Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Asialdia euskaraz bizitzeko lore berri bat loratuko da udaberrian.

Asialdia euskaraz bizitzeko lore berri bat loratuko da udaberrian.

2014-02-11 / 07:01 / Ttalaka Kultur Elkartea   KULTURA

Euskara eta euskal kulturaren sustapenerako Ttalaka Kultur Elkarteak Aisialdia euskaraz bizitzeko aukera berri bat eskainiko du 2014ko martxotik aurrera.

Ttalaka Kultur Elkartea irabazi asmorik gabeko elkarte donostiarra da. Euskara eta Euskal Kulturaren sustapenean lan egiten dugu, eskola zein lanetik kanpo euskaraz bizi nahi duen orori aukerak errazteko asmoz.

Proiektu berri honekin , bai euskarak, zein euskal kulturak sarean duten presentzia handitu eta teknologia berrien bitartez hauen kontsumoa sustatu nahi dugu. Hori dela eta webgune berri bat sortzen gabiltza www.ttalaka.org domeinupean. Bertan Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Iparralde eta Nafarroan euskaraz burutzen diren ekintza kulturalen inguruko informazio guztia biltzen saiatuko gara.

Webgune parte hartzaile bat sortu nahi dugu. Bertako eduki guztiak sare sozialen bitartez partekatzeko aukera eskainiko dugu, baita iruzkintzeko ere. Bisitariak edukiak proposatzera animatu nahi ditugu, gure atal ezberdinetan euren interesekoa den informazioa topa dezaten, horretarako atal berezi bat sortuz. Zuek ere proiektu honen parte izan zaitezten nahi dugu!

ZER AURKITUKO DUZU TTALAKA.ORG-N?

Webgunea sei atal ezberdinez osaturik egongo da eta internetera sarbidea duen edozein gailuetatik bisitatu ahalko da. Webgunean sartu orduko atal bakoitzaren azken edukiak laburbildurik topatuko dituzue. Hauek dira bertan topatuko dituzuenak:

  • Agenda Kulturala: Atal honetan egunez egun lurralde bakoitzean goza ditzakezuen ekintza edota ekitaldi kulturalen zerrenda topatuko duzue. Zerrenda lurraldeka eta ekintza bakoitzari dagokion kultur diziplinaren arabera sailkaturik . Ekintza bakoitzaren laburpen txiki bat azalduko zaizue, baina bertan sakatu eta informazio guztia eskainiko zaizue (lekua, ordua, deskribapena, sarreren salneurria eta non erosi…)
  • Ttalakariak: Euskal Kulturaren aurpegi esanguratsuei eginiko elkarrizketak esakiniko dizkizuegu, bideo formatuan aurkeztuko dizkizuegunak. Aktore, abeslari, idazle, sukaldari, dantzari, margolari eta beste lanbide askok osatzen duten zerrenda luze bat. Bere lanagatik geure kulturan nabarmentzen den orok izango du lekua bertan.
  • Erreportajeak: Kultur arloko ekintza, mugimendu, ekitaldi edota kolektiboen inguruan bideo erreportajeak egingo ditugu, beti ere hauetan euskaraz lan egiten bada. Helburua Euskal Herriko kultur esparrua sakonago ezagutzea da.
  • Blogak: Proiektu honen baitan, kultur diziplina ezberdinen inguruko blogez osaturiko blog sare bat sortu dugu. Bertan musika, arte eszenikoak, sukaldaritza, moda, zuk zeuk egin, bertsoak, informatika, bideojokoak, diseinu grafikoa, zinea eta diasporan dauden euskaldunen bizipenak aurkituko dituzue besteak beste. Eta ez dira edonolako blogariak izango, alor hauetako profesionalak edota bere egunerokotasunean gai hauek lantzen dituzten pertsonek jorratuko dituzte blogak. Zeintzuk izango diren? Ba Aitziber Garmendia, Ibon Fernandez, Dorleta Urretabizkaia, Arkaitz Gartziandia, Egoitz Sanchez, Sara Cozar, Urko Egaña eta askoz gehiago!
  • Ttalaka: Atal korporatiboa izango da hau. Proiektu honen atzean nor dagoen eta elkarteak egiten duen lanaren inguruko informazioa eskainiko dizuegu.
  • Harremana: Atal honen bitartez gurekin harremanetan jartzeko aukera izango duzu. Zalantzak argitzeko, agendarako ekitaldi berrien informazioa bidali, elkarrizketa eta erreportajeentzako gaiak iradoki...

Egitasmoa aurkezteko bideoa

Aurkezpen bideoa, HEMEN


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus