Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Gurasobakar

Gurasobakar

2003-04-29 / 08:55 / Ibon Sarasola   HIZKUNTZA

Duela hilabete batzuk artikulu bat irakurri nuen Emakunde aldizkarian, erdaraz familias monoparentales eta euskaraz guraso bakarreko familiak esaten zioten gaiaz.

Ez dut, noski, ezer guraso bakarreko familia esapidearen kontra. Hala ere, azken ondu dudan hiztegian, Vox Handia izenekoan, monoparental, gurasobakar eman dut. Ez Elhuyar hiztegian eta ez 3000 Hiztegia-n ez da monoparental hitza agertzen.

Nire aukeraren arrazoia argia da. Ez dut, berriro diot, ezer guraso bakarreko familia esapidearen kontra, baina batzuetan motz gerta daiteke: esaterako familias monoparentales vascas-en ordaina euskal guraso bakarreko familiak al da? Niretzat bederen, azken esapide honek hau esan nahi du: bi gurasoetako bat euskalduna –edo euskal herritarra– duten familiak; euskal familia gurasobakarrak-ek, aldiz, ez du nahasbiderik ematen.

Badakit guraso bakarreko euskal familiak ere nahasbidegabea dela; baina esaldia ezker aldetik kargatzen hasten bagara –erlatibozkoekin adibidez: egungo erdal prosa oso bihurria da– berehala ikusiko dugu ezin dugula asmatu, lehen irakurraldi batean bederen, zeri zer dagokion; eta orain badakigu lehen irakurraldian ulertzen ez den esaldi bat ez dela euskal esaldi egokia.

Gurasobakar bezalakoek lagun dezakete hainbatetan horrelako arazoak arintzen, eta ez dute inongo aitzakiarik euskal gramatikaren aldetik, buruhandi edo eskubakar-en sailekoak baitira. Eta ahalmen handia izateaz gainera, asko arin dezakete euskal prosa, Jaun Gartziak, besteak beste, itzulpen jardunean askotan ikusarazi duenez.

Ez dela gurasobakar euskara normala –edo “erraza”–? Ez, ez da; baina bere ordain monoparental ere ez da bocata-ren parekoa, mailaz; eta itzulpen guztietan maila jakin bati maila jakin bat dagokio, edo egokitu behar zaio. Bestalde, ez naiz ari esaten jatorrizko testuko monoparental guztiak gurasobakar-en bidez eman behar direnik. Kontu horretan idazlearen sena sartzen da, idazle ororen arma preziatuena izan behar duena “kontsigna” guztien gainetik. Sena horrek erakutsiko digu, esaldia nola doan, noiz guraso bakarreko familia eta noiz familia gurasobakarra ipini behar den.


(IBON SARASOLA hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)


Orain arte argitaratuak irakurtzeko sakatu HEMEN


Erantzun

 
Re: Gurasobakar
2003-04-29 / 09:29 / Aitor Sarasua

Guztiz konforme Ibonek testu horretan dioen gehienarekin: egitura arina da, gramatika aldetik aitzakiabakoa, ahalmen handikoa... Ni ere antzeko egituren aldekoa naiz. Baina kasu konkretu honetan, zalantza txiki bat dut: guraso hitzak ez du beti bikote esangura? Eta hala bada, onartzen du "gurasobakar" egitura hori? Bakarra izanda, guraso izaten jarraitzen du? Haur batek esan al dezake "nire gurasoa etorri da"?

Aitor Sarasua

 
Ibon Sarasolaren erantzuna
2003-07-07 / 17:59 / erabili.com

Ibon Sarasolak Aitor Sarasuari emandako erantzuna irakurri nahi baduzu, sakatu HEMEN

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus