinarrizko motibazioa ematen badu ere, geure eskola gehienetan zerbait gehigarria eskaini behar diegu ikasleei.

Ikasleak euskararen ikaskuntza prozesuan bi ibilbideak era orekatuan garatu baditu ere, hots, nahiz eta euskararen ezagutza, erabilera eta motibazioa nahikotasun mailan barneraturik izan, gerta daiteke euskararik ez erabiltzea. Hau gertatzen da inguruak erdararen erabilera indartsu bultzatu eta errebortxatzen duenean, eta eginahal horien mezua hiztunak bere barnean eraikitzen duenean.

Portaera hau euskarara irauli nahi badugu, lehen egin dugunaz gain, portaera horretan eragiten duten aldagaietan indar berezia egin beharko du Euskal Eskolak. Horrela ez bada, lehen gertatzen den bezala, gizarteak eragingo du soilik, eta honek aurkako norabidean bultzatuko du eta euskararen normalkuntzak atzera egingo du.

  • Bitarteko orokorrak:

Motibazioan eragiteko eginahala, ekimena edozein dela ere, hiru mota hauetakoa izango da:

EKINTZAK: kanpaina, lehiaketa, jolasaldia, norbaiten bisita... Hauek ikasleak gustukotzat hartzeaz gain, gai ikusten badu bere burua ekintza horren bidez errefortzu hori bereganatzeko, eta ikastetxearen eraginez euskaraz lotzen badira: apurka-apurka GUSTUKO EKINTZA eta EUSKARA lotuz joango dira, EUSKARAZ EGINEZ, eta, eginaren eginez, EUSKARA BARNERATUZ.

SUGESTIOA: motibazioak berarekin darama AFEKTIBITATE karga ere. Arlo akademikoan bezalaxe, hemen ere ikaslearen autoestimua goran mantentzea garrantzizkoa da guk eskatzen dioguna (euskaraz egitea) GOGOZ EGIN DEZAN, beraz, ERRAZ EGIN DEZAN.

DISKURTSOA: honengatik eta horrengatik euskaraz egiteko eskatzea, besterik gabe niri euskaraz egiteko eskatzea, arrazoitzeko eskatzea, e.a.

Eragin teknika hauek egokitu egin behar dira adinez adin:

HAUR HEZKUNTZA: ekintzek eta sugestioek dute lehentasuna.

LEHEN HEZKUNTZA: gauza bertsua, nahiz eta azken ikasturteetan (LHko 3. zikloan) euren protagonismoa lantzeak garrantzia izan.

DBH eta DBHO: ekintzek garrantzi handia dute, baina ez irakasleek antolatutakoak, eurek protagonista direla gauzatutakoak baizik. Bestalde, diskurtsoak, alegia hausnarketak jadanik badu bere lekua.

  • Errefortzuak:

Pentsaera honen haritik esan daiteke, errealitatea oso konplexua den arren, ñabardurak ñabardura, aurre estimulatzen eta positiboki indartzen den portaerak badituela aukerak hiztunaren barnean eraikitzeko eta berarentzat eragingarri bihurtzeko.

Egia da eta ez dugu hori ahaztu behar, errefortzu eta kinada guztiek ez dute mekanikoki eragiten hartzailearengan. Horregatik, eskainitako errefortzu positibo horrek, hiztunari gustatzeaz gain, hiztunak barneratzeko modukoa izan behar du, alegia, jokaera hori burutzeko gai ikusi behar du bere burua. Egoera honetan soilik, emango dio gaitasuna subjektuari lortu nahi den portaera hori lortzeko eta mantentzeko. Honen haritik, eta hau zerbait nabaria da, gerta daiteke guk luzatutako kinada positibo horiek ez izatea eragingarriak ikasle guztientzat. Ikasle bakoitzaren hautemateko moduak baldintzatzen baitu kinada bakoitzaren eraginkortasuna. Horrela, batentzat positiboki baloratua den kinada gerta daiteke beste batentzat hala ez izatea. Horrela bada, euskal eskolak proposatu behar dituen ereduek interesgarriak izan behar dute lehenik, eta bestalde, subjektuak gai ikusi behar du bere burua ereduak burutzen dituen portaerak bere egiteko.

Bide hau, beraz, behar bezala eta bere osotasunean gauzatuz gero, motibazio iturri trinkotzat jo daiteke eta imitaziozko ikasketarekin batera lagungarri dira, sistematikotasunez aplikatuz gero, ikastola Euskararen Mikroespazio bilakatzeko. Horrela bada, errefortzu positibo hori hiztunarentzat barne errefortzu bilakatzen denean:

  • Euskararen aldeko motibazio sortzaile da.
  • Eraikitzaile bihurtzen da. Alde batetik, portaera bati jarraitzen dionean, indartu egiten du, eta, bestetik, trebezia berriak erakusteko ere balio du.
  • Portaera iraunkorrak sortzen ditu. Behin errefortzu programa egoki bat jarraitu eta sendotuz gero, ez da erraza lorpenak desagertzea.
  • Errefortzu positiboa dibertigarria da eta harreman onen sortzaile da. Irakasleak eta ikasleak ondo sentitzen dira.

Haurrengan etengabeko eragin positiboa sortzeko, garrantzirik handienekoa da errefortzuen programaketa, bai kanpainak martxan jartzen direnean, bai hauengandik aparte emango ditugunean.

Errefortzu horiek planifikatzeko garaian, hainbat xehetasun kontuan edukitzea komenigarria da:

Lehenik eta behin, guztiei iristeko modua egin behar da. Inola ere ez da komeni inor kanpoan geldi dadin, horrelakoarentzat zigorra gerta daitekeelako, eta lehen esan dugun bezala, euskara esperientzia atseginekin lotu nahi dugu emaitzak, beti, iraunkorrak izan daitezen. Zigorrak ez du tokirik.

Bestalde, errefortzua izateko ez da nahikoa ikaslearentzat gustagarria den zerbait eskaintzea; errefortzua izango da, baldin eta euskararen erabilera handitzen bada, gainerakoan sari hutsa izango da.

Nola jakin gustagarria den zerbait errefortzua den ala sari hutsa? Kontrolak eta neurketak dira bide bakarra.

Bestalde, gerta daiteke sari bat momentu batean indartzaile izatea eta bestean ez -eta alderantziz-, eta, era berean, pertsona batentzat indartzaile izatea eta bestearentzat ez. Hori guztia ondo zaindu behar da.

Hemen ematera goazen zerrenda hauek, ez dute izan nahi zerbait itxia; abiapuntuko euskarria besterik ez dute izan nahi. Hortik aurrera, ikastola bakoitzak osatzen joan behar luke ikasleen adinaren, ingurunearen eta dituen baliabideen arabera.

  • Sugestioa lantzeko errefortzuak:
  • 1.-ESKUTITZAK:
    • Euskaraz Biziko Zuzendariarena.
    • Ikastolako Lehendakariarena.
    • Udaleko Euskara Zerbitzuko arduradunarena.
    • Erakargarria gerta daitekeen edozeinena.
  • 2.-BISITALDIAK:
    • Euskaraz Biziko ordezkariarena.
    • Ikastolako Lehendakariarena.
    • Udal ordezkariarena.
    • Kirolari batena.
    • Beste ikastola bateko ordezkariarena.
    • Euskara ikasten ari den atzerritar batena.
    • EITBko artista euskaldun batena edo batzuena.
    • Etab.
  • 3.-GRABAZIOAK: ikasle nagusiek egindako grabazio estimulagarriak, noizbehinka gelan entzuteko.
  • 4.-MEGAFONIAREN ERABILERA: baliabide hau oso erabilgarria gertatzen da eta oso eraginkorra bilaka daiteke behar bezala erabiltzen denean, batez ere, adin bat bitartean. Erabilpenaren planifikazio egoki bat oso lagungarri gerta daiteke.
  • 5.-ERREGISTROEN ERABILERA: egiten badira, neurketen emaitzak Euskaraz Biziko egoitzara bidaliko dira, eta Euskaraz Bizirengandik erantzuna eta komentarioa jasoko da.
  • 6.-GIZARTE ERREFORTZUAK: irribarrea, begi keinua, txalotzea, eskuzko keinua, beraiengana hurbildu eta hitz egin, jolas orduan inguratu eta eurekin jolas egin, beraien interesez galdetu, bostekoa eman, buruaz baieztapenak egin...
  • 7.-AHOZKO GIZARTE-ERREFORTZUAK: Ondo! Oso ondo! Hau da hau! Zuek bai jatorrak! Zuen portaera ezin jatorragoa! Zorionak zuen jarreragatik! Zuen jarrera pozgarria, benetan! Jarrai horrela! Ondo baino hobeto! Harrigarria zuen aldaketa! Aupa neska-mutilok! Ongi, segi horrela! Benetan aurrera goaz! Zeuok ere pozik egongo zarete, ezta? Ederto! Primeran! Zein ederto ari zareten!

    Irakasleak bere gelan zabalduko dituen “berri” positiboak (haurren autokontzeptua indartzeko balioko dute):

    • Zuzendariak dio ...
    • Irakasle batek esan du ...
    • Ikasle nagusiek adierazi dute ...
    • Guraso batek edo bestek esandakoa ...
    • Ikastolako zuzendariak mezu hau bidali digu ...
    • Ikastolaz kanpo lortutako aipamena ...
    • Herriko pertsonaia ezagun batek esandakoa ...
  • 8.-ERREFORTZU MATERIALAK: ukitu, erabili eta goza daitezkeen umeen mailako objektuak, gauzak eta bitxikeriak. Adinaren arabera aukeratu eta erabili beharko dira: globoak, jostailuak, errotulagailuak, komikiak, posterrak, txanoak, kartak, puzzleak, loreak, diskoak, karpeta bereziak, bitxikeriak, kiroletarako materiala, kromoak, eranskailuak, txapak, boligrafoak, argazkiak, diplomak...
  • 9.-EKINTZAZKO ERREFORTZUAK: jolastea, kantak ikastea, jokoak burutzea, irteera bat egitea, paseatzera eramatea, mozorrotzen uztea, igerilekura joatea, janariak prestatzea (txokolate jana, gaztainak erre, e.a.), jolasaldia luzatzea, musika entzutea, muralak egitea, jaialdi bat prestatzea, txisteak kontatzea, txapelketak antolatzea, aurpegia margotzea, ordutegi aldaketak, gela barruko jokoak, topaketak, kultur ikustaldiak, pelikulak ikustea, e.a.
  • 10.-IMITAZIOZKO ERREFORTZUAK:
    • Jokoen gidari izatea (helduak txikiei)
    • Abestiak irakastea (helduak txikiei)
    • Kiroletan entrenatzaile lanak egitea
    • Txikiago baten kidetze (tutoretza) funtzioa betetzea
    • Plastika arloko lanak zuzentzea (helduak txikiei)
    • Antzerki emanaldiak
    • Txikientzat kanpainak prestatzea.
  • 11.-AURRE ESTIMULUAK:

Aurre estimulua portaera kontrolatzen saiatzen da. Estimulu hauei giltzak deritze. Giltza batek gertagarriago egin dezake guk nahi dugun portaera. Hala ere, oro har, errefortzuek eragin handiagoa dute.

Aipatu giltza hauek apurka-apurka bihurtzen dira diskriminatzaile. Beraz, giltza bat pertsona batentzat estimulu diskriminatzaile izango da, behin eta berriz aurkeztu ondoren pertsona horrek portaera hori ekoizten duela ikusten dugunean. Beste era batera esanda, giltzak estimulu diskriminatzaile bihurtzen dira giltza + portaera bikotearen ondoren hainbat aldiz errefortzu positiboa etorri denean.

Adibidez, zenbait egoeratan, irakasle baten presentzia estimulu diskriminatzaile bihurtzen da, eta beste batena, berriz, estimulu neutro. Zergatik? Aurreneko kasuan, giltza + portaera bikotearen ondoren, behin eta berriz, errefortzu bat eman duelako eta bigarrenean, berriz, horrelakorik eman ez delako.

Baina, ez da irakaslea bakarrik estimulu diskriminatzaile egin behar duguna: eraikuntzak, jolastokiak, ikasgelak, tailerrak... estimulu diskriminatzaile iturri egiten saiatu behar dugu, beti ere giltza + portaeraren ondoren errefortzua (kasu gehienetan soziala) erantsiz.


Laburtuz

  • Irakasle eta bitartekari heldu guztiok ez gara soilik euskara irakasle izango, euskararen erabileraren aldeko erreferente izango gara, euskal eskolako profesionalak garelako: euskara erabiltzen dutenen hizkuntz portaera indartuz eta erabiltzen ez dutenena euskarara hurbil dadin saiatuz.
  • Ikasgela, sarrera/irteerak, pasabideak, jolaslekuak... hitz batean esparru físiko guztiek paisaia linguistikoa eta bertako hizkuntz funtzioak euskaraz izan daitezen ahalegin berezia egitea dagokigu, euskal eskola euskararen aldeko MIKROESPAZIO bilaka dadin, bertaratzen den oro apurka-apurka euskararen mundura erakarria senti dadin.
  • Euskal eskolak arreta berezia eskainiko dio ikaslearen arlo ludikoari. Izan ere, arlo akademikora mugatzen den eskolak ekimen ugari eskolaz kanpo jasotzera bultzatzen du ikaslea, segur aski gazteleraz bizitzera, alegia. Beraz, Ikastolak arlo akademikoaz gain, ikasleari gogoko zaizkion bizitza esparruak GOGOKO EDO GUSTUKO EKIMENEZ HORNITUKO DITU era sistematikoan eta intentsiboan. Aukera eskainiko diegu ikasleei GUSTUKO DUENA EUSKARAZ BIZITZEKO. Bertan antolatuko dira:
    • JOLAS DENBORAN: jolas eta kirol alorrean ikasleei gogoko zaizkien lehiaketak, jolas bideratuak...
    • ESKOLAZ KANPO:
      - KULTUR EKIMENAK: soinua, dantza taldea, informatika ikastaroak, panderoa, txalaparta, antzerkia, irratia...
      - AISIALDIKOAK: kirol ezberdinak (futbola, saskibaloia, pilota...).
  • Eskolaz aparte euskararen alorrean lanean ari direnekin HARREMAN ESTUAK izan behar ditu eskolak. Hala nola: udaleko euskara batzordea, euskara elkarteak, ikasleentzat imitagarri diren pertsonaien bisitak (idazle, abeslari, antzezle, kirolari, e.a.)

Bitartekariak eta euren eginkizunak

Arestian aipatutako Hizkuntz Proiektuak, denon artean eztabaidatuak eta onartuak, zehaztuko ditu euskararen normalkuntzan eragin behar duten bitartekarien eginkizunak.


Zuzendaritza

Bere ardurapean dago prozesuaren gidari eta bultzatzaile izatea. Honen haritik berari dagokio:

  • Ikastolako hizkuntz errealitatea (ikasleena eta gurasoena) zehatz ezagutu, horretarako behar diren baliabideak era finkoan antolatuz.
  • Hizkuntz Proiektua marko bezala hartuta, Euskaraz Bizi batzordeak egindako Ikasturteko Hizkuntz Plangintza aztertzea, onartzea eta bere garapenean lankide edo arduradun direnei euren egitekoa ofizialki adieraztea.
  • Arlo pedagogikoan, instituzionalean eta zerbitzu mailan eman behar diren hausnarketa eta aldaketak bultzatzea.
  • Irakasleei, gurasoei, begirale eta zerbitzari orori euren ardurak adierazteaz gain, horiek gauzatzeko bitartekoak jartzea.
  • Euskararen ezagutza erabileraren erabileraz lortzen denez, eskola orduz kanpo erabilera esparruak ugari antolatzea, bizitza eta horietako hizkuntz funtzioak euskararekin lotuz.
  • Ikasturte amaieran balorazio zehatza egitea eta hurrengo ikasturterako lehentasunak azpimarratzea.


Bitartekari heldu ororen eginkizunak

Bitartekari heldutzat har ditzakegu: irakasleak, begiraleak, administrazioko langileak, bestelako langileak, e.a. Hauetatik, noski, irakasleak eta begiraleak dira eragilerik garrantzizkoenak. Euren lana da, beste eragileena bezalaxe, ikastolak erabakitako plangintza gauzatzea. Ikasleen hizkuntz portaera definitzerakoan zerikusi garrantzitsua dute gizarte talde hauen jokabideak. Hona hemen beren ardura orokorrak:

  • Hizkuntz Proiektua ezagutzea eta bertan zehazten diren eginkizunak profesionaltasunez gauzatzea.
  • Beti eta egoera guztietan euskaraz hitz egiteko hautua izatea gidari eta euskara ona eskaintzea, eredu baitira/baikara.
  • Bitartekari guztiok eta batez ere irakasleok eta begiraleok gara edo izan behar dugu euskara irakasle: uneoro euskara erabiliz, eta entzuten ditugun egitura traketsak zuzenduz.
  • Denok izan behar dugu euskararen aldeko erreferente garbiak. Erreferente diskriminatzaile izatea ez da bat-batean lortzen, ekinaren ekinez baizik. Hona bide hori gidatzeko zenbait orientabide:
    • Euskaraz dihardutenekin: indartu euren jokabidea. Adierazi, alegia, horixe dela bitartekari bakoitzak eta ikastolak eurengandik espero eta nahi duen hizkuntz jokabidea.
    • Gazteleraz ari direnekin: inoiz ez erantzun zakar, ez errietarik, ez eta haserre keinurik ere. Beti euskaraz erantzun, eta euren tartean sartuz une horretako hizkuntz funtzioa euskaraz gauzatu, euren hizkuntz gaitasunaren nahikotasuna garbi jarriz eta horretara bultzatuz. Horrela jokatzearen jokatzeaz, hurrengo batean harremana euskaraz gauzatzen bada, azpimarratu aldaketa horren balioa, aplikatu errefortzuren bat eta adierazi horixe nahi duelako ikastolak eurekiko.
  • Edozein gai edo asignatura lantzen ari garela ere, edozein aitzakia edo une aprobetxatu euskararen prestigioa handitzeko, erabileraren aldeko abantailak azpimarratzeko.
  • Klasean edo eta beste ekimen esparru batean bere ardurapean dituen ikasleen hizkuntz errealitatea ongi ezagutu behar du, eta denon artean onartu ditugun estrategiak erabiliz, saiatu behar du bakoitzaren errealitateari egoki erantzuten.


Irakasleriaren beste zenbait ardura

A.-Euskaraz bizi batzordea: talde honetan bildu eta arituko dira ziklo bakoitzeko arduradunak eta euren lana izango da Ikasturteko Plana egitea eta aurrera eraman behar diren ekimenak aurrez ongi lantzea, irakasleek euren ardurak erosotasunez bete ditzaten.

  • Ikasturteko Hizkuntz Plangintza hiruhilekoko bihurtzea eta hori gauza dadin irakasleei azaltzea eta laguntzea.
  • Zikloko irakasleak informatzea, euren kezkak jasotzea, talde lanera bultzatzea.
  • Eusko Jaurlaritzak Ikastolaz kanpoko Ekimenak bultzatzeko eskaintzen dituen laguntzak eskatzea horretarako tramitatu behar den dokumentazioa prestatuz.
  • Eusko Jaurlaritzak euskararen normalizazioan eragiteko (HNP) prestaturik duen mintegian esku hartzea.

B.-Euskara mintegia: euskararen erabilera-ezagutza prozesuaz arduratuko da.

  • Hizkuntzen eta horien artean euskararen irakaskuntza era aktiboan eta kooperatiboan egin dadin bitartekoak jartzen saiatuko da:
    • Arlo kurrikularean unitate didaktikoen diseinu komun eta adostu bat gauzatuz.
    • Hautaketa honi dagozkion testu moten hautaketa eta garapen didaktikoa bultzatuz: ikuspegi komunikatiboan eraikitakoak.
    • Ahozkotasuna sistematikoki landu dadin zikloz zikloko plangintza egingo du (antzerkia, ipuin kontaketa, txotxongiloa, bertsogintza...) eta hori garatu ahal izateko baliabideak eskainiko dizkie irakasleei.
    • Ikastolan euskararen erabileran nagusitzen diren huts nabarmenak bildu eta lanketa bultzatuko du.
  • Eskolako orduz kanpo ikastolan garatzen diren ekimen ezberdinetako (dantza taldea, kirola...) begiraleei euren hizkuntz ardurez orientabideak emango dizkie eta jarraipen bat egingo die hauen lanari.

C.-Kirol batzordea: talde honetan, irakaslez gain, gurasoak ere partaide izango dira. Hauen lana eta ardura oso garrantzitsua da. Izan ere, kirola eta euskara lotzea ezinbestekoa baita euskararen normalkuntzaren barnean.

  • Hauei dagokie ikastolaren kirol eskaintza zehaztea, eta euskararen normalkuntzan esparru honek duen garrantziaz jabetuta, etengabe eskaintza hobetzen eta zabaltzen joatea.
  • Kirol ikuspegiez gain ezinbesteko da euskararen normalkuntza ere begi bistan izatea. Beraz, begiraleen hautaketa tentu handiz egin behar da.
  • Begirale hauekin bildu euren ardurak zein garrantzizkoak diren eta zeintzuk diren azaltzeko, eztabaidatzeko eta adosteko. Langintza honetan zuzendaritzak ere esku hartu behar du. Hona labur-labur:
    • Euren lanaren garrantzia azpimarratu eta nabarmendu. Kirol begirale dira batetik, eta bestetik lehen bitartekari guztiei eman dizkiegun hizkuntz alorreko ardurak ere eurenak dira.
    • Honekiko konpromisoa idatziz jaso.
    • Euren esku dituzten ikasleen hizkuntz errealitatearen fitxa eman eta errealitate bakoitzaren ezaugarriak ezagutu.
    • Hasierako bilera honezaz gain, gutxienez kirol kanpaina horren amaieran, bildu eurekin, eta baloratu egin dena, hurrengorako ekimen ardatzak finkatuz.

Gurasoak

Eragile sarkorra da familia. Ikaslearen hurbileko harreman sarearen luze zabaleran bera da euskararen transmisioan eta euskararen aldeko jarreran gehien eragiten duen indarra, eta aipatu famili transmisioa da seme alaben euskararen normalkuntzarako pilarerik nagusiena.

Hain garrantzizkoa den subjektua, ordea, ikastolaren eragin zuzenetik kanpo samar geratu ohi zaigu. Gizartearen eraginak eraginkorrago dirudi, ikastolarenak baino. Hala ere, maila apalagoan bada ere, ikastolak ezin du beraiekiko duen erantzukizuna alboratu edo saihestu. Ikuspegi honetatik, eta lehen pauso bezala, ikastolara hurbildu diren ikasleen eta euren gurasoen hizkuntz errealitatea zehatz identifikatu behar da, ezagupen honek emango baitio ikastolari aukera ederra eurengana zuzentzeko eta eragiteko. Beraz, ezagutu behar da:

  • Ikasleen hizkuntza errealitatea: jatorrizko hizkuntza euskara soilik duen, gaztelera edo frantsesa eta euskara dituen, ala gaztelera edo frantsesa bakarrik dituen.
  • Gurasoen eta famili unitatean bizi direnen hizkuntz tipologia: euskararen ezaguera eta erabilera.

Ikastola eta gurasoen arteko harremana

Esparru honen lanketa Hizkuntz Proiektuak jasoko du bere baitan eta isuri desberdinetatik saiatuko eurekikoa garatzen.

  • Gurasoek ikastolako euskararen aldeko dinamikaren jakitun: ikastolak urtez urte abian jarri ohi duen Normalkuntza Plangintza ongi ezagutuko dute. Hori erraz eman dadin, irakasleek zuzendaritzatik jasoko dute ikasturteko Hizkuntz Plangintzaren laburpena. Horrezaz gain, ikasgelan aurrera eramaten diren ekintza esanguratsuen berri izan behar dute eta ahal denean euren partaidetza ere eskatu behar da.
  • Hizkuntz harremanen zehaztapena: ikastolak harreman ugari izan ohi ditu ikasturtean zehar gurasoekin. Horiek zehazturik izatea eta euskararen normalkuntzaren bidetik, apurka-apurka, optimizatzen joatea, kalitate ikurra da. Honela:
    • Idatzizko harremanak: euskaraz dakitenekin euskara hutsean; ez dakitenekin bietara.
    • Ahozko harremanak: bakoitzaren egoerara egokitu.
    • Gurasoen hizkuntz errealitatea kontuan hartuz ikastolak deitzen dituen batzar eta bileretan ikastola bakoitzak erabakiko du nola jokatu. Dena dela, garbi jakin behar dugu pausoz pauso euskarazko erabilera optimizatzen joan behar dugula. Honela, adibidez, gehienek euskaraz badakite lehenik eta nagusiki euskaraz; atal bakoitzaren amaieran, gazteleraz laburpena.
    • Irakasleek guraso bakoitzarekin izan ohi dituen harremanetan gauza bera hartu behar du kontuan. Adibidez, euskara ikasten ari denarekin euskaraz zerbait egiteko tartetxo bat hartuz.

Guraso tipologiak eta bakoitzari dagozkion estrategiak: ikaslearen aita eta ama euskararen jakitun izan daitezke, edo bietako batek jakin dezake soilik, edo eta bientzat izan daiteke euskara arrotz. Zer egin hauekin, zertara bultzatu?

  • Biak jakitun badira:
    • Gurasoen jokabide naturala txalotzeaz gain, jokabide hori indartzeko neurriak hartu.
    • Euskararen normalkuntzarako eta seme-alaben etorkizunerako jokabide horrek duen garrantzia azpimarratu.
    • Euskararen kalitateak duen garrantzia kontuan hartuz, hala behar dutenei, euskaran trebatzeko eta alfabetatzeko eskaintza zabaldu eta hori gauzatzeko erraztasunak eskaini.
    • Seme-alabak euskal esparruetara bidera ditzaten animatu, kultura eta aisialdia euskaraz ematen diren guneetako informazioa eskainiz.
    • Euskaraz erdizka dakitenei laguntzera animatu, ikastolak horretarako prestatzen dituen ekimenetan.
  • Familia elebidunei:
    • Euskara dakien gurasoa seme-alabekin euskaraz hitz egiteak hauen etorkizunerako duen garrantziaz ohartaraztea, euskararen transmisioa haurtzaindegiaren eta ikastolaren esku utzi gabe.
    • Seme-alabek, familian zein familiatik kanpo, euskaraz dakienarekin euskaraz hitz egin dezaten etengabe animatzearen garrantziaz jabetzea gurasoak.
    • Euskaraz ez dakien aita-amak euskara ikas dezan motibatzen ahalegindu, horretarako aukerak eskainiz.
    • Seme-alabak euskal esparruetara bidera ditzaten, kultura eta aisialdi ekimenen berri eman.
  • Euskaraz ez dakiten bikoteei:
    • Kasu hauetan inoiz baino garrantzitsuagoa da euren seme-alabak euskal esparruetara bideratzea, etxean ez baitute euskararen erreferentziarik jasoko. Ikastolari dagokio, beraz, horren garrantziaz gurasoak ohartaraztea eta bere inguruan euskaraz garatzen diren ekimenen berri ematea.
    • Gurasoei ere, nahiz eta euskararik ez jakin, eurei dagokie euskararen aldeko jarrera baikorra sustatzea, euskaraz dakien ororekin euskaraz hitz egin dezan bultzatuz, eta anai arreben artean, batez ere, euren harremanetan euskara erabiliz.
  • Gurasoen Euskara Elkartea: honek garapen maila jasoagoa suposatzen du. Elkarte hau gurasoek osatuko lukete, pentsaera desberdinetakoak izanik euskararen aldeko jarrera komunean duten gurasoek, alegia. Ikastolako junta izan daiteke bultzatzaile eta koordinatzaile. Hauen ardura izango da ikastola horretako hizkuntz plangintzan eragile izatea eta gurasoengan eragitea, euskararen normalkuntzan aurrerapausoak emanez. Horretarako antola daitezke:
    • Ikasleentzat kultura, kirola eta aisialdia ekintzak eskola orduz kanpo.
    • Gurasoentzat hitzaldiak.
    • Ume txikien gurasoei, batez ere, jolasak ikasteko ikastaldiak. Jarraian herriko parkean jolasak euskaraz bizi ditzaten.
    • Euskara praktikatu nahi dutenentzat mintzalaguna plangintza antolatu, euren seme alabak ikastolan dauden bitartean.
    • ...

Ikasturteko hizkuntz plangintza

Izen hori hartzen du, Hizkuntz Proiektuan oinarrituta eta eskola bakoitzaren errealitatea begi bistan izanik gauzatzen den Ikasturteko Planak edo Hizkuntz Plangintzak. Hizkuntz Proiektuak, lehen esan bezala, hizkuntzen trataera zehazten duen marko orokorra da. Bertan aipatzen diren lan eremuetatik ikasturterako egiten den hautaketak, berriz, osatzen du Ikasturteko Hizkuntz Plangintza. Ikastetxeko hizkuntz behar errealetan eta horiek aurrera eramateko ikastolak dituen baliabideetan oinarrituta gauzatzen da.

EZAUGARRIAK:

  • Integrala behar du izan. Ez da nahikoa esparruren bat edo bestea ikasturtean lantzea. Ikastolako hizkuntz errealitatean onerako aldaketak nabarmendu nahi baditugu, ikastolako bizitza esparru gehienetan eragin behar da hiruhileko. Horrela, hiruhilabeterako ekimen bat edo beste antolatuko dira ikasgelan, jolaslekuan, eskolaz kanpoko esparruan, jangelan, autobusean...
  • Hori horrela izateko, irakasle eta bitartekari ororen lankidetza jarri behar da martxan. Horrela helduko gara arestian aipatutako plan integrala gauzatzera eta bestetik ikasleek ikusiko dute euskararen normalkuntzaren ardura ez dela euskara irakasleena soilik, denena baizik.

Laskorain ikastolako esperientzia

Esperientziaren kokapena

Laskorain ikastola Tolosan kokatua dago, eta Tolosaren inguruan aspaldidanik dago zabaldua bertakoak garenok oso ondo ulertzen ez dugun iritzi jakin bat; hau da, oso euskalduna dela eta bertan egiten den euskara oso dotorea dela eta antzeko estereotipoak.

Hori guztia egia izango litzateke inguruko herriez esango balitz, baina Tolosaren kasuan gauzak ez daude hain argi. Egia da gerra aurretik, Antonio Maria Labaien, Aitzol, Lopez Mendizabal, Lizardi, Orixe eta beste euskaltzale batzuk euskal literaturaren berpizkundeko protagonista izan zirela, baina era berean egia da ordurako Tolosan aspaldi hasi zela erdalduntze prozesua. Ikusi testigantza hauek:

1791. urtean Tolosako Udalak atzerritarren errolda egin ondoren honako erantzuna agertzen da: "Pedro Courreiolles, natural de Burdeos, soltero, lleva ocho meses aquí, aprendiendo la lengua castellana”. Horrelaxe dio Udaletxeko artxibategian dagoen Errolda Agiri ofizialak. Eta gaztelania ikastera inor etorri bazen, hizkuntza horretan normaltasunez hitz egiten zuen taldea izango zelako da.

Adierazgarriak era berean B. Mokoroak eta Ramos Azkaratek mende hasieran egindako bertso eta olerkiak euskararen egoeraz:

GURE IZKUNTZA
Euskal izkuntz maitea
daukagu zauriz betea
seme dollorrak nai dutelako
ama lurpian sartzea.
...........................
Alaz guztiaz eguiten zaio
amari burla ta farra...
¡ah euskaldunak, zer nolakoa
daukagun barrengo arra!
B. Mocoroa (1902)

AMA EUSKARAREN BAKARTASUNA
¿Nun zabiltzate seme ederrak
ama desanparatuta?
¿Edan zenduten bular gozoaz
ote zaudete aztuta?
Nai zinduzteket nereganatu
benetan erregututa,
zaudetelako iñudearen...
esne txarrakin galduta.
Ramos Azkarate (1902)

Ikus daitekeen bezala, XX. mendearen hasierarako euskararen atzerakada nabaria zen euskaltzaleen sufrimendurako.

Baina oraindik argigarriagoa izan daiteke 1922. urtean Tolosako hainbat euskaltzalek ikastola sortu asmoz banatutako idatzian jartzen duena:

“Eta Euskera maite dezularik, ez al-dituzu beñere malkoak irten-naian nabaitu, Tolosa´ko kalean, urte gutxi barru, Euskerak beruntz daraman joaira ikusita? (...) Ta, Tolosako kalean, Euskera aurren ezpañetatik igesi dijoa. Urte asko al-dira, nun-nai, neska-mutikoen jolasetan, euskera utz-utzezko berriketak entzuten zenituala? (...) Orain, ostera, amar aldiz Tolosa´ko bira egingo dezu, ta arrituta etxeratuko zera hamabost urtetik berako tolosar bati euskerazko itzerdirik arrapatu ba-diozu. ¿Egia, ala gezurra?”

Hara euskaltzale haiek gerra baino hamarkada bat lehenago utzi ziguten testigutza garratza.

Eta zer esan gerra ondorengo egoeraz? Beste toki gehienetan bezalaxe, tamalgarria. Urte asko eta askotan kaleko euskararen presentzia oso-oso urria zen, hutsaren hurrengoa, eta zer esanik ez instituzioetakoa, ikastetxeetakoa, lantegietakoa... Asteroko azoka zen, inguruko jendearen presentziari esker, salbuespena.

Errepresio politikoaz aparte, egoera horren zergatien artean eskolaren eragina nagusienetakoa zela garbi zuten garai hartako euskaltzaleek. Izan ere, familia euskaldun batean sortutako haurrak eskolan hasi bezain azkar, euskara utzi eta erdara hutsean bizitzen hasten ziren; nabaria zen beraz, komunikazio linguistikoan eskolak zuen eragina.

Eta hain zuzen, ikastola sortu zenean, eragin berdina izango zuela uste zuten, baina, tamalez, gauzak ez ziren espero zen bezala gertatu. Ahaleginak ahalegin, ikastolako haurrek, batez ere haur kopurua handitzen joan zen neurrian, erdara erabiltzen jarraitu zuten: irakaslearekin euskara, patioan askok erdara, eta kalera ateratakoan oraindik gehiagok erdara. Itxaropenak ez ziren ari betetzen.

Hasiera batean, justifikazioak bilatzea ez zen hain zaila; besteak beste, testu libururik ez zegoen, irakurketa liburu gutxi zegoen... eta batez ere zorioneko telebista! “Noski, haurrek egun guztia telebistaren aurrean pasatzen badute... Ikusiko duzue: hutsune horiek betetakoan egoera erabat bestelakoa izango da", zioen hainbatek, eta, hori ere gertatu zen: pixkana-pixkana hutsune horiek betetzen joan ziren: testu liburu erakargarriak, irakurgai atseginak atera ziren, irratia sendotzen joan zen, telebista sortu zen, Eusko Jaurlaritza bagenuen... Baina arazoak bere horretan jarraitzen zuen: ikasleen hizkuntz gaitasuna zalantzarik gabe handitu egin zen, baina gaztetxo haien ezpainetan erdara zen nagusi beren lagunekin aritzeko garaian. Idatzietan edo gela barruan gaitasun handiena zuten ikasleak ere, patioko orduan eta batez ere kanpora ateratakoan erdara erabiltzera pasatzen ziren beren lagunekin.

Irakasleen jarrera, berriz, denetarikoa zen: batzuk, arrazonamenduaren bidez, egoera aldatzen saiatzen ziren, beste batzuek erantzukizuna gizarte osoarena zela pentsatzen zuten, hurrengoak ez ikusia eta ez entzuna egiten zuen, halakoak exijentziaren bidea erabiltzen zuen... denetarik zen, baina azken batean plangintza bateratu baten falta nabaria zen.


Lizarrako esperientziarekin topo

Egoera honetan, Lizarran gertatzen ari zenarekin topo egin genuen. 85-86 ingurua zen eta gure artean noraezean genbiltzan bitartean, Lizarran, ikastolako haur askok kalean euskaraz hitz egiten zuen! Egiaztatze honek eragin handia izango zuen gure bilakabide pedagogikoan.

Izan ere, badakizuen bezala, Euskaraz Bizi Proiektua testuinguru erdaldun horretan sortu zen. Ia haur guztiek erdara zuten ama hizkuntza, baina, hala ere, helburu hau zuen: murgiltzetik hasi eta 6 edo 7 urteetarako guztiek beren lagunekin komunikatzeko euskara erabiliko dute ikastola barruan eta ikastolaz kanpo, beren bizitza normalean.

Eta horixe lortu zuen, eta horregatik, kalean bertan izan genuen proiektu horrekin lehen harremana: haur haietako asko euskaraz aritzen zen kalean, eta gureak, aldiz, nahiz eta kasu askotan ama hizkuntza euskara izan, erdaraz aritzen ziren. Guk lortzen ez genuena, askoz baldintza zailagoetan lortzen zuten han. Harrigarria!

Eta portaera horren lehen arrazoia ikastola barruan aurkitu genuen: patioko orduan, ikasle guztiek euskaraz egiten zuten, eta guztiak esaten dudanean guztiak dira..., gutxienik gu bezalako behatzaile arrunt batentzat, nahiz eta pentsa daitekeen han ere txokoren batean norbait erdaraz ariko zela.

Handik aurrera, Jose Luisen gidaritzapean lau ikastola hasi ginen elkarlanean: Lizarra ikastola, Paz de Ziganda –ordurako Jose Luis hara joana zen–, Gasteizko Toki Eder eta gu.

Oso garai aberasgarria izan zen guztiontzat. Jose Luisen lanerako gaitasuna mugarik gabea zen eta ikastolarekiko bere kontzepzioa oso zabala. Bere asmo berritzaileak ez ziren mugatzen euskararen planteamenduetara. Horrekin batera, guk ezagutu genuenerako ingelera goiztiarra sartua zuen (4 urtetan) –gu garai hartan 10 urtetan hasten ginen–, xake jokoa curriculumean sartua zuen, geroxeago Frantziako ikastetxe batekin astebeteko trukaketa sistema martxan jarri zuen hizkuntza horretan murgiltzeko asmoz, eskolaz kanpoko ekintza planteamendu aberatsa, udalekuak.

Ikusten den bezala, oso berezia zen eta garbi dagoen bezala, abiadura horretan jarraitzea ez zen batere samurra. Gure lehentasunak euskararen erabilerak zituen eta horretan jarri genituen gure ahalegin guztiak.


Abian jartzea

Proiektua martxan jartzeko eman beharreko pausoak Jose Luisen liburuan xehetasun guztiarekin agertzen dira ere, gure kasu konkretuan garrantzia izan zutenak aipatuko ditugu hemen:


A- Zuzendaritza mailan hausnarketa:

Pauso hau nahiko erraza izan zen. Izan ere, bertan geundenok egoera hartatik ateratzeko zerbaiten beharra ikusten genuen eta ez zen zaila izan gure arteko adostasun osoa lortzea.


B- Irakasleriari aurkezpena:

Kasu honetan, Lizarrako esperientziaren aurre ezagutza bat bazen, eta horrekin batera, aurreiritziak ere bai. Horregatik, denboratxo bat hartu genuen esperientzia bera eta bere oinarri psikologikoak azaltzeko.


C- Gurasoei azalpena:

Mailaz maila guraso guztiei egin genien azalpena.


D- Nondik eta zeinekin hasi esperientzia:

Denok dakizuen bezala, garai hartako ikastolaren egitura honela banatuta zegoen:

  • Aurreskola: 3-6 urte
  • OHO 1: 6-11 urte
  • OHO 2: 11-14 urte
  • BBB: 14-18 urte

Antolaketa honek bazuen bere garrantzia. Izan ere, adin guztietako haurrak genituen gure ikastolan, hasi 3 urtetik eta batxilergoaren bukaera artekoak.

Kontuan izanik 6-7 urteko haur batek, normalean, 11-12 eta hortik aurrerako batek baino jarrera malguagoa duela portaera linguistikoak aldatzeko orduan, aurreneko momentuan gure ahaleginik handienak 10 urte bitarteko haurrekin egitea erabaki genuen, eta, era berean, gure indarrak mugatuak zirela kontuan izanik, batxilergoko ikasleak programatik kanpora utzi genituen.

OHO-ko 2. etapakoekin, berriz, bagenekien aldaketa sakona oso zaila zela, baina gure plangintzatik kanpora uzteak arrisku handia zuen: eraikuntza berean zeudenez, txikiagoentzat eredu izaten jarraituko zutela, bada, ereduak duen eragina kontuan izanik, ondorio txarrak saihestearren, OHO osoarekin hastea erabaki genuen baina beti ere helburu desberdinak ezarriz.


E- Nondik abiatzen ginen ezagutu:

Gure plangintzan, behar beharrezkoa da benetako egoera linguistikoa zein den ezagutzea. Horixe izan zen aurreneko pausoa eta patioko orduan egindako neurketaren emaitzak hauek izan ziren:

1986ko azaroaren 12an egindako neurketa:

  • Aurreneko etapan: % 70 euskaraz
  • Bigarren etapan: % 42 euskaraz
  • BBBn neurketarik ez genuen egin.


Plangintzaren ildo nagusiak

Erabili zen eskema nagusia:

estimuluak eskaini portaera desiragarria eman errefortzua

Horretarako, hiru bide erabili ditugu: ekintza, sugestioa eta diskurtsoa. Alabaina, ez dute garrantzi berdina izango, Jose Luisek kuantifikatzen zuenez, modu honetan banatu daiteke gure ekinbidea:

  • EKINTZA ......................%60
  • SUGESTIOA..................%30
  • DISKURTSOA...............%10

Nabaria denez, benetako kuantifikatze bat baino gehiago balorazio batez ari da.


Ekintzaren planifikazioa

Esan berri dugun bezala, gure lanaren muina ekintzek osatzen dute. Ekintza hauek, ikastola barruan, ikastolatik kanpora edo familian ematen dira. Beharbada, interes handiena dutenak ikastola barruan egiten direnak izan daitezke, baina horien adinako garrantzia dute ikastolaz kanpo eta familian egiten direnek.

Eskola barruan egiten direnetatik hasiko gara, eta une honetan eskola sistemak duen egitura kontuan izanik beti ere.


Haur Hezkuntzan

Esan beharrik ez dago guretzat ere interes eta garrantzi berbera izaten jarraitzen dutela Haur Hezkuntza mailan betidanik eragingarriak izan diren baliabideak: murgiltze sistema, jolasak, kontuak, abestiak, olerkiak, eta, gauza guztien gainetik, irakasleek eskaintzen duten eredua.

Hortik aparte, erabilpena zuzenean sustatzeko erabiltzen dugun bitarteko nagusia Argitxoren irudia da. Argitxo haurraren mundu magikoarekin erlazionaturik dago, horregatik, ipuinaren bidez azaltzen zaie.

Haurrak badaki Argitxo euskararekin loturik dagoela, euskaraz hitz egin dezan nahi duela. Gainera, bien artean lotura afektibo handiak sortzen dira, eta jakin badaki euskaraz hitz egiteak oso ondorio onak ekartzen dizkiola; batez ere, Argitxoren poza, andereñoaren poza eta onespena, gurasoen poza eta onespena.

Argitxoren presentzia hutsak euskara erabiltzera bultzatuko ditu, erabileraren erabileraz, beren arteko komunikazio tresna bakarra bihurtu arte.

Horren aurkezpena eta erabilera oso errazak dira, eta antzeko pertsonaia baten inguruan ibili gaitezen, Jose Luisek ezarri zizkion berezitasun batzuk mantentzea komeni da. Euskal mitologiarekin erlazionaturik dago, eta tokian tokiko egokitzapenak izango baditu ere, antzeko elementuak ditu:

  • Euskararen laguna da.
  • Menditik dator.
  • Ikastolan lagun euskaldunak egin nahi ditu.
  • Ikastolako lagunekin batera euskara bizirik mantendu nahi du.
  • Ikastolan.
  • Jolastokian.
  • Familian.
  • Herriko kale eta plazatan.
  • Toki guztietan.

Ipuinaz aparte, urtean zehar Argitxoren presentzia gauzatu egin behar da, eta horretarako muralak erabil daitezke, marrazkiak eta aipagarria izan daitekeen panpina.

Kontuan izanik haurra oraindik mundu magiko batean bizi dela, Argitxoren panpinak aukera handiak ematen dizkigu bere presentzia hori indartzeko: gelako partaide egin, txotxongilo moduan erabili, irteera bat egiten denean haurrekin autobusean eraman, etxera joatean edo asteburuan agur eginaz bukatu, e.a. Irakasle bakoitzak du bere izaera, baina, sentiberatasuna izanez gero, edozein ikusmoldetara egokitzen den baliabide bat da.


Argitxoren erabileraren inguruan ardura batzuk:

Edozein pertsonaia mitikoren kasuan bezala, Argitxo erabiltzean ardura batzuk hartu beharra dago. Izan ere, bere eragina oso handia da, eta beldurra, kezka, izua eta antzeko ondorio txar guztiak saihesteko arreta berezia jarri behar da.

Lehenik eta behin, pertsonaiaren irudiak erabat maitagarria izan behar duela azpimarratu nahi dugu, eta horregatik Argitxoren ahoan beti esaldi positiboak bakarrik jarriko ditugu; beti gure lagun izan nahi duen iratxoa da, eta ez da sekula gurekin haserretzen. Gure artean pozik dabil, eta asko pozten da guk euskaraz hitz egiten dugulako. Garrantzizko gertakizun guztietan, berak ere protagonismo berezi bat izango du, eta esan beharrik ez dago zigorrak, indarkeria, eta presio obsesiboen moduko sentimenduek ez dutela izan behar tokirik gure esperientzian.

Edozein kasutan, eragin negatibo hauek urruntzeko aurreneko neurria, gertuko egitea izango da. Gertukoa baldin bada, haurra berarekin harreman zuzenean badago, bere sentimenduak kontrolatzeko posibilitate gehiago izango du. Horregatik, bere irudia edo panpina beti agerian egongo da gela barruan, eta, ahal den neurrian manipulatzeko aukera izango du.


Kanpaina laburrak:

Argitxoren irudiarekin batera, gaiarekin (adib. "Udazkeneko fruituak") edo ospakizun desberdinekin loturik (Eguberriak, inauteriak, e.a), kanpaina labur batzuk ere egiten ditugu, baina benetako kanpainak baino gehiago ospakizun edo girotzearen zentzua dute. Esan beharrik ez dago hauetan ere parte hartzen duela Argitxok.


Lehen Hezkuntzan

Adin honetan finkatzen eta bermatzen dira gure ikasleen geroko ohitura linguistikoak, eta gure helburua ahalik eta euskal hiztun gehien lortzea izango da.

Helburu hau lortzeko, lehen esan dugun bezala, pauso hauek ematen ditugu:

  • Ikasleei euskararen aldeko estimuluak sistematikoki eskaintzen saiatzen gara, ikastola barruan eta ahal den neurrian ikastolatik kanpo.
  • Ikasleek euskaraz hitz egiten dutenean, portaera hori errotu eta indar dadin saiatzen gara.
  • Ondorioz, euskara hutsean hitz egiteko ohitura sortzen zaie ikasleei.

Horretarako erabiltzen ditugun baliabideak hauek dira: Euskara Kanpainak, Kirola, Denbora Libreko taldea, Udalekuak, e.a. Ikus dezagun nola erabiltzen ditugun:


A- Euskara Kanpainak:

  • A.1- Baldintzak eta motak:
    • Irakasleari ez dio dedikazio handiegirik ekarri behar. Egin daitezke konplexutasun handiko kanpainak, oso aberatsak eta estimulagarriak; baina prestakuntzako orduan eta, batez ere, aplikazio garaian denbora asko eskatzen badute, luzarora desgaste handia eragingo lukete eta nekearen ondorioz uzten joateko arriskua izango lukete.

    Ludikotasuna: atseginak eta alaiak izan behar dute bai ikasleentzat, bai irakaslearentzat.

    Mota desberdinetakoak izan daitezke: zorizko jolasak (partxis modukoak, oka jokoak, e.a.), ipuin edo istorio baten jarraipena egiten dutenak, puzzleen modukoak, pertsonaia ezkutuak, e.a.

  • A.2- Kanpaina batek izan behar dituen elementuak:

    Askotan, euskara kanpaina zerbait atseginarekin edo ospakizun batekin identifikatzen da, modu horretan euskararen erabilera handituko delako itxaropenez. Hala ere, gure ustetan kontzepzio horrek motzegi geratzeko arriskua izango du.

    Izan ere, gure herri honetan esperientzia luzea dugu euskararen alde egiten diren jaialdiekin, ospakizunekin, euskararen astea bezalako ekitaldiekin. Horiek denak ongi daude, baina zoritxarrez jendearen ohitura linguistikoak aldatzeko garaian oso emaitza urriak ematen dituzte.

    Gure kanpainak ospakizun horiekin bat datoz eduki ludiko eta atsegin horretan; baina beste bi osagai garrantzitsu eransten dizkiegu: portaeren kontrola eta errefortzua.

  • A.3- Kontrolak eta erregistroak:

    Edozein plangintza aurrera eramaterako garaian bide onetik goazen ala ez jakiteko pausu guztien kontrola eramatea beharrezkoa da. Gure proiektuan ere kontrolek garrantzi handia dute, eta bi funtzio garrantzitsu betetzen dituzte: alde batetik, gure lanaren ondorioak erakusten dizkigute, bide zuzenetik goazen ala ez, neurri zuzentzaileak hartu behar diren ala ez esaten digute; beste aldetik, emaitzak onak direnean, errefortzu garrantzitsuak izaten dira ikaslearentzat nola irakaslearentzat.

    Izan ere, egiten ari garen lanaren emaitzak oso epe luzera lortzen dira, eta, noski, horrelakoetan gertatzen den bezala, irakasleriak ohikeriaren edo desanimuaren arriskuak gertu izaten ditu eta berak ere behar du bere lanari eusten lagunduko dion zerbait. Horrelakoetan, bere lana emaitza onak ematen ari dela ikustea oso lagungarri gertatzen zaio irauteko.

  • A.4- Errefortzuak:

    Errefortzuen sistema kanpainaren osagairik garrantzitsuena da, eta hauxe izango da gehien zaindu behar den alderdia.

    Kanpainaren euskarria –jolasa, ospakizuna, jokoa– garrantzi handikoa da eta ondo prestatu behar da. Bere aitzakiarekin irakasleak egunean zehar euskararen inguruan hitz egiteko aukera izango du, nola portatzen ari diren; baina horrek guztiak gutxirako balioko du, portaera egokiak ematen direnean irakaslea bere horretan geratzen bada, portaera hori errebortxatzen ez badu. Kanpaina politak, aberatsak eta erakargarriak asmatzen baditugu ere, alferrikakoak izango dira guztiak, errefortzu egokien laguntzarik ez badute; oso ondo pasako dugu, baina emaitzak ez dira izango espero zitezkeenak.

    Hori horrela gertatzen denean, dena maldan behera joateko arriskuan jartzen da. Aldiz, errefortzu sistema egoki bat planifikatzen denean, ikasleen portaerak gorantz egiten du eta irakaslea bera ere indarberritu egiten da.

    Euskaraz Bizi barruan errefortzuez hitz egiten dugunean, oso normala izaten da erresistentziazko jarrera bat jasotzea gozokiez edo txokolatinaz hitz egingo bagenu bezala. Guztien gainetik proposatzen ditugun errefortzuak sozialak dira: irribarreak, animuzko keinuak, hitz goxoak, alaitasun azalpenak, etab. Irakasleak beti eskura dituen errekurtsoak dira eta gure jarduera pedagogikoan, ikasleak lana ondo egiten duenean, zailtasun bat gainditzen duenean, e.a. etengabe erabiltzen ditugun horietakoa; bada, zergatik ez erabili euskara sustatzeko?


B- Familiako kanpainak:

Iraupen laburreko kanpainak dira -8-10 egunekoak- eta aurretik ikusi ditugun egitura eta elementu berdinak dituzte, egokitzapen batzuekin.

Kanpaina hauen berezitasunen artean, alde batetik ikasle nagusiak inplikatzea da, 5-6 haur txikiagoren tutoretza eginaz, eta bestetik haurren gurasoak. Kanpaina hauen helburua familiako bizitzan haurren ohiturak aldatzea da.

Egia esan, gure ikastolan aurrenetik horrelako kanpaina batzuk egin genituen, baina azken aldi honetan ez dugu egin. Horrek ez du esan nahi soberan daudenik; are gehiago, ingurumen erdaldun batean behar beharrezkoak direla pentsatzen dugu.


C- Eskolaz kanpoko eta denbora libreko ekintzak:

Aurreneko momentutik garbi izan genuen gure proiektuaren helburua euskara ikastolako bizitzatik harantzago, umeen bizitzara eramatea zela. Horregatik, ikasleen interesa bereganatzen duten ekintzek betidanik jaso dute gure arreta eta ahalegina, eta erantzun egokia emateko bitarteko guztiak jarri ditugu.

Zentzu horretan, garrantzi handia hartzen dute gure proiektuan kiroletako ekintzek eta era berean Denbora Libreko talde bat dugu eta asteburutako ekintzak eskaintzen dizkiete adin desberdinetako ikasleei. Urtero antolatzen ditugun udalekuak ere bere ardurapean antolatzen ditugu.

Ekintza mota hauek ikastetxe guztietan eta betidanik egin dira, baina gure kasuan ezartzen zaien helburuak eta bitartekoek dute garrantzia. Izan ere, gureek baino kalitate handiagoa duten eskaintzak egon daitezke inguruan, baina ez da hain erraza izaten euskara garantizatuko duena izatea, eta, jakina, euskara erdararekin nahasten denean beti galtzaile bat gertatu ohi da: euskara.

Hori saihestearren, eta gure ikasleek euskararen munduan murgilduta egoteko aukera izan dezaten ahalegin hori egin beharrean gaude.


Bigarren Hezkuntzan

Lehen aipatu dugun bezala, ohitura linguistikoak aldatzea oso zaila gertatzen da adin batetik aurrera. Are gehiago: nerabezarora iristean badirudi erdararen eragina handitu egiten dela eta gazteek oraindik gehiago jotzen dutela erdarara.

Arrazoi horiek medio, eta gure baliabideak mugatuak zirela eta, aurreneko urteetan ez genuen ahalegin berezirik egin Bigarren Hezkuntzakoekin (garai hartan BBB).

Urte batzuk pasa zirenean, ordea, baldintzak asko hobetu ziren. Ordurako, BBBn ari ziren ikasle guztiek Euskaraz Bizi proiektuarekin harreman bat izan zuten eta euskararen erabilera asko handitu zen. Baina, era berean, garbi genuen gaztelaniaren aldeko eraginak indarrean jarraitzen zuela eta horrek kezka eta erantzukizuna sortzen zigun. Zerbait egin beharra sentitzen genuen emaitzak mantentzeko.

Era berean garbi zegoen, OHOko haurrekin erabilitako estrategiek ez zutela baliorik BBBn aplikatzeko, eta, beraz, estrategia berriak bilatu beharra zegoen. Eta hain zuzen, taldeen funtzionamenduan jokatzen duten mekanismoez baliatzea izan zen gure apustua. Hori izan zen aukeratu genuen oinarria gure egitasmoa aurrera eramateko.

Bide hori jarraituz, Euskara Elkartea sortu genuen eta nabaria den bezala, elkarte honen baloreen erdigunean euskara jarri genuen. Bere identitate ikurrak, inor baztertu gabe, euskaraz bizitzea izan behar zuen. Bere jarduera nagusiak kultura, kirola eta aisialdian burutuko ziren, eta edozein talderen jokoan azaltzen diren berezitasuna eta baloreak sortzea zen gure nahia.

Denok dakigun bezala, edozein taldetan bere bereak diren balore batzuen inguruan batasuna, koherentzia, solidaritatea eta adiskidetasun sentimenduak aurkitzea oso normala da. Era berean, antzeko zerbait da euskararen eta erabileraren inguruan elkarte honen partaideen artean gerta dadin nahi duguna.

Horretarako, partaide guztiek formalismo batzuk onartu beharko dituzte: oinarrizko konpromiso bat eta funtzionamenduko estatutu batzuk.

Honekin lortu nahi duguna zera da: alde batetik, heziketa akademikoaren osagarri izan zitezkeen aukerak ireki, eta, bestetik, euskararen eta euskal kulturaren inguruan talde dinamizatzaile bati aurrerabidea eman.

Harrez gero, batzuetan funtzionamendu hobearekin, eta besteetan makalagoarekin, indarrean dago euskara elkartea gure ikastolan. Euskararen erabilera etapa honetan mantentzeko edo handitzeko orduan bere eragina zein den jakitea ez da erraza, baina arrazoi batzuengatik edo besteengatik aurreko etapetan lortutako maila mantendu egiten da, eta, horregatik, onuragarria dela pentsa daiteke.

Gaur egun, lehen zikloan, kanpainak ere antolatzen dira, talde horretan parte hartzeko garaian oso osorik integratzea asko kostatzen zaielako.


Ereduen eragina

Ez genuke azalpen hau bukatu nahi ereduek haurren eta gazteen ohituretan duten eragina aipatu gabe; arreta berezia jarri behar diogu gure proiektuan.

Izan ere, ezer gutxitarako balioko luke, adibidez baliabiderik eragingarrienak martxan jartzeak eguneroko bizitzan zuzendaritzako edo irakasleriako partaideon bizitza erdaraz egiten badugu.

Eta irakasleriaz dioguna, gainerako estamentuei begira errepika dezakegu, haurrekin harreman zuzena dutenean, batez ere; kiroletako monitore eta entrenatzaileen kasuan gertatzen den bezala.

Badakigu ez dela beti erraza izango kirol eta hizkuntz interesak elkartzea; aldaketak zuhurtasunez egin behar dira, baina ekintza hauek koherentziaz antolatu behar dira, eguneroko bizitzarekin eta hizkuntz portaerekin zerikusi handia dutelako. Behin baino gehiagotan koherentzia horrek kostu batzuk izango ditu.

Arlo honetan, kontuan izan behar dugu eredua zenbat eta jasoagoa izan orduan eta are eragin handiagoa izango duela. Modu horretan, kirolarien, bizitzan arrakasta izan duten pertsonaien eragina oso garrantzitsua da gizarte mailan.

Ildo honetatik azpimarragarria da ikasle nagusien ereduak duen eragina txikiagoengan bai onerako nola baita txarrerako; izan ere, beraiek dira gure txikientzat gertuko eredu imitagarriak. Horregatik, arrakasta handikoak izan daitezke ikastola batzuetan indarrean dauden tutoretza planak, eskolaz kanpoko ekintzetako eta denbora libreko monitoreentzakoak, eta, noski, eguneroko harremana.


Bukatzeko

86an, proiektu honekin lanean hasi ginen momentuan oso garbi jarri genituen helburuak: geunden egoera hartatik atera eta gure ikasleen komunikazio hizkuntza ikastola barruan eta ikastolatik kanpora euskara izatea lortu nahi genuen.

Ikastola barruan helburu hori maila handi batean lortu dugulakoan gaude, eta ikastolatik kanpora ere neurri batean luzatzen dira emaitza horiek. Alde horretatik nahikoa gustura gaudela ezin ukatu.

Baina ezin dugu ahaztu erronka handi baten aurrean gaudela denok: ahuldadeko egoera batetik abiatuta inguruan dituen hizkuntza erraldoien indarrari aurre egitea.

Ez da zeregin samurra. Izan ere, zibilizazio modernoaren norabide globalizatzailea aurka dugu, eta egoera horretan, euskara komunikazio tresna naturala egitea ez da batere erraza izango. Seguru asko errazagoa izango da gaitasuna zabaltzea; horretarako neurri politikoak adostea nahikoa izango da. Baina hori lortuta ere euskara gure herriaren komunikazio tresna bihurtzea zailagoa izango da.

Arriskua ezintasunarekin topo egitean datza, eta honen ondoren etsipena etortzea, eta sentimendu horrek gure artean ez du tokirik izan behar.

Izango dira aldaketa hori egiten lagunduko duten beste proiektu batzuk ere, baina, gure ustetan, Euskaraz Bizi Proiektuak esperientzia jakin batzuetan frogatu du baduela horretarako gaitasuna. Sendagai magiko bat ez dela egia da, baina aparteko lanik egin gabe, itxaropenerako emaitzak emateko gai dela uste dugu.

(Eranskina I)

ARGITXO IRATXOA, GURE LAGUNTXOA

"Bazen behin ARGITXO izeneko iratxo txiki-txiki bat.

ARGITXO, Uzturpeko “Mari Sorgin” izeneko kobazuloan bizi zen, “MARI” sorginarekin. MARI oso sorgin zintzoa zen eta ARGITXO-ri ere zintzo-zintzoa izaten erakutsi zion. Euskaraz ere berak erakutsi zion. Ikaragarri ondo hitz egiten zuen euskaraz eta asko maite zituen euskara eta euskaldunak.

Egun batean, MARI sorginak Loatzora joan behar izan zuen hango beste iratxo batzuk zaintzera. Geroztik, ARGITXO triste-triste zegoen, bakarrik sentitzen baitzen.

Horregatik, gau batean, harkaitzetik zintzilik zuen kriseilua eskuan hartu eta beherantz abiatu zen. Izaskunen ez zuen inor aurkitu; ilun-ilun zegoen eta denak ohean lo zeuden goxo-goxo. Inguruko baserrietatik pasatu zen eta gauza bera gertatu zitzaion. Azkenik, goiz aldera heldu zen Tolosara eta oso pozik sentitu zen, haur asko ikusi zuelako ikastolako ate inguruan.

Hala ere, bera ikusitakoan haurtxo haiek nolako jarrera izango zuten ez zekienez, denen aurrean azaldu ordez, nonbait ezkutatzea pentsatu zuen. Baina non ezkutatu? Eskailera azpian? Atearen atzean edo auto azpian? Ez, ez, arriskutsua zen; baina, non ezkutatu, orduan?

A bai! Hortxe ezkutatuko naiz –pentsatu zuen–, eta salto batez Unairen motxilan ezkutatu zen.

“Ummm! Hemen gauza asko dago: Liburuak, arkatzak, eta ogitarteko goxo bat ere bai” —pentsatu zuen—.

Zer pozik zegoen! Jadanik ez zen gehiago bakarrik egongo!

Baina... zer gertatzen zen? Zer entzuten ari zen? “Pásame el balón!... zer zen hura! Neska-mutiko haiek gazteleraz ari ziren!

Ez, ez da posible, ezin liteke! Nola liteke ikastolako haurrek gazteleraz egitea?

Baina, tamalez egia zen: ikastolako haurtxoak gazteleraz ari ziren mintzatzen. Zer egin zezakeen berak? Ez ote zitekeen ezer egin portaera hori konpontzeko?

Bai horixe! —pentsatu zuen—. Nire magiaz baliatuko naiz. Eta hitz magiko hauek esan zituen: “Harri-murri, zapero-bero, denak euskaraz nik esan eta gero”.

Eta haurrek ahoa ireki zutenean, harriturik geratu ziren, ustekabean dena euskaraz ateratzen zitzaien eta.

Ondoren, Unairen motxilatik salto egin eta berriro ere bere magiaz baliatuz, geletan sartu eta han zeuden kasetetan hau grabatu zuen: (Kasetea martxan jarri).

Kantua bukatu zenean, motxilatik atera eta andereñoaren ondoan jarri eta esan zien:

“Entzun mesedez, entzun! ARGITXO iratxoa naiz. Bakarrik eta triste nengoen kobazuloan eta zuekin egotera etorri naiz. Izan ere, hain haur jator eta zintzoak zarete...! Beraz, hemendik aurrera beti zuekin egongo naiz. Nire magiaren bitartez gauza harrigarriak egin ditzaket eta zuen erdarazko hitzak, euskaldun egingo ditut.

Gainera, beste gauza batzuk ere egin ditzaket: jolastorduak luzatu, zuen geletan sorpresa txikiak utzi... eta horrelakoak. Baina noski, horretarako, toki guztietan —etxean, ikastolan, kalean...— beti euskaraz egin behar duzue. Saiatuko al zarete?”

Gelako haurtxo guztiek keinu bat egin zuten eta hitz magikoak esan ondoren: “harri-murri, zapero-bero, denok euskaraz nik esan eta gero”, haur guztiak euskaraz hitz egiten hasi ziren eta handik aurrera beti horrelaxe jarraitu zuten.

Geroztik, ikastolan, gure artean, ARGITXO izeneko iratxo bat bizi da eta edozein lekutan ezkutaturik dago –poltsikoan, motxilan, karpetan, komunean...– adi-adi, gurekin jolasean ibiltzeko asmoz."


(ANTTON AMONDARAIN eta EMETERIO ZALDIBIA Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko Euskaraz Bizi egitasmoaren garatzaileak dira)

Inprimatu

Ildo bereko artikulua:Ikastolen hizkuntz proiektua zehazteko oinarriak


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus