Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Hizkuntza-lankidetza hizkuntzak babesteko eta sustatzeko

Hizkuntza-lankidetza hizkuntzak babesteko eta sustatzeko

2015-03-09 / 07:01 / Eusko Jaurlaritza -HPS-   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Lankidetza hitzarmena sinatu dute hizkuntza-lankidetzaren arloan, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak. Hau izango da aurrerantzean hizkuntzaren alorrean sinatzen diren nazioarteko lankidetza hitzarmen guztien gida-lerroa. Garapen bidean diren herrialdeetako gutxiengoen hizkuntzak babestu eta sustatzeko ekintzak garatzeko konpromisoak hartu dituzte. Gutxiengoen hizkuntza-komunitateetako arduradunen prestakuntza eta gaikuntzari garrantzia berezia ematen zaio.

Patxi Baztarrika, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, eta Paul Ortega, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariak, bi erakundeen arteko lankidetzarako hitzarmen markoa sinatu dute Donostian. Hitzarmen honi esker, EAEko Administrazio Orokorrak (Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren bidez) eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak estrategia-ildo bateratuak zehazten dituzte hizkuntza-lankidetzaren arloan, eta ondoren hizkuntza-lankidetzarako ekimen, ekintza eta proiektuak gauzatu ahal izango dituzte garapen bidean diren herrialdeetako gutxiengoen hizkuntzak babestu eta sustatzeko. Hitz bitan esanda, aurrerantzean Garapenerako Lankidetzaren Agentziak nahiz Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak garatuko dituzten nazioarteko lankidetza hitzarmenetan sinaturiko hitzarmen markoan zehazten diren hizkuntza irizpideak kontuan hartuko dituzte, beti ere hizkuntza aniztasuna bultzatzea xede hartuta. Honela, hizkuntza politikari kanpo-lankidetzaren dimentsioa ere ematen zaio urrats honekin, eta aldi berean, kanpo lankidetzari orain arte oso zabaldua izan ez duen dimentsioa eskaintzen zaio: hizkuntza politikarena.

Lankidetza hitzarmen honen oinarrian eta abiapuntuan zera aurkitzen da: Euskal Autonomia Erkidegoak hizkuntza-eskubideak sustatzeko lanean duen ibilbide luzea. Alor horretan, Eusko Jaurlaritzaren lana oso garrantzitsua izan da. Horregatik, azken hamarkadetan pilatutako eskarmentu hori nazioarteko beste gutxiengoen hizkuntza-komunitateei helarazteko modukoa da, honela hizkuntza aniztasuna sustatuz eta elkar aberastuz.

Honenbestez, sinatu berri duten lankidetza hitzarmenaren bidez, hiru jardute-lerrotan zehazten diren ekintzak ezartzeko konpromisoa hartzen dute bi aldeek:

  • Prestakuntza eta gaikuntza ekintzak: Gutxiengoen hizkuntzak normalizatzeko bidean, hitzarmenak garrantzia berezia ematen dio zuzenean inplikatutako eragileak prestatu eta gaitzeari. Eta horixe da gutxiengoen hizkuntza-komunitateen eskaera ere: euren hizkuntzak suspertzeko arduradunei (irakasleak, normalizazioko teknikariak, komunitateko arduradunak) hezkuntza egoki eta jarraitua ematea. Euskal erakundeek arlo horretan duten esperientzia onuragarria izan daiteke ibilbide laburragoko hizkuntza-komunitateentzat.
  • Esperientziak trukatzea: Norabide bietan ulertu beharreko trukeaz ari da hitzarmena. Honela, euskal komunitatea prest azaltzen da bere esperientzia emateko, baina aldi berean asko ikas dezake beste kolektibo batzuengandik, egoera askoz prekarioagoan egonik ere, aberasgarri gerta daitezkeen hainbat balio baitituzte. Gutxiengoen hizkuntza-komunitate guztiek dute zer eskaini, baita normalizazio-prozesuan aurrerapen gutxien erakusten dutenek ere. Horregatik, ezaguera-trukea norabide guztietan gertatu behar da. Gutxiengoen hizkuntza-komunitate bakoitzak egoera ekonomiko, kultural, sozial eta politiko oso desberdina du, eta nahitaezkoa da aniztasun hori aintzat hartzea.
  • Aholkularitza eta tutoretza ekintzak: Euskal erakundeen aholkularitza-lana halakorik nahi luketen komunitateen eskaeratik abiatu beharko litzateke. Eusko Jaurlaritzak honako arlo hauetan eman diezaieke aholkularitza hala eskatzen duten hizkuntza komunitateei: hizkuntza plangintza arlo publiko zein pribatuan; hezkuntza elebiduneko sistemaren garapena; helduaroan hizkuntza ikastea; helduen alfabetatzea; eta hizkuntzaren kalitatearekiko sentiberatasuna sortzea. Bestalde, azken urteotan EAEn burutu diren normalizazio-politikak eta horietatik abiatu diren ekimenak ere erreferentzia gisa balia daitezke beste hizkuntza komunitate batzuetan: beren hizkuntzetako normalizazio planetan sartu ahal izango lituzkete politika eta ekimen horiek hasieratik, planak prestatzen diren lehen unetik.

Era berean, erakunde batak zein besteak elkarri laguntza teknikoa emateko konpromisoa hartzen dute. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren esku egongo da, lankidetza arloko zalantza teknikoak argitzeko; eta Sailburuordetzak Agentziaren esku jarriko ditu hizkuntza politikaren arloko ezaguera teknikoak. Hemendik aurrera, hitzarmen hau izango da hizkuntzaren alorrean sinatzen diren nazioarteko lankidetza hitzarmen guztien gida lerroa.

Mugarria

Sinaturiko lankidetza hitzarmen markoak “mugarri garrantzitsu bat ezartzen du hizkuntza aniztasunaren aldeko langintzan” Patxi Baztarrika sailburuordearen hitzetan. "Urrats esanguratsua da hau, hizkuntza politikaren transbertsalitatearen bidean, hizkuntza politikari kanpo lankidetzaren dimentsioa ere eskaintzen diogulako, eta, era berean, kanpo lankidetzari eskaintzen diogulako orain arte oso zabaldua ez duen dimentsio bat, hizkuntza politikarena hain zuzen ere”, azaldu du, eta gogorarazi du Euskararen Agenda Estrategikoak ere, aurreikusten dituen 13 lan-ildoetako bat euskararen kanpo proiekzioa dela.

Munduko hainbat tokitan hizkuntza aniztasuna galtzen ari dela ohartarazi du sailburuordeak. “Hizkuntzak desagertzea da gure mendeko arazo larrietariko bat. Dinamika hegemonista horri aurre egiteko obligazioa dugu, eta horretarako bideetako bat da, hain zuzen, lankidetza politiketan hizkuntzaren gaia txertatzea”, nabarmendu du. Ildo horri jarraiki, hil berri den Joshua A.Fishman soziolinguista eta ohorezko Euskaltzaina hartu du hizpide Baztarrikak eta hark azpimarratu izan zuena gogorarazi, "hizkuntza batzuen indarra eta beste batzuen ahulezia ez dela hizkuntzen gertakari natural bat, ezta berezkoa ere".

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendari Paul Ortegak berriz, Euskadik nazioarteko lankidetzaren esparruan duen tradizioa aipatu du, sinatu berri duten akordioak izango duen eragin positiboaz aritu da. "Akordio honek, eta bertatik eratorriko diren ekintzek, inpaktu zuzena izango dute, euren hizkuntzetan bizi eta garatzeko eskubidea duten pertsona eta komunitateen bizitza konkretuetan".

Hurrengo urratsa, Cuscon

Sinadura ekitaldiaren ondorengo prentsaurrekoan, lankidetza hitzarmen honen lehen emaitza zein herrialdetan nozituko den aurreratu du Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak. “EHUrekin eta Agirre Lehendakaria Center-ekin batera, Peruko San Jeronimoko Erregio- Gobernuarekin, Cuscon, hitzarmena lantzen ari gara, ketsuaren biziberritzearen inguruan, aurten sinatzeko asmoz”. Nork bere hizkuntzarekiko autoestimua eta sentsibilizazioaren garrantziaz ere izan du hitzik. "Hiztunek beren hizkuntza ez estimatzea da hizkuntza batentzat benetan hilgarria dena. Hain zuzen horregatik egon beharko luke, lankidetza politiken helburuen artean, hiztunak beren hizkuntza propioarekiko sentsibilizazioa eta autoestimua areagotzea, jarrera uniformizatzaile eta hegemonistei aurre eginez".

Azken bi hamarkadetako aurrekariak Eusko Jaurlaritzak ibilbide luzea du hizkuntzaren alorreko nazioarteko lankidetza-hitzarmenei dagokienez, betiere hizkuntza aniztasuna nahiz biziberritzea sustatzeko xedez. Horietan azkena, aurten bertan izan da, urtarrilean, Txileko CONADI (Garapen Indigenarako Korporazioa / Corporación Nacional de Desarrollo Indígena) gobernu-erakundearekin Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak sinatu duen protokoloarekin. Honen bidez Jaurlaritzak aholkularitza, lankidetza teknikoa eta formazioa eskaintzen dizkio Txileko Gobernuari hizkuntza politika gaietan, bertako hizkuntza indigenen normalizazioa eta biziberritzea helburu hartuta.

Ibilbide hau duela bi hamarkada hasi zen. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak hainbat lankidetza-proiektu garatu izan ditu, 1998tik hasita, hizkuntzaren eta kulturaren arloan garapen bidean diren herrialdeetako gutxiengoen komunitate edo hizkuntzetako eragileekin. Horretarako, esparrua eta bitartekoak jarri ditu eragile horiei Euskal Autonomia Erkidegoak hizkuntza suspertzeko arloan egindako ibilbidearen berri emateko. Besteak beste, Txile eta Kolonbiako Gobernuekin, edo beraien menpeko erakundeekin, garatu izan dira gisa honetako lankidetza hitzarmenak, baina baita UPV/EHUren Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO katedrarekin ere. 2011tik, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak laguntza izenduna ematen dio proiektu honi, gutxiengoen hizkuntza-komunitateekin batera aholkularitza-ekimenak antola ditzan arlo hauetan: hezkuntza eleaniztuna, irakasleen prestakuntza, eskola-materialak sortzea eta gutxiengoen hizkuntzak sustatzearen aldeko jarrera garatzea.


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus