Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Josu Labaka: "Euskararen normalizazioan liderrak izatea dagokigu udalerri euskaldunoi"

Josu Labaka: "Euskararen normalizazioan liderrak izatea dagokigu udalerri euskaldunoi"

2015-10-06 / 07:00 / Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea -UEMA-   BESTELAKOAK

Larunbatean lehendakari berria eta Zuzendaritza Batzorde berria hautatu zuen UEMAko batzar nagusiak. Euskararen arnasguneek hizkuntza politika aurrerakoia eta ausarta ezinbestekoa dutela nabarmendu zuen Josu Labaka lehendakari berriak, batzar nagusiak hautatu ostean.

Legegintzaldi berriko lehen batzar nagusia egin zuen larunbat goizean Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, Azpeitiko San Agustin kulturgunean, eta Josu Labaka zinegotzi azpeitiarra hautatu zuten batzarkideek UEMAren lehendakari, hurrengo lau urterako. Labakarekin batera, Zuzendaritza Batzordea osatuko duten beste hamar kideak ere hautatu zituzten batzarrean bildu ziren alkate eta zinegotziek.

Gaur egun, 73 udalerri dira UEMAko kide, eta kopuru horri eustea ez ezik, legealdi berrian herri gehiagori atea zabaltzea eta euskararen arnasguneak sendotzen segitzea da asmoa. Lehendakari kargua hartu eta berehala egin zituen lehen adierazpenetan, Josu Labakak eskerrak eman zizkien batzarkideei, emandako konfiantzagatik, eta baita Maren Belastegi aurreko lehendakariari eta zuzendaritza batzordekide guztiei ere.

Orain, lekukoa hartuta, lana soberan dutela nabarmendu zuen, eta “arduraz eta ilusioz” egingo diotela bideari. Izan ere, “euskararen normalizazioan liderrak izatea dagokigu udalerri euskaldunoi eta euskararen arnasgune garen guztioi” adierazi zuen. “Lidergoak, ezinbestean, hizkuntza politika berezitua behar du, batetik arnasguneak zaindu eta zabaldu ahal izateko, eta bestetik gune erdaldunagoak euskarara ekartzeko. Politika berezitu horiek erabaki aurrerakoi eta ausarten eskutik joan behar dute ezinbestean, eta horretarako oso garrantzitsua da udalerri euskaldunak saretzea”. Saretze horretan denon lana beharrezkoa delakoan, Labakak elkarlanean aritzeko deia egin zien erakunde publikoei, alderdiei eta euskalgintzako eragileei.

Josu Labaka (Azpeitia, 1978) Azpeitiko udal gobernuko kidea da gaur egun. Zehazki, Euskara, Kultura, Zerbitzu Orokorrak eta Parte-Hartzea sailetako zinegotzi arduraduna da. Herri mugimenduetan ibilbide luzea egin ondoren, azken urteotan komunikazioan aritu da lanean.

Hainbat alderditako kideek osatzen dute zuzendaritza batzorde berria

Lehendakari berria ez ezik, hurrengo lau urteotan UEMAren Zuzendaritza Batzordea osatuko duten udal ordezkariak ere izendatu zituen gaurko Batzar Nagusiak. Honakoak dira:

  • Lierni Altuna (Aramaio)
  • Onintze Amezaga (Gatika)
  • Mikel Ansotegi (Aulesti)
  • Maider Arrieta (Lesaka)
  • Amaia Azkue (Berastegi)
  • Andere Enbeita (Muxika)
  • Nekane Iribar (Zarautz)
  • Josu Labaka (Azpeitia)
  • Manuel Labaka (Beizama)
  • Eneka Maiz (Etxarri Aranatz)
  • Josetxo Mendizabal (Zestoa)

UEMAko kide diren herriek duten ordezkaritzaren arabera osatu ohi da Zuzendaritza Batzordea, beti ere herrietako aniztasun politikoa ahal den egokien islatuz. Horrela, oraingoan ere, batzordekide berrien artean, EH Bilduko eta EAJko alkate eta zinegotziak daude, hautetsi independeteen ordezkaritzarekin batera. Era berean, Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako hautetsiek osatzen dute berriro ere UEMAren zuzendaritza.


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus