Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Afalostean, familiarekin jolasean

Asier Larrinaga Larrazabal / Bestelakoak / 2013-12-13 / 08:55


Gabon gauean eta Urtezahar gauean, familiarekin afaltzen dugu askok. Jaki gozoekin eta edari bereziekin bapo egin ondoren, etxe askotan, goizaldeko orduak arte luzatzeko ohitura dago, mahai-joko eta guzti. Aurreko urte bietan, antzara-jokoan aritu ginen gure familian, baina gure ukitua emanda. Proba batzuk prestatu genituen, haurrek egiteko modukoak, eta oso ondo pasatu genuen. Zuek ere erabili nahi badituzue, hemen duzue zelan.



Hamar urte arteko haurrek oso ondo pasatzen dute joko honekin, batik bat nagusiek ere jokatzen badute. Gure etxean, denok jokatu genuen, banaka, baina binaka ere egin daiteke.

Prozedura oso erraza da. Antzara-jokoaren arauei jarraitu behar zaie, baina dadoa botatakoan, fitxa mugitu aurretik, proba bat gainditu behar da. Probak txarteletan egongo dira idatzita, eta txartelak pila baten jarrita, ahuspez.

Joko honen helburua ez da inongo lehia, norgehiagoka edo dema eragitea, afaloste atsegin bat igarotzen laguntzea baino. Jokatu genuenean, guk ez genion hainbesteko garrantzia eman probak gainditzeari, ezta denbora-tarte mugatu bat ezartzeari ere.

Guk erabili genituen probak hemen dauzkazue. Txartelak kartoi fin batean itsasten badituzue, sendoagoak izango dira, eta gehiago iraungo dute.

Antzara-jokoan euskaraz jardun nahi baduzue, hemen dituzue argibide batzuk.


(ASIER LARRINAGA LARRAZABAL Euskal Telebistako Euskara Sailaren burua da)


Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.eus/zer_berri/berriak/1386672704