Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Galdezka »  Zer dira zozomikoteak?

Zer dira zozomikoteak?

2013-03-30 / 07:00 / Xabier Otaegi - Txirri pailazoa   KULTURA

Martxoaren 29aren eguerditik apirilaren 3aren eguerdira arte dira, hots, martxoaren bi egun eta erdi eta apirilaren bi egun eta erdi izaten dira zozomikoteak. Baina zer dira zozomikoteak?

Urtero entzun izan diot gure amonari: martxoa zitala izan ohi zenez, urte batez, hain latza izan ez zela ikusita, hogeita hamargarren egunean, artzain batek trufa egin nahian halaxe esan omen zion:

«Ai Martxo, Martxo, ez haiz hain hilabete gaiztoa izan. Nire bildotsik txikienak ere errez egiten dik erreka gainetik salto».

Martxoak, orduan, amorraturik, horrela eskatu omen zion Apirilari:

«Apirila, Apirila, emaidak egun eta erdi, neureak ditudan beste bat eta erdirekin, artzain harroputzari kenduko dizkiot ardiak, aharia eta begia».

Eta Apirilak eskaera bete zuenez, hiru egunez, ezagutu den ekaitzik gogorrena jaurti omen zuen. Ibaiak gainezka egin eta artzainaren artalde osoa ito zen. Bizirik eutsi ahal izan zuen bakarra, aharia, bizkar gainean hartuta ihesari ekin zionean, estropozo egin eta hankaz gora erortzean animaliaren adarrak begia ziztatu eta hustu egin zion, eta aharia bera ere ibaiak eraman zuen. Hara nola gelditu zen gure artzaina: ez artalde, ez ahari eta ez begi. Modu honetan sortu omen ziren zozomikoteak.

Halaxe argudiatzen zituen amonak Martxoa eta Apirilaren arteko eguraldi txarrak: «Noski, xoxomikoteak ditugu eta...».

Gertu-gertuko istoriotxoa zelakoan nengoen, baina jakinminak jota, Pello Zabalaren Naturaren mintzoa liburura zuzendu naiz badaezpada ere.

Pellok jakin duenez, Gaztela aldean ere esaten omen da: Dijo Marzo al pastor: con tres días que me quedan y tres que me preste mi hermano Abril, he de poner tus ovejas a parir.

Izan ere, «zozomikote egunak, tristeak eta ilunak», direla esan ohi dute.

Gotzon Garatek bildua omen da, bestalde: «Martxoaren 29aren eguerditik apirilaren 3aren eguerdira arte dira, hots, martxoaren bi egun eta erdi eta apirilaren bi egun eta erdi. Ez harritu eguraldi txarra izatea, zozomikotetan gaude eta».

  • Estreinakoz Irutxulo astekarian argitaratua.


Oso-osorik inprimatu


Erantzun

 
Ordiz egunak
2013-03-30 / 03:21 / MG

Martsuko eta apibileko egun euritsu hauei Burundan "ordiz egunak" esaten zaie.

 
Zozo+bikote
2013-03-30 / 09:29 / Edorta Agirre

Eta meteoroen nahasketa horren izena, berriz, "zozo + bikote" elkarketa omen da, hegazti askok ligatzeko duten aukera udaberriarra, alegia.

 
Zuberoan ere bai
2014-04-02 / 16:36 / Txomin Peillen

Zuberoan sineste berdin-berdina kontatzen da (ikus Junes Casenave Harigile euskal idazlea"Sineste zahar edta ez hain zahar")

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus