Egin klik hemen INPRIMATZEKO


% 80 baino gehiago Euskaltzaindiak gidaritza hartzearekin ados

erabili.eus / Bestelakoak / 2015-12-15 / 07:00


Euskaltzaindiari buruzko inkesta erantzun dutenen artean % 82,8 ados dago Euskaltzaindiak gidaritza hartzearekin, euskararen gizarte erabilera bideratzeko. Eta Euskaltzaindiak lehenengo pausoa eman du: 2016ko otsailean mintegi bat antolatu du "Euskara biziberritzeko erronkak aztertzeko" eta dei egin die parte hartzeko elkarte, erakunde eta pertsona guztiei, ez bakarrik entzule bezala, baita hizlari bezala ere.



Patxi Saez Beloki soziolinguistak Euskararen Egunean Euskaltzaindiari buruzko inkesta bat sareratu zuen eta hainbat hedabidetan Euskaltzaindiari proposamen eta eskutitz irekia ere argitaratu zuen Euskaltzaindiari eskari zehatz bat eginez: azken 50 urteotan euskararen normalizazioa lortzeko jarraitu den paradigma berritzeko eta, aldaketa hori egin ahal izateko, gidaritza hartzeko. Euskaltzaindiak, aldiz, ohar ofizial bat argitaratu du Patxi Saezek egindako eskari horri erantzunez: "2016ko otsailaren 12an, euskararen egoera aztertu eta aurrera begirako erronkak eta zereginak zehazteko, mintegia egingo du Euskaltzaindiak. Era horretan, Patxi Saez Azpeitiko Euskara Patronatuaren zuzendariak egindako eskaria bideratu nahi du Akademiak".

Inkesta

Patxi Saezek 2015eko abenduaren 3an, Euskararen Egunean, Euskaltzaindiari buruzko inkesta bat sareratu zuen bi galderarekin. Inkestak 554 erantzun izan ditu (datu hau 2015-12-14koa da, 09:03).

Inkestaren zabalkundea egitearekin batera, Patxi Saezi inkesta jasotzaileen erantzunak ere iritsi zaizkio ePostaz:

Eskutitza

Patxi Saezek aurtengo Euskararen Nazioarteko Egunean gutun bat ere argitaratu zuen Euskal Herriko hainbat hedabidetan:

Gutunak ere irakurleen erantzuna izan du:

Euskaltzaindiaren erantzuna

Patxi Saezek egindako eskariari erantzunez eta gaia sakonago aztertzeko helburuarekin Euskaltzaindiak mintegi bat antolatu du otsailaren 12an "Euskararen egoera aztertu eta aurrera begirako erronkak eta zereginak zehazteko". Honela dio Euskaltzaindiaren ohar ofizialak hitzez hitz:

"2016ko otsailean, euskararen egoera aztertu eta aurrera begirako erronkak eta zereginak zehazteko, mintegia egingo du Euskaltzaindiak. Era horretan, Patxi Saez Azpeitiko Euskara Patronatuaren zuzendariak egindako eskaria bideratu nahi du Akademiak.

Izan ere, Euskararen Nazioarteko Egunean, hainbat komunikabidetan argitaratutako gutun irekia bidali dio Saezek Euskaltzaindiari eta estrategia berri baten beharra aldarrikatzeaz gain, prozesu horretan lidergoa hartzeko eskatu dio Akademiari.

Hala, bada, mintegia otsailaren 12an egingo du Euskaltzaindiak, Bilboko egoitzan. Era berean, mintegi horretan parte hartzeko deia egin nahi die elkarte, erakunde eta pertsona guztiei, ez bakarrik entzule bezala, baita hizlari bezala ere. Hori dela eta, ekarpenak egiteko aldia zabalduko du Euskaltzaindiak: urtarrilaren 16ra arteko epea egongo da, nahi duen orok hitzaldi, komunikazio edota iradokizunak egin ditzan.

Horren ostean, Euskaltzaindiaren Sustapen batzordeak mintegiaren egitaraua prestatuko du eta urtarrilaren azken astean ezagutaraziko du. Esan bezala, mintegia otsailaren 12an egingo da.

Ekarpenak info@euskaltzaindia.eus helbidera bidal daitezke.

Mintegiaren aurrekariak

Patxi Saez Beloki soziolinguista eta Azpeitiko Euskara Patronatuaren zuzendariak urrian argitara eman zuen Elefantea ikusi izenburuko artikulua. Bertan, azken 50 urteotan indarrean dagoen euskararen paradigma aldatu beharra dagoela aldarrikatu du eta aldaketa horren gidaritza hartu dezala eskatu dio Euskaltzaindiari.

Ondoren, Euskaltzaindiaren Zuzendaritzari bidali zizkion artikulu bera eta gutun bat ere. Zuzendaritzak gaia bideratzeko ardura Sustapen batzordeari eman zion eta batzordeak mintegia antolatzeko aukera aurreikusi zuen gaia aztertzeko egin zuen bileran.

Hurrengo pausua eman zuen Saezek eta Euskararen Nazioarteko Egunaren haritik, Euskal Herriko hainbat egunkari, astekari eta agerkari digitaletan "Euskaltzaindiari proposamena eta eskutitz irekia" argitaratu zuen.

Bertan euskararentzat dinamika berria sorraraztea beharrekotzat jotzen du eta euskaltzainburuari egiten dio proposamena: “Proposatu nahi dizudan dinamika berriaren erdigunean Euskaltzaindia dago. Euskarari dagokionez, Euskaltzaindia da euskaldun guztion artean onarpenik zabalena duen erakunde nagusia. Gainera, erakunde neutrala eta zabala da, alderdikeriarik gabekoa eta, batik bat, euskal gizarte osoaren onarpena eta aitortza duena”.

Euskaltzaindiak mendeurrena betetzear dagoela eta, honela esaten dio Patxi Saezek: “Euskarak beste mugarri bat jarri beharra dauka ziklo berria zabaltzeko. Mugarri hori Euskaltzaindiaren Mendeurreneko Batzar Nagusi horrek jarriko luke. Euskararentzat, hil ala bizikoa da, euskal gizartea mugiarazteko eta etorkizunerako nondik norakoak finkatzeko, horrelako aukera bat ez galtzea: bigarren hizkuntza izatetik lehen hizkuntza izatera pasatzeko, gune euskaltzaletatik gizarte osora zabaltzeko, azken finean, euskarak gizartean zentralitatea eta lehentasuna lortu ahal izateko”.

Eta honela amaitzen du: “Euskarak aurrera egiteko, gaur gaurkoz, lidergoa eta estrategien antolamendua behar ditu. Euskaltzaindia ur horietan zaildutako marińela dugu”.

Bestalde, bere proposamena “gizarteratzeko helburuarekin”, inkesta bat ere bultzatu du Patxi Saezek, jendearen iritziak jasotzeko. Inkesta ehunka lagunek erantzun dute".


Albiste honekin zuzen-zuzenean lotutakoak (Ikusteko gainean sakatu).



Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.eus/zer_berri/berriak/1450087312