Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Galdezka »  Orokorrean

Orokorrean

2009-10-14 / 08:35 / Begoņa Rodriguez   IRAKASKUNTZA

Duela gutxi esan zidaten orokorrean ezin dela erabili, erderakada dela. Horren ordez, oro har edo orokorki esan eta idatzi ahal dugula.

Nire ustez orokorrean erderakada izan daiteke, baina, baita orokorki ere. Argituko didazue bada zalantza? Zein erabili behar dut?


Erantzun

 
Ez nuke txartzat emanen
2009-10-14 / 16:12 / Raul Iglesias

Ibon Sarasolak ondoko artikulu honetan ez zuen "orokorrean" gaitzesten; beraz, nik ez nuke txartzat emanen:

http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1081042730

Agian besteak jasoagoak dira edo gehiago daude tradizioan oinarrituak.

 
Belarria
2011-03-01 / 00:20 / Ibai Ortigosa

Sarasolak ez du "orokor" txartzat ematen, tradizioaren eta "autoritateen" irizpideari jarraiki. Hainbeste denboran hainbeste erabilitako hitza ezin izanen dugu arbuiatu, zergatik eta "gaizki sortua" dagoelako. Hori ez da arrazoi, ez euskaran ez inongo hizkuntzatan.

Hala ere, ezin dugu zuzen/oker preskripzioa bakarrik kontuan hartu. Belarria ere hor dago.

"Orokor" belarri erdaldunari obedituta asmatutako munstro ezin zakarragoa dela gogorarazi nahi nuke, nahiz eta gero tradizioa sortu eta egungo euskaran zabaldu. Belarri erdaldun eta garbizaleari obedituta asmatutakoa da, gainera. Prezio berean, "generalki", "generala" esanez lasai asko bizi gintezkeen euskaldunak. Are gehiago: kaleko euskaran "generalean" esaten dugu.

Hortaz gainera, gogoan izan behar da gaztelaniazko "general" eta "generalmente" guziak ez direla beti euskaraz "orokor" eta "orokorki". Izan liteke orotariko, denetariko, erabat(eko), oso, bete, nagusi, buru eta beste asko, beharraren arabera.

Noski, "en general" euskaraz inoiz ez da "orokorrean" izan. INOIZ ERE EZ. "Orohar" ponpoxoegia iruditzen zaionak erabil ditzala gehienetan, usu, sarritan, ohi eta horrelakoak. Ez da ezer pasatzen.

Dena den, harrigarria iruditzen zait, "orokorrean" bezalako mokordo bat hain aise zabaldu izanagatik ere, batzuei "orohar" txukunagoa zabaltzea hain zaila iruditzea.

Grebak euskaraz ez lirateke orain entzuten dugun bezala "orokorrak" izanen, amnistiak bezala "osoak" izanen balira. Sen pixka bat gehixeago aplikatuko balitz, director general guztiak zuzendari nagusiak izango lirateke.

 
Zaharkeriak
2011-03-03 / 12:53 / Ibai Ortigosa Miral

Kontua da "orokor" erdarazko general-i euskal ordaina aurkitzeko asmatu zela. Euskaldunak lasai asko bizi gintezkeen euskal ordainak erabiltzen, edo bestela zuzenean "general" mailegutzat hartuta, Europan barna egin izan den bezala. Horren ordez, "orokor" "orokortu" zitzaigun.

Sarasolak esan bezala, tradizioaren eta autoritateen irizpidea jarraituz gero, "orokor" guztiz zuzena da. "Gaizki sortutakoa" izatea ez da arrazoi hitz bat arbuiatzeko. Arrazoibide horrexetik beretik, "orokorrean" eta "orokorki" ez ditu Sarasolak gaitzesten, kalko garbiak izanagatik ere. Egungo euskaran zabalduta daude, eta idazle hoberenek erabiltzen dituzte holakoak.

"Orokorrean" eta "orokorki" bezalako zakarkeriak zabaldu baldin badira (barkatu, baina itsusiak iruditzen zaizkit arruntean), ez dut uste hain zaila izanen denik euskaldunen belarria "oro har" txugunagora ohitzea. Eta jakina, "gehienetan", "ia beti", "sarri", "usu" eta bestelakoak ere hor daude. "En general" gora eta "generalmente" bera ibiltzea, maiz, ez da gaztelaniazko estiloaren makulu bat besterik.

Dena den, gogoan izan erdarazko general guztiak ez direla "orokor" euskaraz, edo ez direla zertan izan behar: "Amnistia Osoa" esan izan da, baina egun ere "Greba Orokorra" aldarrikatzen da, nahiz eta hau ere "osoa" edo "erabatekoa" ere izan zitekeen. Director General ere, Zuzendari Nagusia izan daiteke euskaraz, eta ia beti horrela da. Erabateko, oso, bete, nagusi,... Orokorrean, ez dago orokorrik orokortzeko beharrik.

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus