Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Galdezka »  Nola esan, ezkontzeko?

Nola esan, ezkontzeko?

2006-05-18 / 07:00 / Garikoitz Lekuona Izeta   HIZKUNTZA

Nola ezkondu? nola esan "os declaro unid@s en matrimonio"?

Hernaniko bake epailea naiz eta sexu bereko bikoteak ezkontzerakoan zer esan zalantza sortu zait. Nola esan "os declaro unid@s en matrimonio"? Bene-benetan estimatuko nuke zuen laguntza. MILA ESKER.


Oso-osorik inprimatu


Erantzun

 
Bide errazetik
2006-05-18 / 08:28 / Pello Elorza

Zergatik ez jo biderik errazenetik, eta esan "ezkonduta zaudete" edota "elkarrekin ezkonduta zaudete"?

Edota "os declaro..." eta antzekoak derrigorrezkoak dira?

 
Ezkontzen zaituztet
2006-05-18 / 08:30 / Arrigorriagako euskara teknikaria

Guk Arrigorriagan honela esaten dugu:

Nik ezkontzen zaituztet

 
Ezkontza bidez lotuta
2006-05-18 / 08:51 / Xabier Balerdi

Hori esateko era egoki bat hauxe da:"Baietz erantzun duzuenez gero, nik, hartu ditudan ahalmenak erabiliz, ezkontza bidez lotuta zaudetela adierazten dut.".

Dena den, horrelako zalantzei erantzun ahal izateko, www.justizia.net web orrian, bake-epaitegiei eskainitako extranetean (Hernaniko bake epaitegiak baditu extranetera sartzeko kodeak), bake-epaileei hainbat arlotan (euskara barne) lagungarri zaizkien hainbat material dago. Esaterako, bake-epaile batek ezkontza batean esan beharreko testu guzti-guzti daukazu bertan.

Ba hori, ondo etorriko zaizulakoan...

 
Ezkonduta zaudete
2006-05-18 / 08:54 / Nora Palmitano

Zestoako Bake Epaitegian honako hau aukeratu dute:

"Une honetatik aurrera ezkonduta zaudete"

Sinple, zuzen eta argi.

 
Testu osoa
2006-05-18 / 09:02 / Andoni Sarriegi Eskisabel

Egun on:

Nik, orain dela urte asko, ezkontza zibilen hasiera-hasieran, Epaitegirako eta Udalerako Ezkontza Zibilaren zeremoniarako testu osoa euskaratu nuen.

Beharbada, hobetu eta zuzendu beharrekorik ere izango du. Agian, lege-artikuluak ere aldatuak egongo dira. Orain, adibidez, sexu berekoen ezkontza legeztatuta dago.

Ondoren, orduko testua jartzen dizut kopiatuta:

"EZKONTZA-OSPAKIZUNA

Nire agurra eta ongi-etorria, ........ eta ........ lotuko dituen Ezkontza-ospakizunean nirekin batera parte hartu behar duzuen guztioi.

Aldez aurretik egin beharreko betebeharra denez, Entzutegi Publiko honetan azaltzen dut, alegia, ezkongaien ezkontza-espedientea Kode Zibilean xedatuaren eta Erregistro Zibileko legeriaren arabera izapidetu dela eta Ezkontza-ospakizun hau legez egiteko inolako eragozpenik ez dagoela.

Beraz, era laburrean bada ere, ezkontzaz zer ulertzen dugun gogoratuko dugu:

Ezkontza, era batean edo bestean, kultur modu eta gizatalde guztietan izan da eta gaur ere bada noski, izan ere, gizarte berberaren oinarri eta funtsa baita. Herriek eta gizarteko bizikerek historian zehar izandako eboluzio eta aldaketak gorabehera, ezkontza, familiaren sorkuntzaren oinarri-oinarrian dago.

"Erakunde Juridiko" gisa, lege zibilek erregulatuta azaltzen da eta bere moduak ere hauek zehazten dituzte, ezaugarri bereziko kontratutzat kalifikatuz eta horrela, gisa horretan zehaztutako gainerako irudi juridikoetatik bereziz.

Ezkontza, gure gizartearen ikuspegitik eta arlo juridikotik begiratuta, bi eratan azaltzen zaigu, batetik "egintza" bezala eta bestetik "egoera" bezala. "Egintza" den aldetik, kontratua da eta berorren bidez, gizonezkoak eta emakumezkoak, legezkotasunez ematen diote eskubidea elkarri, seme-alabak sortu eta hezteko beharrezkoak diren egintzak gauzatzeko. "Egoera" bezala berriz, bere baitan du ezkonduek elkarrekiko obligazioak beren gain hartzearen lotura eta baita elkarbizitzarako berenganatzen dituzten obligazioena nahiz seme-alaben hezkuntzatik eratorriena ere. Aldi berean, berarekin du ezkontide-eginkizunen eskubidea ere.

Laburbilduz bada, ezkontza, giza familiaren ernamuina eta gizartearen oinarrizko sorgunea da.

Ospakizun honetan eta hasieran esan dugunez, Kode Zibilak adierazitakoaren arabera, hemen aurrean dauden .............. Jauna eta ............ Anderea ezkonduko dira.

Ondoren, Kode Zibileko 66, 67, 68, 69, 70 eta 71garren artikuluen edukia adieraziko dizuet. Honela diote:

66garren artikulua.

Senarra eta emaztea berdin-berdinak dira eskubide eta betebeharretan.

67garren artikulua.

Senarrak eta emazteak elkar errespetatu, elkarri lagundu eta familiarentzat onena denaren alde jokatu behar dute.

68garren artikulua.

Ezkontideek, elkarrekin bizitzeko, elkarri fideltasuna gordetzeko eta elkarri laguntzeko obligazioa dute.

69garren artikulua.

Aurkako frogarik ezean, ezkontideak elkarrekin biziko direla aurreirizten da.

70garren artikulua.

Ezkontideek elkarren arteko adostasunez finkatuko dute beren ezkontetxea eta iritzi-desberdintasunik baldin bada, Epaileak emango du ebazpena familiaren interesa kontuan hartuta.

71garren artikulua.

Ezkontideetako inork ere ez du bestearen ordezkaritzarik izango, baldin eta aldez aurretik emana izaten ez bazaio.

EZKONTZA

......(izena eta bi deiturak) Jauna, nahi al duzu .....(izena eta bi deiturak) Anderearekin, ospakizun honetan bertan, zeure gogoz, libreki eta zer egiten duzun dakizula ezkontzea ?

......(izena eta bi deiturak) Anderea, nahi al duzu ....(izena eta bi deiturak) Jaunarekin, ospakizun honetan bertan, zeure gogoz, libreki eta zer egiten duzun dakizula ezkontzea ?

ERAZTUNEN ZEREMONIA

.....(izena eta bi deiturak) Jauna eta ......(izena eta bi deiturak) Anderea, Udalerri honetako Epaile izateak ematen didan agintearen bidez, senar-emazte aitortzen zaituztet eta legeria zibilak ematen dizkidan ahalmenen arabera, ezkontzaz lotuta zaudetela aitortzen dut.

--------------

Ezkontza hau egiaztatzen duen Akta, Epaileak, ezkontideek eta lekukoek sinatu behar dute."

Horraino orduko testua. Kasu honetan, sexu berekoen kasurako, ERAZTUNEN ZEREMONIAko testua, honela egokitutakoa izan daiteke:

".....(izena eta bi deiturak) Jauna/Anderea eta ......(izena eta bi deiturak) Jauna/Anderea, Udalerri honetako Epaile izateak ematen didan agintearen bidez, ezkondutzat aitortzen zaituztet eta legeria zibilak ematen dizkidan ahalmenen arabera, ezkontzaz lotuta zaudetela aitortzen dut."

Ez dakit egokiena eta onena izango den, baina tajuzko samarra eta legez balio duena dela iruditzen zait.


(Andoni Sarriegi Eskisabel Beasaingo Udaleko Euskara Zerbitzuko Arduraduna da.)

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus