Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Galdezka »  Patxi Saez: "Lan-mundua erabat euskaldunduko bagenu, eragin betea izango luke kaleko harreman hurbilekoenetan".

Patxi Saez: "Lan-mundua erabat euskaldunduko bagenu, eragin betea izango luke kaleko harreman hurbilekoenetan".

2015-10-22 / 07:00 / Uztarria.eus   HIZKUNTZA

Euskararen aurrerabidea ziklo berri baten beharrean ikusten du Azpeitiko Euskara Patronatuaren zuzendariak. Horren gainean egindako hausnarketa eta proposamenak zabaldu ditu Erabili.eus webguneko Elefantea ikusi artikuluan. Euskararen elefantea lan-munduan dagoela eta hor eragin behar dela uste du, eta Euskaltzaindiari eskatu dio euskarak behar duen aro berri horren "gidaritza eta buruzagitza" hartzeko.

Bere iritzia plazaratzearekin bat, Patxi Saezek (Beasain, 1964) euskalgintzako hainbat adituren iritziak eta ekarpenak ere jaso ditu Elefantea ikusi-n. Guztira, 50 bat lagunen erantzunak jaso ditu. Eztabaidarako eta iritzi-trukaketarako bidea eman du, gutxienez, Saezen lanak. "Euskararen hizkuntza planifikazioak bene-benetako ardura sotzen du euskaltzaleen artean eta ardura hori agerian geratu da, berriz ere, oraingo honetan", esan dio berak, besteak beste, Uztarria.eus-i.

Lan mundura iritsi aurretik ere, gazte asko-askorentzat euskara "eskolako hizkuntza" besterik ez da, zoritxarrez. Errealitate horren aurrean eragiteko modu edo ahalegin berririk ez al litzateke behar?

Eskolak lan ikaragarria egin du, egiten du eta etorkizunean ere egin beharko du belaunaldi berriak euskalduntzen. Baina euskararen geroratzea eskolarik gabe lortzea ezinezkoa den bezala, eskolarekin bakarrik ere ezinezkoa zaigu eta hori oso agerian gelditzen zaigu, behin eta berriro, ingurune erdaldunduenetan eskolatik ateratzen diren gaztetxoek euskaraz komunikatzeko duten gaitasun eskasa ikusita. Ingurune erdaldunetako neska-mutilek ez daukate hiztun komunitaterik hiztun oso baten gaitasun linguistiko guztiak garatzeko, euskara bigarren hizkuntza dute eta komunikaziorako gaitasun mugatua lortzen dute, eskola dutelako beraien euskalduntasuna garatzeko gune bakarra. Elebidun hauek euskara eta gaztelaniaren arteko erabateko desorekan bizi dira eta, desoreka hori, daukaten komunikazio gaitasunean ere islatzen da: askoz erraztasun handiagoa dute gaztelaniaz egiteko. Eta, egoera horretan dauden elebidun desorekatu guzti-guztiek, “astoarena” egiten dute: abiatu zaitez asto baten atzetik mendian gora eta astoak, beti, biderik erosoenetik eramango zaitu. Garai batean ere, mendi-bideak egiteko, astoa behean utzita, mendiaren goialdean jartzen ziren begira-begira, ea astoak zein bide egiten zuen, bidea handik markatzeko, bai baizekiten astoak, beti, biderik erosoena eta errazena aukeratzen zuela. Eta elebidun desorekatuek horixe egiten dute: komunikaziorako biderik erosoena aukeratu, gaztelania, alegia.

Gainera, gure gizarte honetan, hizkuntzen eta hiztunen arteko bizikidetzari dagokionez, kontraesan handi batean bizi gara, izan ere, gizarte-erakundeetatik, elebitasun sozial orekatua lortu nahian gabiltza, bizikidetzarako biderik idealena omen delako, baina elebidun gehienak, berriz, hiztun desorekatuak dira, gaztelaniaren aldekoak, nabarmen. Hori gutxi balitz, eskolaren bitartez ahalegin ikaragarriak egin arren, 20 urtez azpiko gazteen % 30a ez da lortzen elebidun izaterik ere. Kontuak horrela, joera horiek aldatu ezean, ezinezko lantegia bihurtuta daukagu gizarte elebidun orekatua lortzea.

Hizkuntza eskuhartzerik gehienak lehenengo 20 urtera begirakoak dira. Baina gure gizartearen ardatza lan-mundua da eta, lan-mundua, heldu aroan garatzen den jarduera da. Egunean esna egiten ditugun ordurik gehienak lanean egiten ditugu eta bizitzako urterik gehienak ere bai. Gure gazte elebidun desorekatuak, lan-munduan murgiltzen direnean, lehendik kamustuta daukaten euskalduntasuna galbidean jartzen dute ia desagertzeraino. Horregatik proposatzen dut lan-mundua euskalduntzea, orain 50 urte eskolarekin egin zen bezalaxe, euskara eta gaztelaniaren arteko desorekan diren gazte horiek euskarazko bizibidean jarraipena izan dezaten eta komunikazio egoera berrietan euskaraz treba daitezen. Gainera, lan-munduak, gero eta eragin handiagoa du etxean, familian eta lagunartean. Gaur egungo gizarte antolaketa dela-eta, estatistikoki, lantokia da bikote harreman gehien sortzen den esparrua, baita lagunarteko harreman askoren sorlekua ere. Ez alferrik esna igarotzen ditugun ordu gehienak lanean igarotzen baititugu buruz buruko harremanetan, bilera, kafe-hartze, bidaia, lan-bazkari eta abarretan. Gaur egungo gizartean, lan-munduko harremanak pertsonen arteko harreman intimoenetarako zubi izaten dira. Lan harreman horietan sortutako hizkuntza ohiturek eragin betea dute lankideen arteko bikote harremanetan eta elkarbizitzarako pausoa emanez gero, baita etxeko hizkuntza ohituretan ere. Gainera, lan-mundua erabat euskaldunduko bagenu, eragin betea izango luke kale-auzoan garatzen diren harreman hurbilekoenetan, izan ere, okindegi, harategi, taberna, denda eta abarretan, lanpostuak baitaude eta lantoki horietatik herritarroi zerbitzu zuzenak ematen baitzaizkigu. Horregatik guztiagatik proposatzen dut lan-munduan eragitea eta lan-mundua euskarazko bizibidera ekartzea. Gaur egun, euskarak EAEn duen egoeratik abiatuta, herri-erakundeek (Jaurlaritzak, foru aldundiek eta udalek, batik bat) euskararen berreskuratzearen gurdia, nire ustez, bi gurpilen gainean ardaztu behar dute: eskola eta lan-mundua. Bi gurpil horiekin lortuko dugu euskarak ,neurri handi batean, tajuz aurrera egitea, bestela, gurdia, gaur egun gertatzen zaigun bezalatsu, herrenaren herrenez, arrastaka eraman beharko dugu, horrek sortzen dizkigun neke eta ezinekin.

Zure proposamenak hainbat erantzun eta ekarpen jaso ditu. Nola baloratzen duzu jasotako erantzuna?

Egia da, Elefanteak gure mundutxo honi astidu txiki bat eman dio. Handik eta hemendik euskaltzale asko etorri zaizkit artikulua irakurri osteko iritziekin. Pozgarria da norberaren hausnarketak akuilu izatea. Ea norainoko eragina izaten duen. Euskararen hizkuntza planifikazioak bene-benetako ardura sotzen du euskaltzaleen artean eta ardura hori agerian geratu da, berriz ere, oraingo honetan. Euskararen berreskuratzeak hemendik aurrera egin beharreko ziklo luzeak zein bide-mapa jarraitu behar duen da kezka iturri euskaltzaleen artean.

Eta zer harrera jaso duzu Euskaltzaindian? Eskatzen diozun gidaritza lan hori nondik nora egitea gustatuko litzaizuke?

Euskaltzaindiari euskalgintzaren gidaritza berreskuratzeko eskaria egin diot, Euskarak ondorengo 25-30 urteetan bete behar duen zikloaren gidaritza eta buruzagitza har dezan. Proposamena Andres Urrutia euskaltzainburuari aurkeztu nion joan den irailaren 10ean. Nik azaldutakoekin ados azaldu zen eta ahal zuen neurrian proposamena erakundearen barruan bideratuko zuela agindu zidan.

Euskarari dagokionez, Euskaltzaindia da euskaldun guztion artean onarpenik zabalena duen erakunde nagusia. Gainera, erakunde neutrala eta zabala da, alderdikeriarik gabekoa eta, batik bat, euskal gizarte osoaren onarpena eta aitortza duena. Ez da ahaztu behar, gainera, Nafarroan eta EAEn legez aitortua duela, euskarari dagokionez, erakunde aholku emaile izaera.

Euskaltzaindia 1918an sortu zen eta Euskaltzaindiaren 50. urteurrenean, 1968an, egin zen Euskara batu edo estandarizatu zuen Arantzazuko Biltzar Nagusia, eta harrezkeroztik, azken 50 urteotan, Euskararen Corpus Plangintza egin du Euskaltzaindiak, batik bat.

Euskaltzaindia, aurki, 2018an, mendeurrena betetzear da. Euskararen aro berriari hastapena Euskaltzaindiak antolatuko lukeen Mendeurreneko Batzar Nagusiak emango lioke, oraingo honetan, Status Plangintza egiteko, alegia, ondorengo 25-30 urteko ziklo luzean jarraitu beharreko gizarte-dinamikak zehazteko eta nondik norakoak finkatzeko eta erabakitzeko, beti ere, euskara gizarteko hizkuntza nagusi bihurtzeko jomugarekin. Euskaltzaindiaren Mendeurreneko Batzar Nagusi horretan erabakitzen den bide-orria guztiz akademikoa litzateke, guztiz teknikoa, 1968ko Batzar Nagusia Euskararen Batasunarena izan bazen, oraingo hau Euskararen Erabilerarena izango litzateke.

Euskarak beste mugarri bat jarri beharra dauka ziklo berria zabaltzeko. Mugarri hori Euskaltzaindiaren Mendeurreneko Batzar Nagusi horrek jarriko luke. Euskararentzat, hil ala bizikoa da, euskal gizartea mugiarazteko eta etorkizunerako nondik norakoak finkatzeko, horrelako aukera bat ez galtzea: bigarren hizkuntza izatetik lehen hizkuntza izatera pasatzeko, gune euskaltzaletatik gizarte osora zabaltzeko, azken finean, euskarak gizartean zentralitatea eta lehentasuna lortu ahal izateko.

Lan-munduan eragiteko eragile guztien inplikazioa derrigorrezkoa dela aipatzen duzu. Baina denak ikusten al dituzu maila berean eragiteko prest? Eragile "traktorerik" ez al litzateke behar? Eta, lan munduan euskara txertatzea euskalgintzaren ikuspegitik funtsezkoa izanda, lan munduan bertan ez ote da pisu gutxiko behar bezala somatzen?

Zalantzarik gabe lan-munduko eragile guztien elkarlana behar-beharrezkoa eta ezinbestekoa da euskararen zabalkundea lantokietara eramateko. Euskal eskolaren erabateko hedapena Eusko Jaurlaritzak hezkuntzaren ardura hartu zuenean gertatu zen bezalaxe, lan-muduan euskara txertatzea, neurri handi batean, herri-erakundeen eragiletzaren baitan dago. Herri-erakundeek baliabide eta tresnak dituzte, herri-diruak eta lege-araudiak, besteak beste, euskara gizarteratzeko eta laneratzeko. Beste alde batetik, lan-munduko eragileen artean ilusioa sortzea da giltzarri. Norbaitek gaiaren garrantzia mahai gainean jartzen duenean eta jendea konbentzitzen denean: hori egin behar da, garaia iritsi da, garrantzitsua da, une historikoa hau da. Jendeak hori ulertzen duenean, bere onena ematen du eta emaitza harrigarriak izaten dira. Ikastolak ditugu horren adibide, izan ere, sinistea ahal izatea da.

  • Estreinakoz Uztarria.eus agerkarian argitaratua, 2015-10-21ean.


Oso-osorik inprimatu


Erantzun

 
«Lan mundua irabazi behar da, euskarazko bizibideak segi dezan»
2015-10-22 / 07:00 / Berria - Garikoitz Goikoetxea

Euskara biziberritzeko bidean salto bat emateko garaia heldu dela uste du Saezek, eta «elefantea» lan munduan dagoela: mugitu egin behar dela hori. Prozesuaren gidaritza hartzeko eskatu dio Euskaltzaindiari.

Interneteko euskarazko lanean ezaguna da Patxi Saez soziolinguista (Beasain, Gipuzkoa, 1964): Erabili.eus atariaren arduraduna da —euskarari buruzko albisteak eta iritziak biltzen dituzte—, eta Twitterren ere goizero egiten du euskarari buruzko albisteen bilduma. Gogoetan eman ditu azken hilabeteak, euskararen aurrerabideaz, eta artikulu batean taxutu du ikuspegia: Elefantea ikusi. Lan munduan ikusten du elefantea, euskara biziberritzeko bidean mugitu beharrekoa.

Ziklo aldaketa, geldialdia, lausoaldia... Euskarari buruz askotan aipatzen dira azken boladan.

Impasse egoera batean gaude, eta aurrera begira antolatu behar dugu, etorkizun ikuspegiaz jantzi euskalgintzaren jarduna. Etorkizun ikuspegi hori lortzeko estrategiak antolatu behar ditugu.

Zertan nabari da geldialdi hori?

Ez dago faktore bakarra: zantzu asko daude. Batzuek esango dizute: «Gaur egungo euskaldun guztiak erdaltzaleak dira, denek erdaraz egiten dute». Hori, azken batean, etorri zaigun egoera bat da. Ahalegina egin da, batez ere eskolatik, belaunaldi berriak euskalduntzeko. Baina belaunaldi horiek ez dira elebidun orekatuak. Desoreka gaztelaniaren aldekoa da nabarmen. Zer egiten dute elebidun desorekatuek? Astoak egiten duena: bide erosoena aukeratu. Gaztelania da errazena haientzat, eta horregatik egiten dute gaztelaniaz ahal duten guztietan. Gainera, euskaldunok ere elebidunak gara, badakigu gaztelania taxuz. Eta gure gizartean, elebidun izan nahi duen gizarte honetan, badaude elebakarrak, euskararik ez dakitenak. Paradoxa da: nahi dugu gizarte sozialki elebiduna, baina norbanakoak ez dira elebidunak asko eta asko.

Eskolari eman diogu indar asko.

Eman beharreko indarra. Eskolak eman du, ematen du, eta eman behar du. Ez da eten behar eskolaren emana. Baina eskolarekin bakarrik ez dugu lortuko gizartea euskalduntzea. Azken urteetan bete-betean haurrengan, bizitzako lehen 20-25 urteetan jarri dugu indarra: eskola, aisialdia... Eragin beharreko esparruak dira. Baina hortxe bukatzen da gure eragina. Jakina, gaur egungo gizarteei begiratuz gero, ardatza lana da. Gure haurrak prestatzen ditugu ahalik eta bizimodu onena edukitzeko, eta hori lan on batekin lortzen dute. Zer gertatzen da? Lanak erdaraz funtzionatzen duela. Bai, egiten dugu ahalegina gure haurrak eta gazteak euskalduntzeko, baina laneratzen direnean eten bat gertatzen da. Hortik aurrera, erdaraz funtzionatzen dute.

Inbertsioa galdu egiten da, nolabait? Ikasten euskaraz jardun, eta laneratzen direnean, akabo.

Bai, batez ere gune erdaltzaleenetan. Lan munduak erabat zapuzten du aurretik egindako lan guztia. Urteetan aurrera egin ahala galdu egiten dituzte dauzkaten euskalduntasun zantzu horiek. Hala ere, esan behar da gune erdaltzaleetan eskolak emandako euskaldun desorekatu horiek urre gorria direla euskararentzat, zaindu beharrekoak, eta horiei euskarazko bizibidea jarraitzeko bidea jarri behar zaiela. Horregatik, lan mundua irabazi behar dugu euskararentzat, jarraipena emateko euskarazko bizibideari. Jakina, euskaldun horiek jarraituko dute desorekatuak izaten, baina beste komunikazio egoera batzuetan ere aukera izango dute euskara erabiltzeko.

Oraingo egoerari begiratuta, zail dirudi pausoak ematen hastea, batik bat gune erdaldunetan.

Zaila... Orain 50 urte, ia ezinezkoa zen ikastolak martxan jartzea. Guraso batzuek sinetsi zuten hori egin behar zela, eta sinestea ahal izatea da maiz. Antzeko zerbaitetik abiatu beharko genuke, nahimen horretatik, euskaltzaleen indarretik. Nondik? Arnasguneetatik has liteke, eta zabaldu. Euskal eskolarekin egin zen bezala: ez zen arnasguneetan soilik jarri martxan; erdalguneetan ere bai, han zegoelako behar larria. Enpresa kontuak ere orokortu beharko lirateke. Erdalguneetan ere euskaraz funtzionatzen duten enpresak sortu, eta dinamikak eratuko lituzkete, komunikazio egoera batzuk. Jendeak ikusiko balu lan munduak euskaraz funtzionatzen duela, beste balio sozial bat emango lioke euskarari, eta gaitasun komunikatiboa gehiago landuko luke.

Lan mundua euskalduntzeko, noren lankidetza beharko da?

Eragile guztiak elkarlanean jarri behar dira. Ezinezkoa da ezer egitea eragileak elkarren artean borrokan badabiltza. Hizkuntza politikak adostasuna behar du. Kasu honetan, eragile guztiak beharko genituzke: sindikatuak, langileak, enpresa jabeak... Denak.

Eta agendetan badute euskara?

Aipatzen dute behintzat. Baina beste taxu batekin heldu behar zaio gaiari, beste garrantzi bat eman, benetako bideak jarri. Askotan, euskara aipatzea apaingarri izaten da. Inor ez dago euskararen kontra. Egoera konkretuetara iristen garen arte. Egoera horiek adostu egin behar dira.

Euskaltzaindiaren lidergoa aipatu duzu artikuluan. Zergatik?

Orain dela 50 urte mugarri bat izan zen, euskara batuarekin. Orduan bazegoen lidergoa: Euskaltzaindiak hartu zuen aginte makila. Urteetan Euskaltzaindiak lidergo hori eraman du aurrera, eta funtzionatu du: euskal gizarteak aintzat hartu du hark esandakoa. EAEn eta Nafarroan legez aitortua dauka erakunde aholku emailea dela. Egia da akademia klasikoen bidetik jo duela Euskaltzaindiak, corpus plangintzatik. Euskarak behar duena lidergoa da, eta estrategiak. Euskaltzaindiari proposatzen diot lidergoa har dezala, eta bere baitan antola ditzala estrategiak euskalgintzako eragile guztien adostasunarekin. Gero, adosten diren estrategia horiek erakundeetara eraman, eta hizkuntza politika hortik bideratu.

Nolabait, Euskaltzaindiaren babesean foro bat sortzea, beraz?

Bai. Euskaltzaindiak baditu euskaltzain osoak, urgazleak... Dei ditzala lanera, eta horien bidez egin. Euskarak inoiz ez du izan gaurko euskaltzale jende jantzia. Historian inoiz ez du izan halako gaitasunik. Hori baliatu beharra dago.

Eta hori dena lortzeko, girorik ikusten duzu eragileen artean?

Giroa sortu egiten da lanean hastean. Ilusioa sortzen da norbaitek mahai gainean jartzen duenean eta jendea konbentzitzen denean: hori egin behar da, garaia iritsi da, garrantzitsua da, une historikoa hau da. Jendeak hori ulertzen duenean, bere onena ematen du.

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus