Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Galdezka »  Ramon Etxezarreta: "PSE-EEk ere ikasi beharko du zein den euskararen benetako balioa, ez dauka aukera makala!"

Ramon Etxezarreta: "PSE-EEk ere ikasi beharko du zein den euskararen benetako balioa, ez dauka aukera makala!"

2009-05-22 / 08:30 / erabili.com   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Kargu berriari neurria hartzen ari da oraindik Ramon Etxezarreta (Urrestilla, 1954), Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuorde berria. Aurrekoek egin duten lanaz galdetuta, "aldatu behar direnetan baino, sakondu behar direnetan azpimarra egitea nahiago" duela dio, "ez gatoz, ez, ezer birrintzera, ez puskatzera". Hizkuntza kontuetan, aldaketa nagusiki "jarrera politikoetan" antzemango dela uste du.




Zer suposatzen du Ramon Etxezarretarentzat izendapen berriak?

Erronka latza baina egin beharrekoa. Aukera aparta da euskara guztiona eta guztiontzakoa dela frogatzeko, errespeturik eta atxikimendurik ez ziotela ziotenen murmurio deiadar horiek isiltzeko.


Zer arrazoi eman dizkizute, alderdi sozialistaren barruan, zu kargu honetarako aukeratzeko?

Alderdi sozialistaren barruan Blanca Urgellek niri deitzeko hartu duen erabakia txalotu egin dute. Blancak alor honetan, euskararenean alegia, ilusioz arituko zen jendea behar zuela esan zidan, ez nazionalismoaren baitan euskaltzalea zen jendea behar zuela.


Ba al dakizu beste kandidatorik egon den?

Zertarako jakin nuenean ez nuen besterik galdetu, beraz ez dakit beste inor posiblerik egon den.


Sailburuordetzaren antolaketari dagokionez, zuzendaritzetan aldaketarik egongo al da?

Aldaketak egotea da logikoena, talde berri bat osatu behar delako batetik, eta talde zaharreko askok jarraitu nahiko ez dutelako bestetik.


Nortzuk izango dituzte zuzendaritzen ardurak?

Denbora pixka bat hartzea izango dugu onena egin beharreko aldaketak lasai egiteko.


Hizkuntz normalizazioaren arloan orain arte izan duzun esperientzia -Donostiako Udalean- baliogarria izango zaizula uste al duzu, edo hemendik aurrerakoa ezberdina izango da?

Lanbidez ere alor honetakoa nauzu. Donostian pilatu dudan experientziarik gabe ezetz esango nion eginkizun berri honi. Zalantzarik ez izan balio handikoa dudala Donostiako Udalean ikasi dudan guztia, asko izan da.


Nola baloratzen duzu Eusko Jaurlaritzak hizkuntza politikan orain arte egindako lana? Gertutik jarraiatu izan al duzu?

Bistakoa da azken legealdian Jaurlaritzak protagonismo handia hartu duela, dagokiona eta behar duena. Euskal gizarteak euskara eta hizkuntza kontuetan beharrezko dituen prozesuen lidergoa hartu du Baztarrikaren eskutik. Horrek, guztiz ezina ematen zuen zenbait garaitan.


Gobernu berriak zer planteamendu nagusi dakartza, hizkuntza politikari dagokionez?

Euskararekikoak aukera politikoetatik askatzea edo aukera politiko guztiek konpartitutako kontua izatea euskararena, izan daiteke ardatz nagusia. Demokraziarik gabe ez dagoela hizkuntza egokirik eta hizkuntzarik gabe ez dagoela demokraziarik erakustea. Erdal munduek euskal munduei eta euskal munduek erdal munduei begirune osoa izan eta beldurrak galtzea. Elkarbizitzaren ideia nagusi bilakatzea, hizkuntzen elkarbizitzetatik konfliktu ideia desterratzea...


Zeintzuk dira, zure ustez, aldatu beharreko lan-ildoak?

Aldatu behar direnetan baino, sakondu behar direnetan azpimarra egitea nahiago dut. Ez gatoz, ez, ezer birrintzera, ez puskatzera.


Euskararentzako diru-laguntzak ez dituzuela murriztuko esan duzue. Ulertu daiteke zuen gestioak jarraipenetik gehiago izango duela, aldaketatik baino?

Diru kopuru berdina era desberdin askotara erabil daiteke. Esan beharra geneukan "nola" axola zitzaigula "zenbat" baino. Mihi gaizto gezurtiak isilarazi behar genituen. Ez gatoz euskara kontuetan dirua aurreztera, euskararen izenean euskara ez diren kontuetan gastatzera ez gatozen bezalaxe.


Aldaketa edo berrikuntzarik izatekotan, zertan antzemango dira?

Jarrera politikoetan nagusiki, erdal munduak landu behar ditugu, erdaldunak egin behar ditugu euskararen adiskide. Euskararen lurrak zabalak direla ulertzen lagundu behar dugu, euskararen mapak ez direla inkesta politiko txolinetako bat erakutsi. Euskara egia komunikatibo bat dela erakutsi.


EBPNk zertan asmatu eta zertan huts egin du?

Agian gehiegi hartu nahi izan du bere baitan, baina erakunde politiko eta administratibo guztiak bide berean eta norabide berdinean lan egiten jarri ditu, ez da gutxi.


Ipar Euskal Herriarekin eta Nafarroarekin euskararen inguruan dauden diru-laguntza, hitzarmen eta kolaborazioek jarraipena izango al dute?

Lehen esan dut, euskararen mapak euskararen mapak direla. Euskara non gobernu honen ardurak han izango dira, dagokion bidetik zuzenduz eta konpartitu behar diren ardurak konpartituz. Adostasunak lantzen saio gehiago egingo ditu desadostasunak salatzen baino.


Katalunia, Galizia eta Balear Uharteetako gobernuekin ere baditu hitzarmenak Jaurlaritzak, Espainiako estatuan hizkuntz aniztasuna bultzatzeko. Lankidetza horrekin jarraitzeko asmorik bai?

Ez izan zalantzarik, lankidetza guztiak izango zaizkigu gutxi.


Nola ikusi dituzu aurreko Jaurlaritzak euskalgintzarekin izan dituen harremanak? Gobernu berriak harreman horietan aldaketak egiteko asmorik ba al du?

Harremanak gutxienez biren kontua dira. Hala nahi duenarekin lan konpartiturik egiteko modua baldin badago, lankidetza egon, egongo da. Baina, argi!, hurrego batean kontuan har dezazun, gobernua ere euskalgintza izan da eta izango da, auzi politikoa pozoindu nahi duenarena da euskalgintzatik aparte uztea gobernua.


Alderdi sozialistari euskararekiko sentsibilitate urria egozten zaio. Zer esango zenieke, gobernu berriaren hizkuntza politikaren aurrean zalantzak eta beldurrak azaldu dituztenei?

Beren herriko gobernuari exijitu behar zaion guztia exijitzeko, lasai eta egoki, eta exijentzia horiek euskal hiztunen eta hizkuntzen elkarbizitzaren hoberako, euskararen garapenerako izan daitezela, ez alderdi sozialistaren euskararen sentiberatasuna neurtzeko.


PSE-EEren azken hauteskundeetako egitaraua gaztelaniaz bakarrik plazaratu zen...

PSE-EEk ere ikasi beharko du zein den euskararen benetako balioa, ez dauka aukera makala!


Oso-osorik inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus