Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Euskararen legea aldatu beharra aztertuko da "Lurraldea eta Hizkuntza II" jardunaldietan.

Euskararen legea aldatu beharra aztertuko da "Lurraldea eta Hizkuntza II" jardunaldietan.

2015-01-16 / 07:00 / UEMA   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Euskararen arnasguneak babestu eta indartuko dituen arkitektura juridiko berri baten beharra aztertuko dute "Lurraldea eta Hizkuntza II" jardunaldietan.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, UEMAk, Kontseiluak eta UEUk "Lurraldea eta Hizkuntza. Erronkak & Tresnak" jardunaldia antolatu dute. Iaz egindako topaketetan hirigintza proiektuek hizkuntzarengan duen eragina frogatu zen, eta aurten, pauso bat aurrera eman eta euskararen arnasguneak babestea ez ezik, bihotz-gune ezinbesteko horiek zabaltzea ere helburu duten ekimenei aterki juridikoa emateko oinarriak aztertu nahi dituzte. Topaketak otsailaren 5 eta 6an egingo dira, Donostian, UPV/EHUren Carlos Santamaria zentroan. Matrikula doan da. Izena emateko: www.ueu.eus

Prentsaurrekoan Zigor Etxeburuak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Zuzendariak; Paul Bilbaok, Kontseiluko Idazkari Nagusiak; Maren Belastegik, UEMAko Lehendakariak eta Iñaki Alegriak, UEUko Zuzendariak hartu dute parte.

Zigor Etxeburuak jardunaldi hauek antolatzeko arrazoiak eta iazko topaketak emandako emaitzak gogora arazi ditu: Hizkuntzaren eta egoera sozio-kulturalaren arteko harremana duela zenbait urte azaleratzen hasi zen soziolinguistikaren jaiotzarekin. Hizkuntzalaritzaren ikuspegi sozialago horri geografiaren garrantzia ere gehitu zion geolinguistikaren jakintza-alor berri samarrak. Hala ere, gutxi hitz egin izan da lurralde-antolakuntzak eta hirigintzak hiztun-komunitatearengan duten eraginaz. Eragin horrek duen garrantzia kontuan hartuta hain zuzen ere antolatu genituen iaz “Lurraldea eta hizkuntza. Hizkuntza eta lurraldea” lehen jardunaldiak. Harreman hori modu sakonean aztertzeko, alegia. Bertan parte hartu zuten 200 adituek lurralde-antolaketari buruzko oinarrizko printzipioak aztertu zituzten, Euskal Herriko arnasgune batzuen kasua ezagutzeko aukera izan zuten (Senpere, Zerain, Busturia eta Zubieta), Europako hiru esperientziaren berri ere izan zuten (Aland Uharteak, Flandria eta Gales) eta lurralde-antolaketa eta gizarte erantzunkizunaren arteko harremanari buruz ere hausnartuko zuten. Azken batean, agerian geratu zen euskaraz bizitzeko baldintzen aldakortasuna handia dela, eta pertsonen edota erakundeen jardunaren eraginpean geratzen dela. Horretaz gain, euskaraz bizi ahal izateko baldintzak sortzeko eta bitartekoak jartzeko, aspektu sozial guztiak kontuan hartu behar direla ere ikusi genuen. Gaian sakontzeko asmoz, ekainean MOOC ikastaroa antolatu genuen, eta partehartze handia lortu genuen hemen ere. Guztira 160 pertsonek egin zuten ikastaroa”.

Paul Bilbaok, Kontseiluko Idazkari Nagusiak iazko jardunaldietatik eratorritako ondorioak izan ditu hizpide. “Aurtengo jardunaldien edukiak zehazteko garaian, iazko ondorioak izan ditugu abiapuntu”:

  • Paradigma berriak eraikitzea, euskal komunitatea osorik babesteko eta indarberritzeko.
  • Politika publiko guztietan hizkuntzaren zeharlerrotasuna kontuan hartzeko eskakizuna administrazio guztiei.
  • Azterketa kuantitatiboak eta kualitatiboak egiteko beharra, herri euskaldunetan euskarak bizi duen egoeraz eta euskararen garapenean eragiten duten aldagaiez.
  • Hizkuntza-politika territorializatzea, alegia, lurraldetasun-printzipioari begira jartzea, eta gaia Euskal Herriko politikaren agendan sartzea.
  • Atzerriko herrialdeekin harremana lantzea, eredu teoriko eta praktiko eragingarrien bila.
  • Gaia gizarteratzeko beharra.
  • ELE (Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa) izeneko tresna definitu, eta bigarren jardunaldi batzuetan aurkeztu.

Maren Belastegik, UEMAko Lehendakariak aurtengo jardunaldien erronkak eta helburuak zeintzuk izango diren azaldu du: “Ondorio horietan oinarrituz, aurtengo jardunaldietan lurralde-antolakuntzan hizkuntza-irizpideak txertatzeko erronka eta tresna zehatzei buruz jardungo dugu, eta euskararen egungo legezko marko juridikoa aldatzeko beharra aztertuko dugu.

Udalerri euskaldunen egoera sozioekonomikoa eta izan duten bilakaera soziolinguistikoaren inguruan egindako azterketa interesgarriek eskainiko digute horretarako oinarria. Egindako ibilbidearen azterketatik abiatuta, egungo egoeran kokatuz, aurrerantzean euskara sustatzeko bide berri eta eraginkorrak ireki nahi dira, horrela.

Euskara nagusi den eremuak, arnasguneek, euskararentzat duen garrantzia adostasun zabalarekin onartzen den honetan. Adostasun hori praktikan gauzatzea bultzatu nahi da, jardunaldien goiburuan azpimarratutako moduan, erronkak eta tresnak zehaztuz”.

Azkenik, Unai Fernadez de Betoñok, UEUko ordezkariak jardunaldien egitaraua azaldu du: “Bost ataletan banatu dugu jardunaldia: lehenengoan, udalerri euskaldunek euskararen normalizazio prozesuetan duten garrantzia aztertuko ditugu; bigarrenean, lege aterkiaz arituko gara; hirugarrenean, hainbat esperientzia ezagutuko ditugu; laugarrenean, Eragin Linguistikoa Ebaluatzeko tresna aurkeztuko dugu, eta azkenik, bosgarrenean, jardunaldi honek emandako ondorioak eta etorkizunerako erronkak definitzen saiatuko gara”.

PROGRAMA

Otsailak 5, osteguna.

8:30-9:00 – Harrera eta dokumentazio banaketa.

9:00-9:30 – Aurkezpena

Iñaki Alegria, UEUko zuzendaritzako kidea.

Unai Fernandez de Betoño, Arkitekto doktorea, UPV/EHUko irakaslea, UEUkidea.

9:30-11:30 – 1. blokea. Sarrera.

Sarrera. Udalerri euskaldunen garrantzia euskararen normalizazio prozesuan.

  1. azterketa: Udalerri euskaldunetako bilakaera soziolinguistikoa EAEn, 1981-2011. Iñaki Iurrebaso, Soziolinguistika Klusterra.
  2. azterketa: Udalerri euskaldunetako aldagai sozial eta ekonomiko zenbaiten bilakaera. Imanol Esnaola, Gaindegia.

Borobiltzea.

Galderetarako tartea.

Atal honetako bideratzailea: Idurre Eskisabel, UPV/EHUko irakaslea.

11:30-12:00 – Atsedena

12:00-13:30 – 2. blokea. Lege aterkia.

Mahai ingurua:

"No vull més fronteres!” Discursos i argumentacions sobre el principi de territorialitat lingüística en el capitalisme tardà". F. Xavier Vila, Bartzelonako Unibertsitatea.

"Projeccions i límits del principi de territorialitat". (Lurraldetasun Eva Pons, Bartzelonako Unibertsitatea.

Euskarazko udal jarduerek ba al dute lege babes eraginkorrik? Iñigo Urrutia, UPV/EHU

Moderatzailea: Paul Bilbao, Kontseilua

13:30-15:00 – Bazkaria

15:00-17:40 – 3. blokea. Diziplinartea eta esperientziak

Sarrera.

  • Desazkundea. Iratxe Arriola, DOT-Desazkundea.
  • Parte-hartze prozesuak. Igor Ahedo, UPV/EHU.
  • Kanpoko esperientzia. Mallorca Caterina Canyelles, OCB-Obra Cultural Balear.
  • Eguneroko errealitatea. Eneko Etxeberria, Azpeitiko alkatea.
  • Hizkuntza-ekologia. Itsaso Olaizola, Ekogunea.

Borobiltzea.

Mahai ingurua.

Atal honetako bideratzailea: Imanol Esnaola, Gaindegia.

Otsailak 6, ostirala.

9:00-12:30 – 4. blokea. Praktika.

Eragin linguistikoa ebaluatzeko tresna.

Hizlariak: UEMA, Artez aholkularitza eta Gipuzkoako Foru Aldundia.

Eragin Lingustikoaren Ebaluzioa (ELE). Sistematizatzeko eredua.

Esperientzia. ELEren ezarpena Tolosaldeko Lurralde Zatiko Planean.

12:30-13:00 5. Ondorioak eta etorkizunerako erronkak.

Jardunaldiaren Batzorde Akademikoaren eskutik: Iñigo Urrutia, Paul Bilbao, Unai Fernandez de Betoño.


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus