Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Elefanteak eraisten

Elefanteak eraisten

2003-10-01 / 09:32 / Ibon Sarasola   HIZKUNTZA

Kontu handiz erabili behar dira hiztegiak, eta batez ere euskal hiztegiak. Lehengo egunean historiari buruzko euskal testu argitaragabe bat irakurtzen hasi eta berehala ikusi nuen erdal original narras baten itzulpen ia hitzez hitzezkoa zela: ia erabat “berreraiki” zitekeen jatorrizko testua itzulpena hitzez hitz berritzuliz. Mila adibideren artean, elefanteak eraitsi esaldia ikusi nuen, “abatir elefantes”-en itzulpena zena, noski.

Errua, neurri batean, hiztegigileona da. Denok ematen dugu abatir-en eraitsi, eta okerrago dena, OEHn ere, nahiz eta adiera nagusitzat “bajar, hacer descender” ematen den, horiekin batera “abatir, derribar” agertzen da, oker-edo nire ustez, ez baitago adibide horietan ia eraitsi bat ere “abatir, derribar”-en kide betea denik. Adibide horien arabera, hots, euskal tradizioaren arabera, Jesukristo eraitsi zuten gurutzetik, eta itsasontzietako belak ere eraits daitezke; elefante bat eraistea izango litzateke apal batetik edo sabaitik lurrera behetitzea.

Aiputan dudan testuko abatir-en euskal kidea tiroz hil edo, grafikokiago, (tiroz) lurreratu izango litzateke nire ustez; eta maila apalago batean -jatorrizkoari ez dagokion mailan, antza- (tiroz) bota. Baina gure hiztegiek ez dute oraindik horrelako zehaztasun maila. Hortaz, itzultzaileak bere euskal senari adi egon beharko du beti, hiztegiek diotena gorabehera. Jeneralean egoten diren baino adiago.


(IBON SARASOLA hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)

Inprimatu


Orain arte argitaratutako guztiak irakurtzeko sakatu HEMEN


Erantzun

 
Ja ta eraitsi
2003-10-01 / 10:03 / Xabier Mendiguren

Bat nator oro har.

Hala ere, duda bat. "Eraitsi" nik ez dut etxean ikasi, baina bai makina bat aldiz entzun, Urola aldeko jendeari beti, "hacer descender" txukunerako baino gehiago, "lurrera bota" bortitzerako. "Ja ta eraitsi", "Baten bat eraitsi arteko onik ez" eta halakoetan. Igual belarriak edo oroimenak irrist egin didate, baina adiera horretan normala eta arrunta dela esango nuke.

Ibon Sarasolaren laguntzaile Iñaki Segurolak jakingo du nik baino hobeto.

XABIER MENDIGUREN ELIZEGI idazlea eta ELKARLANEAN argitaletxeko editorea da

 
Eraikinak ez al dira eraisten?
2003-10-01 / 10:23 / Pello Elorza Uribesalgo

Xabier Mendiguren Elizegik egin berri duen mezuaren ildotik doa nire hau ere. Azpeitiarra naiz eta nik ere entzun izan dut, erabili ere bai noiz edo noiz, "ja ta eatxi", beti ere kolpe edo ukabilkada batez norbait lurrera botatzearen zentzuan. "Muturrekue eman nitxoan ta lurrea eatxi nian" eta antzeko kontestuetan.

Eta orain galdera bat: Etxeak, eraikinak, ere ez al dira eraisten? Esate baterako, Loiolako Dorretxea ertaroan, Ahaide Nagusien borrokak omen zirela-eta, bigarren solairutik gora lurreratzeko agindu zuenean Gaztelako Erregeak, ez al zuen "eraisteko" agindua eman? Edo etxe berria jasotzeko zaharra bota behar denean, ez al da hori "eraistea", "derribar" zentzu horretan?

PELLO ELORZA URIBESALGO Azpeitiko Udal Euskaltegiko zuzendaria da

 
Elefanteak eraisten: belarriko minik ez
2003-10-01 / 10:29 / Estepan Plazaola Otadui

Juan Martin Elexpururen Bergara aldeko lexikoa liburuan honako hau dakar ERETXI sarreran:

Pertsona bat, edo arbolatik gaztainak, etab. lurrera bota. Derribar una persona, varear castañas, etc. A bajar cualquier cosa por la fuerza. "Ixilik ezpaago jota eretxi eingo aut"./ "Agiakin intxaurrak eresten dabill Antoni". Jetxiren faktitiboa dirudi. Gauza bat jaitsi, besterik gabe, esanahiaz ere jaso dut; honela dio Donatok Elkoro (Elorregi auzoa) aldeko mehatzez aritzerakoan: "Bastante mineral on xamarra, baiña bideik pez, burdixan ekarri biar, da san Prudentziora eresten juen, Zerainpetik". DON. Oso gutxi entzuna kontestu honetan.

Leintzaldean ere erabilera hori arrunta da.

Niri ez dit, beraz, belarriko minik egiten ELEFANTEA ERAITSI esaldiak.

ESTEPAN PLAZAOLA OTADUI, Bergarako Udalaren Euskara Zerbitzuaren arduraduna da

 
Beste bi adibide
2003-10-01 / 10:36 / Estepan Plazaola Otadui

Honako beste bi adibide hauek ere Juan Martin Elexpururen Bergara Aldeko Lexikoa liburutik jaso ditut:

  • Zezenak saillian eretxi zeban jentia.
  • Aiziak piñu ugari eretxi dau, baiña alerziaik ez.

Estepan Plazaola Otadui

 
Ja ta eatxiko aut
2003-10-01 / 11:21 / Rufino Iraola Garmendia

Nik ez dakit elefantearen testuinguru horretan ondo egongo den, baina gure etxean, Zaldibian, ni mutikoa nintzela, esamodu hau erabiltzen zen: "Ja ta eatxiko aut", "jo eta seko botako haut" esateko.

RUFINO IRAOLA GARMENDIA Lasarte-Oriako Udal Euskaltegiko zuzendaria da

 
Unibertsitate mailako testuak itzultzea ez da broma
2003-10-01 / 11:26 / Pruden Gartzia

> Kontu handiz erabili behar dira hiztegiak, eta batez ere euskal hiztegiak. Lehengo egunean historiari buruzko euskal testu argitaragabe bat irakurtzen hasi eta berehala ikusi nuen erdal original narras baten itzulpen ia hitzez hitzezkoa zela:

Bai, unibertsitate mailako testuak itzultzea ez da broma, goi mailako itzultzaile batentzat ere. Zailtasun arruntez gain diziplina bakoitzaren bihurrikeriak daude, zein baino zein bihurriagoak. Adibidez, eta horretara noa, Historiako testuak biziki problematikoak dira, bai lexikoari dagokionean eta, baita ere, euskal tradizio eta erreferentzia faltagatik, alegia, bakanak dira erreferentzia estilistiko seguruak, eredugarriak. Eta horren ondorioa ez da soilik elefanteen gaineko "laprastada" hori, ez, sakonagoa da gaitza.

Baina ez naiz luzatuko. Adierazi nahi dudanaren erakusgarri EHUn Historia irakasle den Iban Zalduak idatzitako testu bat irakurtzea gomendatzen dizuet, "Uztaro" aldizkarian argitaratua (1998, 27 zbkia., 107-125). Historia liburu baten kritika zehatz eta luzea da, besteak beste itzulpen akatsen zerrenda luze bat daukana (zer esanik ez, "eraitsi"-ren kontua ahuntzaren gauerdiko eztula da aipatu testuan irakur daitekezkenen aldean). Biziki argigarria nire uste apalean. Hauxe da lotura:

http://www.uztaro.com/berria/fitxategiak/uztaro27/6Zaldua.pdf

Ez bada zuzenean sartzen, saia zaitezte UEUren web gunearen bidez, UZTAROren zenbaki guztiak hortik irakur baitaitezke.

Eta inork gaiztotzat sala ez nazan, EHUk argitaratutako itzulpen (nire ustez) eredugarri baten erreferentzia, Iban Zalduak berak gainbegiratua:

Euskal Herriko ekonomi hazkundea eta gizarte-aldaketak (1100-1850) / Emiliano Fernández de Pinedo ; itzultzailea, Aztiri Itzulpen Zerbitzuak ; koordinatzailea, Iban Zaldua. Bilbao : Servicio Editorial de la Universidad del País Vasco = Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua, L.G. 1999, 497 orr. ; 25 cm, L.G. BI. 1176-1999, ISBN 84-8373-141-X

PRUDEN GARTZIA Azkue Bibliotekako zuzendaria da

 
"Eratzi" Bizkaian "hil, erahil" da
2003-10-01 / 11:56 / Nerea Arregi

Bizkaian "hil, erahil" aditzera emateko "eratzi" esaten dugu. Hortik etorriko da nahastea. Nola da aditz honen baturako forma, bada?

NEREA ARREGI Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko Joko Didaktikoen Saileko arduraduna da

 
Muturrean jo eta eraitsi
2003-10-16 / 09:12 / Iñaki Azkune Mendia

Gure herrian, Zestoan, normal erabiltzen dira honelako esaldiak: "Garai batean hiltegian txahala borraz buruan jota eraisten zen", "Muturrean jo eta eraitsi egin du"...

(IÑAKI AZKUNE MENDIA, Elhuyar-ko kide da)

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus