Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Eusko Jaurlaritzaren itzultzaile automatikoa gero eta bikainago

Eusko Jaurlaritzaren itzultzaile automatikoa gero eta bikainago

2014-04-03 / 07:00 / Eusko Jaurlaritza- HPS   HIZKUNTZA

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak 2012an martxan jarri zen eta egun martxan dagoen gaztelania-euskara itzultzaile automatikoaren hobetutako bertsio bat, eta itzultzaile horren "bi anai-arrebak" diren euskara-gaztelania eta ingelesa-euskara itzultzaileak aurkeztu dituzte Bilbon.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak, Cristina Uriartek eta Hizkuntza Politikarako sailburuordea den Patxi Baztarrikak, Eusko Jaurlaritzaren itzultzaile automatikoaren fase berriaren aurkezpena egin dute gaur Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzan.

Oraingoan, 2012an martxan jarri zen eta egun martxan dagoen gaztelania-euskara itzultzailearen hobetutako bertsio bat aurkeztu da. Honetaz gain, itzultzaile automatikoaren bi anai-arrebak ere aurkeztu dira: euskara-gaztelania itzultzailea, alde batetik, eta ingelesa-euskara itzultzailea, bestetik. Itzultzaile hauek presentzia izango dute ‘smartphone’ delakoetan ere. Izan ere, telefono hauetarako bi aplikazio aurkeztu baitira gaur egin den ekitaldian. Itzultzailea erabilgarri egongo da hurrengo helbidean: www.itzultzailea.euskadi.net

Jaurlaritzaren itzultzaile automatikoak testu laburrak (1.500 karaktere, gehienez ere) eta webguneak itzultzen ditu. Beraz, orain arte, adibidez, gaztelaniaz idatzitako egunkari bat euskaraz ikusteko aukera izan bada, hemendik aurrera, euskaraz idatzitako bat gaztelaniaz ikusteko aukera egongo da edo ingelesez idatzitako bat euskaraz. Jakina, itzultzaile automatiko guztiek dituzten mugak kontutan hartuta. Hala ere, esan beharra dago, itzultzaileak burutzen duen itzulpenak izugarri lagunduko diola erabiltzaileari.

Itzulpen kopuruari dagokionez, aipatu beharra dago, 2013. urtean 5.000.000 itzulpen baino gehiago egin zirela. Esan bezala, itzultzaile automatikoa laguntza-tresna bat da. Ez du inoiz gizakia, itzultzaile profesionala, ordezkatuko, ezinezkoa litzateke hori, baina, eguneroko lanean, euskara ikasteko eta irakasteko eta, oro har, pertsonen arteko komunikazioan, oso tresna garrantzitsua bilakatu daiteke etorkizunean.

Hemendik aurrera, Android eta IOS sistema eragilea dutenek aplikazioa deskargatu eta itzultzaile automatikoa erabili ahal izango dute bere mugikorretan. Android Google Play-n eskuragarri dago eta, IOS aplikazioa, espero da, aste gutxi barru Apple Store-n egotea. Telefonoetan idatzi beharrean, ahotsa erabiliz ere egin daiteke, beti ere itzulpen-norabidea aukeratu ondoren, eta, zuzenean, testu hori itzultzera bidali.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua den Cristina Uriartek esan du, “Euskarak bide luzea bezain azkarra eta sendoa egin du 1979tik, hizkuntza ofizial bihurtu zenetik, gaur arte. Baina, esango nuke, euskarak aurrerapauso handiak eman dituela, bereziki, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien (IKT) alorrean. Euskara etengabeko berrikuntzari lotu behar zaio, eta teknologia nagusi duen gizarte honetan berrikuntzaren uretan nabigatzeko nahitaezkoa du produktu teknologikoez baliatzea. Ezinbestekoa da euskaldunontzat gure eguneroko bizitzan horrelako tresna teknologikoak euskaraz erabili ahal izatea. Lehenik eta behin, eskola-umeek, lehenengo eskola-urteetan, tresna horiek eta gailu mugikorrak, naturaltasunez, euskaraz erabiltzen hastea oso garrantzitsua da. Gero, ikastetxeetan edo Unibertsitatean, Administrazioan nahiz enpresaren munduan, teknologia-ikerketan eta -garapenean, baina baita produktibitatean eta merkaturatzean ere, euskara presente egotea erabat beharrezkoa da, hizkuntzaren etorkizuna bermatuta egotea nahi badugu”.

“Itzultzaile automatikoarekin sentitu behar duguna da hizkuntza bat ez menderatzea ez dela oztopoa komunikatzeko, laguntza-tresna honekin errazago erabiliko baitugu. Aurrerantzean ere, behar-beharrezkoa izango da ildo horretatik jarraitzea eta guztion indarrak eta ahaleginak uztartzea”, azaldu du sailburuak.

Hizkuntza Politikarako sailburuordea den Patxi Baztarrikak aditzera eman duenez, “Oso ondo gogoratzen dut, nola, 2007-2008an, gaztelaniatik euskarara testu orokorrak itzuliko zituen tresna bat garatzeko prozesua aztertzeko eta martxan jartzeko lehen urrats efektiboak eman genituenean, zientzia-fikzioa iruditzen zitzaigula esaldi bat gaztelaniaz idatzi eta makina batek euskarara itzultzea, edota alderantziz. Orain, esan dezakegu, lortu dugula, euskarak sekulako aurrerapena izan duela teknologia horretan eta, egunero-egunero, herritar askok erabiltzen dutela gure webgunean eskaintzen dugun zerbitzu hori”.

“Datuek erakusten digute jende askorentzat ezinbesteko tresna bihurtu dela itzultzaile automatikoa. Urtarrilean 308.288 itzulpen eskatu zituzten erabiltzaileek, otsailean 341.722 eta, martxoan, 382.158. Eta 2013. urte osoan, 5.000.000tik gora izan ziren itzultzaile automatikoak itzulitako dokumentuak ”, azaldu du sailburuordeak.

“Konbentziturik gaude, euskara, zenbat eta garapen teknologiko handiagoa izan, are eta hizkuntza biziagoa izango dela. Bizi-indar handiagoa izango duela. Badakigu gazteek teknologia hauek erabiltzen dituztela ohikotasunez, gazteen bizimodua teknologia horiei gutxi asko loturik dagoela, ezohikoa ez erabiltzea dela: beraz, hobe euskaraz erabiltzen badituzte. Horregatik, prestatu ditugu, aipatutakoez gain, gaur hemen aurkezten ditugun bi aplikazio.”, esan du Baztarrika sailburuordeak.


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus