Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  EAEn ikasleen % 67k egingo du selektibitatea euskaraz

EAEn ikasleen % 67k egingo du selektibitatea euskaraz

2014-06-04 / 07:00 / erabili.com   IRAKASKUNTZA

Gaurtik hasi eta ondorengo hiru egunetan batxillergoko 6.252 ikaslek (%67ak) egingo du euskaraz unibertsitatera sartzeko hautaproba, 2013an baino ia % 4 gehiago dira azterketa euskaraz egingo dutenak.

Araban, 2013an gehiago izan ziren azterketa gaztelaniaz egin zutenak (% 53), euskaraz % 47k egin zuen bitartean. Aurten, aldiz, % 61 izango dira seletibitatea euskaraz egingo duten arabarrak. Urtebetean azterketa euskaraz egingo duten arabarren kopuruak % 14ko hazkunde izan du, urte batetik bestera orain arteko hazkunderik handiena. Gainera, estreinako aldiz, Arabako gazteak, batezbeste, Bizkaikoak baino gehiago izango dira selektibitateko azterketa euskaraz egiten, izan ere, 2014an, Bizkaiko batxillegoko ikasleen % 59ak egin behar baitu azterketa euskaraz, iaz % 57ak. Gipuzkoan, aldiz, batxilergoko ikasleen % 79ak egingo du aurten selektibitatea euskaraz, 2013an % 78ak.

Urtetik urtera gero eta gehiago dira EAEn unibertsitatera sartzeko azterketa euskaraz egiten duten batxilergoko gazteak: 2011n % 60ak egin zuen selektibitatea euskaraz, 2012an % 62ak eta 2013an , iaz, %63ak.

Hautaprobak euskaraz egiten dituzten ikasleen kopurua beti joan da igotzen EAEn, pixkanaka. Azken hamabost urteotan asko hazi da hautaprobak edo selektibitatea euskaraz egin dutenen kopurua: 1997-1998 ikasturtean unibertsitatean sartzeko azterketak euskaraz egin zituztenak % 30,9 izan baziren, hamar urte geroago, 2006-2007 ikasturtean % 51,8 izan ziren; aurten, aldiz, 2014an % 67 dira. Urtero egin du gora koska batek.

Batxilergoko ikasleak (2014)

GAZTELANIA%EUSKARA%GUZTIRA
ARABA491% 39765% 611.256
BIZKAIA1.806% 40,42.664% 59,64.470
GIPUZKOA745% 212.823% 793.568
GUZTIRA3.042% 32,76.252% 67,29.294

Aurten, guztira, 9.294 ikaslek egingo dute Unibertsitatera sartzeko proba.

Gaur, ekainak 4, asteazkena, aurten Euskal Autonomia Erkidegoan Batxilergoa bukatu duten 9.294 ikaslek Unibertsitatera sartzeko probak hasiko dituzte UPV/EHUn, iaz baino % 5,4 gehiagok. Igoerak hiru campusetan gertatu dira: Araban, % 8,3 gehitu da, Bizkaian % 3,1 eta Gipuzkoan % 7,9. Ikasleen % 54,4 emakumeak dira, eta % 46,6 gizonak. % 45,7 sare publikotik dator, eta % 54,3 pribatu edo kontzertatutik.

Hauei, Goi Mailako Heziketa Ziklo bat (Lanbide Heziketa) egin duten eta fase espezifikora bakarrik aurkeztuko diren beste 500 ikasle gehitu behar zaizkie. Gainera, probak aurreko urteetan edo erkidegotik kanpo egin zituzten 800 ikasle aurkeztuko dira nota hobetzeko. 2012an Azterketak bukatuko dira ostiralean, hilak 6.

Probak bi fase izango ditu: orokorra eta espezifikoa. Fase orokorrak Batxilergoa amaitzean ikasleek graduko unibertsitate-ikasketa ofizialak egin beharreko heldutasuna eta oinarrizko trebetasunak dituzten ala ez neurtzea du helburu. Honako bost azterketez osatuta dago: Gaztelania eta literatura; Euskara eta literatura; Filosofiaren historia edo Historia; Atzerriko hizkuntza eta Batxilergoko 2. mailako modalitateko ikasgai baten azterketa, ikasleak nahi duena. Gai bakoitzak 0 eta 10 bitarteko nota jasoko du, eta fase honetan gehienez 10 atera daiteke.

Batxilergoko notaren eta fase orokorreko kalifikazioaren artean egindako batez besteko nota haztatuan (%60 Batxilergoari dagokio eta %40 fase orokorrari) 5 puntu edo gehiago lortuz gero proba gainditutzat joko da, baldin eta ikasleak fase orokorrean gutxienez 4 puntu lortu baditu.

Fase espezifikoa borondatezkoa da eta haren helburua da neurtzea ikasleen ezagutzak eta arrazonatzeko gaitasuna arlo jakin batzuetan, alegia, unibertsitatean egin nahi dituen ikasketekin zerikusia duten arloetan. Fase honek aukera ematen dio ikasleari fase orokorrean lortutako kalifikazioa hobetzeko. Parte espezifikoan ikasle bakoitzak Batxilergoko bigarren mailako modalitateko edozein gai aukera dezake, fase orokorrerako aukeratu duena izan ezik. Gehienez lau gairen azterketak egin ahal izango dituzte fase espezifiko honetan. Eta, gehienez, 4 puntu eskuratu ahal izango dituzte. Gai bakoitzari 0 puntutik 10 puntura bitartean emango zaio, gutxienez 5 bat lortzen bada hartzen da kontuan, eta azkeneko nota aterako da borondatezko bi nota onenak eta haztatzeko parametroak biderkatuz. Haztatzeko parametroen baloreak 0,1 eta 0,2 dira eta unibertsitateak ezartzen ditu gaiak hautatutako graduarekin duen harremanaren arabera.

Unibertsitatera sartzeko probak ekainaren 4an, asteazkena, 8:45ean hasiko dira eta 18:45ean bukatu. Bigarren egunean, osteguna, hilak 5, azterketak 9:00etatik 18:45era arte izango dira eta, hirugarren egunean, ostirala, 9:00etatik 15:00etara.


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus