Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Galdezka »  Arku jaurtitzailea?

Arku jaurtitzailea?

2009-10-23 / 10:30 / Migel Anjel Aiertza Etxabe   BESTELAKOAK

Nobelatxo bat idazten ari naiz eta zuen webgunea askotan erabiltzen dut nire ortografia zalantzak zuzentzeko eta hitz berriak ikasteko. Ondorengo zalantzatxo hau daukat: nire nobelan pertsonaia bat arku jautitzailea da.

Ez dakit horrela ondo esanda dagoen. Joko olinpikoetan arku tiraketan hartu zuen parte, jaurtitzaile modura. Ez dakit, bi esaldi hauetan ondo adierazi ote dudan kirol diziplina mota hau.

Erdaraz lanzamiento de arco deritzana euskaratu nahi dut, bai kirola bera eta baita ere kirol hori praktikatzen duena. Gure artean hain ezaguna ez denez, ez dut bere inguruko adibide egokirik aurkitzen euskaraz.

Zalantza argituko didazuelakoan, mila esker eta agur bero bat!


Erantzun

 
Arkularia
2009-10-23 / 11:36 / Xabier Azkue

Oso itzulpen literala da "arku-jaurtitzaile" hori, eta geziak bota beharrean arkuak jaurtitzen direla adierazten du.

Hiztegian "arkulari" ere agertzen da, gaztelaniaz "arquero" ere esaten den horren pareko.

Egokiagoa, ezta?

 
Gezi-jaurtiketa
2009-10-23 / 11:46 / Pello Elorza

"Tiro con arco" delako horren gainean ari garenez, ez dakit neure buruhausteren bat bakarrik den ala ez, baina, tira, hor doakizue nire "hausnarketa":

Tiratzen dena ez da arkua, gezia baizik, eta gazteleraz bide horretatik jo badute ere, "arku-jaurtiketa" edo horrelako zerbait jarrita ematen du arkua bera jaurtitzen duela.

Nire proposamena "gezi-jaurtiketa" da, edo bide horretatik bederen, nahiz eta ondo dakidan geziak ez direla arkuz bakarrik jaurtitzen.

Segi ondo,

 
Arku-tiro
2009-10-23 / 12:06 / Xabier Azkue

Elhuyar hiztegian azaltzen da "tiro con arco" horren parekoa: "arku-tiro". Kirolarekin lotutako beste gune batzuetan (taldeen izenak, lehiaketen berri...) beste bi izen ere erabiltzen dira: "arku-tiraketa" eta "arku-tiroketa". Azken horrek gaztelaniazko "tiroteo" gogorarazten du, ezta?

Aukera horiekin guztiekin saihesten da jaurtigaiaren zalantza eta "gezi-jaurtiketa" baino egokiagoak iruditzen zaizkit, jaurtitzeko tresnari erreferentzia egiten diotelako.

Zorte on nobelarekin!

 
Arkulari, arranbelari
2009-10-23 / 19:07 / Gilen Mejuto

Konparazio baterako, ingeleraz:

tiro al/con arco -> archery

arquero -> archer, bowman

Euskaraz "arku" ere esaten da "uztai" eta "arranbel", eta beraz baditugu "arkulari", eta "arranbelari".

Bestalde "tiro"-rekin batera "desarra" ere dugu.

 
Euskadiko arku jaurtiketa federazioa
2009-10-23 / 21:05 / Mikel Aiertza

Lehenik eta behin, eskerrak eman nahi dizkizuet bidalitako erantzun andanarengatik. Gure hizkuntza hain txikia izan arren, zenbat buru hainbat aburu! Asebetuta ez naiz gelditu, baina erdi asetuta bai: arkuz gezia jaurtitzen duenari "jaurtitzaile" deitzea iruditu zait egokien. Kirolari berari berriz, aipatzen zenuten "arku-jaurtiketa" adierazten badugu, arkua jaurtitzen dugula dirudiela. Hori horrela da, baina kirol honen hemengo federazioa honela deitzen da: "Euskadiko Arku Jaurtiketa Federazioa, Federación Vasca De Tiro Con Arco". Erantzun batean aipatzen den moduan, "Gezi Jaurtiketa" esaten badugu, ez dugu azaltzen zein erremintarekin botatzen dugun, ezta? Beraz, kirol diziplina honi nola deitu behar diogu?

 
Lehia, joko, dema?
2009-10-27 / 16:10 / Hasier Agirre

Eta ez al daiteke beste bide batetik jo? Euskaraz, kirolak aipatzeko, "lehia", "joko", "dema" erabiltzen dira. Zergatik ez erabili halakoren bat?

Adibidez:

  • Arku-jokoa (pilota-jokoa)
  • Arku-leiha.
  • Arku-dema

Kirolariari, berriz, egokia iruditzen zait ARKULARI esatea.

 
Kirol federazioen izenak
2009-10-28 / 23:11 / Hasier Agirre

Aiertzak aipatutako "arkuaren" kontu hori dela eta, otu zait ez daukagula euskaraz beharbada oso argi federazioen izenak nola erabili. Hutsunea ez ote da are nabarmenagoa gure artean berriak edo ez hain ezagunak diren kiroletan?

Esaterako:

  • Aizkora Federazioa
  • Mendi Federazioa
  • Pilota Federazioa
  • Xake Federazioa
  • Boxeo Federazioa
  • Arraun Federazioa

Badirudi, goiko horien logikari segita, ondo behar lukeela "Arku Federazioak" ere. Edo "Bolo Federazioak". Nik atzo arku-joko aipatu nuen Euskal Herrian tradizio dezentea izan duen bola-jokoren ildotik (bolak ere jaurti egiten baitira, arkuak bezala), baina Euskal Herriko Bola-joko Federazioa luze samarra da agian, eta, gainera, beste kirol batzuen kasuan ez dugu erabiltzen.

Beste aukera bat kirolariak erabiltzea litzateke, kirolaren ordez: Mendizaleen Federazioa (agian, Mendi Federazioa baino egokiagoa iritziko dio bat edo batek), Arkularien Federazioa, Bolarien Federazioa, Arraunlarien Federazioa, Segarien Federazioa... Baina aukera hori ere ez da erabat betea, federazioetako kideak ez baitira denak kirolariak edo kirolari izanak.

Hirugarren aukera "zale" atzizki orokorragoa erabiltzea. Kirolari eta kiroltzaleak biltzen baititu, ez soilik lehendabizikoak: Arkuzaleen, Bolazaleen, Arrauntzaleen, Eskizaleen, Boxeozaleen Federazioa.

Hiru aukerak aztertuta, lehena iruditzen zait niri egokiena eta arazo gutxien emango diguna; hau da, izena bere horretan uztea:

  • Windsurf Federazioa
  • Bowling Federazioa (egunen batean iritsiko da hau ere)
  • Errugbi Federazioa
  • Padel Federazioa

Zergatik ez, beraz, Arku Federazioa soilik, "jaurtiketak" ahaztuta. Aizkora ez da lanabes hutsa, baita kirola bera ere. "Aizkora/Pilota gustuko al duk?" (esaten dugu eta ez aizkolaritza). Beraz, zergatik ez esan "arkua kirol polita da". Behartu samarra dirudi besteen aldean, baina erabili ahala joango gara punteria fintzen, gezia jomugan sartu arte!

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus