Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Osakidetzan mediku euskalduna erdaldunarekin ordezkatzen ari dira.

Osakidetzan mediku euskalduna erdaldunarekin ordezkatzen ari dira.

2014-05-21 / 07:05 / LAB Osasungintza   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Osakidetzako Gipuzkoako Zuzendaritza mediku erdaldunak kontratatzen ari da euskarazko lanpostuetarako.

Zoritxarrez ez da ipuina, benetan gertatu da, aurreko astean, Zumaian, herri erabat euskaldunean, alegia. Bertako mediku bat, euskalduna, eta Derrigortasun Data duen lanpostua betetzen zuenak, barne mugikortasunaren bidez beste osasun zentro batetara joan da eta, beraz, hutsik utzi zuen lanpostua bete beharra zegoen. Zer egin du Gipuzkoa Eskualdeko zuzendaritzak?  Lanpostu horretan behin behineko (ebentual) kontratoa egin euskaraz ez dakien mediku bati.

LAB sindikatuak azalpenak eskatu ditu Gipuzkoa Eskualdean eta erantzun-aitzakia, honako: araudia errespetatuz egin dutela kontratazioa, ebentualidade zerrendan zegoen lehenbiziko medikua jarriz. Honen aurrean, honakoa adirazi nahi dugu:

«Osakidetzako hainbat zuzendaritzek euskararekiko erakusten duten mespretxuaren aurrean “aski da!” esan, publikoki salatu, indarrak bildu eta Osakidetzari jarrera alda arazteko unea heldu da. LAB sindikatuak pausoak eman eta eragile desberdinekin harremanak eratuko ditu Osakidetzak Zumaiako egoera zuzendu dezan eta horrelako atzerapausoak berriro eman ez daitezen».

Zumaiako kasua bat gehiago da, zoritxarrez. Izan ere, LAB sindikatuak hizkuntz eskubideen urraketen inguruko kexa ugari aurkeztu behar izan ditu azkenaldian, Gipuzkoa Eskualdean bertan horietariko asko. Eta aurrerantzean ere, kexak, salaketak, eragile desberdinekin elkarlana… erabiliz, euskararen aldeko neurriak behingoz hartzen hasi daitezen lana egiten jarraituko dugu. Guztion artean egoera honi amaiera eman behar diogu.

Zumaiako kasuari dagokionez, araudiaren inguruan adierazten dutena aitzaki txar baino ez da:

  • Hutsik geratu den mediku lanpostua betetzeko Gipuzkoa Eskualdeak bazituen hainbat aukera, araudiaren barruan, logikak eta borondate onak ezartzen duena betetzeko, lanpostu horretan mediku euskalduna kokatzea, alegia.
  • Hutsik geratu zen lanpostuak Derrigortasun Data duenez, nahikoa zuen kontratazio berria lanpostu horri atxikita egitea (plaza-kodigo zehatz hori betetzeko egitea kontratazio berria), eta beraz, langile berriak Hizkuntz Eskakizuna egiaztatua izan beharko luke horrela eginez gero.
  • Plaza-kodigo bati atxikitako kontratazioa egin ordez, definitu gabeko plaza baten gaineko kontratazio ebentuala egin du Gipuzkoa Eskualdeak, eta horrela ez omen dago behartua, bere esanetan, lanpostu horretan langile euskalduna jartzera.  Hori horrela al da? Kontua da Osakidetzaren II. Euskara Planak zera dioela bere 5.4.g puntuan:

    «Lehentasunezko unitateetako behin-behineko kontratazioan, oro har euskararen ezagutza lehenetsiko da, betiere herritarraren asistentzia bermaturik. Kontratazio-irizpide horri buruzko xehetasunak Osakidetzako Mahai Sektorialaren Kontratazio Akordioan zehaztu eta aratuko dira, Plana onartu eta ondoko hilabeteetan».

  • Mahai Sektorialean ez dira oraindik 5.4.g puntuan  ezartzen denaren inguruko xehetasunak ezarri. Hortaz, zer gertatzen ari da bitartean? Zehatz mehatz, borondate eta sentsibilitatearen araberako erabakiak hartzen direla. Zenbait Zerbitzu Erakundetan, 5.4.g puntuan ezartzen dena kontuan harturik, lehentasunezko unitateetako behin-behineko kontratazioan (Zumaiakoa hemen konkatuko litzateke) euskararen ezagutza lehenesten da. Beste Zerbitzu Erakundetan, mahai sektorialeko “xehetasun” horien faltan, ez. Eta azken hau da gertatu dena Zumaiako kasuan.

Egin dutenak ez duela araudia urratzen dio Gipuzkoa Eskualdeak. Planaren ustezko helburu eta printzipioak behintzat garbiki urratzen ditu. Izan ere, honakoa adierazten du Planak Hizkuntz Eskakizunei buruzko 5. kapituluaren sarreran:

«Hizkuntza-eskakizunak, lehentasunak eta derrigortasun-datak berez ez dira helburuak, ezpada bitartekoak, zerbitzuak bi hizkuntza ofizialetan eskaintzea erraztu behar dutenak».

Euskaldunon hizkuntz eskubideak errespetatuz bestelako erabaki bat hartzeko nahiko bide eta araudi babes dauzka eskura Osakidetzak ZERBITZUA BI HIZKUNTZA OFIZIALETAN ESKAINTZEKO. Borondate kontua da, ez besterik.


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus