Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Beti berdinean erortzea

Beti berdinean erortzea

2003-05-13 / 07:03 / Ibon Sarasola   HIZKUNTZA

Euskal astekari batean irakurri nuen orain dela gutxi, gaztelaniazko “caer siempre en lo mismo”-ren kalko gordin hau. Kalkoak bi alde ditu gutxienez. Bat, berdinean erabiltzea berean behar zukeen tokian. Baina beste alde bati ekin nahi diot orain.

Zale amorratua natzaion nobelagile baten azken eleberrian horrelako zerbait –kontua ez da inor salatzea– irakurri nuen: “esperantza da salba gaitzakeen bakarra”; gainera perpaus hori bera aldatzen du gure beste eleberrigile batek, nire betekoa hau ere, bere azken nobelaren sarrera orriko burura.

“Salba gaitzakeen bakarra” entzuten edo irakurtzen badut, nire barne gramatikak –hots, nire belarriak– pertsona bat irudikatzen du nire gogoan “bakar” horren atzean. Eta “esperantza da salba gaitzakeen bakarra” entzuten edo irakurtzen badut halako ziztako bat sentitzen dut belarrian, “esperantza da salba gaitzakeen gauza bakarra” eskatzen baitit barne gramatikak. Eta ez dut uste hori sentitzen duen euskaldun bakarra naizenik. Aitzitik, uste dut hori dela joera jatorrena gure tradizioan eta hiztun onen artean.

Hortaz, ontzen ari naizen gaztelania-euskara hiztegian, gaztelaniazko lo artikulu neutroari dagokion sarreran “-a” eta “gauza” jarri dut euskal ordain gisa, adibide hauekin oraingoz: “lo mismo me pasó a mí, gauza bera gertatu zitzaidan; lo mejor de la película es la música, filmaren gauza hoberena musika da; lo difícil es encontrar respuestas, erantzunak aurkitzea da zaila; le gusta todo lo francés, Frantziako zernahi du gogoko”. Erakutsi nahi dut gaztelaniazko lo-ren kidea ez dela beti “gauza”. Baina bai askotan.

Hortaz, hizpide dudan goiko izenburuak, euskara hobean “beti gauza berean erortzea” edo “beti kontu berean erortzea” behar luke. Euskara hobean, besterik gabe.


(IBON SARASOLA hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)


Orain arte argitaratuak irakurtzeko sakatu HEMEN


Erantzun

 
Berdin eta Soberaren abusua
2003-05-13 / 09:53 / Txomin Peillen

Ibon. Zurekin ados, "berdin"en abusua badago eta egia esan niri ere -zubereraz mintzatzen ez naizenean- gertatzen zait.

Beste arrangurarik ere badut Sobera hitzaren erabileraz, frantsesaren kalkoz Iparraldean gazteek diote, ikastolakoek ere , "sobera handi", ez "handiegi" Sobera sobera da, gainera erabili behar denean zuberotarrek behintzat anitz hitzarekin bezala atzean ipintzen dugu eta erraten "jente sobera" (jenteegi ezin delako)ez "sobera jente" , "jente hanitx" ez "anitz jende" bigarrenak frantsesaren kalkoak direlako.

Badugu Zuberoan beste aberastasun bat ongi baliatzen duguna, -egi aditz sorreran , "handitzenegi"(halaber handitzenago), baina "manexa" nafar-lapurdiera hortik urruntzen ari da; Beste bat arte.

Txomin Peillen

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus