Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Kooperatibagintza eta euskara, elkarren garabide

Kooperatibagintza eta euskara, elkarren garabide

2003-06-18 / 07:06 / Jon Sarasua Maritxalar   ENPRESA

Ze leku izan dezake euskararen garapenak euskal kooperatiben jokaera eta helburuetan? Ze aukera interesgarri eskaintzen die koooperatibei lan-prozesuetan euskara garatzeak? Ze leku eta eragin izan dezake kooperatibetan euskara garatzeak, gure hizkuntza honen garapen osoagorako?

Euskara garatzea helburu da kooperatibentzat

Euskara garatzea helburu da kooperatibentzat

Iraganera begira: kooperatibagintzaren zentzuetan lekutxo bat

Arrasateko Kooperatiba Esperientziaren muinean integrazio bat dago: logika ekonomikoaren eta helburu sozialen arteko integrazioa. Helburu ekonomiko eta sozial horiek osatzen dute kooperatibismoaren zentzua, zertarakoa.

Zentzuek bilakaera izan dute Arrasateko Esperientzian. Esperientziaren sortzaile eta gidari nagusietakoa izan den Jose Maria Ormaetxeak hiru aro bereiztu izan ditu esperientziaren motibazio iturriei dagokienez: a) motibazio etiko-kristauaren aroa, b) motibazio abertzale-herrigilearen aroa eta c) pragmatismoaren aroa.

Hiru aro hauek denboran hurrenez hurren nagusitu direla aipatzen du berak baina, bestetik, hiruretatik zerbait bada aro guztietan. Bigarren aroko motibazioak, beraz, bere tokia izan du Arrasateko Esperientziaren baitan. Herria eraikitzea, edo “hacer país” hori zentzu iturrietako bat izan da kooperatibetan. Zentzu iturri horren barruan, euskara sustatzeak bere tokia izan du, eta horren erakusgarri dira orain arteko ekintzak, ahaleginak eta emaitzak. Esan liteke, historiaren irakurketa eginez, euskararekiko konpromisoa Arrasateko Kooperatiba Esperientziaren nortasun ikur bat izan dela, ez nagusietakoa, baina bai elementu osagarri moduan txertatu duena.

Kooperatiben printzipio nagusi eta arautegietan ere izan du bere isla euskararekiko konpromisoak. Esperientziaren dekalogoa osatzen duten hamar printzipioetako zortzigarrenean, aski argi eta indartsu agertzen da euskararekiko lotura:

  • Arrasateko Kooperatiba Esperientziak (...) Euskal Herrian jarduten du, berreraikuntza ekonomiko eta soziala lortzea eta euskal gizarte aske, bidezko eta solidarioagoa taxutzea ahalbidetuko duen hedapen-prozesuaren bitartez. Hauxe da hori lortzeko hartutako bidea:

    (...)

    e) Euskara, hizkuntza nazionala den aldetik, eta euskal kulturaren bereizgarriak suspertzen laguntzea.

Printzipio nagusi honez gain, kooperatiba askoren estatutu eta barne araudietan aitortzen zaio euskarari lantegiko hizkuntza ofizial edota lan-hizkuntza izaera, eta berau sustatzeko konpromisoa jasotzen da.

Hor dugu, beraz, bai arauetan eta bai ekintzetan, gutxi edo gehiago, hizkuntzarenganako konpromisozko ibilbide bat, euskararen sustapena Arrasateko Kooperatiben Esperientziaren zentzu sozialen parte izan dela egiaztatzen duena.


Etorkizunera begira: zentzuen berreraikuntzan adreilu

Hori da iraganak dioskuna, lekutxo bat izan duela euskararen sustapenak kooperatibagintzaren zentzu eta motibazio iturrietan. Eta ze zantzu erakusten du etorkizunak?

  • Zentzuen bilakaera

Arrasateko Kooperatiben Esperientzia arazo sozial jakin batzuei erantzunez jaio zen. Garai hartako kuestio sozial nagusiari, langile eta jabeen arteko amildegiari formula demokratikoekin erantzutea eta hazkuntza ekonomikotik abiatuta herriaren garapena lortzea izan ziren ipar. Kooperatiba hauek justizia sozialaren inguruko arazoei erantzunez jaio ziren, eta erantzun haiei eusten saiatu dira, egoeretara moldatuz.

Esan beharrik ez dago ingurunea sakonki aldatu dela. Beharrizan eta eskasia egoera batetik, oparotasunezko gizarte batera pasa gara. Beste batzuk dira orain gizarte-arazoak, eta oso desberdinak dira gizarte-eraldaketa bultzatu nahi dutenen sentsibilitateak. Aldaketak sakonak eta bizkorrak izan dira, eta nahiko lan badu kooperatibismoak aldaketa horietara moldatzen. Galderen eskenatokia aldatu da. Adibide moduan har daiteke aberastasuna sortzearen helburu-ilusioa. Ilusio hori bizia izan zen lehen hamarkadetan, bulkada etikoaren ipar bihurtu zen eta konpromiso iturri moduan funtzionatu zuen. Gaur egun, ordea, gizarteko eta belaunaldi gazteetako sektore konprometituenentzat aski aberatsak gara beharbada, edo aberatsegiak. Oro har, galderak berriz formulatzea eskatzen du ingurune aldaketak. Zertarako hazi? Zertarako konprometitu? Ze aportatzen dugu? Ze ipar dugu? Zer nahi dugu, eta zer ez dugu nahi?

Galdera hauen aurrean, Arrasateko Kooperatiben Esperientziako oinarri sozialak, kooperatibismoaren norabide-krisia edo zentzu-krisia bizi duela pentsatzeko arrazoiak badaude. Nortasun kooperatiboaren inguruko galdera nagusiak erantzun sendorik gabe daude.

Zentzuak eraikitzeko garaia dela dirudi. Beti bezala, baina une honetan bereziki, aldaketen izaera sakonagatik eta azken hamarkadetako idea-ekoizpen, formazio eta eztabaida urriagatik. Zentzu elementuak lantzea eskatzen du eraikuntza honek. Zentzu gorputz hau, bai esperientziaren ziklo bitalagatik (bostgarren hamarkada), bai gizarte (post)modernoaren eraketagatik, ez dirudi hasierakoa bezain sendo eta monolitikoa izango denik. Batetik, askotarikoagoa eta malguagoa beharko du eta bestetik, dimentsio-anitzduna.

  • Euskararen garapena zentzu elementu

Zentzuak eraikitzeko elementuak osatzen honetan ze toki izan dezake euskararen garapenak? Badira arrazoiak pentsatzeko bere tokia baduela, eta izango duela. Kooperatibagintzaren zentzua dimentsio-anizduna izango dela aipatu dugu. Dimentsio horietako bat da hizkuntzaren garapena.

Izan ere, “hazkuntza ekonomikoa zertarako?” da sakonean dagoen galdera nagusia. Eta galdera horren erantzuna garapen osoago eta multidimentsionalago baten ildotik doala dirudi. Garapen oso edo multidimentsionalaren ideia aurki dezakegu iadanik Kooperatiba Esperientziaren sortzaile eta bultzatzaile izan zen Jose Maria Arizmendiarrietaren idazkietan, baina orain indar biziagoa hartzen du, izan ere, hazkuntza ekonomiko soilaren eta benetako garapen orekatuaren arteko dialektika funtsezkoa baita gaur egun. Hazkuntza ekonomikoak zentzua izan dezake baldin eta arlo pertsonala eta komunitarioa, soziala eta kulturala orekan garatzeko aukera ematen badu. Adibidez, bidean hizkuntza edo ingurugiroa sakrifikatu behar baditugu, gorputz sozialaren zati batek gero eta zentzu gutxiago bilatuko dio hazkuntza ekonomikoari.

Hizkuntzaren garapena ez da, jakina, kooperatibagintzan elementu zentrala. Arrasateko Kooperatiba Esperientziaren muina enpresa-demokrazia partehartzaile eta aldi berean ekonimikoki bideragarri-eraginkorra da, eta horixe da nagusiki findu eta garatu beharko dena. Baina garapen kooperatiboaren zentzua eraikitzerakoan garrantzi berezia du bere gizarte-konpromisoak. Eta gaur egun, inguruko pertsona eta gizartearekin konpromisoa izateak bere hizkuntza-garapena errespetatu eta bultzatzea ere esan nahi du.

Gainera, esan daiteke, garai batean eskualdeko sektore kontzientziatu eta konprometituak hazkuntza ekonomikoa ipar izan bazuten, gaur egungo sektore konprometituek beste ipar batzuk dituztela nagusiki: nazioarteko elkartasuna, hizkuntza eta kultura garapena eta ekologia, besteak beste. Sektore konprometitu edo traktore horiek, nolabait, etorkizuneko joerak markatzen dituzte eta gaur egun inplikazio eta ilusio-bultzadarik handiena eman dezaketen pertsonak mugitzen dituzte.

Ilusio-bultzada horietako bat, erreala eta potentziala, bai kooperatibetan ere, euskararen garapenak sortzen duena da. Kooperatibagintzak adi-adi egon behar du zentzu elementu osagarri izan daitezkeen hauei, belaunaldi berrien sentsibilitate eta helburu sozialetatik aparte geratu nahi ez badu.


Sustraitze-dimentsioa eta identitate arazoen gorakada

Autoeraketa ekonomikoaren edo kooperatibismoaren berezko ezaugarrietako bat izan da bere sustraitzea. Lur batean, komunitate batean, herri batean sustraitzeko eta engaiatzeko berezko joera. Izan ere, batetik, kooperatiben ekimena zentzu kolektibo batetik sortzen da, eta zentzu kolektibo hori geografia batean txertatua dago, giza-geografia batean, kultur-geografia batean. Bestetik, kooperatibetako kapitala ez da hain aberrigabea, eskualde edo herri bateko oinezko pertsona askoren artean banatzen da, ez du haizeak eramango edonora.

Izaera sustraitu honek, komunitatearen garapen oso eta orekatuarekiko lotura ematen dio kooperatibagintzari. Eta bestetik, honi lotuta, identitate-arazo eta identitate-garapen prozesuekiko gertutasuna.

Ez dezagun ahaztu gaur egungo globalitatean gorantz datorren problematika dela identitate zaurituena. Hazkuntza ekonomikoa ipartzat duten globalizatze-indarrek giza aniztasunaren (kultura eta hizkuntza aniztasunaren) galera prozesuak bultzatzen ditu zentzu askotan. Adierazgarria da gaur egun munduan martxan dauden gerra eta gatazka armatu gehien-gehienak identitate gatazkak izatea neurri handi batean. Gobalizazioak bizitu egin ditu biak: bai identitate galera prozesuak, eta bai identitatea sendotzeko ahaleginak. Etorkizunean joera indartsu izango dela dirudi identitateen afirmazioa eta garapen-nahia.

Ekonomia sozialak eta, honen barruan, kooperatibismoak kokapen berezia du testuinguru honetan. Izan ere, garapen ekonomikoa lur batean sustraituta bultzatzen du, lur horretako komunitateen desioei lotuta. Kooperatiben gorputz sozialak, gainera, beren identitatea garatzeko eta gu hori bisualizatzeko beharra du, eta izango duela dirudi etorkizunean ere. Eta gu horren elementuetako bat, gu horri zorua ematen dion dimentsioetako bat bere izaera sustraitua da.

Dimentsio sustraitu hau osagarri izan daiteke kooperatiben nazioartekotze-prozesuekin. Hain zuzen ere, enpresa-estrategia moduan nazioartean filialak eta loturak zabaltzeko kooperatibek duten joerak lehen begiratu batean kolokan jar lezake berauen izaera sustraitu eta engaiatua, eta horri irtenbidea bilatzea dagokio XXI. mendeko kooperatibagintzari.

Problematika guzti honen aurrean, kooperatibek beren sustraitzean sakontzeko aukera dute, adarrak mundura zabaltzearekin batera. Orekatu egin beharko dituzte sustraitzea eta zabaltzea. Horretarako bideetako bat toki bakoitzeko hizkuntza-ekologia zaintzean datza. Eta hizkuntza-ekologia horretan, funtsezko pausoa, kooperatiben muin geografiko-kulturaleko hizkuntza garapena bultzatzea da.


Pertsonaren garapena

Pertsona erdigunean jartzeko ahalegina da Arrasateko Kooperatiben Esperientziaren muina. Arizmendiarrietaren pentsamenduak behin eta berriz azpimarratzen du ideia hau. Azken finean ekimen kooperatiboaren helburua pertsonaren garapen osoa lortzean datza, komunitateko elkartasun-indarren bidez. Garapen oso horren zerbitzuan hazi behar du ekonomia kooperatiboak.

Bestetik, azken urteetan egundoko tokia hartu du diskurtso honek nonahi. Erakundeetan pertsona omen da zentro. Gizakiaren autoerrealizazioa da enpresek bilatzen duten gakoa langileen inplikazioa lortzeko. Jendeak bere izan-nahiak eta bere aspirazioak betetzeko esparruak behar ditu lanean.

Diskurtso horrek inplikazio zabalak ditu. Gaur egun zaila da irudikatzea gure inguruneko pertsonen garapen osoa, garapen linguistikoa kanpoan utzita. Garapen linguistikoa pertsonaren parte da, lanetik bertatik hasita. Garapen linguistikoa garapen profesionalaren parte ere bada. XXI. mendeko Euskal Herrian nekez izan dezake sinesgarritasunik pertsonaren garapen osoaren diskurtsoak, lanean norbere hizkuntzan garatzeko aukerak zabaltzen ez badira. Bai kooperatibagintzaren muinean eta bai egungo enpresa diskurtsoan nagusi den pertsonaren garapenaren norabidean doa, beraz, hizkuntza aukerak zabaltzen dituen enpresa-politika.

Euskara garatzea aukera da kooperatibentzat

Euskara garatzea kooperatibentzat helburu dela eta helburu izan daitekeela argudiatu dugu aurreko atalean. Helburu izateaz gain, ordea, aukera bizigarri ere izan daiteke berauentzat.

Aukera bizigarri izan daiteke kooperatibetan euskara garatzea, lehenik, aurreko atalean esandako guztiagatik: kooperatiben zentzu berrikuntzan adreilu delako eta pertsonen garapeneko dimentsio bat betetzen duelako.

Hortik aurrerago joanda, euskara kooperatibentzako aukera bizigarri dela esateko hiru gako aipatuko ditugu.


Langileen motibazio-iturri osagarria

Langileen motibazioa oinarri da egungo enpresa-jardueran. Are gehiago, jakina, kooperatibagintzan. Motibazio honek osagai ekonomikoak baditu (soldata), bestelako interes indibidualekoak ere bai (garapen pertsonalerako lanpostuak eskaintzen duen aukera), eta badu osagai ideologiko edo sozialik ere (langileak lanean bere ideiekiko bilatzen duen koherentzia).

Azken osagai honek, lanean norbere ideiekiko bilatzen den gutxieneko koherentziak badu bere garrantzia. Oparotasunaren gizarte honetan, ongizate materialaz gain beste balio eta motibazio batzuk ere indartzen dira. Horien artean koka dezakegu, zalantzarik gabe, hizkuntzaren aldeko jarrera eta lanean norbere hizkuntza erabili eta bultzatzeko gogoa.

Kontu hau bi mailatan azter dezakegu. Batetik, gorputz sozial kooperatiboa orokorrean hartzen badugu, hizkuntzaren aldeko motibazioa gero eta handiagoa dela ikusiko dugu oro har, beronen ezagutza eta berau erabiltzeko aukerak zabaltzen doazen neurrian. Eta enpresak bat egin dezake langileen euskararen aldekotasun horrekin, norabide horretan pausoak emanez.

Beste maila batean, gizarteko sektore aktibo eta konprometituenak aztertzen baditugu, sektore hauetan euskararen motibazioa are biziagoa dela ohartuko gara. Eta puntu hau garrantzitsua da. Unean uneko sektore sozialki konprometitu eta aktiboenek arreta gune berezia izan behar dute Arrasateko kooperatibena bezalako gizarte-esperientzietan. Sektore horiei darien sentsibilitatea kontutan hartu behar luke kooperatibagintzak, bi arrazoigatik: sektore horiek, kuantitatiboki gutxiengo izanda ere, gizarte joeren gidari izan ohi direlako, eta sektore horietan giza potentzial nahiz ideia potentzial handia egon ohi delako.

Kooperatibak indartsu direneko eskualdeetan, hain justu ere, euskararen aldeko motibazioa bereziki bizia da. Eta aipatu berri ditugun sektore aktibo eta engaiatuenetan euskararen garapenaren aldeko jarrera nabarmenki nagusitzen da. Are gehiago, euskaren aldeko mugimendua da inguruko gizarte-mugimendu sendoenetako bat.

Honek guztiak euskara lanerako motibazio-iturri bihurtzen du. Pertsona askorentzat ilusio-pizgarri potentziala litzateke aukera bikoitz hau: bere lantokiak euskararen garapena bultzatzen duela jakitea, eta bera pertsonalki lanean euskaraz gara daitekeela ohartzea. Aukera hori langileentzat zabaltzea, aukera da enpresarentzat, atal honen tiluluan esan dugun zentzuan.

Belaunaldi berrien nahikunde linguistikoak

Euskara erabiltzeko gaitasunak aurrera egin du, oro har, euskal gizartean, bereziki belaunaldi berrietan eta hezkuntza alorrean. Hezkuntzan egindako ahaleginen fruitu, une honetan hezkuntza-sistematik irtenda lan-merkatura doazen gazteak euskaraz lan egiteko prestatuta datoz (1) gero eta gehiago.

Belaunaldi berrietako zati handi batek euskaraz lan egiteko prestakuntza jaso du, eta horretarako motibatuta dago. Nahikunde horrek, ordea, hesia bilatzen du gaur egungo enpresen errealitatean.

Desoreka handia dago hezkuntzatik sortutako errealitatearen eta enpresa munduko errealitateaen artean. Talka hori ez da etorkizuneko kontua soilik, iadanik gertatzen ari da. Maila soziolinguistiko orokorrean, enpresa munduak euskalduntze prozesuaren botila-lepo efektua egiten du gaur egun. Maila pertsonalean, belaunaldi gazteetako pertsona askoren espektatiba eta nahikundeen frustrazioa sortzen du lanean euskaraz jardun ezinak.

Testuinguru honetan, belaunaldi berrietako pertsonei lanean euskaraz jarduteko bideak zabaltzea aukera bizigarria da enpresentzat. Negatiboan ikusita, hala ez egiteak pila dezakeen frustrazio eta urrutiramendua saihesteko. Positiboan ikusita, honetan politika aktiboa izateak kooperatibagintza gazteen begietan koherenteago eta ilusionagarriago bihur lezakeelako.


Kooperatiben irudi sustraitua

Gai hau marketing arrazoietatik askoz haratago doa, baina irudi aldetik ere aukera izan daiteke kooperatibentzat. Izan ere, hizkuntza-jokaera koherentean jardunez gero, esparrurik gertukoenean beronen irudiak ematen dituen aukerak baliatzea egokia baita.

Kooperatibek badute interesa gizarteak “bere” senti ditzan. Ekonomian hariak eta interesak ilunak diren aro honetan, guztia nazioartekotzen, hedatzen, atzerriko kapitala bertako-itxura kamaleonikoa hartzen, enpresen jabegoa deserrotzen... ari den honetan, kooperatibentzat ona izan liteke, sustraitzeari eusteaz gainera, sutraituaren irudiari ere eustea, edo irudi hori lantzea.

Bai errealitatean eta bai irudian, sustraitzearen dimentsioa ahazteko joera bada azkenaldian kooperatibetan, hedatzeari eta nazioartekotzeari lehentasuna emanez. Epe luzera, ordea, deserrotzeak arazo gorriak ekar ditzake kooperatibagintzara. Honetaz gogoeta gutxi egin da: kooperatibagintzak badu erdigune geografiko-kultural bat, Euskal Herrian, eta bereziki Euskal Herriko euskal herrietan sortu eta garatu dena. Gorputz sozial kooperatiboaren muina, bere motibazioak, bere identifikazio elementuak eta bere identitate zeinuak tentuz zaindu eta garatu beharrekoak dira, baldin eta esperientzia kooperatibo izaten edota horretan sakontzen joan nahi bada. Zein dira gorputz sozial kooperatiboaren muinaren identitate zeinuak? Gorputz sozial hau heterogeneoa da, zalantzarik gabe. Heteroegenoa izateak ez du, ordea, esan nahi ezaugarririk gabea (ezaugarri desberdin eta askotarikoak izan arren), joerarik gabea, elementu garrantzitsurik gabea eta sustrairik gabea.

Hala, irudian ere, badu bere garrantzia gizarteak –eta gizarte horretan daude, besteak beste, bere hornitzaile eta bezero asko eta asko- kooperatibak enpresa sustraitu bezala ikusteak. Hizkuntza politika egokia izatea elementu lagungarria da kooperatiben irudiaren lehen esparrurako: kooperatibak bere gorputz sozialaren aurrean eta bera hartzen duen komunitatearen aurrean duen irudirako.

Atal honetan ikusi dugun guztiarekin, ondorio bat marraz liteke: euskara kohesio elementu izan daiteke kooperatibetan. Bai kooperatiba barneko kohesio sortzaile, eta bai korporazio mailako identitate eta kohesio sortzaile. Kohesio elementu izatea lotuta dago motibazio-iturri izatearekin, eta hau lotuta dago kooperatibagintzaren zentzuak berreraikitzeko adreilu izatearekin. Lotura horietan zera intuitzen dugu: euskara garatzea kooperatibagintza biziberritzeko elementu izan litekeela. Horixe dio idazlan honetako tituluaren zati batek: euskara, bere apalean eta bere mugen barruan, kooperatibagintzaren garabide izan daitekeela. Garabide, alegia, zentzuen dimentsio bat garatzeko bide, izaera sustraitua garatzeko bide, kohesio eta motibazio-iturriak garatzeko bide, azken finean, kooperatibagintza berritzeko bide. Euskara, beraz, kooperatibagintza biziberritzeko elementu. Eta alderantziz?

Kooperatiben ekina berebizikoa da euskararentzat

Hizkuntza politika egokia izatea kooperatibentzat helburu eta aukera bizigarri dela aipatu dugu aurreko bi ataletan. Alderantzizko norabidean egindako gogoeta falta zaigu: kooperatiben hizkuntza jokaerak euskararen garapenerako duen eragina eta garrantzia.


Maldan gora lehen pausoa: hezkuntza

Euskarak normalkuntzara edo garapen osora bidean pausoak eman ditu azken hiru hamarkadatan. Hala ere, eta ikuspegi orokorra hartzen badugu, euskara bizi-kinkan dagoen hizkuntza da: bizi-dinamika osasunarri batera iristearen desafioa dauka aurrez aurre, dinamika horren kontra jokatzen duten indar asko ditu inguruan, eta, bereziki lurralde batzutan, egoera kezkagarria da oso.

Hezkuntza euskalduntzen jarritako ahalegina izan da azken 30 urteotako garapenaren zutabe nagusia. Gizarte-ekimenetik sortutako bultzadari esker, pauso handiak eman dira euskarazko irakaskuntzan. Ahalegin honek belaunaldi berriak euskaraz bizitzeko eta euskaraz lan egiteko prestatu ditu. Bestetik, euskararen korpusa bera ere osatuz, berrituz eta aberastuz joan da, gaur egungo edozein funtzio profesional betetzeko moduko maila lortuz.

Hezkuntzan egindako ahalegin handi honen erakusgarri dira hezkuntza-kooperatibek emandako pausoak. Zentzu honetan, kooperatibismoaren muinak euskararen alde egindako apustua garbia izan da. Bada, hala ere, oraindik zer eginik. Ikastola kooperatiboek badute hizkuntza-koherentzian sakontzeko beharrik, gai honek behar duen ahalegin eta tentsioari eutsiz. Bestetik Mondragon Unibertsitateak ere esparru handia dauka lantzeko. Unibertsitateak enpresei zerbitzua eskaintzeko duen helburuaren barruan, euskararen gaia gune horretan txertatzeko aukerak ditu. Gaur egun euskal kooperatibetan profesional konpetentea izateko euskara ere konpetentzia-elementu bat da, eta ideia horren inguruan unibertsitateak egiteko garrantzitsua joka dezake.


Hurrengo ezinbesteko pausoa: lan mundua

Euskal gizarteak, eta horren barruan partikularki kooperatiben muinak hezkuntza prozesua euskalduntzen apustu garbia eta ahalegin izugarria egin duela aipatu berri dugu. Hau guztia, ordea, erdi-hutsean egindako ahalegina izan daiteke lan munduan jarraipenik ez badu. Soziolinguistikari garrantzitsuenen iritziz, lan munduan espazioak irabaztea da euskarak duen hurrengo desafio handia. Are gehiago, pauso hau eman ezean, besteetan egindako ahalegina zapuzteko arriskua erreala da.

Euskara biziberritzeko berebiziko pauso baten aurrean gaude, beraz: lan munduan euskara garatzeko bideak urratzea.

Aro hau, egia esan, hasia dago. Prozesua abiatze-fasean dago. 90eko hamarkadaren erdialdera probatutako plan pilotuetatik abiatuta, borondatean eta erabileran oinarritutako metodologia berri batekin hainbat euskal enpresa beren funtzinonamendua euskaduntzen hasiak dira. Dagoeneko enpresa dexente eta garrantzitsuak dira prozesu hauetan murgildu direnak eta bilakaera nabarmen hazkorra da azken urteotan.

Prozesu itxaropentsu baten aurrean gaudela esan dugu gorago ere, baina, aldi beran, abiatze-fasea dela aipatzeaz gain beste hau ere aipatu beharrekoa da: prozesu ahula dela. Ahula, eta apustu sendoa egin ezean, hondoratzeko aukera handiak dituena, berezko zailtasunengatik eta euskararen egoera orokorragatik. Une garrantzitsu eta konplexuan gaude.


Kooperatibak, aro berriaren ernamuin

Une berezi honetan, kooperatibek berebiziko zeregina joka dezakete. Euskal Herriko enpresen artean, MCCn biltzen diren kooperatibak izan daitezke euskararen garapeneko aro berri honen aintzindari. Eta izan ere hala dira une honetan, datuei begiratuta.

Aro berri baten ernamuin eta gainerako enpresen aintzindari dira, beraz, euskal kooperatibak gai honetan. Horrek, batetik, erantzunkizuna ematen die, euskara garatzeko une historiko honetan funtzio funtsezko bat betetzearen kontzientziak ematen duen ardura. Prozesu honen porrota kolpe handia litzateke euskararentzat, eta aurreko hamarkadatan egindako lan askoren zapuztea.

Bestetik, une eta prozesu garrantzitsu baten gune izateak, prozesu ilusionagarri baten aurrean jartzen ditu kooperatibak. Ematen diren pausoak munta handikoak dira. Prozesu neketsua, eguneroko arazoz betea eta une batzuetan etsigarria izan daiteke, baina aurreratzen denaren garrantziaz jabetzeak bizigarri bihur dezake ahalegina.

Zeregin ilusionagarria izan daiteke kooperatibetan euskara garatzea. Lehenik, esan dugun moduan, aro berri baten ernamuina osatzen ari delako eta berebiziko garrantzia duen une eta gune batean gaudelako. Bigarrenik, inoiz ibili gabeko bide bat urratzea esan nahi duelako, ikuspegi guztiz berriak irekitzen dituelako enpresa barruko hizkuntza-ekologia garatzeak. Hirugarrenik, orain arte beren nahikundeak bete ezin izan dituzten langile euskaldunentzat eta bereziki belaunaldi berrientzat arnas berria dakarrelako.


Bideak ireki, orain ibiliz

Hizkuntzaren une historikoari begiratuta, bideak irekitzeko unea da kooperatibetan. Batez ere, atzetik datozen belaunaldi berrien hizkuntza-aukerei bideak irekitzeko unea.

Bideak irekitzeko modua, ordea, orain abiatzea da. Aro berria martxan dago. Gaur egungo langile euskaldunen aukera eta –nahi izanez gero- ardura da prozesu honetan pauso pertsonalak ematea. Langile bakoitzaren pauso pertsonal hori, batetik, norbera euskaldun moduan, hiztun moduan bere hizkuntzan osatzeko pausoa da. Bestetik, pauso hori hurrengo belaunaldientzat irekitako bide zati bat da.

Aro berria martxan dago, baina historiaren zordun da. Arrasateko Esperientziako kooperatibek ibilbide bat egin dute beren lurreko jatorrizko hizkuntzari bideak ireki nahian. Argi-ilun askodun ibilbidea. Eta argien artean, euskararen zuziari egoskor eta nekez eutsi dioten banakako kooperatibista askoren ahalegina dugu aipagarrien. Ahalegin haien zordun da gaur egungo aroa, eta ibilbide hari errepide berria nahi dio erantsi.

Arrasaten, Debagoienean, Euskal Herrian, euskarak inoiz ezagutu duen arorik baxuenean sortu ziren kooperatibak. Ezin izan zuten, inola ere, euskararen errespetuan sortu, ezin izan zuten beraien protagonista euskaldunen hizkuntza garatzeko tresna izan. Paradoxikoki, gazteleraren nagusitasuna hedatzeko eta sendotzeko gune izan ziren. Herentzia horren gainean funtzionatzen dute, gaur egun oraindik, kooperatibek, euskararen aldeko ahaleginak ere asko izan arren. Herentzia hori hor dago, askorentzat iluna, baina edonola ere gurea. Herentzia horri errespetuz helduz, motibazio pertsonaletatik abiatuz, pausoak oinarri sozialaren nahikundeen gainean emanez, desafio bat dute orain kooperatibek: kooperatibak hain garai ilun eta berezian sortu aurretik, lur honi zerion eta egungo belaunaldiei darien hizkuntzari garabideak irekitzea.

Elkar biziberritzeko aukeraren aurrean daude kooperatibagintza eta euskara. Bada, seguruasko, lotura izkuturik hizkuntzaren eta lankidetzaren geneen artean. Hizkuntza, izan ere, denboraren ilunetik datorren giza-abentura errepikaezin baten emaitza da, ibilbide luze, nahasi eta enigmatiko baten zantzuen altxor-meta. Giza-abentura horren eramale gara, eta aldi berean abentura izaten jarraitzen duen bidearen protagonista. Ibilbide horren parte dugu kooperatibagintza ere, kasualitatez baino gehiago kausalitatez euskararen lurrean sortua. Euskara eman duen lurrak komunitatea, gizakia eta lana ulertzeko moduak ere eman baititu, aldi berean, hizkuntza-bizitza arteko elkarreragin etengabean. Bertako sustraien eta nonahiko eraginen artean sortu zen lankidetza arrasatearraren eredua. Lankidetzak eta hizkuntzak historiaren harian elkar sortu eta osatu zuten moduan, elkar osotu eta biziberritzeko aukera dute orain, iadanik anitz dituen hizkuntzaren milurteko berriaren atarian.

(JON SARASUA MARITXALAR, LANKI Lankidetzaren Ikertegiko zuzendaria da)

Oin-oharrak:

(1) Adibide moduan, azken urteotan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eredu euskaldunetan (D eta B) egin duten ikasleen portzentaia %99ra iristen da Debagoienean, eta %88ra Gipuzkoa mailan.

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus