Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Euskara maila guztietara hedatzeak kostua izan du

Euskara maila guztietara hedatzeak kostua izan du

2003-04-16 / 07:06 / Pello Salaburu   HIZKUNTZA

Beste aldean, aurkakoan, ifrentzuaren tokian, hori da azpimarratu behar den lehenbiziko puntua, euskararen hedatze honek izan duen kostuarena alegia, ez baita esaten ahal euskara ongi dagoela, hainbatean bakarrik egonik. Baina iduri du kostu horretaz nahiago dugula isilik egon. Bai baitago hor, inork ere aipatu ez arren, halako itun ezkutu bat, soinekoaren binperra erakutsian uztea debekatzen diguna. Gure abeniko isil horren azpian ez du inork ere bere izena jarri, baina guztiek errespetatzen dugu, hor egiten baitugu denek ohorezko abaro: zuek, beste errealitaterik ezagutu gabe, itzalpe horretan biltzen zaretelako, eta guk, gure gogoan genuen berreskuratze distiratsu hartaz ahaztuz, ezinbestean nahiago baitugu gerizpe goxo horretan lokartu.

Euskara hedatzen ari dela eta, horren inguruan egiten ditugun hausnarketa eta kritikek gehienetan, beti ez esateagatik, harri bera zanpatzen dute: estatistika. Estatistikak dira maiz gure hizketa gaiak: egia al da honenbeste euskaldun dagoela? Honenbeste ia-euskaldun ditugula? Egia ote da jende gehiagok irakurtzen duela euskaraz orain lehenago baino? Egia hainbeste gazte ari direla ikasketak egiten? Nahiko diru ematen du Eusko Jaurlaritzak liburuen argitaratzeko? Nahiko, euskara bultzatzeko? Eta Foru Aldundiak zer? Horiek ere ematen dute nahiko? Jende anitzek aukeratu du D eredua ikasketak egiteko orduan aurtengo ikasturtean? Gehienez ere galde dezakegu, beharbada, halako liburu jakin batean erabiltzen den euskara egokia den edo ez. Baina besterik gehiago deus gutxi. Nire uste apalean, ez dut honekin mamusti jarri nahi, zuri ez dizute gehiegi esaten zenbaki kopuru horiek guztiek eta gu, berriz, ilusioa genuenok, galbidean jartzen gaituzte ustekabean halako estatistikek.

Eta hori, arlo guztietan gertatu ohi da. Ikasturte hasieran zaigu oroitaraziko honenbeste ikaslek eman duela bere izena D ereduan, eta urterik urte ohartuko gara, ehunekoetan, gero eta jende gehiagok egiten duela aukera hau. Ez du inork ere galdetzen, hala ere, zein diren horren alde onak eta ez hain onak, arras zeharka ez baldin bada segurik. Zinez pentsatzen dugu horrek ez duela alde txarrik? Honenbeste liburu argitaratu omen da aurten, gero eta gehiago urtez urte, baina ez gara hor hausnarketa sakonagorik egiten saiatzen. Ez da kezkatzekoa ikustea libururik salduenak, gure idazle ezagunenek idazten dituztenak bainoago batzuetan, EGAko azterketak direla, gramatika osoak eta zatikako hiztegiak? Eta gure idazleak ere behin eta berriz aipatzen ditudala, benetan sinesten dugu Sarrionandiak, Durangoko azokan eta hiru egunez, bere liburu izoztuaren 6.000 ale saldu ondoren, erostunek liburuaren bereganatzeko hartu duten presa berarekin tarrapataka irakurriko dituztela beren etxeko egongeletan egileak idatzitakoak? Benetan sinesten dugu hori hola gertatzen dela? Sarrionandia ereduzko idazlea denez, niri gustatuko litzaidake hala izango balitz, ez bailitzateke batere seinale txarra izango, eta euskararekin egiten ditugun negar guztiak betiko zokoratuak izango baikenituzke. Areago: kopurua erdikatu ondoren, horren erdiaren erdiak ere halako jakin-minaz eta grinaz irakurriko balitu euskal eleberriak, ez litzateke hain gaizki egongo arazo hau, eta hizkuntzaren maratila aski seguru izango genuke, behar bezala estutua edo, txarrenean ere, zure aitatxi-amatxik gasna lurreko su bazterrean gerren puntan erretzen jartzen zutenean baino seguruago. Ez, ez naiz ni izango idazleari merituak ukatuko dizkiona eta inor ere apalduko dudana, behar ez denean gainera. Baina beldur naiz salmenta horietan, idazteko merituez gain, bazela beste zerbait ere, literaturarekin zerikusi gutxi zuena.

Atxagak, bere bakardadean, salatu du nonbait, eta gure gainean egin, gezur hutsetan gabiltzala euskara dela-eta, kontuak egiten ditugunean. Hemen ez omen da 700.000 euskaldunik ez eta ametsetan ere. Egin dituen kalkuluen arabera, 400.000 ingurutik hurbilago gaude, eta horietatik realeuskaldunak, hau da, euskaraz 5 minutuz behintzat etengabe mintzatzeko gai direnak, 100.000. Gizona, 5 minutu hola, dena segidan, zalantzarik gabe hitz egitea, ez da hain erraza, etorri pixka bat ere behar duzulako, eta batzuk beste batzuk baino isilagoak garelako. Horregatik, ez dakit ongi egin dituen kontuak eta gehiketak. Nik ere nire burua talde horretan sartu nahi dut, eta horretaz uste dut ez garela 100.000, baina 100.001 realeuskaldun. Ez da sobera, egia aitortzen badut. Zein urrun dauden kezka hauek zure burua berotzen dituztenetatik, eta zein hurbil sentitzen ditugun guk, Dato kalean gabiltzalarik adineko senar-emazte batzuk euskaraz entzun eta bihotzak salto egiten digunean. Ordea, handik metro batzuetara ikastolako liburuak besapean dituztela zu baino pixka bat gazteago diren mutiko-neskatiko batzuk erdaraz entzuten ditugunean bihotza berriz ere bere toki naturalera itzultzen da.

Gauetik goizera sortu zen ETB, gure telebista, euskaraz. Eta beste gau txar batean, beste kate bat agertu zen, horrek ere "euskal telebista" hartzen zuena izentzat, baina erdaldunez betea oraingo hau. Ondoren, kateak han-hemenka, hizkuntza guztietan. Nola ibiltzen ginen gu irrati emanaldiekin, batetik bestera aldatuz, hala zabiltza zu egun telebistarekin ere. Baina orduan pentsatu genuen ETBren bidetik etorriko zela euskararen etorkizuna segurtatzea, etorkizun horren oinarri izateko sortu baitzuten. Denek mundu hau uzten genuenean ere, hor egongo zela kristalezko tresna hori harrizko hizkuntza erabiltzen. Gaur egun, EITBko arduradunek prentsaurrekoak emango dituzte aldika begien bistan uzteko bi kateek bereganatu dituzten ikus-entzuleen kopuruak zer harrigarriak diren. Eta besteen aitzinean lehia ongi egiten dutela adieraziko dute. Haiek goretsi duten meritua ez dut nik apaletsi nahi hemen, baina programa horien edukiak egokiak dira? Programen kalitateaz arduratzen da norbait? Bekadun bat hurbiltzen denean, mikrofonoa zintzurretik sartzeaz gain, beste zerbait gehiago erakusten zaio? Edo helburu bakarra ikusleak izatea da? Lehenbiziko katea sortu zenean helburu nagusietako bat euskara bultzatzea zela esan zen. Non daude hizkuntza aholkulariak? Ez orduka, lan hau edo bestea egiteko kontratatzen direnak, baizik aginduak emateko eta betearazteko -agindua betetzen ez duenarendako izan ditzakeen ondorio txar eta onekin- benetako ahala dutenak. Non daude horiek? Urrun gaude kontu hauetan katalanek egiten dutenetik, ez izan dudarik. Eta lana ongi egitekotan holakoen ekarria ezinbestekoa da, batez ere arlo askotan hizkuntza behar bezala finkatu gabe dagoen une honetan. Zuri galdetuko balizute zein den euskal telebistaren helburu nagusia, zerbitzu publiko bat eskaintzea eta euskararen ziurtatzeko bideak jartzea dela erantzungo zenuke, edo, martziano baten aurpegia jarri ondoren, ongi pasatzeko zerbait dela pentsatuko zenuke?

Goian aipatu dudan ohorezko itun isil horrek, holako gauzak egiten ditugu nagusiok, ez dizkigu plazaratzen uzten, publikoki eta agerian bederen, beste mota hauetako galderak, eta ez gara elkarretara biltzen erantzun egokiak aurkitu nahian. Badirudi egunero eskuartean darabiltzagun zenbait gairi buruzko eztabaida kondenaturik dela. Edo nekez dela egiten, ez dakit zein den kontua. Zeren, bere burua euskaltzaletzat hartzen dutenen, edo hartzen dugunon, artean nekez ikusten baitut nik holako galderarik. Esate baterako, eta galdera bere gordinean botatzeko, euskaldunentzat, etxetik euskaraz egiten dutenentzat, adibidez, ona al da umeak D eredura bidaltzea? Ohartuak gara inoiz galdera horri?

Baina nola liteke holakorik burutik pasatzea ere? Nola liteke euskaltzale batek bere buruari halako galderarik egitea ere? Nola da posible euskaltzain batek horretan ere, beste gauza askotan bezala, zalantzarik izatea eta halako nora ezean ibiltzea? Bada, nik zalantzak ditut gaur egun, urteetan eta urteetan gure umeak D eredura bidali ondoren, esperientziak erakusten didana kontuan hartzen badut. Zeren, Euskal Herriko toki askotan behintzat, ume euskaldunek, gure umeei gertatu zaien gisa, eta beharbada zuri ere gertatu zaizun moduan, ikastolan ikasi baitute erdara. Horrek, beharbada, ez luke aparteko garrantzirik, azken batean umeek beti ikasiko baitute erdara, hemen ez bada han.

Jakina, euskarazko eredua bultzatzen duten ikastetxeetara, toki anitzetan segurik hau da kasua, ume erdaldunak joaten dira batez ere, etxean gurasoek ez baitakite euskaraz deusik. Etxeko mintzoa erdara da, eta ikastolakoa, eskola orduetan (gure betiko lan ordu, eskola ordu eta holakoei ordutegi esaten zaie orain darabilgun hizkera landu honetan), euskara. Eta han biltzen diren umeak erdaldunak (gehienak, Euskal Herriko toki anitzetan) nahiz euskaldunak (gutxienak) dira, biak nahaste. Eta zer da gertatzen? ume erdaldunek euskara ikasi baino lehenago dutela bere eskolakide euskaldunek ikasten erdara, helburua gainetik beheiti irauliz. Hori da gertatzen dena. Denok dugu esperientzia horretan. Eta zer egin orduan? Merezi du honetaz pentsatzea, edo beste aldera begiratuko dugu?

Aukera bat izan daiteke ez pentsatzea edo, pentsatuta ere, isilik egotea, holako gauzarik existituko ez balitz bezalatsu, nahiz segur naizen galdera hauek usuegi datozkigula gogora. Hori da anitzetan egiten dugun aukera, artoski ustez, ostrukaren ihakina eginez. Baina hobe da, nire ustez, hitz egitea. Nahi den ñabardurekin, hemen ere ñabardurak badirelako, bizitzako gauza guztietan gertatzen den gisa, deus ez baita beltza edo zuria, baina hitz egitea eta iritziak ematea egokiena da. Bada, pentsa dezagun pixka bat, zuk, beharbada, lekuz kanpo aurkitzen baduzu ere gogoeta hau, batzuetan adinak holako gauza aspergarriez arduratzea eskatzen baitigu.

Familia erdalduna izanik aldi berean euskaltzalea baldin bada, eta umeei euskal hezkuntza eman nahi baldin badie, euskal programetara bidali behar dituzte seme-alabak, D ereduetara alegia, ez da horretan zalantzarik. Kontuan izanik, hori ere esan behar da inor ere engainatu gabe, etxean neketan ibiliko direla, eta umeek zailtasun batzuk izango dituztela, etxeko lanak egiteko orduan anitzetan behar duten laguntza ezingo dutelako eskuratu. Eta batzuetan umeek zailtasun objektiboak izan ditzakete, laguntzarik ez dutenez, lan horiek behar den bezala egiteko. Nolako esperientzia izan duzu zuk honekin?

Baina hemen ez dugu gehiegikerietan ibili behar: ezintasun hauek ez dira handiagoak izango, segur aski ere, semea edo alaba frantses edo ingeles ikastetxe batera bidaltzeak sortuko lituzkeenak baino. Bestetik, gainera, egia da erdaraz egiten duten ume askok ere ez dutela aparteko laguntzarik eskuratzen etxean beren ariketak erdaraz egiteko orduan, hezkuntza kontua ez baita usu hizkuntza kontua. Ez dakit, dena dela, zenbateraino aztertu den, inork aztertu baldin badu, laguntza hori ez izateak nolako kalteak sortzen dizkion umeari, kalteak sortzen badizkio behintzat. Hori estatistika kontua ez denez, ez dakit nik inor ere arduratu den holako azterketa motez. Ez dakit, gerta liteke kanpotik ere ekartzen ditugun espezialista horiek ez izatea adituak puntu honetan.

Familia euskaltzale hori aldi berean euskalduna baldin bada, ostera, aukera bat baino gehiago dugu. Lehenik ikusi behar dena da benetan euskara erabiltzen duten etxean umearekin edo ez, zeren zenbait kasutan gertatzen baita etxean erabiltzen den hizkera nagusia erdara izaten dela, nahiz senide guztiak euskaldunak izan. Hau onartzea kosta egiten bazaigu ere, holakoak behin baino gehiagotan gertatzen dira, ez dezagun gure burua engaina. Adibidez, errolda betetzean ematen diren erantzunetan ikusten da hori. Ikusi behar da, gainera, familian euskara erabilirik ere, zer nolako euskara erabiltzen duten: herriko mintzaira eta aharantza, euskara bateratua, eta abar. Hau dena kontuan izan behar da. Eta ikusi behar da, aldi berean, etxean praktikan umearen hezkuntzaz gehien bat arduratzen denak nolako maila duen euskara kontuetan. Egun bada jende ausarki irakaskuntzan lan egiten duena eta seme-alabak euskaraz hazteaz gain, bere harremanetan euskara landua erabiltzeko gai dena.

Tokiko mintzo "itxia" erabiltzen baldin bada etxean, ingurumena aski euskalduna delako eta etxekoak euskaraz alfabetatu gabe daudelako, umeak eskolan aurki dezakeen egoera kontraesanez betea da: bere inguruko umeekin erdaraz egingo du sarritan, eta irakasleekin anitzetan berak etxean erabiltzen ez duen bezalako euskara batean. Honek ez du konponbide erraza, geroago ikusiko dugun moduan, baina uste dut, hala ere, umeak euskararen erabiltzeko beste erregistro bat bereganatu nahi baldin badu, toki egokian dagoela D eredu horretan.

Besterik da etxekoak euskaldunak izaki, etxean normalean euskara erabiltzen baldin badute eta erabiltzen duten euskara bera ere landua baldin bada. Umearen sortzeari eman zaio euskara eredugarria. Zer gertatzen zaio orduan ume euskaldun horri? Eskolan erdara ikasteaz gain, euskara bera ere toki berean ahultzeko arriskua duela. Hasteko, ez du aparteko ahaleginik egin beharko hizkuntza ikasteko. Ez, bere erdaldun ikaskideekin erkatzen badugu behintzat, hauek normalean erdaraz baizik ez dakitelako eta euskal gaiak euskaraz segitzeko eginahal handia egin behar dutelako.

Beraz, nolakoa den bakoitza, hori bai, baina gerta liteke bere inguruko eskolako kideek baino ahalegin gutxiago behar izatea ikasketak duintasun pixka batekin aurrera eramateko. Eta ez dakit hori sobera ona den umearentzat. Ez dakit ona den norbait ohitzea, noiz eta hezkuntzako lehenbiziko urteetan, ingurukoek baino lan gutxiago egitera. Zertako gainera? Erregistro berriren bat beretuko du euskara landuz? Ez dut argi ikusten hori, etxetik har baitezake erregistro hori. Alderantzizkoa ere gerta liteke: etxean erabiltzen duen euskara landua eginaren eginaz mailaz beheratzea eskolako hizkerak kutsatzen duenean, hizkera hau erdara delako edo euskara izanik ere, etxekoa baino anitzez ere indargabetuagoa izan daitekeelako. Hemen ez dut nik ondorio garbirik ateratzen: diru konturik tartean ez balego, ez litzateke hobea izango eskolak beste hizkuntza batean ematen diren ikastetxe batera bidaltzea umea? Horrela, etxetik duten euskara galdu gabe, eta ahuldu gabe ere, beste hizkuntza baten ikasteko gai izango lirateke.

Harriturik ikusi izan dut, behin baino gehiagotan, nola ibiltzen diren euskal ereduan dabiltzan ikasleak, zure adinak, elkarren artean azterketaren bat prestatzeko garaian: erdaraz mintzo, eta ikasgaiari dagozkion zalantzak-eta euskaraz. "¿Qué dices que entra en el ingu? ¿Lo de giza hay que aprenderse? Es que a mi en el eragiketa me sale que hay que hacer banatu primero y luego erantsi uno minus 4. Pero así tampoco me sale. Habrá que preguntarle al maisu". Hala ere, eta hau da harrigarria -edo argigarria-, zuk beste zerbaiti buruz euskaraz galdetu eta txintxo-txintxo erantzungo dizute Aitorren gisa, barna batere ttipitu gabe.

Beste horrenbeste gertatzen da unibertsitateko ikasketekin ere, agian zu izan zara horren lekuko. Presaka ibili gara, goseak amikatuak egongo bagina bezala, kezkatuak euskal eskolarik ez zenez gero, ahalik eta gauza gehien euskaraz irakatsi behar dela pentsatuz eta eskatuz. Eta egia da gauza hauetan, hizkuntza erabileraren kontuetan esan nahi dut, ozenki eskatzen ez bada eta presio zuzenik egiten ez bada, euskara ez dela inon ere aintzakotzat hartzen. Hori da, zoritxarrez, euskararen egoera. Baina gure buruari galdetu beharko genioke presaka ibiltzeak, eta batez ere garantia eskasekin ibiltzeak -garantia eskasekin ibiltzea baita, esaterako, behar denean ikaslibururik ez izatea-, bide zuzenetik eramaten gaituen. Ez dakit, zeren hemen ez da orokortzen ahal, eta kasu batzuetan balio izaten ahal duen argumentazioak huts egiten ahal baitu beste kasu batzuetan. Jakina, zure baitan, arras euskaltzalea bazara, egingo duzu: eta ez bada ikaslibururik, zergatik ez dira egiten, zergatik ez itzultzen? Bada, hori egitea, erreka gurutzatzen duen zubi bat egitea baino zailagoa izan daitekeelako maizkara. Nahi duzun itxurako zubia egin dezakezu eskura baduzu ingeniari on bat eta aski diru materialak erosteko eta jendeari ordaintzeko. Baina ikasliburu bat egiteko hori ez da aski, zeren anitzetan ez da modurik garantia minimoa beteko lukeen egile bat aurkitzeko, eskaintza baino anitzez ere handiagoa baita eskaera.

Ikasketa batzuetatik besteetara alde handiak egon daitezke. Baina nolakoa da anitzetan unibertsitatean aterpe bila dabilen euskal erakustun hori? Unibertsitatean euskaraz irakasten ari den irakasleak maiz ez du talde handia, nahiz hau ere aldatzen ari den urteen poderioz, orain erdaldunen eta euskaldunen ikasle kopuruak aldatzen ari direlako. Kontuan izan behar da, esate baterako, 2001. urtean sarrera azterketa euskaraz egin zutenen kopurua %45 izan zela. Zazpi urte lehenago, 1994an, %25ekoa zen. Igoera sistematikoa izan zen hasieran, 2 puntu urteko. Baina 2000. urtean 3 puntu igo zen, eta 2001ean 7 puntu. Ikusi nahi duenak begiak irekitzea besterik ez du: amatuz, ez amatatuz, doan sua da. Desoreka sortzen ari da orain euskal eta erdal taldeen tartean, oraintsu arte ez bezala, euskararen kaltean orain. Baina ikasle hauek elkarren artean maizegi erdaraz dihardute, euskara eskola orduetarako eta hizkuntza eskabideetarako bakarrik utzirik.

Bestetik, egia baldin bada euskal eta erdal irakasleen artean badela adin guztietako jendea, ehunekoen neurrian jende gazteago aurkitzen da euskaldunen artean. Irakasle gazteak, pentsatzekoa denez, esperientzia urriagoa du eta aurrean patxadaz prestatu behar du bere bizitza akademiko osoa. Gainera, sarriegi, irakasgai bat baino gehiago hartu behar du bere gain. Euskara kontuetan ere ziurgabetasun handia sentitzen du, batzuetan doi-doi gainditu baitu unibertsitatean sartzeko eskatzen zaion euskara azterketa. Hori guztia aski ez delakoan-edo, ez du ikaslibururik euskaraz. Ez nahi adina behintzat. Eta ingelesez irakurtzeko orduan, bai ikasleek bai irakasleek ere, aski lan! Kasu honetan, eta egoera hau ez dut uste salbuespena denik inola ere, irakasleak borrokan egon behar du bere jarduera akademikoarekin (doktoregoa, titularitatea, ikerketa,...), emeki bada emeki eta nekez bada nekez. Gainera, edukiz nahiko diferenteak diren eskolak prestatu behar izaten ditu. Azkenekoz, eskolan erabiltzen duen hizkuntzak arazo larriak sortzen dizkio, hizkuntzaz duen ziurgabetasunari gaineratzen baitzaio hizkuntza horretan eskolak prestatu beharra, hartarako behar duen terminologia asmatu beharra, edo bera bezalatsukoa izan daitekeen besteren batek asmatu duen terminologiari eutsi beharra, jetziko duen esnea gaina eta guztiarekin ageriko zaiolakoan. Bazkarik gabeko belaian alhan denak ez du elikadura egokirik aurkituko.

Komenigarria da eskolak baldintza horietan ematea? Edo, bestela jarriko dut galdera hau, komeni da hor ukabilka eta ukondoka ibiltzea, eskola guztiak lehenbailehen euskaraz eman daitezen? Zeren, neskatxa hari gertatu zitzaiona gerta bailekiguke guri ere: buruan zeraman pegarreko esnea saldu eta txitak erosi gogo zituen; hartutako diruarekin -azeriak nahi edo ez nahi- urdetxo bat eramango zuen etxera, eta ongi artatu ondoren honen salmentak eman diruarekin behi baten jabe egingo zen; azkenean, buelta batzuen inguruan Boeing konpainia osoa erosteko asmoa zuen. Baina, horretan, irristatu eta pegarra hautsi zitzaion lurra jo ondoren. Eta gu ere irristatzen bagara?

Hobeki pentsaturik -lurra joko dut nik ere-, ez litzateke egokiago izango jendea prestatzea lehenik, euskal testuak poliki-poliki landu, eta, hori bideratua dugularik, bertan goxo eskolak non eman daitezkeen pentsatzen hastea? Bigarren bide honek, egia da hori, badu arrisku handi bat, eta arrisku hori da gauzak inoiz ere ez egitearena, garbi mintza gaitezen. Baina aukera egin behar badugu, garbi mintza gaitezen hemen ere, uste dut askoz ere egokiagoa dela bigarren bidea hautatzea, plangintza bat pentsatu, eta egin, ongi betetzen baldin bada bederen.

Hortxe utziko ditut galdera horiek oraingoz zeren, kontu honekin aurrera segituz gero, menturaz zuk ez zenuke betarik izango hurrengo orrialdera pasatzeko. Halako galderak egitean ez dezala inork ere pentsa, eta hau ez diot zugatik, jakina, hizkuntza politika, esaterako, zalantzan jartzen ari naizenik. Ez da hori: segur naiz orain dela urte batzuk nire esku egon balitz hezkuntza antolatzea, edo administrazioko langileen hizkuntza arazoak bideratzea, ez nukeela egin denaz beste zerbait arrunt desberdina egingo. Eta euskararen ardura izan nuenean EHUn, ez dut uste arras gauza desberdinak egin nituen. Baina egia da, horrekin batera, behin prozesu bat ireki ondoren on dela, urteak igarotzen direnean, atseden eta pausaldi hartzea gauzak ongi egiten ari ote garen ikusteko. Eta on dela, batez ere, arazo hauek eztabaidatzea, eta eztabaida hori zuzenean inplikaturik gaudenok hastea, besteren eskuetan utzi gabe. Eta eztabaida honetan, zu bezalako gazteen ahotsa entzutea ezinbestekoa da, ez ditzagun gure asmakizunak zeruko puxikak bezala airez bete, barnean beste zerbait dutela pentsatzen dugula. Gogoeta hauek ez dira euskaltzaleen kaltean, nahiz batzuetan pentsatu behar dudan Goizuetako misioetan nagoela, Makario bezala predikuetan hasia.

Hala ere, gauza bat bai utzi nahi nukeela hemen garbi esana: euskararen berreskuratze kontuetan Unibertsitateak ezinbesteko zeregina du. Egia da hitz hori, "berreskuratzea" alegia, ez dela zehatzena hemen, zerbait berreskuratzekotan aldez aurretik behar duzulako izan, eta galdu ondoren bakarrik berreskura dezakezulako. Unibertsitateak ez du inoiz ere izan berea euskara, eta nekez berreskura dezake lehendik izan ez duen zerbait. Gehienez ere berea egin lehenbiziko aldiz, ez besterik. Baina gizartea egiten ari den ahalegin handi honetan, berreskuratze ahalegin honetan esan nahi dut, unibertsitateak eginkizun handia du. Ez bakarrik ikuspuntu akademiko batetik, ez. Hori jakina hor dagoela, unibertsitateari baitagokio maila horretan, hizkuntza kontuetan esan nahi dut, ikerkuntza egokia egitea. Baina hemen beste zerbaitez ari naiz.

Euskal Herriko unibertsitate sisteman, Euskal Herriko Unibertsitateak du pisurik handiena, eta bere gain hartzen du unibertsitate mailako ikasle guztien %70 ongi prestatzea lan merkaturako. Unibertsitate hau sortu zenean, ahal izan zen bezala sortu zen eta irakasle gehienak kanpotik etorri ziren. Horrek ondorio handiak izan ditu ondoko urteetan hizkuntza kontuekin unibertsitatearen barnean, bai baitirudi batzuek ez daramatzatela hemen hogeita hamar urte (unibertsitate hau, adiskide, Euskaltzaindiak Arantzazun bere oinarriak jartzen zituen urte berean sortu zen, nahiz beste izen batekin), baizik atzo gauean etorriak direla. Ezin esan daiteke beste edozein tokitan arruntzat hartuko litzatekeen moduan gizarteratu direnik. Haietako askorentzat euskara traba izan da, eta traba da. Eta traba izango da.

Unibertsitateak arras erakunde konplexuak dira, eta hizkuntzaren kontua hor ageri den konplexutasun horren ezaugarrietako bat besterik ez da. Azken urteetan eztabaida handiak izan dira euskara dela eta ez dela, zer egin behar den unibertsitatean. Batzuek unibertsitate elebakarra aldarrikatzen dute, bere jarduera euskara hutsean egingo lukeena. Badira beste batzuek ele anizko unibertsitatea nahi dutena, baina praktikan aniztasun hori hizkuntza batera mugatzen da: unibertsitatea gaztelaniaz. Beste batzuek uste dugu, eta hori izango litzateke nire eredua, unibertsitatearen egoera hoberena izango litzatekeela baldintzak sortzea unibertsitatean edozein hizkuntza erabiltzeko: gaztelania, euskara, frantsesa, ingelesa..., aterik itxi gabe. Nik hori nahi nuke, gaur egun ez baita pentsatzen ahal euskara hutsezko unibertsitate batean. Hobeki esan, pentsatu, edozein gauza pentsa daiteke, baina ez dut uste, printzipioz, ona den elebakarreko unibertsitateak sortzea, beren lehiakortasun maila arras apala izango litzatekeelako. Nola ekarriko genituzke ikasleak Europatik, adibidez? Nola, hizlariak? Nola antolatu mintegiak? Edo elebakarrekoa dela esanik, beste hizkuntza batzuk ere onartuko genituzke eguneroko praktikan?

Nik uste dut egokiena izango litzatekeela ikasgaiak aukeran ematea, euskaraz edo gaztelaniaz, ez denak euskaraz eta ez denak gaztelaniaz, ikasleek berek egin dezaten, egin dezazuen, aukera. Eta beste gai asko ingelesez -orain "ingelera" jarri da modan, zergatik dute arrunkeriarik arruntenek holako arrakasta irakasleen artean?-, jakina, eta beste hizkuntza batzuetan ere. Badakit nik eredu honen bideragarritasuna eskasa dela, gaur egungo irakasle gehienak gaztelaniaz bakarrik moldatzen direlako, baina uste dut, hala ere, hori litzatekeela eredurik egokiena etorkizunean. Eta uste dut, gainera, lehiak holako zerbaitera eramango gaituela: gero eta unibertsitate gehiago eta gero eta unibertsitario gutxiago, demografia arazoengatik, izango duen mundu batera goaz. Esan dezadan, bide batez, EHUrentzat euskaraz gero eta gai gehiago ematea ona dela, beste arrazoi argi bategatik: nafar ikasle euskaldunak erakartzen ditugu hola. Unibertsitateak normaltzat hartu behar luke euskara maila guztietan erabiltzea, eta luzera begira, dituen muga guztiak dituela, epe luzean horri behatu beharko lioke.

Eta horrek, gainera, beste ondorio bat izango luke gizarte osoaren aurrean ere: euskararen prestigioa indartzea, prestigioa nolabait ere, eta neurri batean, unibertsitatearekin lotua dagoenez geroztik. Unibertsitateak behar luke izan gero aldarrikatuko dudan gizarte elebidun horren ispilu.

(PELLO SALABURU hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)

Irakurri duzun testua Euskararen Etxea liburuaren 5. kapitulua duzu

  • erabili.com-ek eta Azpeitiko Euskara Patronatuak bere esker ona adierazi nahi diete bai Pello Salabururi eta baita Alberdania argitaletxeari ere, Euskararen Etxea liburuaren kapitulu hau argitaratzeko baimena eta eskatutako laguntza guztia eman izanagatik.

Euskararen Etxea liburuari buruzko informazio sakonagoa, hemen: erabili.com- Berri Berriak


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus