Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Galdezka »  HIKA norekin?

HIKA norekin?

2003-06-06 / 07:04 / Itziar Eizagirre Etxaniz   KULTURA

Aurreko batean entzun nion mutil koskor bati bere aitari "Hi aitte emaiztek bi euro" esaten. Harritu egin nintzen orain arte hikako forma horiek ez ditugulako erabili izan gurasoei zuzentzeko, nik neuk ez behintzat. Horregatik jakin nahi nuke ea hikako formen erabilera hori zuzena al den, noiz eta norekin hitz egin behar den hika, alegia.


Erantzun

 
Hika ez zaio nornahiri hitz egiten
2003-06-06 / 07:04 / Azpeitiko Euskara Patronatua

HIKA lagunarterako hizkera da batez ere, baina ez lagunarterakoa soilik. Hurbiltasunarekin, etxekotasunarekin eta adiskidetasunarekin du zerikusia, etxean bertan ere ez zaio nornahiri hitz egiten, ordea.

Hona hemen zenbait adibide:

  • Seme-alabek ez diete hika egin ohi gurasoei.
  • Gurasoek haurtxoei ere ez.
  • Senide artean, berriz, lekuan-lekuko ohitura izaten da nagusi.
  • Gehienetan emazte eta senarraren artean zuka (ezkondu aurretik eta serio atera aurretik elkarri hika egin arren).
  • Nork bere buruari hika hitz egin ohi dio.
  • Ezezagunei zuka.
  • Jainkoari zuka baina deabruari hika.
  • Morroiak ez dio hitzegiten hika nagusiari, ezta neskameak etxekoandreari ere. Nagusi-etxekoandreek, aldiz, hika nahiz zuka egiten diete euren menpekoei.
  • Jendaurreko mintzaldiak zuka egin behar dira, dirudienez, baita komunikabideetako elkarrizketak ere.
  • Literaturan, antzerkian eta zineman, ordea, hika mintza daitezke kontalaria ez beste guztiak.
  • Animaliei hikako mutil forman egiten zaie, arra edo emea den bereiztu gabe. Erleei, ordea, zuka egiten zaie.
  • Eskolan ikaskideen artean hika, irakasleari zuka.

Bestalde, jakin ezazu hitanoaren barruan bereiztu egiten dela solaskidea. Entzulearen arabera bereizten dira aditzak (ez hitz egiten ari denaren arabera), atzizki ezberdina dute, -K edo -A mutilarentzat eta -N edo -NA neskarentzat. Gainera mutilari hika egitea toka egitea dela esaten da; neskari hika egitea, berriz, noka.

Hala ere, hikaren erabilera eremua ez dago zehatz mehatz arautua. Goian esan ditugun horiek adibide gisa eman ditugu, ohikoenak diren erabilerak. Gainera, hainbat tokitan denek hika egiten dute, beste batzuetan, ordea, erabat galduta dago hitanoa.

 
Ohitura berria!
2003-06-06 / 11:51 / Gure Irratia

Gaur egungo ohitura soziologiko berria izan daiteke. Zergatik ez?

 
Ikerketa lana
2003-06-06 / 21:27 / Pello Salaburu

Nik dakidala, honetaz gehien dakienetako bat X. Alberdi da, EHUko irakaslea. Berak egin zuen aspaldi tesi mardul bat honetaz, erakutsiz adizki hauek nola erabiltzen diren Euskal Herriko hainbeste tokietan, ohiturak asko aldatzen baitira toki batetik bestera.

Pello Salaburu

 
Nora jo: argitalpenak
2003-06-11 / 11:20 / Xabier Alberdi Larizgoitia

Gai horri buruz doktorego tesia egin nuen aspaldi, eta lanaren laburpena Euskaltzaindiak argitaratu zuen: "Euskararen tratamenduak: erabilera" (Iker-9, Bilbo, 1996). Bestalde, gai horren inguruan baditut argitaratuta zenbait artikulu: "Euskarazko tratamenduen ikuspegia: historia apur bat" (ASJU, 1986a, 149-202 or.); "Alokutibotasuna eta tratamenduak euskaraz: Markina aldeko kasua" (ASJU, 1986b, 419-486 or.); "Hikako tratamenduen balore sozio-afektiboak" (Fontes Linguae Vasconum, 1993, 64, 425-442 or.).

 
Gaiari buruzko argibide gehiago
2003-10-27 / 10:37 / erabili.com

Hitanoari buruzko argibide gehiago nahi badituzu erabili.com-en bi artikulu hauek argitaratu ditugu: (irakurtzeko gainean sakatu)

  1. Hika tratamenduaren balore sozio-afektiboak (Xabier Alberdi Larizgoitia)
  2. Hitanoa non eta nork erabiltzen duen (Xabier Alberdi Larizgoitia)
 
Xabier Euzkitzen testu argigarria
2010-01-21 / 19:32 / Xabier Armendaritz

Xabier Euzkitzek testu argigarria idatzi zuen goian galdetzen den horretaz, orain berriki:

«Baduk/n kezkatzen nauen beste kontu bat ere: hikako hizkera begirunerik ezarekin lotzeko joera. Joanes Leizarraga apaiz beskoiztarrak toka hitz egin zio(n)an zeruetako aitari: Gure aita, zeruetan haizena, etor bedi hire erreinua... Begirunerik ez ote zion hil arte zerbitzatu zuen Jainkoari? Nik neuk, izugarri maite eta errespetatzen ditudan zenbait pertsonari hika egiten zie(n)at, ni baino aise zaharragoak izanik ere. Eta baditi(n)at inguruan erabateko begirunea erakutsi arren hika aritzen zaizkidan ume mukizuak. Gaur, gaiagatik eta jolasguragatik, hika hurbildu natzaik/n hiri ere, irakurle. Baheki zer nolako begiramendua di(n)adan!»

XABIER EUZKITZE: «Mintza hadi, lagun!», Noticias de Gipuzkoa, 2010-01-17.

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus