Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Hizkuntza kontuetan sinbolismoak indar gehiegi du

Hizkuntza kontuetan sinbolismoak indar gehiegi du

2003-05-19 / 07:04 / Pello Salaburu   HIZKUNTZA

Sinboloak. Badakizu zuk ongi zer indar handia duten sinboloek. Zure gelan izango dituzu horietako batzuk, zure jantzietan, zure liburuen azaletan, han-hemenka esekitzen dituzun ikurretan. Beti gertatu izan da horrela, ezinbestekoa baitugu behin gure izateaz eta nortasunaz jabetu ondoren gure aurrekoekin haustea. Haustura hori errazago gertatzen da bidelagunak aurkitzen baldin baditugu, eta buruko min gutxiena ematen duten bide lagunak horiek dira, aski erosoak direlako, aski isilak eta trabarik egiten ez dutenak. Sinboloak. Bada, batzuetan nagusiekin ere berdintsu gertatzen da. Hain serioak ikusten dituzun horiek, arras sinbolo zaleak dira, gara, zenbaitetan. Horrela, sinbolotzat hartzen dute anitzek egunero jokatzen zaigun hizkuntza kokin hau. Eta sinboloak batzuetan onak baldin badira ere -zure gela sinboloez betea dago, hori badakit-, horretan bakarrik geldituz gero kaltegarriak gerta daitezke arras, azkenean sinboloa bera jartzen baitugu ikurrak sinbolizatu nahi duen horren gainetik, sinboloak berak ordezkatzen duela, amets batean bezala, sinbolizatu nahi duenaren funtsa. Hola, zenbaitek ez dute inolako arazorik "gure hizkuntzaz" hitz egiteko, gaztelania erabiliz "gure" hizkuntza aldarrikatu nahi dutenean, jakina, nahiz nekez onar daitekeen "gure" multzo horretan sar daitezkeen gure hizkuntza honetan mintzatzeko gai ez badira. Nola izango da orduan haiena, hizkuntza bat, azken batean, hizkuntza horretan mintzo diren hiztunena bakarrik baldin bada? Sinbolo kontuetan gabiltza, halaber, erdaraz baizik ez dakienari, edo euskaraz erdipurdika, txalo eta xalo egiten bazaio, eta bizkarra likurtatu, euskararen izen onean gainera, eta aldez aurretik euskaldun garbia denari ziztu atsitua jo, hor inolako kontraesanik ikusi gabe. Edo Euskaltzaindiari ongi etorri beroa egiten bazaio oihuka euskararen ofizialtasuna aldarrikatuz. Horiek dira, besteak beste, sinbolo kaltegarriak, eta ez mendreak gainera, hizkuntzaren erabilerako.

Eta Durangoko azoka. Zer esan Durangoko azokaz? Ez dakit hara hurbildu zaren inoiz, baina hori bai dela prozesio ederra! Aitortu behar dut ni ere urtero joaten naizela, eta ez egun batean bakarrik, Durangoko azokara, besteak beste, urte horretan Beterriko industriak utzi diguna ikusteko parada egokia delako. Sinbolo ederra da Durangoko azoka euskaldunendako, nahiz ez den aukera paregabea liburuak edo diskoak erosteko, lan hori patxadaz hobeki egiten baita liburu denda batean ondoko asteetan. Zer gauza ederra izango litzatekeen denak muturka ibili beharko bagenu egunero, han ibiltzen garen bezalatsu, liburuak erosteko, lehenik, eta irakurtzeko, gero. Baina kontua da batzuentzat sinbolo izatetik ez dela pasatzen eta hiru egunetako kemena gainerako egunetan itzalia gelditzen dela berriz ere hurrengo urtean azokak ateak ireki arte. Idazle durangarraren liburu izoztua erosi duten milaka horietako milakako batzuei, esate baterako, gertatzen zaie hori, idazlana urtzen uzten dutenean etxeko apalategian. Edo gau pasa joaten diren zenbait autobusetako gazteei ere, behin Durangora iritsi eta ia-ia ahaztu egiten baitzaie zertarako joan diren harat. Sinbolismo hori are garbiago gelditzen da konturatzen garenean erdal liburuak ere parrastan saltzen direla han. Teorian bederen liburu horiek izan behar dute, izan behar lukete, euskararekin nolabaiteko loturaren bat, baina zer pentsatu salduena ez dakit nongo mojek prestatutako sukalde errezetak direla ohartzen garenean? Moja aski euskaldunak, hori bai, eta errezetak ere euskal sukaldaritzakoak, euskal zartaginetan prestatu behar direnak, euskal sukaldeetan... baina liburua gaztelania hutsez.

Edo ikastolekin gertatzen dena. Ikastolek urtero antolatzen dituzte beren festak Euskal Herriko probintzietan (hauei ere orain "lurralde historikoak" deitzen zaie). Milaka jende inguratzen da jai egun handi horretan antolatzaileek markatutako tokietan. Gauza ona da jai giroa ospatzea, gauza ona gure adiskide eta lagunekin ongi pasatzeko tarteen hartzea, eta ezin zaio inori ere ukatu hara joateko erakusten duen fede ona. Baina ez dakit nik ongi, ordea, zergatik egiten den jai hori, zergatik egin behar den, helburu argiena, aurreko egunetan esaten dutenaren arabera, dirua biltzea baldin bada. Dirua biltzea ikastola honentzat edo beste harentzat. Horrek Iparraldean edo Nafarroan badu funtsa, ez dut dudarik, han euskarak ez baitu behar duen laguntzarik batere, eta euskararen aldekoak erkinka eta eskuzabalki ari baitira agintari politikoen borondatearen gainetik, haien nahikarien aurka euskaraz mintzatzeko eskubidea funtsatu nahian, beren dirua eta indarra uzten dutela bidean. Prozesioak egin beharko ditugu, bai, oraindik Nafarroan eta Iparraldean. Ez dakit, hala ere, gauza bera esan dezakedan Euskadiko Autonomia Erkidegoaz. Zeren Erkidego honetan, urte ilunak eta zorrez beteak pasatu ondoren, aukera eman baitzitzaien ikastola guztiei sare publikora pasatzeko, eta baldintza onean pasatzeko gainera. Ez gatazkarik gabe, ikastola askok bide hori aukeratu zuten. Ez nolanahiko gatazkak, gainera, ikastolak publiko bihurtzearen alde atera zen jendea, holakoetan sistematikoki gertatzen denez, antieuskaldunen zakuan sartzen ahalegindu baitziren. Ikusi beharrekoak!

Beste ikastola batzuek bazuten aurretik sare txiki bat hedatua elkarren artean, argi eta garbi aukera pribatu bat eginez. Baina, usteketan eta denok pentsatzen genuenean legearen aukera hura ezin zela inola ere galdu, hori aldarrikatzen egona baitzen jendea urteetan zehar, bat-batean hirugarren sare handi bat sortu zen: ikastolen sare berezkoa. Egin dezagun ahalegin bat eta saia gaitezen gure burua 60ko hamarkadan jartzen. Zer aurpegi jarriko genuke garai hartako ministroak (orduan ez genuen autonomia erkidegorik ez Hezkuntza sailbururik) ikastola baten zuzendariari holako zerbait esango balio?: "Oso ongi, datorren ikasturtetik aurrera etxebizitza horretan duzuen eskola hori, ¿dice usted que se llama Ikastola Etxaun o Etxaun Ikastola?, lekuz aldatuko dugu, eskola publiko bihurtuko dugu, eraikin bat emango diogu bere kiroldegi eta guzti, ofizialki onartuko dugu eta behar dituen diru laguntza guztiak izango ditu, aldameneko edozein eskolak bezala. Gainera, irakasleek eta langileek beren lanpostuak mantenduko dituzte eta bankuetako zor guztiak berdinduak utziko ditugu, ez baitugu baliabiderik xahutuko euskal irakaskuntza duin bat izan dezan herri honek". Gaitzak betiko joa zela pentsatuko genuke, erremediorik gabe gainera. Ez dakit. Baliteke metodologia kontuez hitz eginik agian hitz ponpoxoen azpian eztabaidan zegoena botere banaketaren kontua izatea, ez besterik. Hala ere, aitortu behar dut ez dakidala zertan gelditzen den sare nazional horren kontua, filosofia horrekin egiten diren zenbait argitalpen EAEri bakarrik loturik ikusten baititut.

Zertako gertatu zen orduan iritzi aldaketa harrigarri hori? Eman izan den argumentua da ikastolek bere eredua dutela, urteetan landua, eta eredu hori ororen gainetik mantendu behar dela, euskararentzat, Euskal Herriarentzat alegia, oso ona eta bereziki aproposa delako. Horregatik ez direla sartzen ahal sare publikoan, nahiz urteetan haiek izan ziren, arrazoi guztiarekin gainera, beti publifikazioa eskatzen ibili zirenak. Egia da, abertzale baten ikuspuntutik, aski gauza ona dela elkarte bat izatea, bere besoak Euskal Herri osora hedatzen dituena, baina aitortu behar dut eredu horrek dituen berrikuntza pedagogikoak aztertu nahi izan ditudan bakoitzean ez dudala aurkitu halako desberdintasun nabarmenik eskola publikoetan milaka irakaslek egiaz egunero egiten duten lanaren eta ikastoletan egiten den lanaren artean. Zer gertatzen da? Handik ateratzen diren gazteak euskaltzaleago eta hobeki prestatuago daudela? Eta alderantziz: eskola publikoetako gazteak, berriz, euskararen aurkakoak eta ez hain ongi prestatuak ditugula? Ez dut uste hala den, eta hala baldin bada frogatu beharko da, eta frogatu, aldi berean, hori aukeratutako hezkuntza sistemaren kontua dela, eta ez hezkuntzarekin zerikusirik ez duen beste baldintzaren baten ondorio. Hain segur, toki guztietan daude ortutsik zakurrak. Eta aitortu behar dut ere eredu horren alde egin izan dutela behin baino gehiagotan nire muturren aurrean beren umeak ikastola ez den eskola pribatu batera bidaltzen dituzten guraso batzuek, ikastola aldamenean izaki gainera. Baina tira, hori nire itsukeriaren ondorioa izan daiteke, eta kontraesanak toki guztietan daude. Horrek ez gaitu arduratu beharrik.

Nire galdera bestelakoa da, eta orain abiapuntura itzultzen naiz: dirua biltzeko prozesio horietan parte hartzen duen jendea zertara joaten da jai horietara? Zu joan izan zarenean, joan baldin bazara, zertara eta zergatik joan zara? Hara joateak euskaldunago egin zaitu? Arduradun zuzenak kenduta, ez dut zalantza izpirik batzuk joaten direla ikastolek beren historian egin lana aitortzera, beren adiskideekin egun atsegin bat ematera, etab.

Baina badira beste anitz, ordea, beste helburu batekin doazenak: ongi pasatzera, besterik gabe, ongi pasatzera. Berdin joango lirateke horren ordez, eta sinboloa ongi saldurik, eskola publikoaren aldeko kontzertu bat egongo balitz, edo jendearen biltzeko beste edozein aitzakia. Kontua ongi pasatzea da, edatea, dantza egitea, egun alai bat pasatzea. Eta ez dut uste helburu hori txarra den, benetan, beti tristezietan ibili gabe, ongi pasatzen ere jakin behar baita. Badute besta hauek zerikusi zerbait gure herrietan ospatzen ziren (orain ere ospatzen dira, baina lehen baino gutxiago) bizkar besta haiekin, norbaitek bere etxean-edo konpontze lan batzuk egin ondoren han ibilitakoei eskaintzen zien bestekin. Hemen, besta hiritartu denez, badirudi lanean ibili direnei eta ez direnei egiten zaiela dei, eta beti eraikina konpondu aurretik.

Esango nuke batzuek beren kontzientziari astindu lasai bat ematera joaten direla: sinboloa baita han biltzea, hara joatea baita, definizioz, euskararen alde egotea. Jakina, zu bezalako gazteak erdi panparrotuak ikusten ditugunean -orain, lehen ez bezala, gazteek gehiago edaten dute nagusiek baino-, eta milaka botila hustu dituztenean, galdetu beharko genioke gure buruari hori den egin daitekeen gauzarik egokiena euskararentzat. Hori ote den "milaka eta milaka lagunek baietza ematea" euskarari. Hori da baietza ematea euskarari? Horrela ematen bazaio baietza euskarari, horrela bakarrik, ken nazatela zerrendatik.

Jai erraldoi (beti izan gara euskaldunak erraldoi zale) hauetako baten ondoren, hara joandako lagun batzuei egunkari batek egindako zenbait elkarrizketa aztertu nituen. Hauxe zen galdera: "zer egiten duzu zuk euskararen alde?". Eta hona hemen erantzun argi baino argiagoak:

  • 13 urteko mutiko batek: "Euskara gustatzen zait eta uste dut jakin beharko nukeela mintzatzen hemengoa naizelako, baina ez zait erraza egiten. Euskara halabeharrez ikasi behar dut, nire ikasgaien erdiak euskaraz daude. Gero galiziera ere hor daukat, nire aita hangoa delako. Batekin eta bestearekin... gaur ongi pasatzera etorri naiz".
  • 44 urteko andre batek: "Urte asko egon naiz Bilbon bizitzen, nahiz Errioxakoa naizen eta orain han bizi naizen. Nire seme-alabei beti esan izan diet hizkuntza hori ikasteko, kultura baten barnean integratzeko beste modu bat delako. Nik neuk ez dakit gehiegi, baina hemen nago".
  • 13 urteko neskatiko batek: "Jende gutxi da euskaraz mintzatzen dakiena eta dakigunok ez dugu erabiltzen. Ni saiatzen naiz hitz egiten, baina nire adiskideekin nagoelarik, ez dakidala zergatik, beti gaztelaniaz egiten dugu. Eta bai nire buruari esaten diodala: landu behar dugu, gurea den zerbait delako eta oso zaharra delako".
  • 54 urteko gizon batek: "Ahal dudana egiten dut. Ni ez naiz euskara ikasten ari, baina ororen gainetik saiatzen naiz nire seme-alabak hizkuntza honetan bizi daitezen eta bere ikasketak euskaraz egin ditzaten. Euskaldunok dugunaren ardura hartu behar dugu, bestela galduko delako eta gero deitoratuko dugulako".
  • 35 urteko andre batek: "Ikastola batean ikasi nuen, hemen gaztelania baino gehiago euskara entzuten zen garai batean. Orain alderantziz gertatzen da. Zergatik? Lanean, eguneroko adiskideen artean, beti badelako norbait euskaraz hitz egiteko gai ez dena. Berari irakatsi beharrean, erdaraz hasten gara".
  • 14 urteko mutil batek: "Nahi nuke askoz ere gehiago egin, baina hain traketsa naiz... Ikasgai gisa bakarrik dut, eta batzuetan hamaika aldiz gehiago nahiago dut ingelesa ikasi, euskara ikasi beharrean. Jai batera etortzekotan, adiskideekin etorri behar da. Gainera, beti ikasten da zerbait".
  • 7 urteko mutiko batek: "Hau da modurik egokiena ikastolako nire adiskideekin hitz egiteko. Gure gurasoek erakutsi didate, eta haiekin ere euskaraz mintzo naiz. Ingelesak askoz ere hitz gehiago ditu ikasteko eta zailagoa da, baina maite dut, denetarik jakin behar delako".
  • 5 urteko neskatxa batek: "Aitak esaten dit ikasi behar dudala, eta ikastolan ere gauza bera esaten didate. Baina ni nekatu egiten naiz. Batzuetan amari erakusten diot. Bera Venezuelakoa da, eta badirudi gustatzen zaiola. Berari gustatzen baldin bazaio, ongi ikasi behar dut, hola gehiago irakatsiko diodalako".

Ez dakit nik, egia esan, garbiago mintzo gaitezkeen, eta ez dakit zuk zeuk beste arrazoiren bat jarriko zenukeen zerrenda horretan, baina susmoa dut elkarrizketa horiek, hotz-hotzean hartuta, gure frustrazio pertsonalen ispilu baizik ez ote diren, nahiz normalean kontrako interpretazioa egitea nahiago izaten dugun, euskaldunon lasaigarri: denak euskararen alde. Denak euskararen alde? Segur gara horretaz? Bai, urlia pixka bat bortxaka, sandia bere kontzientzia lasaitu nahian, berendia ongi pasatu nahirik. Sinbolismoaren seinale.

Euskal Telebista sortu zenean -Euskal Telebista ere sortzen ikusi baikenuen-, ez pentsa, Iratiko basoko zuhaitzak aski handiak zirenean jarri zuten abian, orain dela urte gutxiko kontua da, euskara bultzatzea zuen helburu nagusietako bat. Hori esan ziguten behintzat. Edo nik bederen hori ulertu nien garai hartan. Hizkuntza indartu nahi zela, eta indartzeko bide egokia ikusi zela telebista bat izatea, hizkuntza landu orok duen gisa. Horregatik sortu zen, hein handi batean, Euskal Telebista. Eta horregatik sortu zen euskaraz. Baina gaur egun telebistaren bigarren kateak, erdaraz ematen denak alegia, lehenbiziko katea irentsi eta desitxuratu du. Egia da euskara eta erdara ez direla parean jartzen ahal eta, bistan denez, askoz ere jende gehiago izango dela beti erdaraz ikusteko prest, euskaraz baino. Askoz ere hiztun gehiago dagoelako erdaraz, jakina. Baina euskaraz hasi zen hura erdarara joan zaigu emeki-emeki, eta erreka gurutzatze horretan baliabideak ere berarekin eramateko arriskua dago. Agian, pentsa dezake batek, euskaraz egiten dena baino gauza egokiagorik ezin da egin. Jo du jo dezakeen maila. Beharbada, kontuan hartzen baditugu futbol partidak eta holako gauzak, diru gehiago eramaten du euskal kateak erdarazkoak baino. Agian. Baina euskaltzale batek ezin du kendu bere burutik galdera hau: zer garrantzi du egun euskal telebistak? Sinbolo gisa hor dago, ederki, baina sinbolo izateaz gain, ez dakit zer gehiago den, ez dakit zenbaterainoko kezka duten arduradunek kontuan hartzeko hori, hizkuntza bultzatzea alegia, dela telebistaren lehenbiziko helburua, horretarako sortu baitzen. Eta telebista hau, zerbait izatekotan, zerbitzu publikoa besterik ez dela.

Eta hizkuntza aipatu dudanez gero, nabarmentzeko zerbait da gero ikustea zenbat urte egon den telebista inolako hizkuntza arduradunik gabe, zenbat urte behar izan dituen ongi prestatutako arduradunak, arduradunen bat hobeki esan, kontratatzeko. Eta hori egin duenean ere, ikustekoa da arduradunak esaten duenari egiten zaion kasua. Ikustekoa, azkenik, zer modu desberdinean landu izan den gai hau Katalunian eta gure Erkidegoan, lehenago beste nonbait aipatu dudan gisa.

Datuak ematen zaizkigunean, ikusleen kopuruak aipatzen dira. Eta itxuraz denak pozik kate hau, erdaraz ematen dena esan nahi dut, ikusienen artean dagoelako. Hori hartu behar dugu arrakastatzat? Teleikusleen ehuneko 23tik gora eramaten omen du ETBk. Eta? Zeren ikusle horien artean gehienak, %80 hurbil, bigarren katekoak baitira, telebista erdaraz ikusten dutenetakoak. Hori da helburua? Ahalko bagenu ikusleen %100 nahiko genuke guregana ekarri, denek ikus dezaten zer gauza ederrak egiten ditugun erdaraz? Ematen da noizbait kalitatearen berri? Zerbitzu publiko bat eskaintzea da helburu, menturaz programa minoritarioak egin beharko ditugula onartuz, edo ahalik eta jende gehien biltzea, inolako nortasunik gabeko programak ezinbestekoak ditugula aldarrikatuz, besteren pare jartzen ahalegintze hori beharrezkoa ez denean? Elkarrizketak, albistegiak edo dokumentalak jartzen baditugu pantailan batzuek uste dute apalesten dugula telebista, eta euskal mundua gutxiesten, ikusle gutxiago izateko arriskua ekarriko bailuke horrek, baina zerbitzu publikoek badituzte beti beren mugak eta ez dugu ibili beharrik teleikusleen merkatu antzu horretan nor baino nor gehiago, nahi eta ezin, iragarki eta lehiaketa arruntez bete nahian programazioa. Gainera, horrenbeste libururen irakurtzeko gai den hiritarrez inguraturik bizi garen herri honetan, uste dut kultura zainduko lukeen telebista batek sekulako arrakasta izango lukeela. Labayenek -Ramon Labayen zen orduko Kultura sailburua- esaten omen zuen, nik ez dakit egia den, euskal telebistak aparra bezala egin behar zuela lan, gure hizkuntzarekin bazter guztiak nahasiz. Ez dakit hala esaten zuen edo ez, baina telebista hizkuntzaren bultzatzeko, euskararen bulkatzeko, sortu zen, eta hizkuntza aholkularitza seriorik gabe dago oraindik. Esadazu egia, zuk igartzen duzu desberdintasun seriorik telebista honen edo gainerako telebisten artean, albora utziz, hori bai, baliabideak urriagoak dituela?

Baina segi dezagun: proportzioz, hau da benetan kezkagarriena, 1991n ETBren aitzinean 4 lagun jartzen baziren euskal katea ikusten, eta horien aldamenean beste 6 ETB erdaraz nahiago zutenak, hamar urte geroago ez da holakorik deus gertatzen, esan bezala, 2 lagun jartzen baitira ETB-1en aitzinean, eta ondoan beste 8 erdarazko hautua nahiago dutenak, datu ofizialen arabera: datu hauek egunkarietatik hartuak dira, eta agian ez dira guztiz zehatzak, baina iturri bat edo beste bat hartu, holako zerbait ikusten da, eta hori da azpimarratu nahi dudana. Hori da euskal telebista baten arrakasta agian? Hori da hizkuntzaren aparraren hedatzea? Horretarako ordaintzen dugu hemengo biztanle bakoitzak 45 euro inguru urtero, Madrilen edo Kanarietan egiten denaren antzeko zerbait izateko, baina haien parean hiru aldiz gehiagoko kostuarekin? Aparra dariola dabilkigu, bai, telebista, batez ere jai eta besten inguruko programa horiek ematen dizkigutenean, denok ikus dezagun zein den zuen hazkuntza eredua. Batetik alkoholdun edariak txarrak direla agintzen dizuegu familietan eta eskoletan, baina esatariak ikusiko dituzue ardoarekin edo xanpainarekin eskuetan, paparrekoa laxo, gora gu eta gutarrak esango balute bezala. Hori al da telebista publiko batek eman beharko lukeen eredua? Batzuetan ahalke emangarria ere gertatzen da nola pasatzen dizkiguten Valentzian edo Andaluzian egindako programa batzuk, merke erosiak direla esanez gainera eta konturatu gabe beharbada, Goyhetchek zioen gisa, kapelua utzirik nahi dutela txapelaz gorde burua. Benetan kezkagarria da ez konturatzea idia eta igela ez direla, eta ez direla izango, parekoak. Edo ez al da inor ere oroitzen zer gertatu zitzaion igelari idi izan nahian bermatzen hasi zenean?

Eta seinalea erdaraz igorri nahi duen telebista horrentzat zer da orduan euskara, zer, euskaldunak? Erkidegoan dagoen halako ezuste bat, kasualitatezko girgileria zerbait, Aiako Harriaren pareko zerbait? Batzuetan hala dirudi. Berriz ere hartuko dut, sinbolikoa delako, Eguzkitza jaunak Euskaltzaindian sartzeko eman zuen sarrera hitzaldiaren egun hura. Kontuan izanik Euskaltzaindia dela gure (eta orain uste dut aski modu egokian erabiltzen dudala "gure" hori) hizkuntzaz arduratzen den erakunde ofiziala, kontuan izanik Euskal Telebistaren ardura dela euskara, kontuan izanik egun horretan arratsaldeko azken orduan euskaraz ez zela eguneko albistegirik, besterik ezean uste nuen erdarazkoan berri hori izango zela garrantzitsuenetako bat. Besteak beste, ez baita ez astero, ez hilabetero, ez urtero, euskaltzain berririk izendatzen. Baina ikus dezagun zer gertatu zen egun horretan. Beraz, alde batera utzirik telebista euskararekin lotu behar dugula, berriak bazuen, nik uste, berezko interes bat kazetaritzaren ikuspuntutik ere.

Zu zure lagunekin zinela, gure hizkuntzaz ardura hartu behar omen duen telebistaren albistegia ETAk egun batzuk lehenago zauritu zuen Madina gaztearen alde Bilbon egindako manifestazioaren berriak ireki zuen. Ondoren jakin genuen Saloun andre baten gorpua aurkitu zutela plastikozko zaku batean sartua (gero jakin genuen ume baten gorpua zela -kazetari baten ikuspuntutik ez da gauza bera-, baina ordu hartan oraingoz andreaz hitz egiten zen), barrideak hango etxe batean sumatzen zen urrinaz kexu agertu ondoren. Kale borroka dela eta, aurreko egunean hiru autobus erre zituen norbaitek. Esatariak, gorbata fosforito distiratsuak eramaten dituzten esatari horietako batek, eman zigun hirugarren albistea: Europako bisoiaren gorabeherak. Europako bisoia hizpide. Baneramatzan, bada, nik egun batzuk berokiak egiteko erabiltzen ditugun animalia hauen larruarekin benetan kezkatua, eta horixe zen jo ziguten larrua afaltzen ari ginen bitartean. Ez dakizu zuk zer nolako arazoak ditugun Europan bisoi madarikatu hauekin, ez nuke paper nahiko izango hemen horren berri emateko. Larrutik ordaintzen dugu.

Bitartean Euskaltzaindia ez zen existitzen. Euskaltzaindia ez, baina bai ordea Dolly ardi famatua: egun horretan, Eguzkitza sarrera hitzaldia irakurtzen ari zelarik, bete zituen zorioneko bost urte gure Dolly zorioneko ardi zoriontsuak. Bost edo hamaika, batek daki, hor ez baitatoz zientzialariak bat, kontuan harturik bere ama edipikoak sei urte zituela gure bildotsa munduratu zenean eta bildots hau bitasunaren misterioaren erakusgarria dela. Dollyk ireki zuen bidea nazioarteko berrietara pasatzeko: Palestinan gauzak pil-pilean jartzen ari ziren, Kolonbian ere gerrillariak indartzen eta Afrikako Angolan Suvimbi gerrillaria hil zuen armadak. Aurrera segitzen zuen munduak.

Tartea. Iragarkiak: autoak, telefono konpainiak, kirol egunkariak... eta abar. Berriz ere itzultzen gara berrietara. Oraingo berriek badute berezko pisua eta, ez dezagun ahaztu, euskararen alde egiteko orduan ez dira txantxetan hartzeko modukoak: zenbait futbol talderen entrenamenduak. Ez pentsa: ez dira Europako, Frantziako edo Espainiako Liga edo Kopako partidak, ez. Entrenamendu ezin interesgarriagoak! Nola, nahiz debekurik izan ez, hara ez den inor ere joaten, orain erabiliko dugu aukera paregabe hau, denei erakusteko nola entrenatzen diren taldeak eta nola ematen dioten pilotari gure urrezko jokalariek. Hori ikusi izan ez banu nekez hartuko ninduke gau hartan loak. Saskibaloia, golfa Kalifornian, Salt Lake Cityko Joku Olinpikoak. Oraingoz hain errespetu handikoak omen garen euskaltzainok ez gara inon ere agertu. Eguzkitza, Ezkerraldeko lehenbiziko euskaltzaina. Mahaian alkate sozialista bat. Ez ziren, bada, garai haiek holako sinboloak (sozialista bat ongi etorria egiten Euskaltzaindiari) isilpean uzteko modukoak.

Eguraldia: Euskal Herria goibel, kuku dago eguna, pazin beltzak mendi tontorretan. Hala omen zegoen egun horretan. Eta orduan... Ama Birjinaren agerpena izango balitz bezala-edo, orduan agertu zen Euskaltzaindia Euskal Telebistan. Esaten dute hoberena batzuetan azkenerako utzi behar dela, eta segur naiz egun horretan hori pentsatu zutela arduradunek eta horrexegatik egin zutela egin zutena. Zeren, ez nuke pentsatu ere egin nahi, nire errespetu guztiak baldin badituzte ere, Dollyren bosgarren urtebetetzeak edo Eibarko taldearen entrenamenduak baino garrantzi gutxiago duela Euskaltzaindian sarrera hitzaldia irakurtzeak. Edo erakunde honen lanak, ez eguneroko lanak baizik egun horretako lan bereziak, garrantzi gutxiago duela euskaltzale batendako edo bere jardueran euskararen alde egin behar duen komunikabide batendako, Europako bisoiak baino. Hain kerratua ikusten dute gai hau? Zer nolako irizpideak segitu zituzten kazetariek halako aldrebeskeria antolatu zutenean berriak emateko orduan? Horri deitzen diote telebista homologatua izatea? Horri, Euskal Telebista? Zer desberdintasun dago Euskal Telebistako gaztelaniazko kate horren eta Murtziako edo Zaragozako telebistaren artean?

Zure adin ginenean Otañoren kantuak abesten genituen herrietako bestetako bazkalondoetan. Eta gauza hauek ikustean Otañoz oroit naiz, estudiante tunanteei kantuak ateratzen zizkion Otañoz:

Orain eun urte ta askoz geroztik
jatxi zirenak lurpera
burubak jaso ta begiratu
al balezate onera
gaur ez luteke sinistatuko
au dela lur ura bera,
zergatik gauzak aldatu diren
arratsetik egunera.

Aldaketa handiak, ikusten denez. Otañok ere inpresio bera zuen berari gertatzen zitzaiona ikusten zuenean, nahiz oraingo aldaketak ez diren belaunaldi batetik bestera gertatzen. Orain urte batetik bestera gertatzen dira. Oroitzen al zara zu batere Dolly ardiaz? Ezertaz ere ohartu gabe atera zuen zarataz? Baina ez gaitezen hemen bidetik atera.

Euskara eta sinboloak, horretaz ari ginen. "Egunon!" esango du hizlariak (hori, hoberenean, non eta ez duen "Eguerdi on!" delako hasperen agurra ateratzen patrikatik), eta gero erdarara joko du, euskarak behar duen kuota sinbolikoa bete ondoren. "Esker ikasko" eman zion behin izenburu erdaraz idatzitako artikulu bati "sinpatiko" horietako batek, argi utzi nahi baitzuen zer garrantzi handia zuen euskarak haren bizitzan. Bilboko lurpeko trenak bere bigarren adarra estreinatu zuenean bazter guztiak bete ziren propagandako horma irudiekin. Aski argi esaten zitzaigun han aurrerantzean bidaiariek bi minutu eta erdiz behin izango zutela trena hartzeko aukera. Baina ez zuten hola esaten, baizik "2:30 minutan behin", minutuak, minutak eta minuetak nahasiz. Zer esango luke jendeak "el tren llega cada cinco minuetos" ikusiko balu idatzia irudi garesti horietan egunez eta gauez, gaur bai eta bihar berdin, inork ere zuzentzeko ahalegin txikienik egin gabe eta kezkarik apalena erakutsi gabe? Baina euskaraz ez da deusik ere gertatzen, ez zaio inori ere konturik eskatzen horregatik, euskara bildukia baita, azal kontua. Sinboloa baita garrantzizkoa, ez azpian dagoena, eta hortaz, kuota betetzearekin aski baita. Batek erdaraz aldarrikatzen duenean euskararen garrantzia, inoiz ere ahaleginik txikiena egin gabe berak edo bere seme-alabek euskara ikas dezaten, sinbolo gisa erabiltzen du euskara. Produktuek, herri honetan, elebiko azala behar dute. Barnekoa nolakoa den, horrek ez du garrantzirik. Behin eta berriz ematen dizkigute ostiko ederrak kontu honekin eta beren kalitate plan guztiek, baina onartu behar da bereganatzen dituzten ISO zenbaki distiratsu horiek ez dutela egundaino euskara kontuan hartu.

Holako sinboloak ugari ageri dira, dena dela, eta orain hirugarren adibide bat jarri nahi dizut. Udako Euskal Unibertsitatearekin gertatzen dena ekar dezaket hona. UEU sortu zen, jakingo duzu beharbada, unibertsitate mailako ikasketak euskaraz ez zirenean egiten ahal, ikasketa hauek ere hego bereziek igoak nahi genituen hartan. Euskaltzaindiaren inguruan sortu zen. Orduan, adiskide, esan dizudan gisa, ez zegoen unibertsitaterik, geroagoko kontua da hori. Jende asko hasi zen, hasi ginen, ikasguran UEUra joaten: bai irakastera, bai ikastera. Era askotakoa jendea: batzuek bere euskara hobetu nahian, beste batzuek euskaldun garbiak izanik euskararen beste erregistro batzuen soinua nolakoa zen entzun nahian. Gehienak, bide batez, ongi pasatzera ere. UEU izan zen, aldi berean, unibertsitate irakasleak izango zirenen irakasle anitzen entrenatzeko tokia ere. Behin eskola horiek eman ondoren errazago egiten zitzaien unibertsitatean ere, eskola ofizialetan, erakusten hastea.

Baina gero gauzak aldatu dira, zorionez, gaur egun jakintza arlo gehienak ukitzen direlako unibertsitate ofizialean, gehiago edo gutxiago, baina denetarik aurki daitekeelako. Zer gertatzen da ordea? Batzuek, ttattarra janzteaz gain (EHUn egiten ez dutena egiten dute UEUn, zeinak erakusten baitu nola diren buru argi eta gogo irekikoak komeni zaienean), berdin-berdin segitzen dutela, langarrean galduak agian, UEUren betiko filosofiarekin, aldamenean duten EHU -barka, UPV deituko diote beren euskara batuan, Universidad Politécnica de Valencia alegia- bat-batean eta ustekabe menditik eroritako gizartearen beste geografia apaingarri bat izango balitz bezala. Zinez, UEU bizi ahal da unibertsitate publikoko irakasleek unibertsitate publikotik kobratzen dutelako hilabetero, unibertsitate publikoak bere azpiegitura eskaintzen dielako praktikan (mahaiak, ordenagailuak, telefonoak, idazkaritzako laguntzak, ikerketa laguntzak, liburutegiak, eta abar, abar luzea oraingoan) hilabetero, unibertsitate publikoak bizitza segurtatzen dielako hilabetero, horregatik, hitz batean, bizi ahal da UEU. Horregatik. Neurri handi batean bederen. Nahiago da, hala ere, sinboloekin segitu, eta EHUren eta UEUren artean bereizi, batzuetan parean jartzeko gainera (unibertsitate hau batetik, eta beste hau, bestetik), eta beste batzuetan lehia akuilatzeko: "Ez, nahiago dut liburu hau UEUn argitaratu, nahiz EHUri esker idatzi ahal izan dudan, berak emandako soldatagatik, berak nire eskura jarritako baliabide eta informazioengatik, berak utzitako bulego eta ordenagailuagatik, haren izena erabiliz eskuratutako ikerketa proiektu hartan ikasi nuenagatik...". Hitz egiten duena, denok dakigunez, lehenbiziko esaldian gelditzen da, gainerakoa ipuin antzeko alegiaren kedarra izango balitz bezala isilduz, bestea besteok pentsatzen baitugu. Bizkarrezurtasuna eta bizkarroitasuna nahasten diren, pataskatzen, beldur naiz, eta ez da, kasu honetan, hizkuntza ongi ez jakiteagatik.

Niri arras ongi iduritzen zait ikastaro horiek UEUk edo nahi den beste edozein elkartek antolatzea. Hori aski ongi dago. Ikusten ez dudana da, eta horrekin ez nago batere konforme, zergatik duten batzuek hain leialtasun gutxi jatera ematen dien erakundearekin, zergatik parean-edo jartzeko grina hori, nolatan ikusten den hor etsaia, kasu askotan bederen funtsean eta egiaz benetako laguntza baizik ez baldin bada. Hori da ikusten ez dudana. Akademia kontuetan ez dut holakorik ezagutzen inon ere, egia aitortzen badut. Sinboloen kontua izango da beharbada. Eta ez ditut hona ekarriko ordenagailuko web orriko giltza zanpatu eta euskara hainbeste maite duten zenbait elkarte edo fundaziok ematen dituzten lotune argigarriak, sobera luzatuko bainintzateke eta beharbada argiegi mintzatuko, guztiok behar dugun egokitasun politiko zuzena hautsiz. Barka: argigarriak baino gehiago, adierazgarriak dira. Adierazgarriak arras. Bego horretan kontua. Eta bego hautatu dut, ez gero, biek, begok eta gerok gauza bera esan nahi badute ere gehienetan, gero da bego.

Baina holakoa da euskal mundua: ez, otoi, holakoa ere, baizik maizkara holakoa, zoritxarrez. Sinboloak ikusiko dituzu, gazte, baina erne egon sinbolo horrek noiz gurutzatzen duen marra eta noiz hartzen duen hartu behar ez duena, hau da, sinbolizatu eta ordezkatu nahi duenaren gorputz osoa. Normalizatuko dira gauzak inoiz, etorriko dira urak biltegietara egunen batean aldiro ubide bazterretik mehatxuka ibili gabe? Ez diot hau saminki, baizik kezkati, ahoan min duenari eztia karmin egiten bazaio ere.

(PELLO SALABURU hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)

Irakurri duzun testua Euskararen Etxea liburuaren 13. kapitulua duzu

  • erabili.com-ek eta Azpeitiko Euskara Patronatuak bere esker ona adierazi nahi diete bai Pello Salabururi eta baita Alberdania argitaletxeari ere, Euskararen Etxea liburuaren kapitulu hau argitaratzeko baimena eta eskatutako laguntza guztia eman izanagatik.

Euskararen Etxea liburuari buruzko informazio sakonagoa, hemen: erabili.com- Berri Berriak


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus