Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Nahasketa argitze aldera: ilgora eta ilbehera

Nahasketa argitze aldera: ilgora eta ilbehera

2014-06-13 / 07:43 / Euskaltzaindia   HIZKUNTZA

«Ilgora» eta «ilbehera» hitzen esanahi zehatza argitu du Euskaltzaindiak.

Euskaltzaindiaren Zientzia eta Teknika Hiztegia Biltzeko egitasmoan (Astronomiako Oinarrizko Lexikoan) parte hartu dugun adituon iritziz, Euskaltzaindiak 2013ko urtarrilean Jagonet zerbitzutik ilgora eta ilbehera hitzen esanahiaren inguruko kontsultari emandako erantzuna zuzena eta egokia da (ikus galde-erantzun hori), eta baliagarria da gai beraren inguruko kontsultei erantzuteko.

Euskaltzaindiaren erantzunean azaltzen denez, erabatekoak dira euskaldunok ilgora eta ilbehera hitzak ilargiaren faseen adieran erabili eta erabiltzen dituztelako testigantzak. Adiera berriak, zeinen arabera esanahia gaztelaniazko luna ascendente eta luna descendenterekin parekatu nahi baitira, funtsik eta oinarririk gabeak dira. Gure iritziz, adiera horiek hitzen interpretazio konposizional batean oinarritzen dira, jatorrizko esanahiak horiek direla baieztatuz eta gaur egun berrezarri behar liratekeela aldarrikatuz. Ikuspegi hori, gehienez ere, hipotesitzat plantea liteke; baina hori hala dela baieztatzen dutenek ez dute inolako frogarik eman egiaztatzeko. Baina, hipotesiaren aldeko ebidentziak aurkituta ere, horrek ez luke bide eman behar gaur egun errotuta eta estandarrak diren adierak ordezkatzeko.

Beraz, aipatu gaztelaniazko luna ascendente/descendente edo frantsesezko lune montante/descendante adierazleak euskaraz emateko, ezin dira ilgora eta ilbehera erabili; hitz berriak sortu behar lirateke, esate baterako goranzko ilargi eta beheranzko ilargi, dagoeneko zenbaitek egin duen bezala. Adierazi nahi dugu, dena den, horiek ez direla, beren horretan, astronomia-arloko termino zientifikoak (bai, ordea, goranzko/beheranzko nodo).

  • Estreinakoz, Euskaltzaindiaren Plazaberri agerkarian argitaratua, 2014-06-12an.


Inprimatu


Erantzun

 
Jakoba Errekondoren ilargia
2014-06-13 / 10:20 / Martxel Aizpurua

Euskadi Irratiko Landaberri programan entzun diot Jakoba Errekondori esaten, nekazaritzako lanei begira, ilargiaren faseei begiratzeak ez duela zentzurik, ilargia osoa ikusi edo zati bat ikusi grabitatea berdina izaten jarraitzen duelako, edo, behintzat, ilgorakoan eta beherakoan grabitazio-indar berdintsuetatik igarotzen dela. Nik behintzat hala ulertu nion. Asko poztu nintzen hori entzutean. Ez dakit entzuleak konturatu ziren Jakobak hori esatean beren tradiziozko ilargi-sinesmen guztiak pikutara bidali zituela, nork eta tradizio horren azken urteetako aitaponteko izan den Jakobak.

Ilargiaren inguruko sokak aurrera darrai, ordea. Berritan BERRIAn Koldo Nuñez geologoa ere jausi da ilargi-tradizio itsuaren sarean “zientziak ez ditu oraindik frogatu, baina …” bere Pazkozko Ilargia artikuluan. Orain inongo tradiziorik izan ez duen fenomeno bati heldu zaio txanda, euskaraz erabiltzen ditugun lgora eta ilbehera hitzak aprobetxatuz. Ilargiak zeru-altueran egiten duen gora-behera omen da orain garrantzizko landareen ereite, landaketa edo inausketarako. Fenomeno horri loturik omen dira teta ez ilargi-faseei. Ni astronomia-gaietan asko ez dakidanez, adituengana jo dut galdetzeko ea zeruan ilargiaren ibilbidearen gora-behera horien berri jakiteko.

Jakin dudana da:

  1. -Ilargiak horizontean egiten gora eta beherek ilargi-faseen zikloaren iraupen bera dute, 28 egun ingurukoa.
  2. - Aszendente egon eta deszendente egon lurrarekiko ilargiaren indar grabitazionala berdina da, batez bestekoa hartzen badugu. Gerta daiteke Ascendentean handiagoa izatea batzuetan eta beste batzuetan deszendentean izatea handiagoa. Aldatzen doa.
  3. - Ilargia horizontean punturik gorenean dagoenean EZ DU kointziditzen ilargiaren fase batekin edo bestearekin. Ez dago korrelaziorik. Batzuetan fase batekin kointziditzen du, eta beste batzuetan beste fase batekin. Aldaketa horretan fase guztiak pasatzen dira.
  4. - Jendearentzat ezinezkoa da (aparatu astronomiko konplexuz lagunduta ez bada) jakitea une batean aszendentean edo deszendentean gauden, ez badu behintzat erosten Jakobak gomendatzen duen liburua. Han ipintzen du zein egunetan zein egoeratan gauden. Liburu hori gabe gure aurrekoek (geuk ere ez) ezin zuten jakin aszendentean gauden ala deszendentean. Ezin, bada, haiek izena eman jakin ezin zuten zerbaiti.

Batekin nahikoa ez eta HAZIko Eusko Labeleko egutegian ere hileroko orrian dio ilgora ez dela ilargi-faseekin lotura duen terminoa, egoera aszendentearekin baizik, eta ilbehera egoera deszendentearekin. Bikain, lagunok! Eta zein termino erabili behar duzue ilargi-faseak adierazteko? Beti erabili denerako baztertu eta orain arte inork erabili ez duenerako sartu. Bada herri honetan nahasmenduak sortzeko gaitasuna!

Eskubide osoa du, noski, Jakobak orain bigarren interpretazio honi garrantzia ematea landa-lanei dagokienez, ilargi-faseei indarra kenduz. Baina ilgora eta ilbeherei euskal jendeengan izan duen tradiziozko esanahia aldatzea ez da hain zilegi, eta ez da ere zilegi informazio berri bat ematea antzinako hitzekin estalita.

Aholku bat ematen hasita, esango nioke Jakobari, beste termino batzuk erabiliz adierazteko hemendik aurrera ilargiak horizontean egiten duen gora eta behera hori. Hori egingo balu irrati-saio batzuetan, orduan ikusiko luke bere entzuleek zeri lotuak dituzten dauzkaten ilargi-sinesmenak. Ilgora eta ilbehera ilargi-faseei lotutako terminoak dira, Jakobak nahi ala ez.

Ez da linguistikoki oso etikoa, nire iritzirako, pentsatzea “nik ilgora eta ilbehera erabiltzen ditudanean hau eta hura ulertzen ditudala esan dut eta hortik aurrera entzuleek nahi dutena uler dezatela”.

Jakobaren jarraitzaileren batek irakurtzen badu nire idatzi hau, esango nioke jarraitzeko Jakobak ilargiaren inguruan ematen dituen aholkuak, horretan sinesten ez dugunon iritzian, horretatik kalterik behintzat ez baita sortzen. Gainera, oso polita da pentsatzea astroen dinamikan sartuta ari garela baratza lantzen. Gure baratzean eragin zuzena duen astroa eguzkia da, ordea, ez ilargia. Zer egingo diogu, bada!

  • Estreinakoz, Zarauzko Arkamurka agerkarian argitaratua, 2014-05-14an.
 
Dena ongi itxita
2014-06-16 / 11:28 / Markel

Aita pontekoa hau idatzi duenak ematen du. Ea nork egin duen konpontxo Jainkoarekin: "Baina, hipotesiaren aldeko ebidentziak aurkituta ere, horrek ez luke bide eman behar gaur egun errotuta eta estandarrak diren adierak ordezkatzeko".

Dena ongi itxita, Elizak ongi egiten daki hori. Beraz, alferrik ibiliko gara adiera horien bila, ezta?

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus