Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Berri berriak »  Nobel-Truk, Jokin Zaitegi bekaren alde

Nobel-Truk, Jokin Zaitegi bekaren alde

2013-11-18 / 10:00 / Maite Agirre Ena (AED)   KULTURA

Arrasate Euskaldundu Dezagun (AED) Elkarteak ekimena jarri du abian, 2002az geroztik urtero literaturako Nobel saridunen lanak euskarara ekartzeko erabili izan den sariketa finantziatzeko zailtasunei aurre egiteko helburuarekin.

AED elkarteak 1986 urtean jarri zuen abian Jokin Zaitegi Arrasateko kulturgile handiari eskainitako itzulpen sariketa.

Hasiera batean, euskaraz topatzeko zailak ziren testuak (zientifikoak, dibulgaziozkoak, filosofikoak...) euskarara ekarri eta zabaltzeko helburuarekin ekin zion bideari sariak. Halere, 2002an, garaietara egokitu beharra zuela ikusirik, beste norabide bat eman zitzaion eta izendatutako azken Literatura Nobel saridunaren lan esanguratsu bat euskaratzea helburutzat jarri. Elkar argitaletxearekin daukagun lankidetzari esker, itzulpenaren emaitza argitaratu egiten da urterik urte. Ekarpen polita, gure uste apalean, Jokin Zaitegi sariketak euskarazko kulturgintzari egiten diona.

Orain arte, Kutxa Fundazioaren Gizarte-ekintzaren babesarekin finantzatu ahal izan dugu sariketa, baina 2012ko abenduan, Kutxa Fundazioak urtetako babes hori bertan behera uzten zuela jakinarazi zigun. Halere, AED elkarteak ekimenarekin aurrera egin zuen, Mo Yanen lana euskarara ekartzeko deialdia egina baitzegoen ordurako. Bekaren ordainketari aurre egin ahal izateko bide berriak jorratzen ari da AED eta bide horretan dator Nobel-truk ekimena. Bekaren etorkizuna ekimen horren emaitzen baitan egongo da.

Nobel-Truk, nola egin

50 euroko ekarpena egitera gonbidatzen dugu jendea. Ekarpena egin duena, ekimenaren laguntzaile bihurtuko da, eta Trukean, Mo Yanen Hori da umorea maisu! ipuin-bildumaren liburua jasoko du.

Dirua AEDko webgunean (www.aedelkartea.com) jarri diren kontu korronteetan sar daiteke abenduaren 20a baino lehen. Kontzeptuan ekarpengilearen izena eta bi abizenak zehaztuko dira eta ordainagiria aed@aedelkartea.com helbidera bidali. Debagoiendarrek AEDn, Loramendin eta Jardunen jaso ahalko dute liburua, eta gainontzekoeki postaz bidaliko diegu.


(MAITE AGIRRE ENA AED elkartearen dinamizatzailea da)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.eus