Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Final borobila eta txapela Iparraldera

Final borobila eta txapela Iparraldera

2013-12-16 / 12:17 / erabili.com   KULTURA

Orain lau eta orain zortzi urte bezala, Barakaldoko BEC bertsolaritzaren eta bertsozaleen festaleku erraldoi bihurtu zen atzo (2013-12-15), Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalarekin. 2009an Maialen Lujanbiok historia egin zuen, lehendabizikoz emakume batek jantzi zuelako txapel preziatua. 2013an, berriz, Amets Arzallusek jantzi du txapel bera eta historia egin du Hendaiakoak ere, aurreneko aldiz garaikurra Ipar Euskal Herrira eramanda.

Final handia

Final handia

"Gozatu egin dut, sekula ez dut horrenbeste gozatu final batean", esan zuen Iņaki Muruak goiz eta arratsaldez luzatu zen finala bukatu ondoren. Eta sentimendu bertsuarekin atera ziren BEC-etik ikus-entzule asko, zortzi finalistek saio bikaina osatu zutenaren iritziarekin, goi-mailako bertso emanaldia bizitako uste osoarekin.

"Final handia" esamoldea erabili ohi da edozein txapelketa edota lehiaketaren azken burukoak iragartzeko. 2013ko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finala ere hala aurkeztu izan da eta, jokatu ondoren ere, handia izan zela esan daiteke. Egun borobila izan zen abenduaren 15a BEC-en.

Aitaren txapela, amari

Txapelduna ere handia du aurtengo Bertsolari Txapelketa Nagusiak: Amets Arzallus. Txapelketa hasi aurretik ere txapela beregandik oso aparte ez zela ibiliko uste zuten askok; txapela aurrera joan ahala uste hori indartuz joan da eta, atzoko jardunarekin, inor gutxi harritu zen irabazlearen izena entzundakoan.

Maialen Lujanbioren lekukoa hartu du Arzallusek, eta Lujanbio bera izan zuen arerio finalaren buruz burukoan. Hernaniarrak historia egin zuen 2009an, Andoni Egaņak urte luzez jantzitako txapela bereganatuz eta, batik bat, txapel hori lehen aldiz emakume batek jantzi zuelako. Atzo, BEC-en, Amets Arzallusek ere historia egin zuen, aurreneko aldiz Ipar Euskal Herriko bertsolari bat nagusitu delako Txapelketa Nagusian.

Joanito Dorronsorok txapela jantzi ondoren kantatu zuen agurrean, gertuko eta ez hain gertukoei eskaini zien lorpena hendaiarrak, gurasoei aipamen berezia eginda:

Zerutik begira daude
Joxe eta Manuel Mari
ziega zulotik entzuten
beste euskaldun ugari.
Musu bat Iparraldeko
bertso-eskolako haurrari
lagundu nauten guziak
Olatz eta arreba bi
baina ni ez bainaiz hemen
neuk sortu hutsean ari
aitarena den txapel hau
eskaintzen diot amari
haur nintzela euskaraz
erakutsi zidanari

Sailkapena

Hona hemen, 2013ko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finaleko sailkapena eta zortzi finalisten puntuazioak:

  1. Amets Arzallus, 1737,5
  2. Maialen Lujanbio, 1686,5
  3. Igor Elortza, 1164
  4. Aitor Mendiluze, 1155
  5. Aitor Sarriegi, 1106
  6. Unai Iturriaga, 1099
  7. Beņat Gaztelumendi, 1099
  8. Sustrai Colina, 1082,5

Euskal Superbowl-a

Bertsolari Txapelketa Nagusia euskal kulturaren erakusleiho jendetsuenetakoa da aspalditik, eta BEC-eko finalak dira horren erakusle nagusia. Atzo, 13.500 lagunek jarraitu zuten finala bertan. Twitterren, AEBetako futbolaren final-ikuskizunarekin ere, Superbowl-arekin, alderatu zuten: euskal kulturaren Superbowl-a.

Bertsoak eta kronikak

Igandeko finaleko bertso, irudi eta kronika zenbait ikus ditzakezue jarraian datozen loturetan:






- Argazkiak: eitb.com


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus