Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Galdezka »  Patxi Salaberri: «Burillok beti eskuak garbitzen ditu euskararen inguruko gaietan»

Patxi Salaberri: «Burillok beti eskuak garbitzen ditu euskararen inguruko gaietan»

2005-04-05 / 07:00 / Alberto Barandiaran Amillano - Berria   IRAKASKUNTZA

Joan den astean dimisioa aurkeztu eta gero, euskararen plangintza diseinatzeko batzordeko buruak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) euskara gaietarako errektorearen ondokoak kritika gogorrak egin ditu NUPeko errektorearen aurka, eta etorkizuna beltz ikusten du.

NUPeko Gobernu Kontseiluak aste honetan erabakiko du heldu den ikasturterako hezkuntza eskaintza. Euskarazko irakasgai gehiago eskaintzeko epea luzatzeko proposamena egin zuen Hizkuntza Plangintzarako Batzordeak, baina errektoreak ez zuen erabakia hartu nahi izan. Batzordeko buruek, tartean Patxi Salaberrik, dimisioa aurkeztu zuten orduan.


Batzordeak une txarrak izan ditu, dimisioak eta dimisio keinuak izan dira. Zergatik une honetan dimisioa?

Datorren ikasturterako eskaintza aztertzen ari zen, eta gure proposamena euskara poliki-poliki sartzea zen. Lehendabiziko maila guztietan gutxienez euskarazko irakasgai bat; hurrengo urtean bi; hirugarren urtean, hiru...


Proposamena dauden baliabideak kontuan hartuta egin zen?

Bai, posibilista zen, sailetatik egindako eskaintzan oinarrituta. Titulazio guztietan irakasgaiak nahi genituen, baina, dauden hogeita hiru titulazioetatik zortzi ikasgairik gabe geratu ziren. Errektoreari azaldu nion zulo horiek bete behar zirela.


Zergatik ez zegoen eskaintzarik?

Irakasle euskaldunik ez zegoelako, edo irakasle euskaldunek deus eskaintzen ez zutelako. Gertatu zen, baita ere, hainbat irakasgai bazirela, baina lehen mailan ez. Guk dagoen egoera eta etorkizunari begira egin litekeena batu nahi genituen, eta beste epe bat irekitzea eskatu genuen, zulo horiek betetzeko. Errektoreordea alde azaldu zen, errektorea bera ere bai, eta azken bileran esan zuen erabaki hori Gobernu Kontseiluaren esku utzi nahi zuela, berak ez zuela hartuko. Errektoreorde batek esan zuen zentroetako zuzendariak beste epe bat irekitzearen kontra zeudela. Baina garbi dago errektoreak ez duela aurkakotasunik nahi, ez duela arazorik nahi. Eta erabakia berak hartu beharrean, Gobernu Kontseilurako utzi zuen.


Esan ere, ados zegoela esan zuen eta.

Esan, bai, baina garbi dago ez zegoela ados, epe hori berak ireki zezakeelako. Hori izan zen azken tanta. Errektoreak beti eskuak garbitzen ditu. Ez du sekula erabakirik hartu euskararen inguruko gaietan. Berak egin zuen oinarrien idazki hori oso txepela zen, eta idazkia atera zen nik esan niolakoz garaia zela neurriak hartu eta gauzak zehazteko. Gainera, ikasleek paratu zituzten kartelekin, giroa nahiko itsusturik eta nahasirik dago. Bestela, ez dakit zer gertatuko zen Gobernu Kontseiluan.


Zer zioten kartelek?

Ate honen atzean dago zuk euskaraz ezin ikastearen erruduna, edo horrelako zerbait. Ikasleek irakasleen ateetan paratu zituzten, erdi gordeta, eta batzuk asko ikaratu ziren. Errektorea bera ere bai, eta giroa aski nahasi zen. Horrek ez digu lagundu egin nahi genuen proposamena aurrera ateratzen.


Aurreko batzordeek izan ez duten giro egokian sortu zen batzordea, eta orekatua izan da. Konfiantza gehiegi eman diozue errektoreari?

Nik ez dut sekula konfiantzarik izan. Bera gizon atsegina da, irekia, baina bere mugak ditu, eta bere pentsaerak. Presioa izan badu ere, gauza gehiago egin zitzakeen, ez ditu egin, nahi izan ez duelako. Oroitzen naiz, aukeratu zutelarik, nik esaten nuela ezin zela fidatu, unibertsitatea sortu zelarik bera izan zelako errektorea. Irakasle Eskolakoak Zaragozan geunden, eta egin zuen lehen gauza euskarazko lerroa kentzea izan zen. Hautes kanpainan esan zuen euskarazko irakasgaiak jarriko zituela, baina plangintzarik ez zuen aipatu. Batzordea eta atxikitza uzten banuen, ordea, geroa aski beltza nuela iruditzen zitzaidan. Gogo handia izan dut aspalditik dimisioa aurkezteko, baina beti atzera egin dut. Jada gehiegi da, ordea. Nahikoa konfiantza eman diogu.


Gobernu Kontseiluak berrogei irakasgairen proposamena onartuko balu, hori nahikoa litzateke?

Tira, berrogei horiek ez dira benetan berrogei. Hamahiru irakasgai berri dira, gehi beste praktiko bat. Hamalau berri, beraz, hauei zeudenak gehituta: hamar-hamahiru. Batzuetan, gainera, ikasleak batu egiten dira, eta horrela kontatuz gero, berrogeitik hurbil egongo lirateke. Baina nik nire burua ez dut engainatu nahi. Arazorik latzena da ez dela inolako plangintzarik edo etorkizunerako proiekturik egiten. Oso anarkikoa da dena.


Zein da etorkizuna?

Oso zaila. Unibertsitatean gutxiengoan daude, hori da koska. Horregatik ez dute plangintza egiten. Sailetatik ematen diren irakasgai hauek bertako irakasleekin egin daitezke, oso kontratazio gutxi egin behar baitira normalean. Baina euskarazko irakasgaiak emateko plangintza egiten bada, irakasle berriak behar dira. Irakasle horiek, ziurrenik, elebidunak izango dira, euskaltzaleak, eta beharbada, abertzaleak. Oreka galduko litzateke, eta oreka hori ez dute galdu nahi.

(ALBERTO BARANDIARAN AMILLANO kazetaria eta idazlea da)

  • Argazkian Patxi Salaberri.
  • Estreinakoz Berrian argitaratua, 2005-03-31n.

Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Oso-osorik inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus