Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Galdezka »  'Haratago': zuzen ala oker?

'Haratago': zuzen ala oker?

2010-11-15 / 09:30 / Mikel Aiertza Etxabe   HIZKUNTZA

Bertsoaren inguruan idazten ari naizen lantxo batean, honelako esaldi hau idatzi dut: "Euskal Herritik haratago ere badira inprobisatzaileak".

Word-eko euskarazko zuzentzaileak haratago hitza ez dit onartu. Ondoren, Euskaltzaindiko hiztegian sartu eta han ere ez. Nire kuriositatea asetu asmotan Google-n "haratago" idatzi dut eta hainbat artikulutan erabilia dago -horrek ez du esan nahi, noski, zuzen erabilia dagoenik-.

Honenbestez, nik atera dudan ondorioa da, "haratago" ez dela zuzena. Hau beste adierazpenen batekin ordezkatu daiteke, baina niretzat ez lioke emago hitz honek berez duen indarra. Adibidez: "Euskal Herritik urrunago ere badira inprobisatzaileak", "Euskal Herritik kanpora ere badira inprobisatzaileak".

Niri, ez dakit zergatik baina, "Euskal Herritik haratago ere badira inprobisatzaileak" gehiago gustatzen zait, baina ez legoke onartua, ezta?


(MIKEL AIERTZA ETXABE)


Erantzun

 
'Harago', 'haratago'...
2010-11-15 / 09:51 / Aritz Larreta Bereziartua

Kaixo, Mikel:

Nik "harago" erabiliko nuke, baina zer esatea nahi duzu, nahiz eta Hiztegi Batuan ez azaldu, "haratago" bera ere erabiliko nuke, horixe baietz!!!

Hiztegi Batuan hitz tekniko mordoa falta dela iruditzen zait. Esaterako, gaztelaniazko "competencia" nik euskaraz "konpetentzia" itzuliko nuke, baina Hiztegi Batuak ez du onartzen. Hortaz, zer? Ez al da erabili behar?

Zuzentasuna zaintzea garrantzitsua izanik ere, ez dut uste hainbeste nekatu behar genukeenik.


(ARITZ LARRETA BEREZIARTUA)

 
Harago
2010-11-15 / 10:29 / Paskual Rekalde

Hiztegi Batuan "harat" eta "harat-honaka" ageri dira Ipar. markarekin. Ez, ordea, "haratago". Bai, ordea, "harago". Kontua da Orotariko Euskal Hiztegian ere ez dudala aurkitu. Hala ere, erran behar da ahoz maiz entzuten dela Baztanaldean segurik.

Baduzu "Euskal Herritik harago ere badira inprobisatzaileak" paratzea.


(PASKUAL REKALDE)

 
'Haratago', zuzena
2010-11-15 / 10:35 / Xabier Armendaritz

Euskara batuan, «haratago» zuzena da, eta Iparraldeko euskalkietakoa da. Zergatik diodan hori? Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuan «harat» ageri delako, «Ipar.» markarekin.

Dena dela, Iparraldeko kutsua eman nahi ez badiozu (eta estilo kontua litzateke hori), «harago» edo «harantzago» erabil ditzakezu, eskualde kutsurik ez duten euskara batuko formak, esanahiz baliokideak.

Idazleak aukeratu behar duen (eta asmatu edo huts egin dezakeen) estiloa da kontua, beraz.


(XABIER ARMENDARITZ itzultzailea eta testu zuzentzailea da)

 
Zuzen-zuzena
2010-11-15 / 11:07 / Fernando Rey

Hiztegi Batuan ez egoteak ez du esan nahi inola ere gaizki dagoenik.

"Honago" ere ez dago, adibidez, edo eskuinaldera, edo eskuinalderago, baina hori ez da adierazgarria.

Hara + ago = harago den bezala, eta hona + ago = honago den bezala, harat (norat kasua) + ago = haratago da.

Beraz, nire ustez, zuzen-zuzenak dira honatago, haratago, baita forma xe-dunak ere, jakina, haratxeago, honatxeago...

Ongi izan.


(FERNANDO REY)

 
'Haratago' primeran dago
2010-11-15 / 11:25 / Pello Salaburu

"Haratago" primeran dago. Hori da hizkera batzuetan euskaldunek ezagutzen duten forma bakarra. Ez dago Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuan, beste gauza asko ez dauden bezala. Zuzentzaileak txartzat ematen du, beste forma batzuk ere txartzat ematen dituen gisan. Baina "harat" forma aski erabilia da, eta hortik sortzen da "Haratago". Euskara Batuko hiztegian ez egoteak ez du esan nahi baztertzen dela: esan nahi du ez dagoela. Eta baztertzen ez diren aldaerak zuzenak dira, kontrakorik esaten ez den bitartean. Beraz, Mikel, egiozu kontrakoa zuk zuzentzaileari eta erabili lasai aski, horretarako gogorik baldin baduzu.


(PELLO SALABURU)

 
'Harago' da hitz zuzena
2010-11-15 / 11:44 / Mari Eli Ituarte

Egun on, Mikel:

HARAGO da hitz zuzena eta Hiztegi Batuan ikus dezakezu. Gainera, nahi izanez gero, EPG (Ereduzko Prosa Gaur) webgunean ikus dezakezu sarritan erabili izan dela zuk aipatzen duzun esanahia adierazteko, bai prentsan eta baita literaturan ere.

Ea horrekin zure zalantza argitzea lortu dudan!


(MARI ELI ITUARTE)

 
'Haratago' batua ere bada
2010-11-15 / 15:04 / Bittor Hidalgo - Donostia

Egia esan, nik ere ez dut sekula ulertu zergatik ez duen onartzen Xuxen-ek (Word-eko zuzentzaile ortografiko ere bide dena seguru asko) HARATAGO forma.

Egia da HIZTEGI BATUAren 2000ko argitalpenak ez duela jasotzen HARAT adberbio bere soilean (bai HARAT-HONAT).

Baina oraintxe bertan sarean ikusi liteke nola jasotzen duen Euskaltzaindiak HARAT forma ere HIZTEGI BATUAN ("adlag. Ipar. 'hara, harantz'" oharrekin).

Eta egia da oraintxe bertan ere HIZTEGI BATU horretan jasotzen dela HARAGO forma nolabait konkurrentzia egingo lukeena HARATAGOrekin. Baina, HARAT batua bada, ez dirudi inongo eragozpenik jarri lezakeenik inork batuko adizlagun honi -AGO konparatzailea eransteko (HARA ri erantsen zaion legean).

Nik beraz interpretatuko nuke HARATAGO batua ere badela, iparraldeko literatura klasikoan berean ere nahikoa erabilia izanaz gain.

BATUA, nahiz espres jasoa izan ez HIZTEGI BATUAN.

Ala oker nago?

Norbaitek hala uste badu, gustura jasoko nuke argitik.

Ondo izan


(BITTOR HIDALGO)

 
Mila esker
2010-11-17 / 10:18 / Mikel Aiertza

Mila esker, zalantzak argitu asmotan eman dizkidazuen erantzun guztiengatik. Pozgarria da norberaren ingurunetik "haratago" ere euskaraz bizi den jendea eta euskaragatik kezkatzen diren norbanakoak daudela jakitea.

Ondo izan!


(MIKEL AIERTZA)

 
Haratago eta harago
2010-11-23 / 11:52 / Iñigo Roque

Aitzakiarik gabea da "haratago", jakina. Hala ere, bada erabilera okerrik: testu osoan "hara" erabili arren, konparaziozko morfema atxikitzean "haratago" egitea beti. Koherentziak eskatuko luke, ordea, "norat" erabiliz gero beti hari eustea, eta baita kontrara ere.

 
Esamolde horrek norantza adierazten du
2011-03-01 / 00:37 / Ibai Ortigosa

"Euskal Herritik haratago ere badira inprobisatzaileak".

Hau ez dute, noski, Hiztegi Batuak eta Xuxenek esanen, baina "-tik haratago/haruntzago/harago" esamoldea testuinguru horretan erabiltzea niri ez zait egokia iruditzen. Esamolde horrek norantza adierazten du: maila koalitatiboan gora nahiz behera joatea, lurralde batetik bestera joatea. Ez dakit behar bezala azaldu duan.

  • Hernani, Ereñozu eta Hernanitik haratago dago.
  • Nire gorputzaren mugetatik haragoko mundua.
  • Hau aserre txiki batetik haratago joan da.
  • Bertsolaritza tradizionaletik harago (poesia kultora, esatereko).
  • Anekdota hutsetatik harago.

Hau inpresio bat besterik ez da, noski.

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus