Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Euskararen Erabilera Sustatzeko Plan Orokorra

Euskararen Erabilera Sustatzeko Plan Orokorra

2003-06-04 / 07:06 / Miren Mateo   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren koordinazio-zuzendari naizen aldetik, gure gobernuaren hizkuntza-politikarako ildo orokorrak ezagutzera eman nahi dizkizuet.

Sarrera

Sarrera

Lehenik eta behin, ordezkatzen dudan erakundea oso eskematikoki aurkeztu nahiko nuke, eta Euskal Herriko testuinguru orokorrean kokatu. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren ardurak hauek dira:

  • Eusko Jaurlaritzak euskararen normalizazioari dagokionez daraman hizkuntza-politikaren artikulazioa eta jarraipena, eta Euskadiko herri-administrazioek gai horri buruz hartu beharko dituzten jarduera-irizpideak —Eusko Jaurlaritzak emandakoak— garatu eta ezartzea.
  • Plangintza orokorra landu eta Autonomia Erkidego osorako jarduera bateraturako planak adieraztea Jaurlaritzak onar ditzan.
  • Euskararen Aholku Batzordearen proposamen zehatzak oinarritzat hartuta, hizkuntza-politika arloan eskumena duten botere publikoen arteko elkarlanerako neurriak dinamizatu eta bultzatzea, behar diren ekimenak sustatuz eta erakunde arteko lankidetza eta koordinazioa hobetzen duen beste edozein formula ikertuz.
  • 10/1982 Oinarrizko Legea, Euskeraren Erabilpena Arauzkotzekoa, eta hori osatzen duten xedapenak behar bezala garatzen eta ezartzen direla arduratzea, beste administrazio-erakunde batzuek horretarako zehazki esleituta dituzten eskumenei kalterik egin gabe. Bere jarduera esparruan, arreta handiz aztertuko ditu botere publikoek, euskararen erabilera normalizatzearren, xedapen orokorrak, Eusko Jaurlaritzaren arauak eta Euskararen Aholku Batzordearen gomendioak bete egiten dituzten, eta betetze-maila ebaluatu egingo du.
  • Hizkuntza-normalizazioaren arloan euskararen normalizatzen eta arautzen jarduten duten erakundeekin harremanak izatea, eta komunitate linguistiko euskaldunak dituzten beste lurraldeetako edozein erakunderekin ekintzak aurrera eramatea.

Azken finean, Euskal Autonomia Erkidegoko gobernuaren hizkuntza-politika zuzentzeaz eta koordinatzeaz arduratzen den erakundea da. Euskal Autonomia Erkidegoa hiru lurralde historikok osatzen dute —Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa—, 7.223 km2-ko azalera du eta 2.082.587 biztanle; hau da, Euskal Herria (1) osatzen duten 2.900.856 biztanleen %71,8. Nafarroako Foru Erkidegoak 10.391 km2-ko azalera du eta 556.263 biztanle (Euskal Herriko biztanleriaren %19,2), eta EAE bezala, estatu espainiarraren parte da. Euskal Herriko beste hiru probintziak —Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beherea— estatu frantsesaren parte dira, 3.039 km2-ko azalera dute eta 262.440 biztanle, eta ez dute inolako berezko artikulazio juridiko edo politikorik.

Gure autonomia-erkidegoan, berrogei eta hamar urte eskasean gure hizkuntzaren egoera goitik behera aldatu da: osoko debekutik “Euskararen Erabilera Sustatzeko Plan Orokorra” izeneko plan estrategiko zuzentzaile bat onartzera pasa gara. Euskararen normalizazioaren aldeko egitasmo edo plan sektorialak sistematikoki biltzeko esparrua da, eta bere asmoa, errealista, euskararen erabilera ohiz erabiltzen den esparruetan gehitzea eta gaur egungo erabilera esparruak zabaltzea da. Duela hogei urte baino zertxobait gehiago onartu zen Euskal Herriko Autonomia Estatutuari (1979) esker gertatu da hori; izan ere, gure instituzioak berreskuratu eta 10/1982 Oinarrizko Legea, Euskeraren Erabilpena Arauzkotzekoa, onartu ahal izan genuen.

Artikulu honetan gure hizkuntza-politikaren aurrekariak azalduko ditugu, labur-laburrean; gero “Euskararen Erabilera Sustatzeko Plan Orokorra” egin eta onartzearekin gauzatuko den prozesua aztertuko dugu zehatzago eta EAEko hizkuntza-politikaren emaitzak aurkeztuko ditugu. Azkenik, epe laburrean eraginkorrak izan litezkeen zenbait elementu ere aurreratuko ditugu.

Aurrekariak

Euskara, mendeetan zehar eta etengabe galtzen joan da, eta pixkana baztertze- eta ordezte-prozesua jasan du, baina joan den mendean gaur egun arte iraun duen berreskuratze-aldiari ekin zitzaion: 1914an lehen ikastola sortu zen Donostian; 1918an Euskaltzaindia; 1920an Bizkaiko Foru Aldundiak auzo-eskolak sortu zituen, eta haietan ikasle euskaldunek hezkuntza elebiduna jasotzen zuten; 1936an lehen Eusko Jaurlaritza osatu zen eta lehen Euskal Autonomia Estatutua onestu zen. Estatutu horretan, lehen aldiz, euskarari hizkuntza ofizialaren estatusa eman zitzaion, baina 1939an, Gerra Zibila amaitu zenean, euskararen ofizialtasuna onartzen zuten Errepublika Espainiarra eta Autonomia Estatutua indargabetu egin zituzten. Ondorengo urteetako ezaugarri berezigarriena euskal kultura eta euskararekin zerikusia zuen guztia debekaturik egotea izan zen.

1960tik aurrera, euskal hizkuntza eta kultura berpiztea ekarriko zuen hamarkada etorri zen botere politiko propioaren ezari aurre egiten zion gizarte-ekimenari esker. Urte horietan ikastola ugari sortu ziren, baita helduentzako euskalduntze- eta alfabetatze-mugimendua ere; euskara batuaren oinarriak errotu ziren, Euskaltzaindiaren gidaritzapean; euskarazko irratiak eta aldizkariak azaldu ziren eta nonahi ikus zitezkeen beren ekoizpenetan euskara erabiltzen zuten idazleak, artistak eta abar.

1978an Konstituzio Espainiarra onartu zen, eta han espainiera ezagutu beharra eta euskara erabiltzeko eskubidea aintzatesten ziren. Urte bat geroago, 1979an, Autonomia Estatutua onartu zen. Horren arabera, euskara, espainierarekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofiziala da. Azkenik, 1980an bigarren Eusko Jaurlaritza osatu zen.

Handik gutxira, 1982an, 10/1982 Oinarrizko Legea, Euskeraren Erabilpena Arauzkotzekoa, onartu zen. Lege horrek herritarren hizkuntza-eskubideak arautzen ditu, baita arlo horretan botere publikoek dituzten betebeharrak ere. Euskarari dagokion araudia garatu zen zenbait jarduera esparrutan eta egitasmo sektorialak diseinatu eta indarrean jarri ziren; hizkuntza-politikaz arduratuko ziren erakunde nagusiak sortu ziren eta beharrezko zituzten baliabide ekonomikoak eta giza baliabideak eman zitzaizkien. Horien artean, Euskararen Aholku Batzordea (1982), Euskal Irrati Telebista (1982), Helduak Alfabetatzeko eta Berreuskalduntzeko Erakundea (1983) eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza (1983). Eusko Jaurlaritzak ez ezik, foru-aldundiek eta udalek ere euskararekin zerikusia duten erakundeak sortu zituzten.

Garai horretako oinarrizko ekintza nagusiak honako hauek dira: euskararen estandarizazioa eta berriztatzea; euskara erabiltzen dutenen kopurua gehitzea irakaskuntza-sistemaren (unibertsitateko eta unibertsitate-aurreko irakaskuntza) eta helduen euskalduntzearen eta alfabetatzearen bitartez; euskara ordura arte erabiltzen ez zen esparruetan sartzea, hala nola komunikabideetan (telebista, irratia, idatzizko prentsa), administrazioan; euskaraz egindako lanen ekoizpena eta sustatze kulturala (literatura, musika, bertsolaritza, antzerkia eta abar); eta, azken urteetan, euskara esparru sozio-ekonomikoan eta informazio- eta komunikazio-teknologia berrietan sartzea. 1996an, Eusko Jaurlaritzak Euskararen Aholku Batzordea —1982an sortutakoa euskararen normalkuntzarako lanean parte hartzen zuten erakunde publikoen zein pribatuen ahaleginak eta jarduerak aztertu, bideratu eta koordinatzeko bilgune izateko— eraldatu egin zuen gizarte-partaidetza handiagoa izan zezan, eta honako bi eginkizun hauetaz arduratu zedin:

  • Batetik, azkeneko hamarkadan euskararen ezaguera eta erabilera areagotzeko burututako hizkuntza-politiken eraginkortasuna ebaluatzeaz,
  • eta, bestetik, Euskararen Erabilera Sustatzeko Plan Orokor bat proposatzeaz.

Euskararen Erabilera Sustatzeko Plan Orokorra definitu eta onartzea

Zehaztasun eta zintzotasun handiz, Euskararen Aholku Batzordeak, zenbait lan-batzorderen bidez, azkeneko bi hamarkadetan hainbat esparrutan burututako hizkuntza-politikaren emaitzak aztertu zituen, baita hizkuntza-normalizaziorako erabilitako giza baliabide eta baliabide ekonomikoak ere. Euskararen transmisioarekin, erabilerarekin eta kalitatearekin erlazionatutako jarduera-esparruen ebaluazioa egin zen, eta esparru bakoitzaren alderdi sendoak, alderdi ahulak, mehatxuak eta aukerak azpimarratu ziren. Lehentasunak ezarri ondoren, etorkizunerako ekimenak proposatu ziren, eraginkortasun- eta bideragarritasun-irizpideen arabera.

1996 eta 1998 artean egindako diagnostikoak euskararen egoeraren argi-ilunak azaldu zituen, baita ordura arte burututako hizkuntza-politikaren emaitzak ere.

Euskaltzaindiaren gidaritzapean aurrera eraman da euskararen corpusaren batze- eta arautze-prozesua, euskal administrazio guztien lankidetzarekin. Hala ere, esan beharra dago, 2001. urtetik Nafarroako Gobernuak Euskaltzaindiarekiko harremana alde batekoa izan dadin erabaki duela. Proiektu enblematikoenak hauek dira: Euskararen Hiztegi Orokorra, Euskal Herriko Hizkuntza Atlasa, Euskal Gramatika eta Hiztegi Bateratua. Horretaz gain, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak datu-base bat kudeatzen du, 564.000 toponimo dituena eta sarean doan kontsultatu daitekeena; baita Terminologia Banku Publikoa ere, hor 421.000 termino kontsultatu daitezke, eta Euskararen Aholku Batzordearen Terminologia Batzordearen irizpideen arabera eguneratu eta beste batzuk erantsiko zaizkio.

1983an hezkuntza-ereduak (2) ezarri zirenetik, gurasoek euskalduntzearen aldetik hezkuntza-eredu zorrotzenak direnak —hau da D eta B ereduak— gero eta gehiago eskatzen dituzte nabarmen, A ereduaren kalterako. 1983/84 ikasturtean ikasleen %14,1ek jarraitzen zion D ereduari, 2002/03 ikasturtean, berriz, unibertsitate-aurreko irakaskuntzaren %46,6 osatzen dute; Lehen Hezkuntzaren %51,9 eta Haur Hezkuntzaren %61,4. Gurasoen eskaera horri erantzun egokia ematearren, ahalegin handiak egin dira irakasleen euskara-prestakuntza hobetzeko. 1976-77 ikasturtean EAEren ikastetxe publikoetako irakasleen %4,7k soilik zekien euskaraz. 1999-00 ikasturtean, ordea, sare publikoaren oinarrizko hezkuntzan jarduten zuten irakasleetatik %58 gai zen euskara edo euskaraz irakasteko. Azkenik, 2001-02 ikasturtean 293 ikastetxe publikok eginda dute jada beren euskara plana. Hala eta guztiz, alde iluna ere hor dago: euskalduntze-ahalegin horiek ez dute izan behar adina oihartzun lan- edo kultura-esparruan, ezta euskararen erabilera orokorrean ere. Gaztelania da ikasleek beren harreman informaletan erabiltzen duten hizkuntza nagusia. Bestalde, A eredua jarraitzen duten ikasleek euskarari dagokionez ez dute lortzen indarrean dagoen arautegiak eskatzen duen gutxieneko maila eskolatzea bukatzen dutenean.

Helduen euskalduntzea eta alfabetatzea herri-administrazioen beste apustu handi bat izan da, baita ikuspegi ekonomikotik ere. 2000-2001 ikasturtean 37.780 pertsona saiatu dira euskara ikasten 121 euskaltegitan. Baina helduen euskalduntzearen eta alfabetatzearen emaitzak ez dira nahi bezain onak; izan ere, ikasle kopuru handi batek ez du ikasturtea amaitzen, beste askok ez dute jarraitzen hurrengo ikasturteetan eta gutxi batzuek soilik lortzen dute euskaraz jariotasunez mintzatzeko adinako maila.

1982an Euskal Irrati Telebista sortu zen, eta horren baitan euskaraz soilik egindako programazioa hedatzen zuen telebista kate publiko bat, Horrek hizkuntzaren modernizazioa eta normalizazioa erraztu hainbat gaitan eta testuingurutan. 2001. urteko datuen arabera, ETB1ek 241.000 ikusle ditu, eta, ETB Saten bidez, ETBren seinalea Amerikara eta Europako zenbait lekutara iristen da egunean 24 orduz. Azken urteetan, euskaraz egindako telebista lokalen kopurua gehituz joan da. Hala ere, telebista digitalek eta kable bidezko telebistek eragindako konpetentziagatik gaur egungo egoera erabat aldatzen ari da, euskaraz jarduten ez duten kate horien eskaintza handiagoa baita, eta horiekin lehian jardun behar du. Egoera antzekoa izango da irratientzat, entzule-kopuruari eusteko borrokan jardun behar baitute oso lehiakorra, gogorra eta konplexua den esparru batean. Gaur egun, EAEn saioak guztiz euskaraz egiten dituzten bi irrati publiko daude: Euskadi Irratiak (programazio konbentzionala) 65.000 entzule ditu (3) eta Euskadi Gazteak (formula-irratia) 53.000 (4) Emanaldiak euskaraz egiten dituzten artean, gainera, udalaz gaindiko zazpi irrati ere badaude: Arrate Irratia (Gipuzkoa), Bizkaia Irratia (Bizkaia), Xorroxin Irratia eta Euskal Herria Irratia (Nafarroa), eta Gure Irratia, Irulegi Irratia eta Xiburuko Boza (Euskal Herriko Iparraldean).

Bestalde, helmen nazionaleko egunkari bakarra izan dugu oraintsu arte, Euskaldunon Egunkaria. 15.000 aleko tiradarekin eta 1990etik argitaratua. Argia astekaria, 1963an sortutakoa, guztiz euskaraz argitaratzen da, eta 10.000 ale inguruko tirada du. Duela bi urte eta erditik egunkari-formatuko beste astekari bat argitaratzen da: Zabalik. Haurrentzako eta gazteentzako aldizkariei dagokionez egoera inoiz baino pozgarriagoa da: EAEn haurrentzako bi aldizkari argitaratzen dira, eta beste bi Ipar Euskal Herrian, Euskal Herri guztian banatzen direnak. Gazteentzako aldizkari bat ere argitaratzen da. Bestalde, guztiz euskaraz egiten diren berrogeita hamar herri-aldizkari baino gehiago daude, eta euskaraz egindako herri-egunkarien proiektu berriak sortzen ari dira. Duela lau urte Eusko Jaurlaritzak martxan jarritako ekimen bati esker, euskaraz idazten den ia prentsa guztia INTERNETen kontsultatu daitekeela ere azpimarratzekoa da.

Lan-esparruari dagokionez, Euskadiko administrazioaren lanpostuetako %40,6k (Eusko Jaurlaritza, foru-aldundi eta udaletako 30.989 lanpostuetatik 12.566) nahitaezko hizkuntza-eskakizuna esleitua du, derrigorrezkotasun-data eta guzti. Horrek lanpostuari dagozkion eginkizunak betetzeko behar den euskara-maila eta hori lortzeko epea ezartzen du. Administrazioko langileen %48,8k bere lanpostuari dagokion hizkuntza-eskakizuna dagoeneko egiaztatu du eta gainerakoak —euskararen inolako ezaguerarik egiaztatu ez duen %11,8ak izan ezik— beren eskakizuna egiaztatzeko bidean daude, edo, horrela ez denean, hutsik dauden lanpostuak dira. Hizkuntza-eskakizunen sistema hori 1986 eta 1990 artean ezarri zen, honako helburua betetzeko: apurka-apurka, herri-administrazioak jarduten duen eremuan administrazio horretako langile elebidunak eremuan dauden elebidunak adina izatea ehunekoan. Hala eta guztiz ere, funtzionario elebidunen kopurua gehitzeak ez du ekarri, oraingoz, euskara lan-hizkuntza moduan gehiago erabiltzea, nahiz eta horrela eskatzen duten herritarren zerbitzurako euskara askoz gehiago erabiltzen den. Bestalde, 2002. urtean arlo pribatuko 42 enpresak izaera pilotuko hiru urteko ekintza-planak egin dituzte euskararen erabilera bultzatzeko, bere organizazioaren barruan zein kanpoan.

Informazio- eta komunikazio-teknologia berrien esparruan aurrerapauso nabarmenak eman dira. Azpimarratzekoak: euskaraz idatzitako prentsa on line argitaratzea; euskara ikasteko CDen eta euskarazko edukiak dituzten CDen ekoizpena; corpusa, hiztegiak eta teknohiztunentzat baliagarri diren beste lanabes batzuk sarean sartzea; software-produktu orokortuenen euskarazko itzulpen-kokapena, eta eszenategi birtualen eraikuntza, HABEnet esaterako; eta horretaz gain, euskararen hizketa-errekonozimendu eta -sintesirako eta testu-bihurketarako lehen pausoak ematen ari dira.

Baliabide ekonomikoei dagokienez, egindako azterketak adierazi zuen 1997an euskararen erabilera normalizatzeko gordetako gastu gehigarriak (5) Eusko Jaurlaritzaren, foru-aldundien eta hiriburuetako udalen aurrekontuen %0,70 zela.

Diagnostikoa egin ondoren, 91 helburu zehatz eta hartu beharreko neurri proposatu ziren. Hiru ekimen-helburu estrategikotan garatzekoa den helburu nagusi baten arabera egituratuta daude eta 17 jarduera-esparrutan garatu beharko dira.

Plan orokorraren helburu nagusia euskaraz bizi nahi duenari aukera hori bermatzeko behar diren hizkuntza-politikako neurriak erabaki, sustatu eta areagotzea da. Azken finean, euskararen aldeko neurriak areagotzean datza, Euskal Herrian bere erabilera normalizatzearren, arlo pertsonalean, sozialean zein ofizialean.

Ikus daitekeenez, helburuak euskara ondare moduan hartzen duen ikuspegi tradizionala gainditzen du eta euskal hiztunengan jartzen du arreta: hiztuna normalizazioaren subjektu bihurtzen da. Ez du hartzen helburutzat euskara gaztelaniarekin parekatzea, gaur egun praktikan ezinezkoa litzatekeena. Ez du elebakartasuna aldarrikatzen, gure historia, baldintza demografikoak, kulturalak eta politikoak kontutan hartuz gero, errealitatetik at egotea bailitzateke. Planteamendu boluntaristak eta erradikalak saihestuz, Plan Orokorrak hizkuntza-politikaren bidez garatu beharreko zenbait lehentasun argi eta garbi zehazten ditu. Politika hori malgua izango da erritmoei dagokionez eta errealitate soziolinguistikoarekin eta gizartearen gehiengoaren nahiarekin bat etorriko da.

Lehen helburu estrategikoak euskara hitz egiten dutenen kopurua gehitzea planteatzen du, horren bidez euskararen erabilera bermatuko duen euskaldunen gutxiengo dentsitatea lortzearren. Horretarako, lehenik eta behin, euskara dakiten gurasoek beren seme-alabei euskara lehen hizkuntza moduan transmititu diezaieten bultzatu behar da; bigarren, hezkuntza-eskaintza nahikoa eta kalitatezkoa bermatu behar da, euskaraz ez dakiten gurasoek beren seme-alabak euskaraz eskolatu ahal izan ditzaten; eta, hirugarren, helduei euskara ikasteko aukera eskaini behar zaie.

Bigarren eta hirugarren helburu estrategikoen planteamenduaren arabera, datozen urteetako erronka nagusia belaunaldi berrietako euskaldunek euskara gaztelania -eta frantsesa, dagokionean- bezain erabilgarritzat eta atsegintzat hartzea da, helduaroko arlo zehatz eta garrantzitsuetan: lan-esparruan, aisialdian, kiroletan, komunikabideen kontsumoan zein funtzio sinboliko afektiboetan (pertsona arteko harremanetan, dela familian, gizartean eta kultura-arloan, dela bere burua euskal herritartzat hartzeko balio dioten esparruetan). Horretarako, euskarazko zerbitzuen eskaintza gehitu behar da, eta eskolaz gain beste erabilera esparruetara zabaldu. Produktuak eta zerbitzuak euskaraz ematean datza botere publikoek eta gizarte-ekimenek egin behar dugun ahalegin nagusia: osasun-, hezkuntza-, kirol-, aisialdi-zerbitzuak eta abar euskaraz eskaini, eta, euskararen bizkortasun etnolinguistikoa handiagoa den komunitate eta eremuetan, euskaraz eta gaztelaniaz eskaini. Jakina da eskaintza sistematikoak sortzen duela herritarren eskaera; beraz, beharrezkoa eta lehentasunekoa da euskarazko eskaintza indar handiagoz bultzatu eta sustatzea, bereziki hiztun gazte berrien artean. Izan ere, horrela bakarrik emango zaie aukera euskara bigarren hizkuntza duten herritar elebidun horiei euskaraz mintzatzeko behar duten erraztasuna eta gaitasuna lortzeko, eta horren bidez hizkuntzaren kalitatea hobetzeko.

Beraz, Euskararen Erabilera Sustatzeko Plan Orokorra aho batez onartu zen 1998ko ekainaren 24ko Euskararen Aholku Batzordearen Osoko Bilkuran. Plana oinarrizko esparrua eta erreferentea da Eusko Jaurlaritzaren hizkuntza-politika arautuko duten funtsezko ildoak definitzeko, herri-administrazioen sustatze-politika zuzentzeko, eta botere publikoen eta ekimen sozialen arteko elkarlana bideratzeko. Planarekin erantzuna ematen zaio gizarteko zenbait sektorek eta herri-administrazioko hainbat esparruk denbora luzez azaldutako beharrari. Euskararen Erabilera Sustatzeko Plan Orokorra izaera estrategikoko plan zuzentzailea da, euskararen erabilera normalizatzeko egitasmoak edo plan sektorialak biltzeko esparrua da. Izendatzaile komunetako txikiena izan nahi du, horretatik abiatuta herri-administrazio bakoitzak hizkuntza-politikaren arloan bere ekimenak erabaki, onartu eta burutu ahal ditzan.

Eusko Jaurlaritzak 1998ko uztailaren 28an aurkeztu eta onartu zuen Plan Orokorra. Ondoren, Legebiltzarrean aurkeztu zen, Kultura Sailburuak hala eskaturik, eta Legebiltzarreko alderdiekin eztabaida-negoziazio erronda ireki zen. Gero, 1999ko abenduaren 10ean egindako Bilkura Orokorrean Legebiltzarrak Euskararen Erabilera Sustatzeko Plan Orokorra onetsi zuen, EAJ-EA, Ezker Batua eta Euskal Herritarrok taldeen aldeko botoz. PP (6) eta PSE-EE (7) taldeek aurkako botoa eman zuten.

Socialistas Vascos - Euskal Sozialistak; Mistoa - Foralistas Alaveses; Euskal Herritarrok; Popular Vasco - Euskal Talde Popularra; Euzko Abertzaleak - Nacionalistas Vascos, Euskal Herritarrok, Eusko Alkartasuna, eta Mistoa-Izquierda Unida/Ezker Batua/Berdeak parlamentu-taldeek aurkeztutako ebazpenerako proposamenak ikusi eta gero, Eusko Legebiltzarrak zenbait ebazpen onartu zituen. Horien artean hauek dira azpimarragarrienak:

  • Euskararen erabilera normalizatzeko legedia garatu eremu euskaldunenetan, komunikabideetan, Euskadin dagoen estatuko administrazioan, esparru sozio-ekonomikoan, informazio- eta komunikazio-teknologia berrietan, kontsumitzaileen eskubideetan, zerga-pizgarrietan eta toki-mailako erakunde publikoetan.
  • Erakunde arteko Koordinazio Batzordea (HAKOBA) indartu; EAEko hiriburuetan Euskararen Erabilera Sustatzeko Plan Orokorra garatzeko oinarrizko irizpideak aztertu; eta Euskal Autonomia Erkidegoko udalak premiatu bakoitzak euskararen erabilera sustatzeko bere plana gara dezan.
  • Euskararen Erabilera Sustatzeko Plan Orokorra Euskararen aldeko Gizarte Erakundeen Batzordearen plan estrategikoarekin osatu, horrela botere publikoen eta eragile sozialen ahaleginak batuz.
  • Nafarroako eta Iparraldeko erakunde publiko eta pribatuekin elkarlana bultzatu, euskararen erabilera sustatzearren.

Gero, planaren komunikazio, hedapen, segimendu, egiaztapen eta ebaluaziorako eginkizunei heldu zitzaien, eragile publiko zein pribatuekin, indarrean zeuden egitasmoak berraztertu eta ekintza-egitasmo berriak martxan jartzeko. Horren ondorioz, 2000. urtean Euskararen Aholku Batzordeak 365 ekintza-egitasmo aztertu eta ebaluatu zituen. Horietatik 184 berriak ziren, beste 77 egitasmo Plan Orokorraren arabera aldatutakoak eta 104 egitasmo planaren onarpena baino lehenagokoak. Batzordeak plana eguneratzeari eta hobetzeari ekin zion, eta bertan Euskararen aldeko Gizarte Erakundeen Batzordeak proposatutako ekarpenetatik bidezkoenak eta egokienak iritzitakoak sartu ziren.

Euskararen Aholku Batzordearen Lege Garapenerako Batzordearen lana dinamizatu egin da. Erakunde horrek indarrean dagoen legediaren erradiografia egin du, urritasunak hauteman ditu, eta Legebiltzarraren Ebazpenak zehaztutako arloetan, hizkuntza normalizatzeko lagungarriak izan zitezkeen lege-alternatibak adierazi ditu: aurten onartuko den Euskadiko Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren Legeak atal zehatz bat eskaintzen dio II. idazpuruan -kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideei buruzkoan– kontsumitzaileen hizkuntza-eskubideen arautzeari; era berean, frekuentzia modulatuko Uhin Metrikoetako Irrati-difusiorako irrati-instalazioetarako baimenak arautuko dituen dekretu berriaren zirriborroa bukatzen ari dira.

Bestalde, Erakunde arteko Koordinazio Batzordeak arlo hauei dagozkien proposamen zehatzak egin ditu: itzultze-politika; hizkuntza-irizpideen harmonizazioa zerbitzuen prestazioetarako, argitalpenetarako, diru-laguntzen deialdietarako, erosketa- eta kontratazio-politikarako, eta langileen etengabeko heziketarako; funtzionarioen euskalduntze eta alfabetatzea; euskararen sustapena; eta hizkuntzaren corpusaren eta industrien plangintza. Bestalde, batzorde horrek ezinbestekotzat jotzen du euskararen erabilera normalizatzeko gaur egun erabiltzen diren baliabideak urtetik urtera gehitzea, erakundeen arteko koordinazioak ez baitu berez bermatzen planaren ezarpenerako behar diren oinarrizko baliabideak eskuragarri egongo direnik. 2000. urte azterketen arabera, Eusko Jaurlaritzan, hiru foru-aldundietan eta EAEko hiriburuetan euskara sustatzeko egin zen gastu gehigarria 100.516.870 eurokoa izan zen (aurrekontu osoaren %0,71). Diru-kopuru horrek 1997ko 74.878.670 euroekin konparatuz gero (1997ko aurrekontu osoaren %0,70) %34,2ko igoera adierazten du. Beraz, bide luzea dago, oraindik, Plan Orokorrean jasotako erronkekin bat datorren gastu-maila eta banaketa egokia lortzeko.

Erakundeen arteko koordinazioaren etengabeko hobekuntzarekin jarraitzeko asmoz, Plan Orokorraren hamar eredu desberdin egin ditugu udaletan ezartzeko. Kontuan izan dira biztanleen kopurua eta egoera soziolinguistikoa, eta lehentasuna eman zaie 5.000 biztanletik gorako edota euskaldunen kopurua %70etik gorakoa duten udalerriei (udalerrien %64 eta biztanleriaren %93,5 barne daude). Horrekin batera honakoa ere aurkeztu dugu:

  1. behar diren gutxieneko giza baliabideen eta baliabide ekonomikoen proposamena, udaleko euskara-zerbitzuaren dimentsioa, helburuak, betebeharrak eta lanpostu-motak zehaztuta.
  2. Plan Orokorra udal-mailan garatzeko prozedura, erabilgarria izango dena udal bakoitzak bere urte anitzeko plana egin artean, urteko kudeatze-planetan xehatuta.
  3. udalaren egoera soziolinguistikoaren diagnostikoa, Plan Orokorrak jorratzen dituen arlo guztietan
  4. toki-administrazioaren barruan euskararen erabileraren normalizazioa bermatzeko eredua eta ekintza-irizpideak.
  5. udal-mailako ekimen sozialarekin batera partehartze eta koordinaziorako organo bat sortzeko proposamena, etengabeko eztabaida- eta kontsulta-foro izateko.
  6. Plan Orokorraren finantziazio-eredua.
  7. egin beharreko gutxieneko komunikazio-ekintzen proposamen/zirriborroa.
  8. Plan Orokorraren eta urteko kudeaketa planen ON-LINEko kudeaketarako, segimendurako, ebaluaziorako eta etengabeko hobekuntzarako erabiliko den informatika aplikazioa, eta horretaz gain, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren aholkularitza, prozesu guztian zehar.

Lehenago aipatu den moduan, azken xedea erakundeen arteko elkarlanerako akordioak sinatzea da, euskararen erabileraren normalizazio-prozesuari sustapen handiagoa emateko aldi bereko finantzaketa aurreikusten duten akordioak.

Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko erakunde publiko eta pribatuekin elkarlana egiteari dagokionez, esango nuke, zoritxarrez, Nafarroako Gobernuarekin harremanak une larrian daudela, eten egin baititu gure gobernuarekiko loturak (Euskaltzaindiaren finantzaketarako hitzarmena; terminologia garatzeko elkarlanerako hitzarmena; Euskal Herriko inkesta soziolinguistikoak egiteko eta argitaratzeko akordioa; euskararen erabileraren aldeko sentsibilizazio-kanpaina ibiltariak egiteko baterako garapena; eta euskararen sustapenerako nazioarteko erakusketa eta azoketan baterako presentzia, besteak beste). Ipar Euskal Herriko erakunde publikoekin, ordea, harremanak estutu egin dira azkeneko bi urteotan, batez ere Ipar Euskal Herrian Maîtrise d'Ouvrage Publique ezarri denetik. Erakunde horren helburua, botere publikoentzako (estatua, Eskualdeko Kontseilua, Kontseilu Orokorra, Sindikatu Interkomunala —SISCB— eta Hautetsien Kontseilua) eztabaida-foroa izatea da, eta gizarte-ekimenen partaidetzarako gunea izatea. Bere helburuak hauek dira: euskara sustatzeko hizkuntza-politikaren oinarriak zehaztea, horretarako behar diren baliabideak mobilizatzea eta euskara sustatzeko proiektuak bultzatzea. Une hauetan, Ipar Euskal Herriko Maîtrise dOuvrage Publique (MOP) eta Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza elkarlanean ari gara 2003tik aurrera garatuko eta finantzatuko dituzten egitasmoak zehazteko. Era berean erakundeen arteko elkarlanerako ate berriak zabaltzen dira; besteak beste, Iparraldeko Hizkuntzaren Kontseilua sortu da eta, horretaz gain, MOPek Euskara Plana 2015 izeneko plan estrategikoa prestatzeko agindua eman du, Iparraldean euskararen erabilera sustatzeko, hain zuzen. Iparraldeko Hizkuntzaren Kontseilua zenbait eragile publiko eta pribatu bere baitan hartzen dituen erakundea da, eta honako helburuak ditu: euskara garatzearekin erlazionatutako eragileen (erakundeak, elkarteak eta adituak) koordinazioa bermatzea, MOPi proposamenak aurkeztea, onartutako planen ebaluazioa eta segimendua egitea, eta eguneratzeko behar diren neurriak proposatzea. Azkenik, Nafarroan zein Ipar Euskal Herrian zenbait gizarte-eragilerekin egindako elkarlana areagotu egin da era oso adierazgarrian, baita alor ekonomikoan ere: 1999an Eusko Jaurlaritzak egitasmoetarako emandako diru-laguntzak 128.182 eurokoak izan ziren; 2001. urtean, berriz, diru-laguntza hori 914.795 eurokoa izan zen; hau da, %614ko igoera. Bestalde, duela gutxi, Euskararen Aholku Batzordea eraberritu egin da, uztailaren 16ko 179/2002 Dekretuaren bitartez; eta bere baitan, Terminologia Batzordea sortu da, terminologia arloan lehentasunak finkatzearren, eta finkatutako terminologiaren hedapenerako bideak proposatu eta onartutako terminologiaren erabilera gomendatzeko.

Azkenik, Eusko Jaurlaritzaren 2001-2005 Legealdirako plan, egitasmo eta ekintzen egutegiko ekintza esanguratsuenen artean nazioarteko hedapeneko eta izen handiko institutu bat sortzea dago aurreikusita. Institutu horren eginkizunak euskara eta euskal kultura sustatzea, gure herrialdearen errealitatearen berri ematea eta mundu guztian euskara hitz egiten duten kolektibitateekin harremanak estutzea da.

Bilakaera soziolinguistikoaren ezaugarri nagusiak

Inkesta soziolinguistikoak eta erroldako datuak dira euskararen erabilera sustatzeko garatu diren hizkuntza-politiken eraginkortasuna ebaluatzeko oinarrizko lanabesak. Sailburuordetzak egindako ikerketa soziolinguistikoetatik ateratako ondorioen arabera, egoera oso konplexua eta aldakorra da, eta hauek dira bere ezaugarriak:

  • Aldaketa sakonak gure biztanleriaren egituran, arrazoi hauengatik:
    • a) biztanle-kopuruaren jaitsiera handia, jaiotza-tasaren erabateko jaitsieragatik (gazteenen artean benetan ikusgarria da), eta horren ondorioz biztanleriaren zahartze oso azkarra.
    • b) etorkinen kopurua etengabe gehitzen doa eta datozen urteetan oraindik handiagoa izango da.
  • Aldaketa sakona euskaldunen kolektiboaren ezaugarrietan, euskaldun zaharren kopurua pixkanaka jaitsiz doalako, euskara bigarren hizkuntza duten gazte elebidunen kopurua ugaritzearen ondorioz (gazteen artean euskaldun berrien kopurua euskaldun zaharrena baino handiago da). Bi kolektibo horien ezaugarriak oso desberdinak dira, euskaraz edo gaztelaniaz mintzatzeko orduan duten gaitasunaren edo erraztasunaren ikuspegitik zein beraien familiako, gizarteko (eta laneko) harreman-sareetan dagoen euskaldun-dentsitatearen ikuspegitik. Desberdintasun horiek izugarri baldintzatzen dute kolektibo horien hizkuntza-erabilera.

Aldi berean gertatzen ari diren aldaketa sakon horiek eragozten dute, hain zuzen, elebidunen gehitze handia zein euskarak adinen arabera izan duen erabileraren gehitze arina gure gizartean gehiago nabarmentzea. Badago azpimarratu beharreko alderdi bat: euskararen aurrera edo atzera egitea euskararen lurralde bakoitzean egiten den hizkuntza-politikarekin zuzenean lotuta dago. Horrela, Ipar Euskal Herrian euskara oso azkar ari da atzeraka egiten; Nafarroako Foru Erkidegoan galerak gelditu egin dira eta gehitze arina hauteman daiteke hizkuntza-gaitasunari dagokionez; eta Euskal Autonomia Erkidegoan euskararen aurrerakada ukaezina da, nahiz eta gutxiengo hizkuntza minorizatua izaten jarraitzen duen.

Nolanahi ere, biztanle gehienak euskararen aldeko ekintza positiboaren aldekoak dira.

Belaunaldien arteko transmisioari dagokionez, euskararen aurrerakada izugarria da, hamar milaka hiztun berri gehitu baitira euskal hezkuntza-sistemaren euskalduntzeari esker. 1981ean gaztelaniadun elebakarrak euskaldunen —hobe esanda elebidunen– kopurua bikoiztu egiten zuten, baita hirukoiztu ere, adin multzo guztietan; 15 urte geroago, berriz, 25 urtetik beherako gazteen artean elebidunak dira gehiengoa, eta gaztelaniadun elebakarren kopurua bikoiztu ere egiten dute. Hala ere, jaiotza-tasaren erabateko jaitsierak elebidunen kopuruak biztanle-kopuruan isla handiagoa edukitzea galarazten du. Hizkuntza-mugikortasunari dagokionez, EAEn euskarara biltzen direnak euskarak galtzen dituenak baino askoz gehiago dira.

Euskararen familia arteko transmisioa ia erabatekoa da aitak zein amak euskara hitz egiten duten bikoteetan, eta nabarmenki igotzen ari da bietako batek bakarrik hitz egiten duen bikoteetan. Hala ere, euskara lehen hizkuntza duten pertsonen ehunekoa ia egonkorra da biztanleria osoarekiko, nahiz eta apur bat igo euskara eta gaztelania —biak aldi berean— lehen hizkuntza dituztenak gehitzen baditugu.

Euskararen erabilera handitzen ari da (batez ere, erabilera esparru formalenetan, baina baita esparru informaletan ere), baina hamar urteko atzerapenez eta bere ezaguera-maila baino neurri txikiagoan. Hala eta guztiz ere, euskaraz ohiz mintzatzen direnak gutxiengoa dira adin-multzo guztietan (ez dute ia inoiz %20 gainditzen, gazteenen artean %25eko muga apur bat gainditu arren) eta desberdintasun nabarmenak daude adinaren arabera: helduenen artean —hau da, 1937. urtea baino lehen jaiotakoak—, euskaraz ohiz hitz egiten dutenak ia ondo hitz egiten dakitenak eta lehen hizkuntza dutenak berberak dira; alderantziz, gazteenen artean —hau da, 1977. urtetik aurrera jaiotakoak—, euskaraz ohiz hitz egiten dutenek lehen hizkuntza izan dutenen kopurua bikoiztu egiten dute, eta ondo hitz egiten dakitenen erdia baino apur bat gehiago dira. Gainera, EAEko elebidun gehienek euskaraz hitz egiten dute batez ere, edo euskaraz eta gaztelaniaz, familia artean ez ezik baita komunitate gertuenean edo erabilera-esparru formalenetan ere. Azken urteotan euskararen erabilera nabarmenki gehituz doa aztertutako erabilera-esparru guztietan.

Azken finean, euskaldunen kolektiboaren ezaugarriak goitik behera aldatzen ari dira, eta euskara lehen hizkuntza ez duten milaka gazte elebidunak gehitu direnez, gero eta zailagoa da kolektibo horren ohizko ezaugarriak antzematea: batetik, euskara lehen hizkuntza duten euskaldunak ditugu, ondo hitz egiten dakite eta etxean edota lagunekin ohiz erabiltzen dute; baina, bestetik, euskara lehen hizkuntza ez duten euskaldun gehiago daude, eta horietako batzuek ohiz erabiltzen dute eta beste batzuek ez. Beraz, joera sozial nagusia aldatzekotan ez ote dagoen pentsa dezakegu; izan ere, orain artean, joera nagusiak bermatu egin du euskaldunek familia edo lagunen arteko erabilera-esparru tradizionaletan euskara erabiltzea nagusiki, diglosia-egoera bermatu du, alegia, eta horrek, azken finean, euskarak denboran irautea posible egin du.

Epe laburrerako erronkak

  • Euskararen berreskuratzea nabarmena da familia, gizarte eta erakunde-esparru guztietan, baina oraindik gaztelaniarekin arrakastaz lehiatzetik oso urrun dago, gazteenen artean batez ere. Dena den, euskarak politika eraginkor bat burutu ahal izateko adinako ospe eta babes soziala dauka, bere erabilera esparru akademikotik eta horren inguruan sortutako adiskidetasun -eta laguntasun- erlazioetatik harantz zabal dezakeen politika egiteko adinakoa, alegia.
  • Zentzu horretan, irrati eta telebistaren eta beste komunikabide batzuen euskarazko eskaintza handitu behar da, gizarteak, oro har, baina gazteek, bereziki, bide gehiago izan ditzaten kirol- eta musika-informazioa edo bestelakoa euskaraz jaso ahal izateko. Horretaz gain, beharrezkoa da, jatorrizko ekoizpenaren zein itzulpenen bitartez, euskaraz egindako liburuen, aldizkarien eta komikien eskaintza sustatzea —gazteentzakoak, bereziki— eta horiek gaztelaniaz dagoen eskaintzarekin lehiatzeko adinako kalitatea eta erakargarritasuna izatea. Premiazkoa da, baita ere, nerabeentzako eta gazteentzako aisialdiaren arloko enpresa pribatuekin hitzarmenak edo akordioak sinatzea (ziberrak, diskotekak, pubak, jolas-aretoak eta abar) esparru horietan ere euskaraz emandako produktuak eta zerbitzuak egon, ikus eta eskuratu ahal daitezen.
  • Esparru sozio-ekonomikoa beste jarduera esparru estrategiko bat da, batetik, hizkuntza-paisaia (idazkunak, kartelak, iragarkiak, menuak eta abar) erakusten digun erakusleiho izugarria izanik, esparru horretan euskarak duen presentzia bere ezaguera eta erabilera soziala baino askoz txikiagoa delako; eta, bestetik, esparru hori, lan-eskaintza publiko eta pribatuen bitartez, epe laburrean lan-merkatuan sartu behar duten gazteentzako eredu bihurtzen delako, eta horrek erakusten duelako argi eta garbi zenbateraino den beharrezkoa euskaraz jakitea lanpostu bat lortzeko, zein den, azken finean, euskararen erabilgarritasuna eta benetako balioa.
  • Bestetik, etorkinen kopurua etengabe hazten ari denez, beharrezkoa da immigrazio-politikaren kudeaketa zentzuduna planteatzea, hizkuntza-arazoa ere aintzat hartu beharko duen abegi-Plan Orokor baten barruan. Horrela, geroz eta garrantzi handiagoa izango duen gizarte-talde horrek askoz errazago integratzeko aukera izango du.
  • Garrantzitsua da, halaber, euskararen erabilera normalizatzeko ekintza positiboei buruzko politika zehatzetarako babes politikoa areagotzeko lanean jarraitzea, oso gehiengokoa den babes sozialarekin parekatzen joan dadin, pixkana.

Izan ere, neurri horiek bermatuko dute, euskara ikastea orokortzeko indarrean dauden egitasmo eraginkorrenen jarraipenarekin batera, euskararen belaunaldi-arteko transmisioa, familia arteko transmisioa indartuko dute, eta euskararen erabilera soziala areagotzeko baldintza objektiboak sortuko dituzte.

(MIREN MATEO Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren koordinazio-zuzendaria da)

Oin-oharrak

(1) Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Foru Erkidegoko 2001eko erroldak eta Ipar Euskal Herriko 1991ko errolda.

(2) Gure hezkuntza-sisteman hiru hizkuntza-eredu daude: D ereduan euskaraz irakasten da eta gaztelania irakasgai bat da; B ereduan euskaraz eta gaztelaniaz irakasten da, antzeko neurrian; eta A ereduan gaztelaniaz irakasten da eta euskara irakasgai bat da.

(3) CIES (2000)

(4) CIES (2000)

(5) Erakunde batek egitasmo edo ekintza bat euskaraz garatzeko jasan behar duen gastu gehigarria. Adibidez, A, B, eta D ereduetan irakaskuntza elebidunak dakartzan kostuak ez dira kontuan hartzen. Kostu hori gaztelaniaz bakarrik irakastearenaren antzekoa izango litzateke. Aldiz, eredu horietan irakasteko behar diren irakasleen euskara-trebakuntzako gastuak kontuan hartzen dira, ordezkapenen gastuak barne.

(6) Azpimarratzekoa da Alianza Popularrek bere garaian aurkako botoa eman ziola azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeari, Euskeraren Erabilpena Arauzkotzekoari.

(7) 10/1982 Oinarrizko Legeari, Euskeraren Erabilpena Arauzkotzekoari, aldeko botoa eman arren, Estatuko Abokatuak helegitea aurkeztu zuen atal gehienen aurka Estatuko Gobernuaren Presidentzia PSOEren esku zegoela.


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus