Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Galdezka »  Pruden Gartzia: "Eliteek uko egin izan baliote euskara desagerturik legoke"

Pruden Gartzia: "Eliteek uko egin izan baliote euskara desagerturik legoke"

2007-06-13 / 09:00 / erabili.com   HIZKUNTZA

Euskaltzaindiaren Azkue liburutegiko zuzendariari Argia astekarian eginiko elkarrizketa bete horretan ekarri dugu gurera, pertsonaia eta hizpide dituen gaiak interesgarri iritzita.

Oñatin (Gipuzkoa) jaioa 1964an, gaur egun Gasteizen bizi da. Filosofia eta Letretan doktorea Madrilgo Unibertsitate Autonomotik, Euskaltzaindiako Azkue liburutegiko zuzendaria da 1997az geroztik. Joan den urtean euskaltzain urgazle izendatu zuten, bere "titulurik maiteena".

Plaza Barriako (Bilbo) arku neoklasikoak ikusten dira leihotik. Mahai gainean aldizkari espezializatuak, paperak eta larruzko agenda. Haien artean galdurik kartoizko egutegi bat. Mahaiaren aldamenean eseri zaigu eta eman diogu gaia: euskara eta historia. "Zer izan da euskara euskaldunontzat historian zehar?" galdegin digu berak segidan.




Zure artikulu batean irakurri ahal izan dudanez, historian zehar euskararen inguruko bi jarrera izan dira: euskara etxerako eta euskara plazarako...

Abertzale klasikoek euskara beti izan dute elementu minoritario bat: Orixek, Zaitegik, Laffittek... Laffittek adibidez, ez zuen pentsatzen nobelak euskaraz egin zitezkeenik; euskaraz behar zuten bertsoak, ipuintxoak edo herri antzerkiak.


Baina zergatik abertzaletasun klasiko horrek ez zuen ikusten euskara jasorik? Nondik zetorkion jokabide hori?

50-70eko hamarkadetako aldaketa kate baten muturra da. Beste muturra XVI. mendean aurkituko dugu, Etxepare eta Lazarragaren garaian. Tartean badira laurehun urte, eta denbora horretan paradigma berdinaren barruan mugitu gara. Euskal eliteak abertzale egin zirenean, hizkuntzari buruz zerbait berria asmatu beharrean lehengo paradigmari eutsi zioten, eta foralismoaren jarrera antzerakoa mantendu zuten alde horretatik.


Baina euskara guztiz baztertu gabe...

Euskarari leku bat ematen zitzaion gure gizartean, baina inondik inora ez zen pentsatzen hizkuntza hegemonikoa izan behar zuenik.


Eta nola etorri zen aldaketa?

50eko hamarkadan badago belaunaldien talka bat, lehen aldiz euskara normalizatu nahi izan zen, sasoi horri zegokion gizarte moderno hiritar baten hizkuntza bihurtu. Hori da Jakinen belaunaldia, eta Leturiaren Egunkari Ezkutuarena. Txillardegiri Mitxelenak hitzaurre bat egiten dio, oso polita, nik berriz ere irakurri dut, eta euskararen egoera penagarria konstatatzen du bertan. Baina loraldi baten atarian daudela ere badio Mitxelenak. Gabriel Arestik edo Xabier Letek Beñat Etxepare berreskuratzen dutenean adibidez, euskara jalgi hadi plazara... kantuarekin, hori ikusten dugu.


Unamuno, Ortega y Gasset, Menéndez Pidal... espainiar nazionalista liberalek bai egin zutela euskararen kontra.

Beraiek uste dute nazio berri batek hizkuntza bakarra izan behar duela, gainerakoak desagerraraziz. Hori da beraien helburua, lehen eta gaur! Noski, batzuk desagerpen hori traumatismorik gabe nahi dute, beste batzuk aldiz gorrotoa diote euskarari.


Orduan, hizkuntza da nazionalismo horren funtsa?

Zaila da hori esatea. Espainiar nazionalismoa, neurri batean, frantsesaren kopia bat da eta frantsesak oso koherenteak dira horretan. Balio errepublikarren artean berdintasuna dago, erranen baita, denok hizkuntza bera.


Lazarraga aipatu duzu lehenago. Eskuizkribua linguistek ikertu dute, baina zer gertatzen da historiarekin?

Nik lagun filologo ugari ditut, eta oso onak, batzuetan haserretzen zaizkit esaten dudanean herri honetan pisu gehiegi dutela; ez da beraien errua, konpetenteak dira zorionez. Lazarragak, topiko pare bat apurtzeaz gain, XVI. mendean gertatu zena ezagutzen laguntzen digu. Euskal eliteek sistema politiko bat negoziatu zuten, Espainiako erregearen inguruan lobby indartsu bat sortuz... Zeren ez zaio beldurrik izan behar hitzari: hauek espainolak ziren!


Hor hasten da euskararen galera?

Kulturaren aldetik kostu izugarria izan zuen, azken finean euskaldunek bat egin zuten Europako monarkia erreakzionarioenarekin.


Eta zergatik idatzi zuen Lazarragak euskaraz orduan? Zer gertatu zen denbora-kate horretan euskarak bizirik irauteko?

Euskal eliteek gazteleraz egiten zuten, gaur negozioetarako ingelesez egiten dugun bezala. Aldiz, etxean euskara zuten hizkuntza arrunta. Nire ideia da sistema hori egonkorra izan zela 300 urtean. Ezinezkoa da denbora horretan euskararen mugak mugitu ez izana bertako eliteek erabili ez balute. Bestela, nola da posible Tafalla hain euskalduna izatea 1800ean? Euskarari uko egin izan baliote, XVII. menderako galduta egongo zen.


Lazarragak artzain-nobela bat idatzi zuen, Europako orduko korronteari jarraituz. Ba al zuen gainerako literatur lanen berri Larreako bere dorrean?

Gauza bat garbi izan behar dugu: Batzuetan esan izan da euskarak iraun duela hizkuntza isolatua izan zelako mendietan galduta... Ez, barkatu, Euskal Herria Europako leku urbanoenetakoa izan da XVI. mendetik! Lazarragak orduko literatura segitzen zuela? Noski. Euskaldunak mundu osoan mugitzen ziren, San Frantzisko Xabier Japoniara ailegatzea ez zen kasualitatea izan...


Kendu behar dugu baserriko irudi bukoliko hori burutik...

Ez, mundu hori existitu da. Baina ez balu bestelako sare urbanorik izan, euskara mundu isolatu horretan hilko zen! Frankismoak egin zuena da euskarak mundu hiritarrarekin zituen loturak moztu eta orduan galera ikaragarria izan zen. Hori oso ondo ikusten da Nafarroan, belaunaldi bakar batean galdu zen hizkuntza leku askotan.


Uste duzu Lazarragaren eskuizkribuak leku gehiago egingo diola euskarari Arabako historiografian?

Ez dut uste. Predikatu nahi duenak Espainiaren batasun santuaren alde, predikatzen jarraituko du. Badago esaera famosoa, ebanjelikoa: "Egia ikusiko dute eta egia ikusitakoan konturatuko dira". Judean funtzionatuko zuen, baina hemen ez.


Eta gizartean? Eraginik izango al du?

Norbaitek gizartea zergatik mugitzen den badaki kontatu dezala, gustura entzungo diot.

***

Iruña-Veleia: transparentzia

Arabako Iruña-Veleiako erromatar aztarnategian agertu omen diren arrastoei buruz hitz egin dugu Azkue liburutegiko zuzendariarekin: "Iruña-Veleiakoa oraindik oso berde dago eta ez dakigu nora joko duen", erantzun digu hasieratik. Gartziak gogoratu du oraindik ez dagoela emaitza ofizialik eta jaso dugun guztia prentsaurrekoen bidez dakigula:

Egoera absurdoa. Iruña-Veleiari buruz ia inork ez du ezer esan nahi eta badaramagu horrela urtebete. Nik inori zerbait eskatzekotan esango nieke erakunde publikoei. Badute erantzukizuna kontu honetan eta politika transparenteago bat bultzatu behar lukete. Egoera nahiko absurdoan gaude.

Filtrazioak eta mesfidantza. Filtrazioak egiten dira ez dagoelako nahikoa informazio... Zalantza asko daude eta informaziorik ez egoteak mesfidantza giroa sortu du.

Euskara kanpotik ekarria. Oraindik jende askok defendatzen du teoria hori. Orain dela gutxi Salamancako katedratiko batek Araban bakarrik ez, Hegoalde osoan euskara berria zela zioen, frantsesek ekarria-edo. Iruña-Veleiaren berritasuna ez dago euskaran bakarrik, Erromatar inperioaren historia ere ez da ondo ulertzen... ez dator bat orain artekoarekin.

Mitxelena apaletara. Benetan demostratzerik izango balitz, froga materialekin, euskara idazten zela sasoi horretan, ikaragarrizko aldaketak ekarriko lituzke. Lazarragarekin, adibidez, ezagutzen dugun gauzen barruan mugitzen gara oraindik. Baina Iruña-Veleiakoa demostratuko balitz, horrek esango nahiko luke Mitxelenaren lan nagusia klasikoen apaletara bidali beharko genukeela.

  • Elkarrizketa hau Urko Apaolazak Argia astekariaren 2007ko maiatzaren 20ko alerako egindakoa da.


Oso-osorik inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus