Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  EAEko udalek euskara sustatzeko eskumenak izango dituzte lehenengo aldiz

EAEko udalek euskara sustatzeko eskumenak izango dituzte lehenengo aldiz

2014-11-12 / 07:00 / erabili.com   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Euskal Autonomia Erkidegoko udalek euskararen erabilera sustatzeko udal-planak idatzi, onartu eta kudeatzeko legezko ahalmena izango dute lehenengo aldiz Euskadiko Udal Legearen bidez.

Gaur egun EAEko udalek ez dute eskumenik euskara sustatzeko, Espainiako epaitegietatik emandako epaiek behin eta berriro esan izan dutenaren arabera. Eskumen hutsune horretaz baliaturik, Carlos Urkijo Espainiako gobernuak EAEn duen ordezakariak, azken bi urteotan, ehundik gora udal auzibidean jarri ditu edo jartzearekin mehatxatu ditu estatuko abokatuaren bidez. Baina hori guztia aldatzeko tenorean da Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak atzo, 2014-11-11, onartu baitzuen Euskadiko Udal Legearen proiektua eta, horrenbestez, Eusko Legebitzarrak onartzeko bidean jarri zuen lege proiektu hori. Hain zuzen ere, lege proiektu horrek, lehenengo aldiz, euskara sustatzeko eskumenak aitortzen dizkie EAEko udalei. Lege horren bidez udalek euskara sustatzeagatik epaitegiekin dituzten buruhausteak desagertu egin daitezke.

Euskadiko Udal Legeak bere izatearen zioak edo arrazoiak azaltzerakoan, euskararen sustapenari dagokionez, honela dio hitzez hitz:

"Bistakoa da tokiko politikaren kalitate instituzionala hobetu beharra dagoela udal-gobernuek beren legitimitatea indar dezaten, zerbitzu-zorro iraunkor eta efizientea garatuz. Izan ere, udalak dira herritarrek arazoak konpontzeko jotzen duten lehendabiziko atea, eta udalen legitimazio instituzionalaren oinarria da, neurri handi batean, herritarren beharrei erantzun egokia ematea eta bizi-kalitate egokia eskaintzea, eskubide guztiak baliatzeko aukera bermatuta; horien artean, gainera, hizkuntza-eskubideak, eta hala islatzen da legeak toki-harremanetan kultura- eta hizkuntza-eredu propio baten alde egin duen aukera garbian ere, apustu sendoa egiten baitu euskararen iraupen, finkapen eta garapenaren alde". (...)

Lehenengo titulu honetan jasotzen da, Legean leku berezia duelarik, euskararen erabilera Euskal Autonomia Erkidegoaren tokiko administrazioaren esparruan, Euskal Herriaren berezko hizkuntza den aldetik. Euskara hizkuntza ofiziala da Euskal Autonomia Erkidegoan eta, beraz, baita bertako toki-erakundeetan ere. Alde horretatik, jardueretan zerbitzu- eta lan-hizkuntza izango da toki-erakunde horietan, betiere herritarren hizkuntza-eskubideak errespetatuta, eta erabilera normala eta orokorra izango du bertan. Berariaz adierazten da, gainera, euskaraz egin daitezkeela egintza eta izapide oro. Horrekin bat, euskararen erabilera sustatzeko, planifikatzeko eta dinamizatzeko eskumenak aitortzen zaizkie udalei, bai udal-zerbitzuen alorrean, bai familia inguruko eremu askotarikoetan ere. Bide horretan, aukera ematen zaie udalei bitartekoak jartzeko —baita bitarteko arauemaile eta ekonomia-finantzen alorrekoak ere—, eta euskararen eremuan beste erakunde batzuekin lankidetzan edonolako formulak bilatzeko.

Legeak 37 eskumen propio aitortzen dizkie EAEko udalerriei eta eskumen horien artean 26.ak honela dio: "Euskararen erabilera sustatzeko udal-planak idatzi, onartu eta kudeatzea".

Euskadiko Udal Legeak EAEko udalei euskara arloan aitortzen dizkien eskumenak bi artikuluetan daude garatuta eta honela diote hitzez hitz:

6. artikulua. - EAEko toki-erakundeen hizkuntza ofiziala.

1.- Euskara, gaztelania bezala, Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeen hizkuntza ofiziala da; eta, alde horretatik, beren jardueretan zerbitzu- eta lan-hizkuntza izango da, erabilera normala eta orokorra izango duena. Edonola ere, herritarrek eskubide osoa izango dute tokiko erakundeekiko harremanak zer hizkuntzatan izan nahi dituzten aukeratzeko; eta, hortaz, tokiko erakundeek hizkuntza horretan eskaini beharko diete arreta, eta horretarako behar diren neurriak hartu beharko dituzte.

2.- Toki-erakundeetako organoen deialdiak, gai-zerrendak, mozioak, boto partikularrak, erabaki-proposamenak, informazio-batzordeen irizpenak, erabakiak eta aktak euskaraz idatzi ahal izango dira. Ahalmen hori baliatu ahal izango da –aipatu berri diren kasuetan–, baldin eta, toki-erakundearen barruan, euskaraz ez dakiela behar bezala alegatzen duen ezein kideren eskubideak urratzen ez badira, Euskararen Erabilera Normalizatzeko 10/1982 Oinarrizko Legean aurreikusitakoa ezertan galarazi gabe. Ebazpenak, aktak eta erabakiak euskaraz idazten direnean, euskaraz bidaliko zaizkie kopiak edo laburpenak EAEko administrazioari eta Estatukoari, toki-araubideari buruzko oinarrizko legeriari jarraituz.

3.- Toki-erakundeek, Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan, –erakunde barruko, beste edozein administrazio publikorekiko edo, are, partikularrekiko harremanetan– bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko aukera gorabehera, behar diren mekanismoak sortu beharko dituzte, herritarrek karga edo betebeharrik eragingo dieten inolako formaltasun eta baldintzarik gabe baliatu ahal izan dezaten komunikazioak beste hizkuntzan jasotzeko daukaten eskubidea.

7. artikulua.- Euskararen erabilerarekiko udal-eskumenak.

1.- Udalerriek euskararen erabilera sustatzeko eta beren eskumeneko zerbitzuetan euskararen erabilera normalizatzeko plangintza egiteko eskumena dute. Ondorio horietarako, udalerri bakoitzak behar diren neurriak hartuko ditu, eta euskararen erabilera normalizatzeko planak onartu eta garatuko ditu, kontuan izanik erakunde komunek eta indarrean dagoen legeriak ezarritako plangintza-irizpideak eta euskararen erabilerarako onartutako araudia.

2.- Era berean, udalerriek eskumena dute beren lurralde-eremuan euskararen ezagutza sustatzeko eta erabilera dinamizatzeko, zuzenean horretarako zerbitzuak eta jarduerak antolatuz nahiz beste pertsona edo erakunde batzuek euskara sustatu eta dinamizatzeko burutzen dituzten jardueren finantzaketan lagunduz.

3.- Udalerriei dagokie, halaber, beren lurralde- eta eskumen-eremuko izen ofizialak finkatzea eta, oro har, toponimoen eta leku geografikoen gaineko prozedura arautu eta haiek onartzea, horrek ezertan galarazi gabe Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 10. artikuluan eta aplikatu beharrekoa den gainerako legerian ezarritakoa.

4.- Toki-erakundeek elebitasuna bermatuko dute hizkuntza-paisaian, seinale publikoetan eta beren lurralde- eta eskumen-eremuan zabaltzen eta jasotzen dituzten ohiko nahiz noizbehinkako iragarkietan.

5.- Udalerriek euskararen erabileraren eremuan aitortuak dituzten eskumenak baliatu ahal izango dituzte ordenantzak, erregelamenduak eta jarduera-planak onartuz.

6.- Toki-erakundeek euskararen arloan aitortuak dituzten eskumenak baliatzeko, hitzarmenak izenpetu ahal izango dituzte; mankomunitate, partzuergo, elkarte eta udalerriz gaindiko bestelako erakundeak sortu edo halakoetan esku hartu ahal izango dute, eta elkarlanerako beste modu batzuetara jo ahal izango dute.

7.- Toki-erakundeek beren arteko harremanetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako administrazio publikoekiko harremanetan euskara gero eta gehiago erabil dadin sustatuko dute; horretarako, adostasuna bilatuko dute, eta, edonola ere, hizkuntza ofizial bat nahiz bestea erabili ahal izango dute, beste hizkuntza ofizialerako itzulpenik aurkeztu beharrik izan gabe.


Albiste honekin lotutako agiriak


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus