Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Hitanoa non eta nork erabiltzen duen

Hitanoa non eta nork erabiltzen duen

2003-10-27 / 08:42 / Xabier Alberdi Larizgoitia   KULTURA

Iruzkin hauek, neurri handi batean, nire tesi-lanerako erabili dudan inkestagintzaren emaitzak dira (Alberdi, 1996). Emaitzok, euskararen lurralde osoan barrena (51 herri) hika aritzen diren 210 lekukoren artean bildu dira. Tratamenduekiko usadioak leku batetik bestera, etxe batetik bestera eta are pertsona batengandik beste batengana ere hain aldakorrak izanik, gure emaitzak, ezinbestean, euskal ohitura desberdinen gutxi gorabeherako ispilua edo batez besteko irudia dirateke eta ez, noski, balio unibertsaleko lege urragaitzak. Horra hor, bada, modu eskematikoegian, zenbait iruzkin eta ondorio hitanoaren erabileraz.

Nola hasi hala segi

Nola hasi hala segi

Euskaraz ez da batere ohikoa pertsona berarekin tratamendu bat baino gehiago maiztasun berberaz erabiltzea; normalean tratamendu berbera erabili ohi da pertsona bakoitzarekin. Hau da, gorabehera handirik gabeko kontua izaten da tratamendu-aukerarena.

Gainera, euskal tratamendua sarritan ohiturazko zerbait izaten da. Egiten den aukera egiten dela, hasierako hura bihurtzen da gero ohiturazko, "nola hasi hala segi" printzipioaren arabera.

Esanak esan, tratamendu-aldaketaren posibilitatea ez dago itxita, ezta gutxiago ere. Hala ere, noizbehinka gertatzen diren aldaketak gehienetan adierazkorrak izaten dira, aldarte edo testuinguru berezi baten adierazpide eta ondorio, alegia.

Batasuna euskalkien artean: "euskal usadioak"

Hitanoaren erabilerari bagagozkio, azpimarragarria da Iparraldeko eta Hegoaldeko euskalkiak, funtsean, bat datozela. Hots, bateko eta besteko usadioak lehenengo eta behin "euskal" usadioak dira, hots, frantsesaren edo gaztelaniaren ikuspuntutik nekez esplika daitezkeenak. Nahiko bitxia da lagunarteko tratamenduaren erabileran halako batasuna egotea, beste kasu askotan hizkuntz ukipenak ondorio lardaskagarriak izan baititu tratamenduen arlo honetan.

Familian maizago

Oro har, familiaren esparruan beste inon baino maizago ager daiteke hitanoa. Edozein kasutan ere, aurreko baieztapenaz ez dugu esan nahi familia barruan hiketa arau guztiz orokorra edo unibertsala denik, ezta gutxiagorik ere.

Hasteko, senide nagusiek gazteagokoei hika (T) egiteko joera badute ere, hori ez da inondik inora arau orokorra, hiketaren maiztasuna kasurik onenean (semearekiko harremanean) %70 inguru baita eta alabaren kasuan %30 inguru. Hortaz, "goitik behera" ere hiketa ez da arau guztiz orokorra familian. Alderantzizko zentzuan, ordea, senide gazteak beren nagusiagoei mintzatzerakoan, V (eztabada, zuka) eta xuka alokutiboa (X) ia-ia nahitaezkoak gertatzen dira. Beraz, tratamenduen erabileraren azterketa zentzu bakar batean egin beharrean, zentzu bietan egiten bada, hots, binakoetan oinarritzen baldin bagara, bistara ateratzen da aurreko baieztapenen ondorio garbia: familian tratamenduekiko ohitura aski asimetrikoa da, gazteak nagusiagoari V esan beharra baitauka eta berarengandik T jasotzen baitu maiz. Beherago ikusiko denez, familian beste inon -familiatik kanpo- baino asimetria (T-V, X-T, X-V) gehiago gertatzen dira euskaraz; eta ohitura hau, zalantzarik gabe, euskararen berezitasuna da inguruko hizkuntzetan aspaldi alboratu baitzen delako joera asimetrikoa.

Edozein modutan ere, aipaturiko joera asimetrikoa ez da erabatekoa edo orokorra, erdizkakoa baizik. Hain zuzen ere, neskekin (alaba, iloba, biloba) eta suhi-errainarekin simetria gailentzen da; hots, noketaren erabilera urriagoaren ondorioz, neskekin V-V eta X-X aukera simetrikoak gailentzen dira asimetrikoen gainetik.

Senar-emazteen artean

Euskaraz, mendebaldeko hizkuntza gehienetan ez bezala, V-V da legea ezkonduen artean. Haien lehengo ohitura hikakoa baldin bazen, tratamenduaren aldetik ezkontza halako mugarria izaten da, ezkontzaz geroztik eta sarri askotan ezkontza-atariaz geroztik elkarrekiko V-ra aldatu behar izaten baitute ezkongaiek. Legeak lege, han-hemenka (Amikuzen, adibidez) ez dira falta T-T simetrikoaz edota T-V asimetrikoaz aritzen diren gune bakartuak, salbuespenak, alegia. Ezkonduei buruz aipaturiko "legea" ez da hain urrezkoa ezkongaien artean, senargai eta emaztegaien artean aiseago (%19,2) urratzen baita V-V-ren aldeko joera. Nolanahi ere, oso adierazgarria izan daiteke honako konparazio hau: senargai eta andregaiak gutxiago aritzen dira hika elkarren artean (%19,2), sexu desberdineko adiskideak beren artean baino (%39,5).

Haurrideen artean

Iragarpenen arabera, hitanoa eta, zehatzago esateko, elkarrekiko hitanoa (T-T) haurrideen artean gerta omen daiteke beste inon baino gehiago. Euskarazko emaitzak, oro har, ildo horretatik doaz; hala ere, hitanoaren maiztasuna oso desberdina da sexuaren arabera: %90,3 anaien kasuan (toka-toka), %48,6 neba-arrebenean (toka-noka) eta %49,4 ahizpen artean (noka-noka). Sexua kontuan hartzen baldin bada, ehunekook, euskaraz gerta daitezkeen altuenak dira, adiskideen artekoak baino altuxeagoak, alegia. Datu erlatiboak eta konparaketa hasierako hipotesia sendotzera datoz, beraz.

Hala ere, hitanoaren goiko ehunekoak erlatiboki altuenak badira ere, datu absolutuak aztertzen baldin badira, konturatuko gara hitanoaren emaitzak ez direla altuegiak. Gainera, begi bistan geratzen da toketa eta noketa tratamenduen erabilera desberdina: toketak, guztiz orokorra ez bada ere (kasurik onenean, anaien artean, %90,3), bizitza zabala eta osasun ona ditu; noketak, ostera, askozaz ere bizitza makalago eta murritzagoa du (kasurik onenean, ahizpen artean, %49,4) (1).

Harremanen lotura familian

Familiaren barruan gaudelarik, lotura handiagoko eta lotura makalagoko senidetasunezko harremanak bereiz daitezke hitanoaren erabilerari begira. Goitik behera, adibidez, seme-alabei gehiago egiten zaie hika, biloba eta ilobei baino; eta askozaz ere gutxiago suhi-errainei. Berdinen artean, adibidez, haurrideen artean biziki gehiago mintzatzen da hika, lehengusuen eta koinatuen artean baino.

Ematen du, beraz, senidetasun-mailak funtzio garrantzitsua bete dezakeela hitanoaren erabileran. Itxura denez, guraso eta seme-alabek osatutako familiagunean beste inon baino aiseago azaltzen da hitanoa, eta alderantziz, ahaidetasun-mailan urrundu ahala, beherantz egiten bide du T-ren gertagarritasunak.

Adina, sexua eta ahaidetasun-maila familian

Adina, sexua eta ahaidetasun-maila ditugu familiarteko esparruan aldagairik erabakigarrienak tratamenduaren hautaketari begira. Aipatu ditugun hiru aldagaien artean adinak berebiziko pisua du. Adinaren aldea, bereziki gazteagotasuna, traba larria izaten da hitanoa erabiltzeko, are ahaidetasun-mailaz berdinak direnen artean ere (2).

Familiartean adinak duen garrantzia ikusita, familiatik kanpo ere adinezko nagusitasun nabarmenak hiketa berez lekarkeela pentsa liteke. Hala ere, gaztetxo ezezagunari helduak ez dio T ematen familiarteko gaztetxoari ematen dion erraztasunaz. Hortaz, adinezko nagusitasun hutsa ez da aski hiketa nagusitzeko; kidetasuna, ezagutza edo etxekotasuna ere ezinbestekoak dira goitik behera hitanoaren aldeko joera gailen dadin.

Adin, sexu eta ahaidetasun-mailarekin batera, zenbaitetan harremanaren maiztasunak ere eragin handia izan dezake tratamenduan. Alegia, tratamenduak ez du zertan berdina izan lehengusu guztiekin, iloba guztiekin edo koinatu guztiekin; ahaidetasun-maila beraren barruan egonda ere, harremanaren maiztasunaren eta nolakotasunaren arabera, maiz aldatzen da tratamendua (zenbat eta harreman estuagoa, orduan eta errazago nagusitzen da hitanoa).

Bigarren maila batean, familiarteko erabilera markatuen berri eman nahi izanez gero, bestelako aldagaiak aipatu behar dira, hala nola, izaera, osasuna, itxura, e.a. Era berean, ohiko tratamenduaren aurka altxatzen diren noizbehinkako hikako erabilera markatuak esplikatzeko, testuingurura jo beharra dago. Senar-emazte batzuek, adibidez, normalean eztabadaka aritu arren, jai-giroan edo txantxetan hitanora jo dezakete solasari umorezko ukitua ematearren. Orobat, semearekin hika aritzen den amak V-ra jo lezake haserrealdi batean urruntasun psikologikoa adierazteko; eta alderantziz, eztabadaka aritzen dena une jakin batean hiketaz balia liteke lagunarteko kidetasuna edo hurbiltasun psikologikoa adierazteko. Hauek guztiok, adierazkortasuna bilatzen duten erabilera markatuak dira eta gure ikerketan zeharka baizik ez ditugu jaso.

Haurrekiko jokabidea

Haurrekiko jokabidean ez dago batasunik tratamenduaren erabileran. Askok txikitatik egingo omen lioke hika bere semeari; beste askok koskortu artean ez lukete hitanorik erabiliko beren semearekin. Asmoak asmo, errealitatean V omen da gurasoen artean usadio zabalduena hiruzpalau urteko seme txikiarekin aritzeko. Hiketa geroztik omen dator, haurra hazitakoan, gizonkeriak edo okerkeriak egiten hasterakoan. Salbuespen ugari duen ohitura honen arrazoia ez dago guztiz argi, baina edozein kasutan ere, herriko jende xehearen ustetan, haurraren ahotik hitanorik ez entzutearren egiten omen zaio eztabadaka edo zuka haur txikiari. Hots, arrazoi psiko-soziolinguistikoak omen dira hasiera batean gurasoak beren semearekin V erabiltzera bultzatzen dituztenak.

Barne-bakarrizketan

Espero zitekeenez, barne-bakarrizketan beste inon eta inoiz baino gehiago erabiltzen bide da hiketa: gizonezkoen kasuan, anaien artean bezainbeste edo maizago eta emakumezkoenean, ahizpen artean baino dezente gehiago.

Bestalde, bada kontuan hartzeko moduko euskaldun-kopuru bat -emakumezkoen artean, bereziki-, bakarrizketaz landa hika noizbait egin arren, bere buruarekin hika mintzatzen ez dena. Datu hau nahiko harrigarria da eta agian hiketaren eta bereziki noketaren izaera markatuarekin du zerikusia.

Hortik aparte, bakarrizketan hika aritzen diren emakumezkoen artean noka da usadioa nor bere buruari mintzatzeko. Hau da, hiztuna bitan banatzen denean, alegia bakarrizketa elkarrizketatuan nahitaez islatu behar da emakumezkoaren sexua (zer egin dun?); emakumea noketa erabili beharrean gertatzen da, solaskide bere burua hartu duela eta bere buruari zuzentzen ari zaiola konturatzen den neurrian. Aitzitik, bakarrizketa den alegiazko elkarrizketan solaskidearen kontzientzia argirik ez baldin badago, hots, hiztun emakumea inori bereziki -ezta bere buruari ere- zuzendu gabe ari baldin bada, orduan toketa nagusitzen da bakarrizketan eta eztabada ere ez da ezinezkoa (Segurola, 1992).

Animaliekin

Animaliekin mintzatzeko hiketa da berezko tratamendua euskaldun hitanozaleentzat. Pertsonekin hika nekez edo kostata aritzen direnek ere, aise onartzen dute tratamendu hau animaliei hitz egiteko.

Bestalde, sexuaren araberako hautaketari bagagozkio, animalia emeekin erabilera arruntena eta zabalduena toketa denez gero, esan daiteke noketa dela tratamendu markatua toketaren aldean. Emetasuna ageri-agerian ez bada eta berariaz azpimarratu nahi ez bada, toketa da aukera seguruena eta ohikoena animalia emeekin.

Berez solaskide bakarrari

Hiketa (euskararen gainerako tratamenduak bezala) berez eta jatorriz solaskide bakarrari mintzatzeko tratamendua izan arren, gaur egun guztiz hedatuta dago tratamendu honen erabilera talde bati mintzatzeko. Erabilera hau berezi samarra da eta gramatikaren ikuspuntutik begiratuta, ez dirudi zuzenegia.

Berez, gramatikaz, bati baino gehiagori zuzentzerakoan, pluralean neutralizatuta geratzen da tratamenduen arteko aurkaritza, pluralean bigarren pertsonako izenordain bakarra (zuek) eta adizkera bakarra (zarete) baitauzka euskarak. Hala eta guztiz ere, gramatikalki kontraesana bada ere, adizkera alokutiboen bidez posible da adieraztea zein tratamenduri loturik ari den gauzatzen jarduna. Talde bati zuzendutako jardunean ezagun da hika ari dela hiztuna, ez pertsona-izenordainengatik (ni, zuek, gu...), ezta bigarren pertsona argumentala islatzen duten adizkerengatik ere (zarete, duzue, dakizue...), adizkera alokutiboengatik baizik (izan nauk, joan nauk, ikusi diat...). Jende aurreko hikako solasetan, alokutiboa ez da komunztadurazko gertakari gramatikal hutsa (gramatikaz ezkondu ezinak baitira entzule-aniztasuna eta alokutiboak islatzen duen bigarren pertsona singularra), solas-mailan egiten den tratamendu-hautuaren agergarria baizik.

Familiaz kanpo ozta-ozta

Oro har, familiaz kanpoko gizarteko harremanetan hitanoa tratamendu markatua da, V-ren aldean ozta-ozta erabiltzen da eta. Beti ere, euskaldun hikatzaileek osatzen duten gutxiengoari gagozkiola, honako datu orokor hauek azpimarra daitezke.

Elkarrekiko hitanoak (T-T), sexu bereko adiskide adinkideen artean du azaltzeko probabilitaterik handiena (%76,3 inguru). Adiskidetasuna garrantzi handikoa da, maila desberdineko, sexu desberdineko eta adin desberdineko adiskideen artean eta are batera mailaz eta adinez kidekoak ez diren adiskideen artean T-T izaten baita aukera nagusiena. Lankide eta ikaskideen artean, T-T erabiltzen da nagusiki (%59,4 inguru), baldin sexukide eta adinkideak badira.

Bestela, mailazko eta sexuzko diferentziak batera daudenean edota adinezko eta sexuzko desberdintasunak batzen direnean T-T aukera ateratzen da galtzaile V-Vren aurrean, eta zer esanik ez, gauza bera jazotzen da maila, adin eta sexuzko desberdintasunak batera daudenean. Adibidez, adiskideak sexu-desberdinekoak izatera, hitanoak nabarmenki egiten du behera, emaitzak T-T V-V eta T-V aukeren artean banatzen eta zatikatzen direlako. Hortaz, aipaturiko bi kasuez landa (kide eta adiskideez landa), ez da batere ohikoa hiketa simetrikoa.

Gizarteko harremanetan, familiakoetan ez bezala, tratamenduzko asimetria ez da sekula nagusitzen aukera simetrikoen gainetik. Gizarteko harremanetan, adinezko nagusitasunak eragindako T-V erabilera asimetrikoak behin ere ez du lortzen familiaren eremuko nagusitasun garbia V-V aukeraren gainetik. Familia barruan mutilekiko harremanetan T-V aukera V-V baino biziki maizago gauzatzen bada ere, familiatik kanpo aurki daitekeen asimetriarik handiena -mutiko koskorrarekikoa- ez da hain nabaria, (orduan ere V-V, T-V baino maizago gertatzen baita). Bestalde, mailazko desberdintasunak ez du tratamenduzko asimetriarik eragiten.

Ondorio gisa, euskal gizarteko harreman gehienetan (adiskide eta kideen artekoetan eta agian besteren batean izan ezik) kortesiazko tratamendu simetrikoa (V-V) jaun eta jabe dela esan dezakegu.

Adibidez, adiskidetasunezko lotura eduki ezik, sexu eta adin bereko langile eta nagusiaren arteko harremanak nagusiki (V-V= %77an) V simetrikoaz gauzatu ohi dira; era berean, ezagutzak egiten dituzten ezezagunen artean V-V nagusitu ohi da (%81). Eta egoera formaletan zer esanik ez, hitanoak ez du ia-ia tokirik horrelakoetan; esate baterako, aita edo ama baten eta institutuko zuzendariaren arteko bileraren kasuan (V-V = %95) edo bere nagusia izango dena (etxekoandre nahiz etxeko gizon gaztea) ezagutzen duen neskame zaharrarenean (V-V, %93,3an eta %91,8an). Salbuespenak salbuespen eta asimetria posibleak gorabehera, gauza bera esan liteke ikaslearen eta maisuaren arteko harremanaz, apaizarekikoaz, jatetxeko bezeroaren eta zerbitzariaren artekoaz (V-V = %85,3), etxekoandre eta neskame gaztearen artekoaz (V-V = %71,6) edota neskame zaharraren eta etxeko gizon gaztearen artekoaz (V-V = %74,2). Aipaturiko kasu guztiotan, hiztunak sexu desberdinekoak izatera, areagotu egiten da V-V eta T-V aukeren gertagarritasuna eta murriztu, erabat, hitanoarena (T-T). Orobat, ezezagunen artean, are adinaren alde nabarmenena egonda ere, joera V-V nagusitzekoa da (%65,9an, hamar-hamabost urte gazteagokoari mintzatzerakoan eta %50,4ean mutiko koskorrari hitz egiterakoan).

Aldagaiak familiatik kanpoko erabileran

Familiaren eremutik at, honako hauek dira tratamenduaren erabilera ohiko, neutro edo markatugabea baldintzatzen duten aldagai nagusiak: kidetasuna, adiskidetasuna, adina, sexua eta maila.

Oro har, gutxi dira kidetasunik gabe hika aritzen diren euskaldunak, kidetasuna ezinbesteko baldintza baita elkarrekiko hitanoa (T-T) maiz (V-V baino maizago) gerta dadin. Elkarrekiko harremana -berau lanekoa, auzokoa, herrikoa edo jolasekoa izan dadin- aski izaten da berdinen artean, adiskidetasunik gabe ere, hitano simetrikoa maiz jazotzeko. Lankidetasuna, auzokidetasuna, herrikidetasuna eta jolaskidetasuna, besteak beste, T-T-ren bultzagarri izaten dira sarritan eta are sarriago, aspaldidanikako edo betidanikakoak baldin badira. Honek guztiak esan nahi du hurbiltasun psikologikoa, elkarrenganako estimua edo adiskidetasuna ez direla baitezpadako baldintzak hitanoa agertzeko, guztiz lagungarri gertatzen badira ere (ik. De Rijk, 1992). Kidetasunak hitano simetrikorantz (T-T) bultzatzen baldin badu, kidetasunik ezak ez du asimetriarik (T-V) eragiten, elkarrekiko kortesia (V-V) baizik.

Kideen artean hiketa sarri jazotzen bada, adiskideen artean inoiz baino sarriago azaltzen da. Hortaz, kidetasunarekin batera, adiskidetasuna hiketaren eragile garrantzitsuenetariko bat da, garrantzitsuena ez bada. Adiskidetasunak, kidetasunak bezalaxe, simetriak (T-T, bereziki) sorrarazten ditu eta sekula ez asimetriarik. Hala ere, familian bezala, hitanoaren aldeko baldintza guztiak bete direlarik ere, ez da guztiz segurua hikako tratamendua; alegia, adiskidetasunak ez dakar beti eta nahitaez hitanoa.

Azpimarratzekoa da kidetasunak eta adiskidetasunak T-T aukeraren alde izan dezaketen eragina ez dela albo-hizkuntzetakoa bezain nabaria, ez baita adinaren eta sexuaren ondoriozko asimetriak erabat berdintzeko edo ezabatzeko lain.

Tratamenduari begira, adina funtsezko aldagaia gertatzen da euskaraz. Azken batean, kidetasuna eta adiskidetasuna neurri handi batean adinari lotuak azaltzen zaizkigu: kideak normalean adinkideak izan ohi dira eta etimologiaren arabera adiskideak ere bai, "adinez kideak", alegia. Adinkidetasuna ez da izaten aski T-T nagusitzeko eta gehienez ere, hitano elkarrekikoaren gutxieneko baldintzen artean aipatu beharra dago. Adin-desberdintasunak, ordea, T-T aukeraren aurka jokatzen du, eta zenbaitetan tratamenduzko asimetriak sorrarazten ditu. Oro har, adinezko nagusitasunak erraztu egiten du hitanoaren erabilera eta gazteagotasunak oztopatu. Ondorio garbia asimetriaren posibilitatea da; posibilitate nahiko urria, nolanahi ere, familiaren esparrukoarekin alderatzen badugu.

T-T maiz gertatuko bada, sexukidetasuna egon behar du. Sexuzko desberdintasunak garbiro jokatzen du elkarrekiko hitanoaren aurka eta V-V/T-V soluzioen alde; horrela, kasurik onenean, sexukide ez diren adiskideen artean lagunarteko tratamendua (T-T = %39,5) eta kortesiazkoa (V-V = %32,3) nahiko parekatuta geratzen dira. Beraz, orokorrean sexuzko desberdintasuna T-T aukeraren eragozgarri galanta izaten da. Bestalde, toketa eta noketa tratamenduen bizitza eta erabilera erabat bestelakoak dira. Toketak askoz ere bizitza eta eremu oparoagoak dauzka, noketak baino, eta ondorioz, sarritan gertatzen dira asimetriak (T-V, T-X) emakumezkoaren alde, are neba-arreben eta adiskideen artean ere. Mailak ere bere garrantzia du. Aski ez bada ere, mailazko parekotasuna nahitaezkoa da T-T maiztasun handiz azal dadin, eta alderantziz, mailazko desberdintasunak elkarrekiko hiketaren aurka jokatzen du. Hala ere, nagusitasuna eta mendekotasuna normalean ez dira kodetzen T-V asimetriaren bidez. Alegia, adinak eta sexuak ez bezala, mailak ez du asimetria nabarmenik eragiten, mailazko desberdintasunaren aurrean gehienetan V-V nagusitzen da eta.

Maila edo estatusa garrantzitsua bada ere, ezin esan daiteke gauza bera klase sozialaz edo klase sozioekonomikoaz; historikoki euskal gizartea ez da izan hierarkiazalea eta egun, agian, are inoiz baino gutxiago. Ondorioz, tratamenduak ez dira bereizten solaskidearen ondasunen, jatorri prestuaren edo leinu argiaren arabera, berarekiko mendekotasunezko edo berdintasunezko harremanaren (maila edo estatusaren) arabera baizik.

Bestelako bereizgarriak

Aipaturiko bost aldagai nagusiez gain, badira kontuan hartu beharreko bestelako aldagai eta bereizgarri pisudun batzuk.

Lehenengo eta behin, testuingurua aipatu behar da. Euskaraz tratamendua, erabileraren erabileraz errotutako ohitura den neurrian, nekez aldatzen da testuinguruagatik. Hala ere, oso kontuan hartu behar da nortzuen aurrean gertatzen den solasaldia, entzule-motak neurri handi batean baldintzatzen du tratamendua eta. Talde baten aurrean mintzatzerakoan nekez agertuko da hitanorik, taldekide guztiekin bakarka hika aritu ezik. Bestalde, tartean ohituraren indarra ez baldin bada, asko igartzen da testuinguruaren eragina. Harreman baten hasieran, esate baterako, egoera formalek ez dute inolako biderik ematen hitanorako; aitzitik, erabat oztopatzen dute lagunarteko tratamenduaren aukera. Zenbait egoeratan eta lekutan alderantziz gertatzen da; mendian eta tabernan, adibidez, agian beste inon baino berezkoago eta egokiago gauzatzen da T-T, tokiak desberdintasunak ezabatu eta kidetasunak sorrarazten baititu.

Hizkuntzazko urruntasunak eta jatorriak eragin meharra omen dute tratamenduaren gain. Hala ere, kontuan hartzeko moduko gutxiengo batek bere herrira mugatzen du hitanoaren erabilera (%11-%17,6) eta beste multzo handiago batek bere euskalkira (%16-%25,3). Ez da erraza jakiten mugatze horien zioa, hala ere, pentsatzekoa da bitariko arrazoiak egon daitezkeela kanpotarrekin hiketa ez erabiltzeko: alde batetik, hiketaren ikuspegi meharregia, betidaniko ezagun eta kideei mugatua; eta beste alde batetik, hizkuntzazko arrazoiak, urruntasun dialektala, alegia.

Aipatuez gain, tratamenduen erabileraren berri emateko, oso garrantzitsua da joera mimetikoa kontuan hartzea (3). Mimesizko joera zentzu bitan gertatzen da: batzuetan ezohiko edo ausardiazko hitanoari berdin erantzutearren sortzen da T-T, biziki gazteagokoaren ausardiari erantzunez edota kideko ezezagunaren joera hitanozaleari erantzunez; beste batzuetan, alderantziz jazotzen da eta, adibidez, adiskideetariko bata, hika mintzatzen ez dakiena edo hala aritzen ez dena baldin bada, V-V nagusituko da asimetria faltsu baten desegokitasuna saihestearren.

Psikologiak ere badu eraginik. Begikotasunak, gogaidetasunak eta izaera-berdintasunak elkarrekiko hitanorantz bultzatzen bide dute: solaskidea norberaren araberakoago eta probabilitate gehiago dago T-T azal dadin. Gainera, kidetasun psikologikoaren ondorioz azkarrago (afari batean, adibidez, ordu batzuen buruan) gerta daiteke hitanoranzko (T-T) aldaketa elkar ezagutu berri dutenen artean.

Tratamendu-aldaketari gagozkiola, lehendabizi, aldaketaren zailtasuna azpimarratu behar dugu. Ezagutu berriarekin euskaraz ez da aldameneko erdaretan bezain azkar aldatzen lagunarteko tratamendura. Batzuek, elkar ondo ezagutzeko adinako denbora (aski denbora luzea) behar izaten dute hitanora jotzeko eta beste batzuek, sekula ere ez omen dute hika egiten adiskide berriekin. Edozein kasutan ere, beste hizkuntza batzuen aldean, euskaraz T-ranzko berezko aldaketa ez bide da hain erraza eta berehalakoa. Bestalde, ez dirudi hizketagaiak tratamendu-aldaketarik eragiten duenik.

Aditz jokatuarekin komunztadura bikoitza

Singularreko bigarren pertsonako izenordainaren (hi) hautaketak nahitaez dakar komunztadura morfologikoa mendekoak ez diren perpaus adierazgarrietako aditz jokatuan, komunztadura bikoitza, ekarri ere. Horrek esan nahi du bigarren pertsona alokutiboa adizkeran islatu behar dela, bigarren pertsona argumentala islatzen den bezalaxe. Hi izenordainaren aukera eta adizkera alokutiboena ezin askatuzko eran daude loturik euskaldun hikatzailearen gogoan. Hikako tratamenduak (gainerako tratamendu alokutiboek bezala) horixe du bereizgarri, beste hizkuntzetako tratamenduen aldean: aditz jokatuarekiko komunztadura bikoitza.

Aditz alokutiboak badu sintaxizko urrezko arau bat, soilik mendekoak ez diren perpaus adierazgarrietan erabiltzen da literatura-tradizio landuan. Oro har, gaurko euskara mintzatuan ere halaxe gertatzen da; salbuespen batez, hala ere. Galderazko perpausetan alokutiboa erabiltzeko joera dago euskalki gehienetan, eguzki aldekoetan izan ezik (behe-nafarreran eta zubereran). Gainerakoan, salbuespenak salbuespen, bete egiten da sintaxizko arau edo debekua, mendeko perpausetan ez baita adizkera alokutiborik sartzen. Baldintzazkoetan, hala ere, sarritan urratzen da aipaturiko legea, gazteen artean batik bat (45 urtez beherakoetan).

Boterearen semantika eta elkartasunaren semantika

Tratamendu-izenordainei buruzko ikerketa soziolinguistikoen historian oinarrizkoa den ikerketa ezagun baten arabera (Brown and Gilman, 1960), mendebaldeko zenbait hizkuntzatan, hala nola, espainieraz, frantsesez, alemanez, italieraz eta ingelesez, Brownek eta Gilmanek "boterearen semantika" deritzotenetik "elkartasunaren semantika" deritzotenera igaro da. Hizkuntza guztiotan tratamendu nagusi bi bereizten dira, aurrerantzean, gauzak erraztearren, T eta V laburdurez adieraziko ditugunak. Lehenengoa (T), lagunarteko tratamenduari dagokio eta bigarrena (V), begirunezko tratamenduari (4). Hitz laburrez, bi dira ikerkuntza horrek dakartzan diakroniazko hipotesiak:

  1. XX. mendean, aipatu bost hizkuntzetan (frantsesa, italiera, alemana, espainiera, ingelesa) lehenagoko "boterearen semantikari" "elkartasunaren semantika" nagusitu bide zaio edo erabat nagusitzeko bidean dago (5), eta ondorioz, gaur egun gero eta nekezago gertatzen da tratamenduzko asimetriarik (T-V)
  2. Elkartasunaren semantikaren barruan gaudelarik, gero eta joera garbiagoa ageri da T simetrikoaren alde (T-T), urruntasunezko edo formaltasunezko V simetrikoaren (V-V) kaltetan. Hau da, gero eta handiagoa da T elkarrekikoa eragiteko moduko egoeren kopurua gizarteko harremanetan.

Beraz, lehenbiziko aldakuntza semantikoak ardatz baten (boterearen) zokoratzea ekarri baldin badu, bigarrenak -orain gauzatzen ari omen denak-, sistema bakuntzearen alde jokatzen du: lagunarteko tratamendua (T) gero eta esparru zabalagoak bereganatzen ari da. Bigarren urrats hau beteko balitz, ziklo historikoaren abiapuntura itzuliko ginateke (T-->T / V-->T) eta agian horrekin batera bereizketa edo bikoiztasun berrien beharra (T/V) sentituko ere.

Aurkeztu ditugun diakroniazko hipotesiak eta bilakabidezko eredu teorikoa euskararentzat onartuz gero (6), berehala sortzen zaigu galdera bikoitza hizkuntzaren bilakabide historiko berriari buruz:

  1. XIX-XX. mendeetako euskararen eboluzioan boteretik elkartasuneranzko joera atzeman daiteke?
  2. XX. menderako inguruko zenbait erdaratan iragarritako elkarrekiko T-ranzko joera garbia sumatzen ote dugu gaur egungo euskaran?

Lehen galderari dagokionez, iraganean boterezko desberdintasunak kodetzeko joera (T-V) egun baino askoz handiagoa izan zela onartuz gero, ia-ia bere osotasunean postula daiteke gaur egungo euskararentzat R. Brown eta A. Gilmanen lehen hipotesi diakronikoa: joera gaurko euskaran tratamendu-berdintasuna edo simetria (V-V eta T-T) da, familiaren eremuan asimetriazko usadioak atxiki diren arren (T-V). Hots, familiatik kanpo garbiro ageri da V-V simetrikoranzko joera; eta familiaren eremuan "boterearen semantika" deiturikoaren aztarnak ugari diren arren -ugariegiak inguruko hizkuntzetakoen aldean-, boterezko asimetriak tratamenduaren bidez (T-V) kodetzeko uzkurtasuna, edo hobeto esan, V-V-ranzko joera garbia ikusten da neskekiko harremanetan (alaba, iloba eta biloba neskekin).

Behin simetriaranzko joeraren hipotesia onartuta, joera sartaldeko hizkuntzetan T-T-rantz dela aldezten duen Brownen bigarren hipotesiari dagokionez, esan beharra dago, salbuespenak salbuespen, gaurko euskaran ez dela sumatzen horrelako bilakaerarik. Gaurko euskaran, maiztasunezko hitano simetrikoa aukera berezia eta markatua da, senidetasunezko harreman jakin batzuetara (haurrideak, lehengusuak eta koinatuak) eta adiskide eta kideen arteko harremanetara mugatua; eta edozein kasutan ere, zalantzaren aurrean V-V izaten da aukerarik ohikoena eta seguruena. Bestalde, sexuzko eta adinezko desberdintasunek, asimetrien eragileak diren neurrian, elkarrekiko hitanoaren aurka eta V-V aukeraren alde joka dezakete etorkizunean. Hitz batez esateko, ez dirudi inola ere T-T orokortzeko bidean dagoenik. Gainera, bildutako iritzien arabera, gaur-gaurkoz ez dirudi euskaldun hikatzaileak begi onez ikusiko lukeenik -familiartean, behinik behin-, T simetrikoranzko aldaketarik. Are gutxiago, euskaldun guztiak gogoan hartzen badira, orduan joera garbi-garbia sumatzen baita kortesiazko tratamendu elkarrekikoa (V-V) orokortzeko.

Laburbilduz, hitanoa tratamendu markatua dugu eztabadaren edo zutanoaren aldean eta, era berean, hitanoaren barnean, noketa tratamendu markatua dugu toketaren aldean.

Ez dago erregistro jakin bati uztartua

Azken iruzkin bat, bukatzeko. Gure artean "tratamendu" eta "erregistro" terminoak era nahasian erabili izan dira, bata eta bestea erabat parekatuz. Horrela, adibidez, hikako tratamendua hizkuntzaren erregistro apalekin identifikatu izan da, esanez "lagunarteko erregistroa" dela, "arrunkeria" dela eta abar. Gure ustez, berdintze hori, nahi gabe, kaltegarri gerta daiteke hitanoaren iraupen eta zabalkunde "normalerako", adierazpen horretatik honako gaizki-ulertua sor daiteke eta: hitanoak hizkuntzaren maila arruntera mugatua geratu behar du eta nekez gerta daiteke erabilgarri maila estandarrean edota jasoan. Gure ustetan azken ondorioztapena ez da zuzena. Berez, hikako tratamendua -beste edozein tratamendu bezalaxe- hizkuntzaren era elkarrizketatuari dagokion zerbait da eta "elkarrizketako era" izateak ez du esan nahi nahitaez hizkuntzaren erregistro apalenekin (estandarretik beherakoekin, hots, lagunartekoarekin, herrikoiarekin edota arruntarekin) identifikatu behar denik eta literaturarako edota estandarrerako ezgai edo desegokia denik. Hitanoa "elkartasunaren" (berau kidetasunaren zentzuan ulertuta), etxekotasunaren eta lagunartekotasunaren tratamendua da, hizkuntzaren maila estandarrean eta jasoan ere elkarrizketaren orduan eta aipatu helburu adierazkorrez jantzita guztiz erabilgarri eta egoki gerta daitekeena. Gure ustez, beraz, "erregistro" eta "tratamendu" terminoak ez dira kontzeptu parekagarriak, nahiz eta sarritan batera gertatzen diren: hikako tratamendua "lagunarteko erregistroan" gertatzen da maiz, baina horrek ez du esan nahi erregistro horretara mugatua geratu behar duenik (hizkera herrikoian, arruntean eta bestetan ere gerta daiteke-eta); hots, gure aburuz, tratamenduetariko bakoitzak ez du zertan egonik hizkuntzaren erregistroetariko bati (hizkera jasoari, estandarrari, lagunartekoari, herrikoiari edo arruntari) atxikirik.


(XABIER ALBERDI LARIZGOITIA, Euskal Herriko Unibertsitateko Euskara Zerbitzuaren zuzendaria da)

  • Idazlan hau estreinekoz Euskaltzaindiaren Euskera aldizkarian argitaratu zen (Euskera, 1994-3, 39, 983-993 or).

Oin-oharrak

(1) Noketak erdialdeko euskalkietan iraun du hobekien (batez ere gipuzkeran eta zerbait kaxkarrago goi-nafarreran); gainerako euskalkietan oso nabarmena da atzerakada.

(2) Teorian adinaren eragozpena inon ezabatzekotan, anaien artean ezabatu beharko litzateke; hala ere, euskaraz anaitasunak ez du guztiz neutralizatzen adinaren eragozpena, anaia dezente zaharragokoarekin jaitsi egiten baita hitanoaren ehunekoa.

(3) Ekialdeko behe-nafarrerazko hiztun zenbaitek solaskide kanpotarrekin alokutiboa (xuka nahiz zuka) baztertzeko eta eztabadara jotzeko duten ohituran beharbada bi aldagaiok dute eragina: joera mimetikoak eta urruntasun dialektalak.

(4) Horrekin ez dugu esan nahi hizkuntza desberdinetako T guztiak (edo V guztiak) pragmatikoki eta soziolinguistikoki erabat baliokideak direnik.

(5) Hala ere, ohartarazi beharra dago soluziobide hau ez dela orokorra eta unibertsala, ezta aipaturiko hizkuntzetan ere. Beraz, hizkuntza-kontuetan ia-ia beti gertatu ohi den bezala, erregela edo lege gisa barik, joera-gisa aurkeztu behar da delako bilakabidea. Boterearen aztarnak -indar edo pisu espezifiko handiagoz edo txikiagoz- hizkuntza gehienetan agertzen dira. Eta badirudi "enplegu-emailea/enplegatua" dela botere-zamarik handiena atxikitzen duen harremana.

(6) Brownen hipotesi diakronikoak euskarari buruz egiaztatzea edo gezurtatzea ez da batere eginkizun erraza, batetik, idatzizko lekukotasunen berankortasunagatik, bestetik, haien urritasunagatik. Idatzi zaharrek ez digute erakusten bere osotasunean hizkuntzaren gizarte-bizitza eta are gutxiago izenordainen bidezko tratamenduen eremu sozial murritz edo zabalagoa.

Aipamen bibliografikoak

BROWN, R. and GILMAN, A. (1960): "The pronouns of power and solidarity" in T. A. SEBEOK (1960): Style in Language, Cambridge, Mass., MIT Press. Baita in P. P. GIGLIOL1 (1972): Language and Social Context, Penguin Books.

DE RIK, R. P. G. (1992): "Familiarity or Solidarity?: The Pronoun Hi in Basque", RIEV, 1991-2 (39), XXXVI, 373-378 or.

SEGUROLA, I. (1992): "Gizon, gizarte, gizagaixo", Euskaldunon Egunkaria, 1992,430, 26. or.

Inprimatu


Erantzun

 
Emakumeen bakarrizketari buruz
2003-10-27 / 09:34 / Xabier Mendiguren

Hortik aparte, bakarrizketan hika aritzen diren emakumezkoen artean noka da usadioa nor bere buruari mintzatzeko. Hau da, hiztuna bitan banatzen denean, alegia bakarrizketa elkarrizketatuan nahitaez islatu behar da emakumezkoaren sexua (zer egin dun?); emakumea noketa erabili beharrean gertatzen da, solaskide bere burua hartu duela eta bere buruari zuzentzen ari zaiola konturatzen den neurrian. Aitzitik, bakarrizketa den alegiazko elkarrizketan solaskidearen kontzientzia argirik ez baldin badago, hots, hiztun emakumea inori bereziki -ezta bere buruari ere- zuzendu gabe ari baldin bada, orduan toketa nagusitzen da bakarrizketan eta eztabada ere ez da ezinezkoa (Segurola, 1992).

Emakumeen bakarrizketaren kontu hori ez dut batere garbi ikusten. Hiztuna bitan banatu edo ez banatzearen kontu hori.

Ni noski, ez naiz emakumea, eta nire esperientzia ezin izan bakarrizketa-hiztunarena, baina bakarrizketa horiek ozenki egiten diren neurrian esan dezaket, hiztun onak ziren emakumezkoei, toka aditu izan diedala beti: "Ta nere artean esan nun, hau ez dek parte onekoa". "Nun" horren ordez "ninan" edo "nian" esan liteke, segun eta norekin ari den, baina "dek" beti.

(XABIER MENDIGUREN ELIZEGI idazlea eta ELKARLANEAN argitaletxeko editorea da)

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus