Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Euskara eta garapen teknolinguistikoa

Euskara eta garapen teknolinguistikoa

2003-10-06 / 09:47 / Araceli Díaz de Lezana   INFORMATIKA

Gaurko gizartean ematen den komunikazioa gero eta elektronikoagoa da, gero eta globalagoa; gainera komunikazioa testuinguru eleaniztun batean gertatzen da. Internet da, zalantzarik gabe, horren arrazoi nagusia. Izan ere, Internetek hizkuntza desberdinetan dauden edukietara iristea ahalbidetzen du, batetik, baina, bestetik, itzulpen automatikoarekin eta hizkuntza-teknologia eleaniztunarekin zerikusia duten erreminten beharra sortarazi du.

Garapen teknolinguistiko horri esker mantenduko da eta sustatuko da Europako hizkuntza-aniztasuna, eta hori oso garrantzitsua izango da hizkuntza gutxituentzat. Horrela, esaten da datozen hamar urteotan Interneten presentziarik ez duten hizkuntzak galdu egingo direla; beraz oso inportantea da hizkuntzentzat espazio linguistiko berri horretan egotea (espazio sozial elektronikoa, telematikoa, digitala, retikularra). Eta nola lortzen du hizkuntza batek espazio berri horretan egotea? Ba ingeniaritza linguistikoa garatzen, hau da, hizkuntzak giza lengoaiaren forma guztiak ezagutu, ulertu, interpretatu eta sortzen dituen sistema informatikoak garatu behar ditu. Informazio-gizarteak eragozpen kulturalak, linguistikoak eta teknologikoak ezabatzea du helburu. Gainera, ez da ahaztu behar hizkuntzen industriek egun eragiten duten inpaktu ekonomikoa eta aurrerantzean eragingo dutena.

Hauek dira labur-labur ingeniaritza linguistikoko teknologiak:

  • Ahotsaren sintesia (Text-To-Speech).
  • Ahotsaren ezagutza automatikoa (ASR).
  • Itzulpen automatikoa (testu librea, web guneak, posta elektronikoa, txat-ak, foroak...).
  • Dokumentazio-multzo handietan bilaketak egitea (data/audio mining).
  • Karaktereen Ezagupen Optikoa (OCR).
  • Ahozko datuen konpresioa.
  • Komunikazio-bide berriak (hiperestekak, metalengoaiak,...).

Informazio eta Komunikazioaren Gizarteak toki garrantzitsua hartu du gobernu gehienen politikan. Horrela, Europako Batzordeak eEuropa programa jarri zuen martxan eta aurtengo abenduan Ginebran izango den Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologia Berrien Mundu Gailurrean proposamen zehatzak aurkeztu behar ditu datozen urteotarako.

Gurera etorriz, Eusko Jaurlaritzak hainbat plan du abian teknologia berriak sustatzeko:

  • 1999, Euskadi 2000Hiru Ekimena, oinarriak jarri zituen plana, hain zuzen.
  • 1999, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia.
  • 2001-2004 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana.
  • 2002, Euskadi Informazio Gizartean Plana: azken hau 2005a arte egongo da indarrean eta "Euskadi sarean" jarduera-esparruaren barruan finkatzen ditu jarduera-ildoak eta programak euskarari dagokionez.

Ikus ditzagun euskarak teknologia berriak direla eta egin dituen aurrerapenak:

  • 1. Web guneak eta orriak.
  • 2. Euskarazko bilatzaileak: kaixo, jalgi, aurki.
  • 3. Prentsa idatzia on line.
  • 4. Euskara ikasteko eta euskarazko edukiak dituzten CDak.
  • 5. Sarean dauden corpusak, datu-baseak, hiztegiak eta bestelako erremintak:
  • 6. Softwarea euskaraz:
    • Windows 95 eta Windows 98.
    • Word 6 eta Office 2000 (Word, Excel y Outlook).
    • Internet Explorer 4 eta 5, eta Outlook Express 5.
    • Mandrake Linux 8 (CDa eskuratzeko: 945 - 018112 ).
    • OpenOffice.org 1.0.2 Windows -erako eta Linux -erako (CDa eskuratzeko: 945 - 01 8112 ).
    • Panda Titanium eta Panda Platinum.
    • Autoikaskuntzarako Wit ikastaroak (Word 2000 eta Internet 2000).
    • SAPeko kudeaketako lau modulu.
    • Contawin, enpresa txiki eta ertainentzako kontabilitateko softwarea.
    • Optenet: Interneteko iragazkia.
  • OCR: Omnipage 11. eta 12. bertsioak eta PC Word eta Mac Word: www.euskadi.net/euskara_soft (doan deskarga daitezke).
  • 2003an egiten ari direnak:
    • Mandrake Linux 9.1 bertsiora eguneratu.
    • Windows XP Pro.
    • Prisma II: enpresa txikientzako kudeaketako softwarea.
  • 7. Eskola-softwarea euskaraz (Hezkuntza Sailaren EIMA programa).
  • 8. Eszenatoki birtualak:
    • HABENET, HABEren sarea (euskaltegiak, irakasleak, ikasleak): material didaktikoaren homologazioa, didaktika on line, irakasleen etengabeko prestakuntza eta administrazio-kudeaketa.
    • HIZPONET, azpiegitura publiko zein pribatuen hizkuntza-plangintza kudeatzeko sarea.
    • HIZNET, Eusko Ikaskuntzak eta SEIk antolaturiko hizkuntza-plangintzari buruzko ikastaroa. Interneten bidez egiten da ikastaroa.
  • 9. Dokumentazioa biltzeko, berreskuratzeko eta bilatzeko (kudeatzeko) softwarea: Kapsula; lematizazioa eta indexazioa erabiltzen ditu. Ametzagaina eta ASP enpresek garatutakoa da.
  • 10. Ahotsaren tratamendu automatikoa: ahotsaren sintesia eta ezagutza: EHUk hainbat lan egin du arlo horretan. Eusko Jaurlaritza 2003an ahotsaren sintesia, ezagutza eta elkarrizketak kudeatzeko motoreak garatzen hasiko da.
  • 11. Ingeniaritza linguistikoko oinarrizko teknikak: analizatzaile morfologikoa, lematizatzailea eta beste. EHUko Ixa Taldeak egindako lanak dira.
  • 12 Itzulpengintzari laguntzeko erremintak: itzulpen-memoriak TRADOS teknologia erabiliz.

Euskararen erronkak

Hona hemen aurrera begira euskarak dituen erronkarik garrantzitsuenak:

  1. Interneteko presentzia areagotzea: web gune gehiago, bereziki ume eta gazteentzat; eduki gehiago (entziklopedia on bat euskaraz, euskal ondarea, euskal kultura, kirola...) eta zerbitzu gehiago eskaini beharko da euskaraz (merkataritza elektronikoa, e-Prestakuntza, e-Osasuna, administrazioa on-line...), hori baita etorkizuna. Hurrengo belaunaldiak ohitu egingo dira dena Interneten bidez egiten eta eroso sentitzen diren hizkuntza aukeratuko dute.
  2. Enpresa, administrazio, eta oro har euskaraz lan egiten duen edonorentzat erremintak eskaintzen jarraitu behar da: hiztegiak, corpusak, datu-baseak, terminologia-bankua, euskarazko softwarea...)
  3. Ahotsa: etorkizunean toki guztietan izango da. Teknologia heldua dela esaten dute adituek, beraz edukiz bete behar da. Aplikazio asko oinarritzen da ahotsean eta enpresek eskura izan behar dute. Zeintzuk dira aplikazio horiek? Asko eta asko "telekom" arlokoak dira, hau da telefono bidez erabiltzen direnak:
    • Telefono-zentralitak (call center), deiak automatikoki desbideratzeko.
    • Aldez aurretiko hitzordua (medikuarekin).
    • Posta elektronikoak ahotsaren bidez irakurri eta bidali.
    • Eguraldiari buruzko informazioa (herriz herri).
    • Trafikoaren egoera kontrolatutako puntuetan.
    • Digitalizatutako dokumentuak kontsultatu (historial medikuak).
    • Euskara ikasteko metodoak.
    • Irakaskuntzako materialak.
    • Garraio publikoaren gaineko informazioa.
    • Informazio puntualak (agenda, burtsa, kirolak).
    • Ahots dinamikoa duten jokoak eta jostailuak.
    • Telefono-aurkitegiak (orrialde horiak eta txuriak).
    • Banku-eragiketak
    • Erosketa egin.
    • Zerbitzuak eskatu (telepizza...).
    • Produktu eta prezioei buruzko informazioa.
    • Erreklamazioak egin.
    • Zerbitzuak aktibatu eta desaktibatu.
    • Jatetxe batean erreserba egin.
    • etab. etab..
  4. Itzulpen automatikoa: zailena segur aski baina oso beharrezkoa. Itzultzaile bat garatu behar da eu-es/es-eu testu librea, web guneak, posta elektronikoa nahiz txatetan edo foroetan azaltzen direnak itzultzeko. Horrelako produktuek hizkuntza-bikoteka funtzionatzen dute normalean; hala ere, batek baino gehiagok pentsatzen dute posible dela horrelako produktu eleaniztunak egitea eta hizkuntza batetik askotara itzultzea. Badaude itzultzaile automatikoak hizkuntza garrantzitsuetan baina esan behar da emaitzak ez direla oraingoz oso onak. Dena den, itzulpen perfektua izan gabe testuaren gutxi-gorabeherako esanahia ulertzea askotxo da. Eusko Jaurlaritza hori aztertzen ari da eta aurten beste hizkuntzetan oso emaitza onak eman dituen teknologia batean probatu da euskara integratzea. Emaitzak oraindik aztertzen ari dira.

Infoingeniaritza linguistikorako behar diren hizkuntza-baliabideei dagokienez, argi dago asko dugula baina gehiago beharko ditugula. Gainera daudenen azterketa sakona egin behar da zeren eta gehienak etiketatu gabe baitaude eta teknologia horietarako egon behar baitira prestatuta (kasurako itzulpen automatikoan testu elebidunak lerrokatu behar dira eta lexiko etiketatua behar da). Produktu sendoak egiteko dudarik gabe hizkuntza-baliabide onak, anitzak eta behar bezala eginda behar ditugu.

Laburbilduz, bide luzea dugu baina beste hizkuntza minoritario batzuk baina askoz hobeto gaude. Behar duguna da aurrera egin eta duguna erabili. Euskaraz ez dago merkatu handirik, baina dauden produktuak ezagutu eta kontsumitu behar ditugu, pixkanaka-pixkanaka eskaria handituz joan dadin.


(ARACELI DÍAZ DE LEZANA Eusko Jaurlaritzaren Euskara Sustatzeko Zuzendaritzako Estandarizazio arduraduna da)

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus