Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Likidezia

Likidezia

2003-06-03 / 07:38 / Ibon Sarasola   HIZKUNTZA

Badira oraindik espezialitate hizkuntzetan hainbat hitz “lehengo eran” asmatuak, hau da, Hiztegi Batuak finkatu zituen irizpideetatik at asmatuak, eta hor segitzen dutenak zeinek bere barrutian. Ez dira oraindik hizkuntza jeneralera igaro, eta hori gertatu aurretik adierazi edo salatu behar litzateke horrelakoen desegokitasuna.

Horietako bat likidezia da, aspaldi, gauzak oso txukun egiten ez ziren garaian asmatua, eta hor segitzen duena Ekonomiaren eta Finantzen munduan, nire –eta besteren– harridurarako.

Problema ez da likido adigaia, noski, nire ustez bederen aitzakiarik ez duena ekonomiaren eta finantzen munduan erabiltzeko, nazioartekoa denez gero, besteak beste. Arazoa atzizkia da. Atzizki markatua da, nolabait, -ezia hori euskaraz. Bi hitz motatan agertzen da. Batetik erdarazko –eza-ren ordain: Hiztegi Batuan flakezia, noblezia, pobrezia, tristezia jasotzen dira horrelakoak, flaqueza, nobleza, pobreza, tristeza-ren kideak hurrenez hurren. Bestetik euskal erroei itsatsiak: Hiztegi Batuan trebezia, abilezia, ahulezia, dotorezia jasotzen dira; bada beste hitz bat hiztegi horretan, malezia,erdarazko malicia-ren kidea. Argi dago trebezia, dotorezia bezalakoak ez direla hitz neutroak, hots, argi dago trebetasun, dotoretasun-en kide adierazkorrak-edo direla. Aski da hori ikusteko Orotariko Euskal Hiztegian horien erabilera aztertzea.

Horiek horrela, nondik norakoa da likidezia? Ez da lehen sailekoa, espainolez ez baitago liquideza-rik; ez da, orobat, bigarrenekoa, likido ez baita euskal hitz patrimoniala: ez dut inoiz ezertarako gure tradizioan ikusi.

Okerrena, izan ere, hau da: denok dakigu nola sortu zen likidezia zorionekoa: liquidez-en makulua behar zuen, antza, eroso ibiltzeko gure artean; likidez kalko gordinegia zenez gero, “jatortu” -mozorrotu- egin zen, ez zegokion atzizki baten bitartez. Bestalde, asmatu zutenek pentsatuko zuten, ohi zenez garai hartan, liquidez,espainolezkoa zenez gero nazioartekoa izango zela orobat. Baina ez da: frantsesez liquidité da, ingelesez liquidity, liquidität alemanez. Hortaz, euskaraz likidotasun behar du, hitz neutroa eta nazioartekoa. Azken batean, espainolez liquididad-ik ez egona ari gara pagatzen euskaldunok. Ez al da tristea?


(IBON SARASOLA hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)


Orain arte argitaratuak irakurtzeko sakatu HEMEN


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus