Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Elebitan

Elebitan

2003-10-29 / 07:11 / Ibon Sarasola   HIZKUNTZA

Nonahi ikus daiteke gaur egun, baita Berria egunkarian ere. Harrigarriki, nire ustez bederen. Zeren, zer da –tan deklinabide atzizkia eransten zaion elebi hori?

Elebitasun, ele eta bitasun-en elkartzetik sortu zen, lehenagoko elebitza-ri lekua kenduz, eta erabileraren poderioz hitz bakarrera bildu zen. Elebidun ere bide beretik sortu zen (bada adibide bat Orotariko Euskal Hiztegian ele-bi-dun idazkeraz). Kasu bietan hitz elkarketaren edo eratorketaren munduan ari gara. Eta nik bederen ez dut ezer, hainbat autore onen erabilerak zilegiztatzen dituen bi hitzon kontra.

Elebitan-en kasua besterik da: honetan deklinabide atzizki batez ari gara, eta euskaraz ele bitan -edo ele bietan, testuingurua zein den- behar luke. Eta euskara normalago batean, bi hizkuntzatan edo bi hizkuntzetan, edo euskaraz eta erdaraz edo nahi dena.

Baina, ez naiz hain inozoa, badute azken esapide hauek jatorrizko bekatu bat: ez direla gure artean jaun eta jabe den en bilingüe esapidearen klonikoak. Beste hitz batzuetan esanda, ez direla mendean gauzkan erdararen behar bezain morroi.


(IBON SARASOLA hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)

Inprimatu


Orain arte argitaratutako guztiak irakurtzeko sakatu HEMEN


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus