Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Galdezka »  Elizen Arteko Biblia bizkaieraz-edo?

Elizen Arteko Biblia bizkaieraz-edo?

2011-09-07 / 08:30 / Bittor Hidalgo   KULTURA

Euskara kontuengatik-eta maiz darabiltzat esku artean Bibliak euskaraz izan dituen hainbat bertsio, eta horien artean, azken hamarkad(et)an-edo Bibli Elkarte Batuak-eta esku artean jarri diguten euskara batuan eginiko Elizen Arteko Biblia (http://www.biblija.net/biblija.cgi?lang=eu).

Kontua da azken Biblia honek izan duela geroztik lapurtarrez burututako bertsioa (http://amarauna.org/biblia/) eta Testamentu Berriarena zubereraz (Batarzün Berria).

Harrituta nago nola ez den bizkaierazko, edo gaur egun diogun 'mendebalerazko'-edo, bertsiorik argitaratu. Ez naiz orain ni hasiko Elizei esaten zein propaganda estrategia erabili behar duten, baina harrigarri egiten zait zelan ia euskaldunon erdiek berba egiten dogun mendebalerazkotik hurrago den Biblia bertsiorik ez den gertatu, eta aldiz zubererazko hiztunentzako, hauek 5.000ra iristen ez direnean, edo lapurterazkoa-edo gaur egungo nafar-lapurtera hiztunak mendebalekoak baino nahikoa gutxiago direnean esaterako.

Nik nire lanean gustura erabiliko nuke bizkaierazko/mendebalerazko bertsioa, eta hala galdetu nahi nizuen dagokizuenoi, ez ote duzuen halako asmorik. Eta baldin baduzue, noizko-edo. Eta ez baldin baduzue, zergatik-eta pena hori.

Inork erantzun baliezat, bihotzez eskertuko nizueke.

Ondo izan


(BITTOR HIDALGO EIZAGIRRE euskara irakasle da Donostiako Hizkuntza Eskola Ofizialean)


Oso-osorik inprimatu


Erantzun

 
Eskerrik asko lagunei
2011-10-13 / 23:14 / Bittor Hidalgo

Gaur jaso det, lagun baten bidez, erabili.com-en bidez eginiko galderaren erantzuna, nire ezjakintasuna behintzat argitzen duena. Hala dio, nire adiskidearen lagunak:

"Ahal badeutsok erantzun eiok, mesedez, eleizen arteko biblia bizkaieraz eskatu dauanari. Bibliaren bihurpena bizkaireaz aspaldian jagok eginda, 1976an, Elorriko Jaime Kerexetak eginda, hatan be. Bizkaiera goxo-goxoa, sano jatorra eta bizkaiera idatziaren eredutzat hartu leiteken bizkaiera erabili joan. Bizkaiera eredu jasoaren jaube izan gura dauanarentzat galdu ezineko erreferentzia garrantzitsua dok. Herri berbakeran eta bizkaierazko klasikoetan oinarrituta eginda jagok. Zertarako eleizen arteko beste bihurpen bat egin, berau jator-jatorra badaukagunean eta bizkaieraz daragoioen eleizetan berau badarabilgunean?

Hara, Karmelo Etxenagusiak, Bizkaiko gotzain laguntzailea eta euskal idazle oparoa, beraren bihurpenaren inguruan esaten ebana: «Ebanjelio alkartuen itzulpen honek zabalkunde handia izan eban: aspaldiko egarri bizia asetzera etorren ur garbia zalako. Ebanjelioak bizkaieraz irakurteko ez geunkan besterik Argi Donea baino, eta honek domeketako ebanjelioak baino ez ekazan. Bai abadeok, bai kristinau herriak pozarren hartu genduan Kerexetaren itzulpen hau: edozeinek neke handi barik ondo ulertzeko euskera garbian egoan bizkaieratuta»."

Gaur egun ere eskuragarri Bilboko JAKINBIDE liburu dendan behintzat (Ledesma, 6), 25, 20 eta 12€tako argitalpenetan.

Eskerrik asko lagunei eta ondo izan.


(BITTOR HIDALGO, Donostia)

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus