Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Bikoizketarako irizpideak finkatzen (II)

Bikoizketarako irizpideak finkatzen (II)

2003-09-18 / 09:59 / Asier Larrinaga Larrazabal   HIZKUNTZA

Uda aurretxoan ireki genuen bidetik jarraitu nahi dugu Euskal Telebistako Euskara Sailak eta Edertrack, Irusoin eta K-2000 bikoizketa estudioetako euskara arduradunek, bikoizketarako prestatzen ditugun irizpideak zuenganatuz. Oraingo honetan arreta berezia eman diogu hizkerak bereizteari.

Aurrekoan bezalaxe gaia lau ataletan banatu dugu: Erdaretatik euskarara, Hizkuntza gaiak, Hizkerak, eta Paperetik ahora.

Bikoizketa nola egiten den ez dakitenentzat, ohar bat, azken ataleko azalpena errazago uler dadin: jatorrizko gidoia itzultzen denean, barreak, negarrak, harridurak eta antzekoak ez dira papereratzen. Itzultzaileak AD LIBITUM (edo AD LIB) idazten du, eta hori ikusita bikoizleak badaki jatorrizkoan egiten dutena egin behar duela.

Horrek arazoa eman dezake. Izan ere, jatorrizkoan aktorea harritu egiten bada, bikoizlea ere harritu beharko da, baina "euskaraz". Alegia, ezin ditu erabili jatorrizko aktoreak erabilitako harridura interjekzioak, euskarazkoak baizik.

Are gehiago. Interjekzioak erabili beharrean jatorrizko aktoreak hitzen bat esaten badu, orduan itzultzaileak ibili behar du kontuz. Ingelesez, "incredible" esanda harritzen badira ere, euskaraz nekezago esango genuke "sinestezina" egoera berean.

Aurrekoan bezala, eskerrak eman nahi dizkiogu Azpeitiko Euskara Patronatuari, zuengana iristeko modua eskaintzeagatik. Zuei ere eskerrak, zuen ohar, iritzi eta iruzkinengatik.

Erdaretatik euskarara

Any

Hiztegietan, ingeleseko "any" hitzaren ordainak "edozein / zeinahi" eta "edonor / nornahi" dira. Baina hizkuntza bateko eta besteko erabilerak ez datoz guztiz bat. Euskaraz, pertsona edo gauza zehatza aipatu behar ez dugunean erabiltzen ditugu, eta hau esan nahi dugu azken baten: "bat edo beste, berdin dio". Pertsona edo gauza bakarraz ari gara. Multzoa azpimarratu behar bada, hobe dugu plurala sartu:

  • Edozein palestinar armaturi tiro egiteko agindu du.
    • Palestinar armatuei tiro egiteko agindu du.
    • Palestinar armatu guztiei tiro egiteko agindu du.
  • Udalek ez dakite zelan jokatu edozein lur erosi edo saltzerakoan.
    • Udalek ez dakite zelan jokatu (dena delako) lurrak erosi edo saltzerakoan.

Baldintzetan, nekez sartzen dira "edozein" eta "edonor":

  • If you have any questions or anything, just, please, let me know.

    Edozein zalantza duzuela, galdetu lasai.

    • Zalantzarik baduzue, galdetu lasai.
    • Zalantzaren bat baduzue, galdetu lasai.
    • Zerbait argi ez baduzue, galdetu lasai.
    • Zer edo zer argi ez baduzue, galdetu lasai.
  • Gure hitzak gaizki hartu dituen edozeini barkamena eskatu nahi diogu.
    • Baten batek gure hitzak gaizki hartu baditu, barkamena eskatu nahi diogu.
    • Norbaitek gure hitzak gaizki hartu baditu, barka eskatu nahi diogu.
    • Inork gure hitzak gaizki hartu baditu, barkamena eskatu nahi diogu.

Batzuetan, datua oso zehaztuta ematen da, erlatibo baten bidez. Halakoetan ez dauka zentzu handirik "edo-" hori sartzeak. Ez behintzat katearen barruan.

  • Hippos are at their most dangerous in water. Any creature venturing into their territory is fair game.

    Euren eremuan sartzen ausartzen den edozein izakiri erasotzen diote.

    • Baten bat euren eremuan sartzen ausartzen bada, laster erasoko diote.
    • Laster erasoko diote euren eremuan sartzen ausartzen denari.
  • Meskitak zabalik ditu ateak hara joan nahi duen edonorentzat.
    • Meskitak zabalik ditu ateak hara joan nahi dutenentzat.
    • Meskitak zabalik ditu ateak, inork joan nahi badu.
    • Meskitak ateak zabalik hartuko ditu hara joaten diren guztiak.
  • Bere burua liberaltzat duen edonork arrazakeria gaitzetsi behar du.
    • Bere burua liberaltzat duenak arrazakeria gaitzetsi behar du.
    • Bere burua liberaltzat duen orok arrazakeria gaitzetsi behar du.
  • Gizartean gertatzen den edozerk du lekua telebistan.
    • Gizartean gertatzen den guztiak du lekua telebistan.
    • Zernahi dela ere, gizartean gertatzen denak badu bere lekua telebistan.

Iragarki eta abisuen hizkeran asko zabaldu da, agian ingelesetik kalkatuta. Gaztelaniaz ere, halako formulak arrotzak izan dira oraintsu arte:

  • Gure konpainiako edozein bulegotan galde dezakezue.
    • Gure bulegoetan galde dezakezue.
  • Honi buruzko edozein informazio gure web orrian lor dezakezue.
    • Gure web orrian duzue honi buruzko informazioa.

Hizkuntza gaiak

Ohiko

Euskaltzaindiak "ohizko" barik "ohiko" forma erabiltzea gomendatu du. Tradizioan zabal erabili da, eta adiera nagusi bi eman zaizkio: "ohi dena, betikoa" edo "ohi zena, lehengoa". Gaurko beharrizanak bultzatuta, asko zabaldu da. Baina kasuan-kasuan berbarik egokiena den ikusi behar da, eta itzulpenetan ea jatorrizko hitzaren ordain zehatza den.

  • Norbaiti galdetuko diogu Irlandako ohiko taberna batean.
    • Norbaiti galdetuko diogu Irlandako taberna tipiko batean.
  • Txalupak ez dira ohikoak ibaiaren alde honetan.
    • Ia ez da txaluparik ibiltzen ibaiaren alde honetan.
    • Ez da txalupa askorik ikusten ibaiaren alde honetan.
  • Oso ohiko suge bat da Hego Amerikan.
    • Suge hau oso zabal dabil Hego Amerikan.
    • Oso suge normala da Hego Amerikan.
    • Oso suge arrunta da Hego Amerikan.
  • Lehoikumeek esnea dute oraindik ere elikagai ohikoena.
    • Gehienbat esnea hartzen dute oraindik lehoikumeek.
    • Lehoikumeek batez ere esnea edaten dute oraindik.
  • Kontua zen gehiegi ez lapurtzea, ohikotik ez irteteko.
    • Kontua zen gutxinaka lapurtzea, ez igartzeko moduan.
    • Kontua zen gehiegi ez lapurtzea, inork ez igartzeko.
  • Gepardoen ohiko bizilekua Serengetiko belartzak dira. Baina populazio handiena Namibian dago.
    • Gepardoen bizileku aipatuena Serengetiko belartzak dira, baina...
    • Serengeti izaten dugu gogoan gepardoen bizilekutzat, baina...

Oraindik bitxiagoa da "ezohiko" hitzaren erabilera. Sarritan "arraro, bitxi, apart" adiera ematen diogu. Hiztegi batuan oraingoz ez dago jasota, eta bai "ohiz kanpoko" esapidea.

  • Azkonarra, txakala eta aztorea. Ezohiko harrapari elkartea da hau.
    • Harrapari elkarte bitxia da hau.
  • Ezohiko gidari batek darama kontrolgunera; poliziaburuak.
    • Kontrolgunera daraman gidaria ez da edozein: poliziaburua da.

Hirugarren berba bat aipatu behar dugu hemen: "ohikeria". Hiztegiren batek "rutina"-ren ordaintzat dakar. Beharbada kasuren batzuetan erabilgarria izango da, baina ez beti:

  • Animaliek ondo ikasita daukate eguneroko ohikeria.
    • Animaliek ondo ikasita daukate eguneroko martxa.
    • Animaliek ondo ikasia dute egunerokoa.

Hizkerak

Kortesia

Begirunea eta errespetua erakutsi nahi dugunean, hitz egiteko modu berezia erabiltzen dugu. Hitz egiteko modua berezia dela, hizkuntzaren ezaugarri guztietan igartzen da: hiztegian, aditz jokoan, sintaxian... Eta banan-banako ezaugarrietan ez ezik, esaldi osoetan ere bai. Izan ere, adeitasuna erakusteko esaldi eginetara jotzen dugu sarritan eta, beraz, egoera jakin batzuetan erabiltzen ditugun formulak dira.

Bikoizketan, pelikulak eta serieak euskaraz jartzeko, halako formulak ez ditugu beste hizkuntza batzuetatik itzuli behar. Euskaraz ohikoak direnak erabili behar ditugu.

Aurkezpena
  • Urte askotarako / Urte askoan
  • Pozten naiz (zu) ezagutzeaz
  • Pozten nau (zu) ezagutzeak
  • Zure esanetara
  • Badut zure entzutea / zure aditzera
Hasierako agurra
  • Egun on / Arratsalde on / Gau on [gabon]
  • Egun on dizuela
  • Egun on Jainkoak
Agurraren erantzuna
  • Hala ekarri
Azken agurra
  • Ondo izan
  • Ondo bizi
  • Gau on pasa [gabon pasa]
  • Zoaz ondo / Ondo joan
Eskaintza ukatzea
  • Aukeran, handitxoa / luzetxoa / ... / (da).
Eskertzea
  • Estimatuta dago
  • Estimatzen dizut
  • Eskerrik asko
  • Esker anitz
  • Mila esker / Esker mila
Eskerrei erantzun
  • Ez horregatik
  • Ez da(go) zergatik
  • Ez da(go) ezergatik
  • Ez da zeren

  • Ez hain formalak
  • Zeuri
  • Ez da ezer (asko)
  • Ez dago eskerrik
Pribatuan sartzea
  • Atrebentzia ez bada, ...?
  • Galdera txarra ez bada, ...?
Hitzaldia amaitu
  • Gaizki esanak barkatu, eta ondo esanak gogoan hartu
Doluminak
  • Neure dolumina(k)
  • Doluminak
  • Saminean lagun
  • Lagun nauzu atsekabean / nahigabean
  • Laguntzen dizut (sentimenduan)
  • Zure bihotz-minetan partaide nauzu
Jatorduan
  • On degizula / on degizuela
  • On egin

Paperetik ahora

Zelan adierazi harridura

Emozioak batzuetan hitzen bidez azaltzen dira, eta beste batzuetan interjekzioen edo hotsen bidez. Bikoizleen testuetan askotan hutsuneak uzten dira interjekzioren bat edo antzekoren bat datorrenean, “ad libitum” hitzekin markatuta. Halakoetan, kontuan izan behar dugu hizkuntza batetik bestera aldatu egiten direla emozioak adierazteko moduak, eta euskarari ez dagozkiola "ups", "uau" eta halakoak, ezta denbora guztian "harrigarria" eta "sinestezina" esaten ibiltzea ere, jatorrizkoan hala esan arren. Hona hemen, bada, harridura eta ezustea adierazteko ditugun baliabideetako batzuk.

  • Hotsak

a, ai, aiei, o, epa, ala

  • Interjekzioak

Esaldi osoaren balioa daukate, nahiz eta askotan berba bakarra izan. Erabilera zehazteko marka batzuk ipini ditugu. Markarik ez dutenak edonoren ahotan ipintzeko modukoak dira. Bestelakoak honela sailkatu ditugu.

  • L markak esan nahi du forma leundua dela; errazago entzuten dugu emakume eta umeen ahotan.
  • G markak esan nahi du forma gogorra dela, latza. Ez da edonoren ahotan ipintzekoa.

Ai ama / Ai amatxoL"Ai ama! Oraintxe egin dut egitekoa!"
(Ai) (ene, nire, gure) Jaungoikoa

Ahor ba / Hor ba
Besteak esandakoa baiezteko ere bai.
AibalaL
Aitaren (eta Semearen)
Gauza handia gertatu denean.
Aitu = Beitu = Ikusi

Aizu / Zu / Hi
Elkarrizketan.
Alajaina / Alajainkoa / AlafedeL
Ama Maria santisima
Gauza handia gertatu denean.
Amabirjina santisima
Gauza handia gertatu denean.
Arraioa / Arraiopola

Arranoa / Arranopola / Arranotan / ArraniaL"Arraio"-ren forma leunak.
ArrastoaL"Arraio"-ren forma leuna, itxuraz.
Astoaren mandolinaGOso gordina da.
Beste horrenbeste

Bueno
Normalean azkenengo bokala luzatuta.
DedioGHaserrea ere adieraz dezake.
Egundaino / egundo / sekula halakorik

Ene bada eta ni / Ene bada eta bada(txoa)

Ene / Ene ba(da)

Han / Hor

Hara / Horra

Hola
Gehienbat gauza ona azpimarratzeko.
"Hola! Guaporik etorri zara gaur!"
Holakorik / Halakorik

Horratio

Jainko maitea / laztana / handia
Gauza handia gertatzean. Erregua.
Jaungoiko santua / soberanoa
Gauza handia gertatzean. Erregua.
Jesus / Ene Jesus / Jesus ene(a)

Jesus mila bider
Disgustua edo haserrea ere bai.
Jesus, Maria eta Jose
Disgustua edo haserrea ere bai.
JodeG
Joņo / Koņo / Errekoņo / ErrekondeG
Jope / Jopela / JopelinLKexua ere adieraz dezake.
Kia / Ka
Gauza bat sinesgaitza denean.
KontxoL
Mutilak
Esaldi hasieran. Gizon helduei ere esateko.
Neska / Gizona / Motel (hika, mutilari)

Oraindino halakorik

Ordiga
Madarikazio leundua da berez.
Ospera
Madarikazio leundua da berez.
OstiaGNeurtuta erabiltzeko. Oso zatarra da.
Txakurraren bibolina / flauta

  • Esaldi klitxetuak

Multzo honetan, zelanbait esaldiaren egitura gorde dutenak sartu ditugu. Aditzaren denbora eta pertsona aldatu egiten da batzuetan.

Arraioak ez baditu!Haserrea ere adierazten du.
Asko da ba (hau gertatu beharra)!Honen antzekoa: "handia da, gero!"
Asko da ba (hau gertatu beharra)!Honen antzekoa: "handia da, gero!"
Ba ote! / Bai ote ba!Elkarrizketan gehiago.
Besterik ez genuen behar!Ezustekoa txarra denean.
Ez da (ba) izango!Elkarrizketan.
Gertatzea ere! (esatea ere...)Honen antzekoa: "sinesteko ere!"
Hamaika ikusteko jaio(ak) gara!
Hamaikatxo...!
Handia da, gero!
Hau da / duk beltza!Gauza txarra gertatu denean.
Hau da hau izatekoa!
Hau duk izatekoa (hau)!
Hura izan zen izatekoa!
Honelako esaldiekin ezustea adierazi baino gehiago harrituta azaltzen gara gertatutakoagatik.
Hori ere badaukagu / badugu!Okerra okerraren gainean datorrenean.
Hori ere bai!Okerra okerraren gainean datorrenean.
Sinesteko ere!
Ze arraio!Ezustekoa txarra denean. Haserrea ere adierazten du.
Ze demontre!Ezustekoa txarra denean. Haserrea ere adierazten du.
Ze Jaungoiko!Ezustekoa txarra denean. Haserrea ere adierazten du.
Ze mila sorgin!Ezustekoa txarra denean. Haserrea ere adierazten du.
Zer diozu (ordea / baina)!Elkarrizketan.


(ASIER LARRINAGA LARRAZABAL Euskal Telebistako Euskara Sailaren burua da)

Inprimatu

  • Txosten hau ETB, EDERTRACK, IRUSOIN eta K2000ko euskara arduradunek elkarlanean eginikoa da eta erabili.com-en argitaratu dute edonoren ekarpenak jasotzeko. Beraz, hementxe duzu aukera, irakurle, euskaldun guztion etxeetara iristen den Euskal Telebistaren hizkuntza irizpideetan zure aletxoa jartzeko. Zure ekarpena gaur-biharko euskaldun guztion mesederako izango da, zuretzat eta zure ingurukoentzat ere bai.

Orain arte argitaratuak

  1. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (bat)
  2. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (II)
  3. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (III)
  4. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (IV)
  5. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (V)
  6. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (VI)
  7. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (VII)
  8. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (VIII)
  9. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (IX)
  10. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (X)
  11. Bikoizketarako irizpideak finkatzen (XI)

Erantzun

 
Irakurri ahala bururatutakoak
2003-09-18 / 11:02 / Pello Salaburu

Oso interesgarria ikusi dut txosten hau. Ez da nire asmoa kritikatzea bere osotasunean, baizik, irakurri ahala bururatu zaizkidan puntutxo batzuen berri ematea.

  • Kortesiazko esamoldeak:
    • Agurraren erantzuna: "Baita zuri ere" da zenbait tokitan erabiltzen dena.
    • Azken agurra: "Pasatu gabon" da nik ikasi eta erabili izan dudana. Erantzuna: "baita zuri ere."
    • Eskerrei erantzun: "Ez da zeren" ikasi nuena, era formalean nahiz ez.
    • Hitzaldia amaitu: "Gaizki esanak barkatu, eta ondo esanak gogoan". Formula hau erabiltzea ongi dago, baina oso topiko bihur daiteke. Kontuz!
    • Doluminak: Baztanen "osasuna gomendatzeko" esaten genuen beti, eta Satrustegi hil zenean konturatu nintzen formula hori bera erabili zuela familiarekin batek baino gehiagok Urdiainen.
  • Interjekzioak:

Harridura adierazteko erabili izan ditugunak: "horra!", "hara!", "to!", "bai to!" (zerbait sinesten ez duzunean, edo gertatuko ez dela uste duzunean), "behazak horri!" (ez dio inori ere behatzen, baina zerbaitek harritzen zaituenean esaten duzu).

  • Esaldi klitxeatuak:

Nire ustez, esaldi hauek izan dezaketen eragozpena da beharbada gehiago direla, batzuk bederen, liburuetakoak, hizketa bizikoak baino. Erne egon beharko genuke zer erabiltzen duten hiztunek, batez ere zaharrenek, eguneroko jardueran. Horrek ez du kentzen, jakina, esapide berriak sartzekoa ere. Beste esapide bat: "hau ez duk, gero, atzo gaueko bildotsa!"

(PELLO SALABURU, hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus