Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Galdezka »  “Euskara turistikoa izan daitekeela uste dut”

“Euskara turistikoa izan daitekeela uste dut”

2014-02-24 / 07:00 / DEIA Ortzadar   KULTURA

Sho Hagio Japoniako euskaltzale eta irakasleari euskara ikastea gaztelania edo frantsesa ikastea baino errazagoa dela iruditzen zaio. "Arazoa da euskara ikasteko aukera gutxi dagoela hemen, Japonian", adierazten du irakasle eta hizkuntzalariak.

2011ko martxoan izandako Fukushimako hondamendiaren ondorioz, Tokioko euskal etxeko ekintzak eten egin ziren, ia-ia. “Zerbait antolatzen dugunean, lokal bat alokatzen dugu”, dio, Etxepare Institutuarekin ere kolaboratzen duen Hagiok.


Zer sentitu zenuen lehenenengo besarkadak jasotzean Euskal Herrian? Uste dut Japoniako protokoloa zurrunagoa dela eta pertsonen artean distantzia zaindu behar dela... .

Zoragarria izan zen, neska politta zelako! Oraindik ere, batzutan ez dut ondo ulertzen nola jokatu behar dudan besarkada edo muxu bat edo bi ematerakoan... .


Japonia eta Espainia dira munduko lekurik zaratatsuenak, arrazoi desberdinengatik. Zergatik uste duzu? .

Agian, espazio publikoa eta pribatuaren arteko muga ez delako behar bezala finkatu. Baina japoniarrok errespetatzen dugu isiltasuna Leku santuan, etxean... .


Japoniako unibertsitateak onak eta lehiakorrak omen dira. Iritzi ona duzu? .

Japonian zehar badaude 770 unibertsitate orotara. Estatuarenak, 86; 83 publiko eta 601 pribatu. Batzuek ikerketa zorrotzari ematen diote lehentasuna, eta besteek hezkuntza edo tokian tokiko ekonomiaren hazkundeari lehentasuna jartzen diete. Unibertsitateen arteko lehiaketa hein batean beharrezkoa dela uste dut. Baina merkatuarekin lotuta dagoen World University Ranking-ekin ez nago ados. Unibertsitateak ebaluatzeko irizpidea bestelakoa izan behar luke. .


Euskara turistikoa al da? Hizkuntza bera erakargarria izan liteke turisten bisitak erakartzeko? .

Turistikoa izan daitekeela uste dut, bai. Euskal letra-tipo bereziak, adibidez, erakargarriak izango lirateke turistentzako. .


Japonieraz badago ‘baserritarra’ eta ‘kaletarra’ bezalako hitzak bereizten dituzten hitz edo kontzeptuak? Hau da hiriaren eta landaren/nekazal gunearen arteko bereizketa... .

Bai, badaude kaletarra eta kanpotarra bezalako hitz gutxiesgarriak. Hiria (bereziki Tokio) eta landaren, nekazaritza edo arrantzale gunearen arteko bereizketa, alegia. .


Lehendakariek gonbidatuta etorri izan zara Euskadira. .

2008ko ekainean Eusko Jaurlaritzaren gonbidapena jasoz Euskadira bisita egin nuen. Urte horretatik aurrera Euskal Herriarekiko eta euskaldunekiko harremanak berreskuratzen ari naiz. Horregatik asko eskertzen diot Eusko Jaurlaritzari. .


Euskadi eta Japoniaren arteko zubiak eraikitzeko zer egin liteke? .

Kultura esparrutik hasi behar dela uste dut. Euskal kulturaren aniztasuna eta indarra oso nabarria da. Askotan aipatzen dut “euskal kulturaren trinitatea”. .


Zer da hori? .

Edari-janariak (pintxoak, txakolina...), musika eta kirola (Athletic Bilbao, herri kirolak...). Euskal kulturaren trinitate horrek arrakasta handia lortu du besteak beste Japoniako gazteen artean. Nortasuna duzu aztergai. Identitatea, euskaldunen eta japoniarren artean, oso indartsua da? XIX. mendetik azken honetara, euskaldunen eta japoniarren nortasuna sendoagoa izaten ari da, faktore politiko, ekonomiko, sozial edo kulturalak medio. Baina esan beharko nuke nortasuna aldakorra dela. Gizabanako edo talde bakoitzak eduki dezake nortasun anitza. Kasu batzutan nortasun indartsua eduki beharko genuke eta hórrela abokatzen dugu. .


Nahikoa itzultzen da euskaratik japonierara? .

Ez. Zenbait euskal liburu japonierara itzultzeko asmoa daukat. Baina krisi ekonomia dela-eta, zaila da hori gauzatzea. Hala ere, lehen baino askoz gehiago idazten dut euskaraz, bereziki emailetan. .


Baduzu hartu emanik munduko beste euskararen enbaxadore edo euskaltzaleekin? .

Zentzu zabalean, denok gara euskararen enbaxadoreak. .


Japonian eskoletan txinera ikasteko ohitura hazten ari da? .

Ez dugu eskoletan txinera ikasteko ohiturarik. Kanji da Txinatik etorri zen ideograma. Guk, japoniarrok, erabiltzen dugu Kanji (ideograma ) eta Kana (silabategia edo alfabetoa). Japoniera eta txinera linguistikoki hizkuntz bestelakoak dira, nahiz eta Kanji bera erabili idatzi-irakurketa egiten dugunean. .


Bukatzeko, galdera pertsonal samarra: zoriontsu al zara? .

Mundu honetara etortzea zorigaitzaren pare hartzen duten pertsonak badaudela badakit. Egia da nire bizitza ere batzutan gogorra izan dela. Baina, nik nire jaiotza baiezkortzat hartzen dut behintzat. Eta hori nire gurasoaren nahia dela iruditzen zait, nire izena Sho-k japonieraz jaio eta bizi esan nahi du.

  • Estreinakoz Deia egunkariaren Ortzadar agerkarian argitaratua, 2014-02-22an.


Oso-osorik inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus