Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Pello Salaburu: "Euskararen mundu 'ofiziala' itogarria da".

Pello Salaburu: "Euskararen mundu 'ofiziala' itogarria da".

2003-04-09 / 07:28 / Patxi Saez Beloki erabili.com   HIZKUNTZA

Pello Salaburuk euskararen atze-aurreak ondo ezagutzen dituela ezin uka daiteke: bada nor Euskararen Etxeak dituen zirrikitu guztiak ondo ezagutzeko. Esan beharrekoetan, berriz, ez da itzulinguruka ibiltzen eta tolesik gabe mintzo da. Berrikitan Euskararen Etxea liburua argitara eman duela-eta, aitzakia horretan, galdezka joan gatzaizkio eta baita erantzun ere. Hitz ederrekoa dugu Pello Salaburu eta, batez ere, hausnarketa sakoneko gizona.

  • Nondik sortu zitzaizun Euskaren Etxean esaten dituzunak liburu batean jasotzeko beharra?

Egia esan, aspalditik nituen gai horiek, zeharka bada ere, esku artean. Gogoan dut orain dela hainbeste urte eskatu zidatela kontu hauen inguruko hausnarketa bat egitea, mintegi batean. Mintegian esandakoak gero kanpora atera ziren eta nahiko erreakzio harrigarriekin suertatu nintzen. Orduan esana paperean jarri nuen eta konfiantzako lagun batzuei eman. Haiek animatu ninduten: “Landuzak hau, honek merezi dik”. Geroztik, zerbait zetorkidanean burura, ordenagailuan sartzen nuen, oharrak hartzen nituen... eta azkenean ikusi nuen bazela han gai aski zerbait luzeago egiteko. Eta hori egin nuen.

  • Esateko guztiak esan dituzu ala zerbait utzi duzu gordean?

Inoiz ere ez dira esaten esateko guztiak, ez hemen ez beste inon ere. Hemen, hala ere, galgari arruntean ez bezalako indarrarekin eutsi behar izan diot. Arrazoi nagusia da liburuan berean aipatzen dudana: ez gaude ohituak kritikara, nekez onartzen dugu aldamenekoak esaten diguna –euskara kontuetan diot-, eta kritikatzaileak etsaitzat hartzen dira anitzetan, horretarako inolako arrazoirik izan gabe. Euskararen mundu ofiziala (eta ez naiz administrazioaz ari) mugatuegia da, itogarria, batzuetan bederen. Hortik atera nahian idatzi dut liburua. Nahi nuke euskarak muga bat, eta bakarra, izatea: euskara bera, hizkuntza. Euskal Herrian, zoritxarrez, beste toki batzuetan jartzen ditugu mugak.

  • Liburuan, euskaldunon artean, joera bat badagoela berretsi duzu: euskararen guztionganatzeko bidean oker egin direnak "ezkutatzekoa" eta "ahaztekoa"...

Aitzineko galderarekin lotua dago. Uste dut ez den batere gauza ona hanka sartzeak, halakorik gertatzen denean, isilpean uztea. Horrek, luzera begira, ez dakar batere gauza onik. Patxadazko eztabaidak ezinbestekoak dira, egiten duguna egokia den edo ez ikusteko. Hori egiten da, nik dakidala, munduan aurrera eraman nahi diren proiektu serio guztietan, eta euskalduntzea da herri honetan gertatu den, eta gertatzen ari den, proiektu serioenetako bat. Horrexegatik uste dut ezinbestekoa dela egindako ibilbide luze honetan kontuak argitzen joatea. Nik badakit, horretan ez dut inolako zalantzarik, liburuan diodanarekin batzuk bat etorriko direla, eta beste batzuek beste modu batera ikusiko dituztela gauzak. Baina nola ez dudan dudarik horretaz, ez dut zalantzarik ere, hor idatziz jarri ditudan kontuetako anitz, konfiantzako adiskideekin, kafea hartzen ari garenean-edo, behin baino gehiagotan ibili ditugula ezpainetan. Baina behin kafea utzi eta euskararen mundu ofizialera itzultzen garenean ezikusiarena egiten dugu eta berriz ere aplikatzen ditugu ofizialtasun horrek eskatzen dizkigun joera zuzenak, kafea hartzen dugunean erabiltzen ditugunak ez bezalakoak. Euskalgintzan (zer nolako hitzak asmatzen ditugun lan arrunta besterik ez dena mailaz goititu nahi dugunean!) ari den oro ohartua da horretaz aspaldi.

  • Euskararen Etxea liburuan euskaldunek euskara elkarren arteko botere borrokan nahasten dutela ematen duzu aditzera. Aski jakina da, ia beti, euskarari dagokionez, ekimen paraleloak, bikiak, sortzen ditugula: euskarazko bi egunkari, ikastolen bi sare, hizkuntza politikarako bi plangintza: EBPN eta Kontseiluarena...

Duda gabe hala gertatzen dela, eta hori niretako aski gauza txarra da. Kontseiluaren kontutik hasiko naiz, nola bizi izan nuen nik sorrera unibertsitatetik, errektore nintzen hartan. Eta gai honekin hasiko naiz, hau izan baitzen liburua inprentan sartu eta aipatzea ahaztu zitzaidala konturatu nintzen gai horietako bat.

Gogoan dut nola etorri ziren arduradunak, hasierako proiektu hura dela eta, aurkezpena egin ondoren baiezkoa eman niezaien. Egia baldin badiot, pixka bat harriturik nengoen:

  • hura egiteko, eta egiten ari ziren moduan, dirua behar zen
  • han parean jarriak ziren, euskararen izenean, euskalgintzaren izenean, nire ustez parean jarri ez zitezkeen erakunde, elkarte eta taldeak (Perurena eta biok “harrijasogintzan” parean jarriko bagintuzte bezalatsu)
  • unibertsoa goiti eta beheiti, eta beldur nintzen ni gure unibertso hura herrixka bat baizik ez ote zen, eta planteamendu harekin, gauzak egiteko modu horrekin, unibertso horretatik batzuk uxatuko ez ote genituen, ametsetako unibertsoa herrixka izaki egiaz, azkenean ez ote genuen auzo bihurtuko denon artean
  • batez ere, unibertsitateari begira, zenbat eta gehiago hitz egin, nire buruari galdetzen nion kontseilukoek egin behar bazuten plan estrategikoa, zer arraio egingo zuen euskarako errektoreordeak, zer euskarako dekanordeek, eta zer euskarako batzordeak. Harriturik nengoen ikusirik pare-parean jartzen gintuztela, de facto, gainerako unibertsitateekin (nor, eta alde batetik unibertsitate bat non ehunka irakasle euskaraz irakasten ari baitira, eta bestetik dozenaka batzuk besterik ez dituzten unibertsitateak).
  • Eta gizarteari begiraturik, nire baitan egiten nuen zertako ote genituen Eusko Jaurlaritza eta bere plangintza guztiak.

Nire baitan egin nuen: hau da, hau, egin duten montaje ederra! (deusik ere ez zegoen tokian atera da hor bat-batean halako koordinakunde antzeko zerbait, egun batetik bestera erreferentzia bihurtu dena euskaltzale guztientzat. Txapó!); ni euskaltzalea ez banintz paper hura sinatu eta lehenbiziko lerroan jarriko nintzateke argazkietarako (holaxe egin dute askok, haietako batzuek, eta ez pisu gutxikoak, niri zuzenean esan didatenak gainera: “Ea bakean uzten nauten honekin”). Berehala oroitu nintzen behin Gipuzkoako zelai batean ikusitako letrero hartaz (eta ez da txantxetakoa): “Cuide su perro. Hay ovejas sueltas”.

Beraz, niretzat anitzez ere erosoagoa zen sinatzea, ez baitzidan inork ere galdetuko zergatik sinatu nuen. Ez nuen sinatu, eta ez naiz damutzen, nahiz ez sinatze horrek behin baino gehiagotan ekarri izan dizkidan arazoak: behin, gogoan dut, kanpotik etorritako irakasle batzuekin nengoela, inguratu ninduten ikasle batzuek, euskararen zelatari batzuek, kontuak eskatzen zizkidatela: “Eta zuk, zuk zergatik ez duzu sinatu?”. Bada, hona hemen arrazoiak, nahiz beldur naizen haietako inork ere ez dituen irakurriko. Hain zuzen ere, euskararekin zerikusia ez duen garrantzi handiagoko zerbaitek izango dizkie orduak hartuak.

Behin baino gehiagotan elkartu nintzen X. Mendigurenekin, Xabierri begirune handia baitiot, gauza batzuk argi zitzan. Zenbait argitu zituen (eskertzekoa dena, egunkarian idatzitako artikulu batean ere, gainera) baina hura ez zen aski izan, eta bere horretan segitu nuen.

Azalduko dut zergatik. Objektiboki, Kontseiluaren proposamena biziki arriskugarria ikusten nuen EHUn (eta berdin administrazioan, oro har). Unibertsitatean urteak generamatzan euskara bultzatu nahian, ondorio on eta txarrekin. Baina nekez jar daiteke zalantzan asko aurreratu duela euskarak EHUn, eta aurreratzen ez badu badirela beste arrazoi batzuk borondatearekin (direla borondatedunak euskaltzaleak nahiz ez) zerikusi gutxi dutenak: hau liburuan azaldua dudanez, ez naiz ariko berriz ere gai honekin. Faktore horiek guztiak kontuan hartu ondoren, erakunde honek, EHUk, bere planak egiten zituen. Nahiko iskanbila zegoen unibertsitate barnean adostasunak lortzeko, nahiz azkenean beti eskuratu izan ditugun adostasun hauek, unibertsitatea ordezkatzeko aukeratuak izan direnen artean: hau argitu behar da, zeren badugu joera norberaren nahiak, edo talde(txo) baten nahiak, gelaren nahiekin, unibertsitatearen nahiekin, herriaren nahiekin, kontinentearen nahiekin, munduaren nahiekin eta unibertsoaren nahiekin nahasteko. Agian hortik dator unibertsoaren kontua.

Behin plana egin ondoren falta zitzaigun gauza bakarra zen kanpoko norbait etortzea (egia esan, guztiz kanpokoa ez zen izango, EHUko irakasle batzuk ere egongo baitziren tartean), eta kirurgilari baten eskularruak jarri ondoan ‘hau ongi dago’, ‘beste hura ez hain ongi’, esaten hastea. Guk geuk egindako plangintza izan beharrean erreferentea, kontseiluak egin zezakeena (elkarrekin egingo omen genuen) izango zen erreferentzia bakarra, eta betetzen ez bazen badakigu nor den errudun. Bistan da guk izan genezakeen arazo horren antzekorik ez dutela izango Kontseiluaren proposamena sinatu duten hainbeste enpresa eta erakundek.

Hori da egitura paralelo baten, beste sare baten alferrik sortzea. Ez bakarrik egiatan paralelo bihurtzen delako, bereganatu nahian beste norbaiti dagokiona, baizik (hau ere kontuan hartzekoa da) modu polita baita etxe barneko batzuk gibeleko atetik sartzeko erabakiak hartzen diren tokietara. Beste hitzetan esateko: holako zerbait onartzea, EHUn, unibertsitateko arduradunei dagokie, ez Kontseiluari. Agian egon daiteke baten bat (hobeki esango dut: hori da kasua) boto aski izan ez duena aginte organoetan aukeratua izateko. Baina behin Kontseiluak muturrak sarturik, hura kontseiluan egongo da eta hola, gibeleko atetik, erabakiak hasiko da hartzen xarmanki. Hori oso gogoko dute batzuek, batez ere jatorrizko egitura edo sareak kontrolatzeko gai ez direnean.

Baina bestela ere sortzen dira egiturak: herri honetan udaberriko perretxikoak bezala sortzen dira elkarteak, itxuraz helburu desberdinak dituztenak, batzuetan ez hain desberdinak, baina atzean dauden eragileak izen berberak izaten dituzte sarritan.

Ez dakit nik Kontseiluaren hasierako proposamen hura sinatu duen enpresa multzo harrigarri harekin zer den gertatu. Badakit, hori bai, bai batzuek eta bai besteek bete zituztela beren helburuak: batzuek zerrenda luze bat eginez, horrek erakusten baitu zer borondate handia dagoen herri honetan euskara bultzatzeko; besteek, sinadura emanez kontzientzia lasaiago uzten baitute, eta haiek ere lasaitxoago bizitzeko aukera baitute (adibidez, ez die inork ere galdetuko “Eta zuk, zuk zergatik ez duzu sinatu?”), nahiz enpresek dirua ordaindu behar izan dioten inork ere eskatu gabe plangintza estrategikoak eskaintzera etorri zaizkien euskaltzaleei. Formalki gauza asko egiten da herri honetan borondatez. Ordea, ez dakit orain euskara indartsuagoa den enpresa horietan, eta indartsuago baldin bada, ez dakit hori gertatzen den Kontseiluak egin kanpainagatik. Hala baldin bada, oso gustura emango nioke nire laguntza Kontseiluari.

“Bai euskarari”: Euskaltzaindiaren leloa, Euskaltzaindiak bere izenean erregistratua duen leloa, orain, beste zerbaiterako erabiltzeko asmoa duenean, eskuratu ezin duena, euskaltzaletasunaren izenean kendu baitzaio. Bego hemen kontua puntu honetan.

Ez dut ulertzen zergatik pentsatu behar dugun beti gu garela munduan bizi garen bakarrak, eta “guk” bakarrik (“guk” diodanean esan nahi dut “gu” horren unibertsoan sartzeko baimena duten “gu” bakarrak, jakina) egin ditzakegula gauzak ongi. Administrazioak bere baliabideak jartzen dituenean, eta bere plangintzak egiten dituenean, utz diezaiogun administrazioari bere lana egiten, eta kritika dezagun konforme ez bagaude. Baina ez gaitezen sare paraleloak sortzen ibili, eta dirua ematen digun administrazio hori bera kritikatzen hasi.

Benetan uste dut anitzetan hizkuntza erabiltzen dela beste borroka mota batzuen estaltzeko: hizkuntzaren alde egiteak esan nahi du hizkuntzaren erabileraren esparruak gero eta zabalagoak egitea. Gauza xinplea da, hortaz, eta konplikatua ere, beste mota bateko baldintzak sartzeko hor. Gogoan dut orain, adibidez, “Egunkaria” ixteko hartu duten erabaki beldurgarri eta gaitzesgarri hori dela eta, nola hasi diren batzuk bazterrak nahasten bere adierazpenetan, eta zaku berean sartzen berez inola ere sartu beharko ez liratekeenak: oso ongi baita norbait kale borrokagatik edo ETAkoa izateagatik atxilotzea, baina horrek ez du zerikusirik hizkuntzarekin. Egunkari bat ixtea, uste dut beste maila batekoa dela. Ni neu lehenbizikoarekin pozten naiz, baina bigarrenak min ematen dit. Eta euskaltzalea naizenez, nire gelatxoa nahi nuke euskararen etxean, batzuekin eta besteekin hitz egin ahal izateko.

Egunkariaren kasua aipatu dut. Publikoki nire jarrera argi utzi dudanez, ez naiz berriz ere mintzatuko honetaz hemen. Lehenbailehen argitaratzea, hori da nahi dudana. Eta denentzat balio duen egunkaria izatea, gainera, hori ere nahi dut, gauden gutxi hauetako batzuei ateak ixten ibili gabe. Baina ez dakit seinale ona den Eusko Jaurlaritzaren kontra oihuak egiten hastea, egin izan diren bezala, besteak beste gure gobernuak eman duen diruari esker atera baita orain arte. Gobernuak eman duen dirua ez da baldintza bakarra izan, inola ere, baina bai ezinbesteko baldintza. Nola ahantz dezakegu hori?

  • Euskararen Etxean diozunez, hainbat gizarte-mailatan aurrera egin du euskarak baina, era berean, beste hainbat alderditan erdibidean geratu dela ere badiozu: "euskara hedatzearen kostuak". Kostu horiek behin betikoak direla uste duzu ala behin-behinekoak izan al daitezke? Alegia, eta adibide zehatzetara joz: gaur egun, zuk liburuan aipatu bezala, elkarren arteko harreman guztiak gaztelera hutsean garatzen dituzten gazte horien hizkuntza jokabidea (nahiz eta D ereduan ikasitakoak izan eta unibertsitateko sarrera azterketa euskaraz egiten duten), ez al da izango euskararen erabateko normalizazioaren erdibidean egokitzen diren belaunaldien jokabide naturala (edo kostua)? Eta ondoren etorriko diren belaunaldiek, euskara gizartean gero eta txertatuago dagoen neurrian, ez al dute joera hori aldatuko eta elkarren arteko harremanak euskaraz garatuko? Zein arrisku ditugu hala ez bada? Nola eta nondik egin aurre?

Arrunt zaila zait galdera honen erantzun egokia aurkitzea, ez bainaiz profeta. Pentsatzekoa da, printzipioz, hizkuntzaren erabileran holako aldaketa handiak sortzen direnean, horrek kostu bat utziko duela. Begien bistakoa da hizkuntza aldatuko dela. Begien bistakoa da ere, teorian bederen, erdaraz mintzo den gizarte batean beste hizkuntza baten erabilera bultzatu nahi denean, hainbeste zuri-beltz eta argi-itzaleko eremu sortuko direla, aldaketa garai guztietan gertatzen den gisa, eta gero etorriko direla urak anteparara, errotako gurpila bultzatzeko.

Nire kezka handiena da gaur badugula inoiz baino jende gehiago euskaraz dakiena, baina euskara hori ez dela erabiltzen nahi adina berez erabiltzeko arazo garbirik ez dagoen bitartean: gazte batzuk elkartzen direnean, eta denak euskaldunak direnean, ez dago inolako debekurik euskara erabiltzeko. Zergatik ez da erabiltzen? Zeren desberdina da mintzaldi batean erabiltzea, edo irratian, edo euskaraz ez dakien jendearen aurrean. Hori ez da hain erraza, beste arazo batzuk sortzen dituelako. Baina zer esan lehenbiziko kasuan? Badira hor zenbait arrazoi hau guztia azalduko luketenak: hizkuntza batean egindako harremanak ez dira egun batetik bestera aldatzen, eta beste hizkuntza batera pasatzen. Anitzetan ezinezkoa gertatzen da aldaketa hori egitea, gainera, denok dugu modu batera edo bestera esperientzia hori. Gerta liteke orduan baldintza horiek betetzen dituzten gazte horiek hasieran beren harremanak erdaraz bideratu dituztela, eta orduan ez da hain erraza izaten hizkuntzaz aldatzea, esan bezala.

Beste ikuspuntu batetik begiraturik, egia da, dena dela, hori dela euskara indartzeko ezinbesteko baldintza (jendeak hizkuntza jakitea, alegia), nahiz baldintza hori ez den nahikoa. Horregatik gertatzen zait hain zaila erantzuna ematea. Uste dut, hizkeraren erabilera dela balioztatu behar dena, horren aldeko kanpainak egin behar direla (familia, lagunartean, adiskideen artean, lanean), baina inoiz ere ez kanpaina zuzenak, batzuetan egiten diren gisa. Azpitik eman behar da mezua kontu hauetan, inor ere konturatu gabe bezala. Ez dakit nola egin daitekeen, horretarako badira espezialistak, eta haiei galdetu beharko litzaieke. Aldi berean, elebitasunak bere presentzia beharko luke izan, orain baino handiago eta serioagoa, idazten diren kartel eta errotulu guztietan, euskara kalean “sentitzeko”.

Hala ere, baikor agertu nahi dut. Gero eta argiago ikusten dut euskarak presentzia handiagoa duela oro har. Gero eta jende gehiago entzuten da euskaraz egiten. Eta hori pozgarria da.

  • Euskararen Etxea liburutik ondorio hauxe atera daiteke: irakaskuntzako D eredua baliagarria da ama hizkuntza erdera duten haurrentzat baina ama hizkuntza eta etxeko hizkuntza euskara duten haurrarentzat egokiagoa da B eredua. Zuzena al da ondorioa?

Hori ez da guztiz horrela. EUSKARAREN ETXEA liburuan behin eta berriz azpimarratzen dut nire esperientzia zehatzetik mintzo naizela liburuan aipatzen diren kontu guztietan, eta esperientzia hau ezin besteengana daitekeela. Baina nirea izanik ere, ez dio esperientzia erreala izateari uzten. Berdintsu gertatzen da D ereduaren kontuarekin. Argitu nahi dut kontu hau, gaizki ulertze bat baino gehiago egon baita. Nik esaten dudana, edo esan nahi dudana, hau da: baldin bada familia bat non euskaraz egiten den (euskaraz gurasoen artean, euskaraz umeekin, euskaraz umeek elkarren artean), eta familia horretako umea eskolara bidali nahi badugu, eta eskolako gelakoen artean asko erdaldunak baldin badira, nik bi aldiz pentsatuko nuke kontua. Hemen gauzak argi behar ditugu izan: familian euskaraz egitea, gurasoen artean euskaraz... Ez dezagun gure burua engaina: askok pentsatzen dute beren familietan euskaraz egiten dutela, baina ez da egia izaten, buelta eman orduko erdaraz hasten direlako, edo gaia zailtzen denean erdarara jotzen dutelako. Anitzetan umeei euskaraz egiten zaie, baina umeekin ere gauzak pixka bat nahasten direnean erdarara jotzen dute gurasoek. Ez naiz familia horietaz ari. Gogoan dut beste mota bateko familia bat: benetan bere komunikazio hizkuntza euskara duena, eta euskara landua erabiltzen duena gainera, bihotzean... eta batez ere ezpainetan. Kasu horretan, umeak euskara ona darama etxetik. Eta gelan aurkituko ditu beste batzuk euskaraz ez dakitenak, eta euskara ikasten dutenean ere, ez da aski ereduzkoa izango eredu hori. Nire ustez, azken hauena da gailenduko den eredua, eta badakigu umeei ez zaiela gustatzen desberdinak izatea. Nik neuk ikusi izan dut hau ingelesarekin: ume batek, kanpoan bizi izan delako, bereziki ongi ahoskatzen badu ingelesez, joera izango du beste mota bateko ahoskera egiteko, “hemengo” ahoskera mota bat, bere ikaskideen aurrean. Esan bezala, kasu hauetan arriskua egon daiteke umea D eredura bidaltzen bada, eta pentsatzekoa da agian euskara ereduari hobeki eutsiko diola etxekoa bakarrik erabiltzen baldin badu. Hori zen esan nahi nuena. Egoera desberdina da ume guztiak euskaldunak direnean, bistan da, eta hor ez zait inolako zalantzarik sortzen. Bada beste arrazoi bat ere, txantxetakoa ez dena: ume euskaldun batek ahalegin txikiagoa egin behar du eskolak segitzeko, eta horrek jarrera ez egoki bat indartu dezake: lanik ez egitearen jarrera, hain zuzen ere.

Nora bidali orduan? Egia esan, ez dakit, agian B edo A edo beste hizkuntza batean irakasten den ikastegi batera.

  • Euskaldun guztion baitan filologo txiki bat omen dago. Zeure liburuan ere jasotzen duzu joera hori. Zerk eragindakoa da? Zure ustez, zein oinarri du jokabide horrek?

Uste dut garai batean ez zela beste erremediorik izan. Euskaldun, hizkuntzalari fededun. Baina hori aldatu da: ehunka lizentziadun baditugu gure artean, bost urte eman dituztenak gai hauek ikasten unibertsitatean; idazle bikainak; itzultzaileak, eta abar. Oraingo egoerak ez du zerikusirik orain dela 25 urteko egoerarekin. Guztiz desberdina da. Euskara, batez ere Mitxelenak abian jarri zuen prozesuari esker, profesionalizatu egin da, eta beste gai guztiekin gertatzen den gisa, orain profesionaltasuna eskatzen zaie gai hauetaz arduratzen direnei. Baztanen ‘ezkai’ deitzen zitzaien zaletuei (ez dakit orain ere hala deitzen zaien). Ez naiz ni ausartuko ‘ezkai’ deitzen inori ere, baina egia da profesiokoek dutela orain hitza, eta ez pertsona bakoitzaren baitan dagoen filologo txiki horiek.

  • Liburuan euskara gizarte-maila batzuetan hedatzeak izan dituen on-gaitzak aztertzen dituzu (batez ere izaera publikoa duten esparruetan: irakaskuntza, unibertsitatea...) baina oraindik geure hizkuntza hedatu gabe dagoen gizarteko esparruen aipamenik ez duzu egiten. Euskarak Francoren garaitik egin duen ibilbidearen baitan, zein hausnarketa egin daiteke euskarak oraindik sartzeko aterik aurkitu ez duen esparru horiei buruz? Eta etorkizunari begira, zein jarraibide hartu daiteke euskara ezari-ezarian esparru horietara ere heda dadin?

Lehen ere esan dut zaila zaidala etorkizunaz hitz egitea. Uste dut, hala ere, ezinbestekoa dela euskaltzale guztiak hizkuntzaren inguruan batzea, alde batera utzirik iritzi politikoak. Uste dut ezinbestekoa dela euskararen aurkako jarrerak saihesten saiatzea. Uste dut euskara beste esparru batzuetan bultzatu behar dela: lagunartean, adiskideekin, familietan, enpresetan... pixkanaka-pixkanaka.

  • Zure ustez, izaera pribatua duten gizarte-esparruetan (lan munduan batez ere) nola jokatu behar da euskara hedatzeko? Orain arte egindako ahaleginek zertan huts egin dute edota zertan asmatu dute (asmatu baldin badute)?

Ez dakit honetaz nahiko, egia esan. Inpresioa dut, inpresioa bakarrik, ez dela gehiegi egin. Eta zaila izango da gehiago egitea euskara kanpotik ezarri nahi den zerbait bezala ikusten baldin bada (mehatxu baten gisakoa) eta ez gizarteak bere onez eskatzen duen zerbait: hezkuntzan gertatu den aldaketa beharko genuke enpresa pribatuetan ere ikusi, zerbait naturala dela onartuz, balioztatuz, eta abar. Eta zaila izango da, hain segur ere ezinezkoa, euskara ideologia batekin lotzen baldin badugu, eta horrekin bakarrik: ematen dugun inpresioa da euskara eta "borroka" elkarren osagarri direla, edo, bestela, euskara eta "abertzaletasuna" daudela loturik. Nola nahi dugu euskara denona izatea, gizarte osoarena izatea, gizartearen erdiak, kontu hauetan, beste alde batera begiratzen badu? Nola konbentzituko ditugu "kanpokoak" haiek nazionalista zenbait konbentzitu gabe daudela ikusten badute? Nola konbentzitu kanpokoak, alkate nazionalista batzuk eta beste kargu anitz, demagun, euskaraz "egunon" esateko ere gai ez badira? Lotura hauek lehenbailehen hautsi behar dira, eta euskaltzaleok ahalik eta lasterren erakutsi behar dugu hori garela, euskaltzaleak. Berriz ere diot, "herriaren salbazioa", "borroka" eta holako ezaugarriak kendu behar ditugu gure hizkeratik, euskararen inguruan ari garenean (besterik da hortik kanpo, jakina). Hori loturik ikusten den heinean euskara ez da onartua izango, jende anitzek ez du onartuko (aski da, besteak beste, Nafarroako esperientzia ikustea: nola da posible ez ikastea horrekin?). Baina, horretaz gain, nekez esan dezaket zerbait gehiago.

  • Euskara bihotzean baina erdera ezpainetan dio esaerak. Geure seme-alabak D ereduan matrikulatzeari berebiziko garrantzia ematen diogu eukaldunok oro har. Baina geure eguneroko eremu hurbilean (lanean esate baterako) ez dugu zipitzik ere egiten gure seme-alaben lan etorkizuna euskaraz izan dadin. Sinbolismo kontua ote ala geuri benetako ahalegina eskatzen digunari hor konpon?

Baina hori neurri batean bederen ulertu behar da. Normala da batzuentzat euskara begi onez ikustea, normala da ikustea zaila dela ikasteko, eta normala da onartzea urrun gelditzen dela nahiz eta ikasteko ahaleginak egin. Hizkuntza bat ikastea, jende arruntarentzat, benetan zaila da, eta horrek ez gintuzke harritu behar, bihotza beti baitoa ezpainak baino lehenago. Horrexegatik bidaltzen dituzte familiek umeak D ereduetara, eta horregatik uste dut ez dela bakarrik sinbolismo kontua, hori ere egon daitekeen arren tartean. Jende gehienentzat, euskara ikastea ez da gauza erraza, nola beste hizkuntza baten ikastea ere erraza ez den. Uste dut euskara ikasi dutenek meritu handia dutela, oso handia, eta hori horrela onartu beharko genuke euskara sehaskatik dugun euskaldunek. Kontua da hori egin ondoren batzuek beste urrats bate ere egiten dutela: uste dute horrek nolabaiteko justifikazioa ematen diela pentsatzeko euskaltzaleen artean euskaltzaleenak direla, eta haien iritziak pisu handiagoa duela kontu hauetan. Eta hori aldarrikatzen ere ikusia naiz ni. Baina, sentitzen dut, hori ez: zure umeak D eredura bidaltzeak ematen dizun eskubidea da gainerako umeak beste eskola batzuetara joanik ere beren familiek dituzten eskubide berak. Ez gutxiago, baina ez gehiago ere.

  • Euskarak etorkizunik badu, gazteleraren edo frantsesaren ondoan duela etorkizuna diozu: elebitasunean. Euskarak gizarteko maila guztietan erabateko normalizazioa lortzen badu, elebitasun simetrikoan biziko dela esan nahi du horrek?

Nahi nuke, bai, simetrikoa izatea. Ez dakit, hala ere, nolakoa izan daitekeen. Kontua da espainolari eta frantsesari uko eginez anitz galtzen dugula hemengo hiritarrek. Hortaz, hizkuntza batean egitea beti izango da pobreago, bitan edo hirutan egitea baino. Gero, jakina, ez dut zalantzarik bi hizkuntza elkartzen direnean, horrek haien arteko interferentziak sortuko dituela. Baina ez dut ikusten, inola ere, hizkuntza bateko Euskal Herririk: horrek gure historia ukatzen du, etorkizuna segurtatu gabe utziz gainera.

  • Euskara, oraindik ere, behin eta berriro, arriskuan dagoela entzuten dugu han hemenka baina zein da euskararen benetako arriskua? Ez al gara ari, neurri batean behintzat, hileta jotzen?

Ez dut uste. Ni, behintzat, ez. Hizkuntzalari guztiak kezkatu izan dira euskararen etorkizunaz, eta beste hizkuntzen etorkizunaz ere. Gaur egun badira esaten dutenak munduan diren milaka hizkuntza horietarik ehunka batzuk besterik ez direla geldituko mende honen amaieran. Ezin da holakorik esan, hori ez dakigu. Esan daitekeen gauza bakarra da hizkuntza anitz desagertzen ari dela, baina hori ez da, zorionez, euskararen kasua. Eta kontu hauetan aurrez ikusi nahi izatea gauzak, eta profeten tokia hartzea ez da batere osasungarria. Automobila asmatu zutenean, Michigango aurrezki kutxa bateko presidenteak eman zion Henry Ford-en abokatu bati aholku bat paregabea: “Zaldia hemen geldituko da, egon lasai, autoen kontua berrikeria bat besterik ez baita. Ez burutik ere pasa gero enpresa horretan dirurik jartzea”. Urte gutxiko epean, gizon horrek sartu zituen 5 mila dolarrek 12 milioi eta erdi balio zuten. Ez, ez da komeni izaten aldez aurretik markatzea etorkizunaren bidea. Euskararen geroa euskaldunon esku dago.

  • Norbaitek etorkizuna badu, hori gaztea da. Baleki gazteak baleza zaharrak. Zer jakin behar du gazteak euskarak etorkizuna irabaz dezan?

Gazteek jakin behar dute, nire ustez, eta bere horretan baloratu, munduko gizarteak ez direla berdinak. Bakoitzak badituela bere ezaugarriak, eta gure gizartearen ezaugarri argienetako bat euskara da. Gizakiok oro baditugu gure finkatze moduak, gure babes tokiak, maila desberdinekoak direnak, eta normalean elkarren osogarri direnak gainera. Hemen ohitura dugu, eta joera, gauzak elkarren aurka jartzeko, elkarren osagarri gisa ikusi beharrean. Horretaz jabetu beharko lukete gazteek, eta holako kultura zabala bultzatu beharko litzateke eskoletan ere. Uste dut hori oso bide ona dela, lasaia eta irekia, euskararen garrantziaz jabetu eta hizkuntzaren alde egiteko.

Hemendik aurrera zurea da hitza, irakurle. Zuk ere zeure erantzun-hausnarketak plazaratzeko aukera baduzu hemen. Pello Salaburuk eskertuko dizu, beste euskaltzale guztiok ere bai.

Euskararen Etxea liburuari buruzko informazio sakonagoa, hemen: erabili.com- Berri Berriak


Erantzun

 
Galdera bi
2003-04-11 / 08:18 / Jesus Rubio

Pello Salaburuk dio in bere Euskararen etxea respektu nire Euskararen garabideak:

Pasarte batzuk joriak dira, eta huts egiten dute komunikazio mailan, ez gure hizkuntza garatu gabea dagoelako, baizik eta Rubioren mintzaira ongi garatua edo trebatua ez delako, itxuraz. [178. or.]

Pello Salabururi galdetu nahi diot zein diren pasarte horiek, eta zergatik huts egiten duten in maila komunikatiboa.

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus