Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Euskara Plana onartuta eta argitaratuta.

Euskara Plana onartuta eta argitaratuta.

2015-01-09 / 07:00 / Gipuzkoako Foru Aldundia   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Euskararen erabilera normaliza­tzeko plana onartu eta argitaratu du Gipuz­koako Foru Aldundiak. Euskararen erabilera normalizatzeko plan berria 2013-2017 aldirako da.

Erakundeak euskara normalizatzeko plana onartu du, herritarren hizkuntza aukeraren berdintasuna bermatzeko eta bi hizkuntza ofizialen arteko oreka berdintzeko asmoz.

“Gipuzkoako Foru Aldundiak lehentasunez erabiliko du euskara, herritarren hizkuntza aukeraren berdintasuna bermatzeko eta bi hizkuntza ofizialen arteko oreka berdintzeko”. Ideia horrekin laburbildu du Martin Garitano diputatu nagusiak euskara normalizatzeko onartu duen planaren muina. Diputatuen Kontseiluak abenduaren 22ko bileran hartutako erabakiaren bidez onartu du plana. Testuaren arabera, euskara ofiziala da baina bere ezarpenean ofizialtasuna disimetrikoa da, gaztelaniaren mesedetan, eta bi hizkuntza ofizialen arteko berdintasuna lortzeko zenbait zehaztu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak bere jardunean aplikatzeko.

Bost urtetan Aldundiaren hizkuntza politikaren oinarria izango da onartutako plana. Aldundiaren jarduera-esparru publiko guztiei eragingo die, eta baita barneko alderdiei ere (lanpostuen hizkuntza eskakizunak, atal euskarazko eta elebidunak, eta abar). Edukiak Aldundian aplikatzen ari ziren.

Diputatuen Kon­tseiluak 2014ko abenduaren 22ko bileran onartu zuen euskararen erabilera normalizatzeko plana, eta abenduaren 31n argitaratu zen erabakia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Testuan adierazten denez, euskara hizkun­tza ofiziala da, baina bere ezarpenean ofizialtasuna disimetrikoa da, gaztelaniaren mesedetan, eta bi hizkun­tza ofizialen arteko berdintasuna ekarriko duen egoera lor­tzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiaren hizkun­tza politikak ezaugarri nagusi hauek izango ditu:

a)  Gipuzkoako Foru Aldundiak lehentasunez erabiliko du euskara, bi hizkun­tza ofizialen arteko berdintasuna ekarriko duen egoera lor­tzeko. Herritarren hizkun­tza aukeraren berdintasuna bermatu eta oreka berdindu nahi bada, erabilera sozialean mugakizun handienak dituen hizkun­tza­ren alde jokabide positiboko neurriak eman behar dira, frogatua baitago, horiek gabe, arauen eragina mugatua dela hizkun­tza­ren garapenaren alde. Eragin sozial handia duten gainerako politika publikoetan bezala, Gipuzkoako Foru Aldundiak ereduzko jokabideak izateko eran­tzu­kizuna hartu nahi du esparru honetan. Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkun­tzen Europako Gutunean euskara eskualdeko edo eremu urriko hizkun­tza gisa izendatua da, eta, bere 7.2 artikuluan xeda­tzen duen bezala, euskara lehentasunez erabil­tzeko neurriaren helburua da euskara erabil­tzen dutenen eta gainerako herritarren arteko berdintasuna bul­tza­tzea edo hiztun horien egoera partikularrak ain­tzat har­tzea. Gogoan izan behar da Europako Kon­tseiluak 1992ko azaroaren 5ean emandako arau hori Espainiako estatuak berre­tsi zuela, eta indarrean dagoela 2001eko abuztuaren 1az geroztik.

b)  Euskara lehentasunez erabil­tzeko neurriak erraztu nahi die euskaldunei, euskararen erabilera, inolako trabarik edo eragozpenik gabe, Aldundiaren zerbi­tzuak erabil­tzen dituzten guztietan. Horri dagokionez, nabarmendu behar da Gipuzkoako Foru Aldundiak 2015erako zerbi­tzu guztiak euskaraz emateko engaiamendu sendoa emana duela gizartearen aurrean.

c)  Era berean, beharrezkoa izango da preben­tzioaren ikuspegia barnera­tzea Gipuzkoako Foru Aldundiaren lan moldeetan, euskara osasun­tsu dagoen egoeretan atze­rapausoak saihesteko, eta euskararen garapen osoa eta berreuskaldun­tzea lor­tzeko. Erakundearen politikak eta neurriak ezarri aurretik, jarduerak diseina­tzen diren unean bertan, hizkun­tza­ren kudea­ketaren aurreikuspena eta eragin linguistikoaren ebaluazioa eginez, ziurtatu ahal izango da egitasmoek ez dutela euskararen aldekoa den egoerarik kaltetuko, eta herritarren hizkun­tza eskubideak bermatuko dituztela.

d)  Euskararen ofizialtasunak herritarron hizkun­tza eskubideak bermatu behar ditu, uniber­tsal­tasun prin­tzi­pioa oinarri hartuta, gizartean harreman parekideak lor­tzeko eta gizarte kohesioari lagun­tzeko. Horregatik, hizkun­tza eskubideen bermeak gidatuko du Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarduera, ziurtatuz herritarren hizkun­tza hautua errespeta­tzea, bereziki, administrazioarekin dituzten harremanetan.

e)  Indarrean dagoen antolamendu juridikoari atxiki­tzeko eta gizartearen eta administrazioaren errealitatearekin koherente izan eta herritarren hizkun­tza eskubideak berma­tzeko, nahitaezkoa da administrazio jardueretan euskaraz ere normaltasunez fun­tziona­tzea. Horregatik, arau honen bidez gauzatuko den Gipuzkoako Foru Aldundiaren hizkun­tza politikak euskararen ofizialtasuna garatuko du, erakundeak euskaraz lan egin dezan, normaltasunez.

f)  Azkenik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren hizkun­tza politikak eraginkortasunaren irizpidea barneratuko du, horretarako zehaztuz, epeetan oinarritutako plangin­tza, etengabeko hobekun­tza­rako eta ebaluaziorako tresnak, jarraipenerako protokoloak eta egitura betearazleak.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren antolamenduak eta egiturak xedatutako eskumenak bete­tzeko, euskararen erabilera sozialaren alde aurrera daraman politika sektorial ugariekin batera, behar-beharrezko­tzat ­jotzen da zehar-lerroko ikuspegi bat txerta­tzea Aldundiaren jardunetan; hau da, departamentu guztietarako baliozko diren neurri eta irizpide orokor ­batzuk defini­tzea, euskara zerbi­tzu hizkun­tza gisa nahiz lan hizkun­tza gisa erabilia izan dadin, eta irizpide argiak xeda­tzea hizkun­tza ofizialen erabilera esparru guztietan.

Bide horretan, erabaki honek osotasunean har­tzen ditu 1997ko apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuak bere 18. artikuluan araututako xedapen eta neurri guztiak.

Aldundiaren 5. plana

Euskararen erabilera normalizatzeko plan hau Aldundiaren bosgarrena da. Aurreko planarekiko zenbait berrikuntza dakartza. Esaterako:

  • Zerbitzu guztiak euskaraz eskainiko dira 2015etik aurrera.
  • Lehentasunez, euskara izango da Aldundiaren lan hizkuntza.
  • Hirugarren edo laugarren hizkuntza eskakizuna egiaztatuta duten langileek euskaraz egingo dute nagusiki, ahoz zein idatziz.
  • Udalerri euskaldunekiko harremanetan, aintzat hartuko da haien egoera soziolinguistikoa.
  • Komunikazio instituzionala, lehentasunez, euskaraz izango da.
  • Kontratazio administratiboan Gipuzkoako udalekin adostu diren hizkuntza irizpideak barneratu dira.
  • Eragin linguistikoaren ebaluazioa egingo da.
  • Ebaluazio soziala egingo da.
  • Foru sozietate publikoek euskararen erabilera normalizatzeko plan bana eratuko dute (Bidegi, Izfe, Itten…).
  • Aldundiak ordezkaritza duen erakundeetan (DSS2016, Kursaal, BCC, Garraio Agintaritza…) foru ordezkariek eskatuko dituzte ofizialtasuna bermatuko duen irizpideak.

Plana eratzeko urratsak

Foru Aldundiaren 5. hizkuntza plana eratu eta osatzeko prozesuan urrats hauek egin ditu Euskara Zuzendaritza Nagusiak:

  • Euskarako Zuzendaritzak prestatu du, normalizazio, itzulpen eta trebakuntza atalen lankidetzaz.
  • Planaren lehen zirriborro bat aurkeztu zitzaion Funtzio Publikoko Zuzendaritzari, irizpen orokor bat eman zezan.
  • Aldundiko departamentu guztietako idazkaritza teknikoetara bidali zen planaren lehen zirriborroa, iradokizunak egiteko.
  • Araugintza zuzendaritzari txostena eskatu zitzaion. Bere ekarpenak kontuan hartuta egin da azken bertsioa.
  • Aldundiko ordezkari sindikalei aurkeztu zaie beren iritzia ezagutzeko.
  • Euskararen Foroari aurkeztu zaio bere iritzia ezagutzeko. Kiroletako zuzendaritza euskarazko atal izendatzeko proposamena egin dute, eta onartu da.
  • Jaurlaritzaren txostena eskatu da.


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus